ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 05a
Burmuin bankua

Garunak du gaitz mentalen erantzuna

  • Osasunerako Mundu Erakundeak aurreikusi du: 10 urte barru, herrialde aberatsen osasun erronka handiena gaixotasun mentalei aurre egitea izango da. Garunak sorrarazten dituen galderei erantzuna aurkitzen egiten du lan EHUko ikertalde batek, oso leku berezian. Javier Meana, José Vicente Lafuente eta Koldo Callado doktoreak dira Bilboko Burmuin Bankuaren kudeatzaileak. Munduan dauden bederatzietatik berriena.
Ander Egiluz
2008ko maiatzaren 25a
Burmuin bankua
Burmuin bankuaIñigo Azkona
Gizakia da izaki arrazoidun bakarra; baina zer gertatzen da pertsona batek arrazoitzeko ahalmena galtzen duenean? Buruko gaitzek hamaika izen eta forma izan ditzakete, baina jende arruntak zorotasuna deitzen den saski-naskian sartu ohi ditu denak. “Erotasuna berez ez da ezer. Psikopatiak daude, eskizofreniak, depresioak...” azaltzen du Koldo Callado doktoreak. “Horretaz gain, paziente bakoitza mundu bat da; medikuntzako axioma batek esaten duen moduan ez daude depresioak, paziente deprimituak baizik. Gu saiatzen gara taldeetan klasifikatzen: depresiodunak, eskizofreniadunak... baina talde bakoitzaren barruan mota asko daude. Nahiz eta sintomatologia antzekoa izan eta talde horretan sartu, gaixo bakoitzak bere ezaugarriak ditu”.

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) egin duen azken txostenean adierazi du, 2020. urtean, herrialde aberatsek izango duten osasun arazo larriena buruko gaitzak izango direla. Gaur egun, munduan 450 milioi gaixo mental inguru daude; gizaki guztien %9a kasik. Horietatik 121 milioik depresioa dute eta 50 bat milioik eskizofrenia. Gizarteak buruko gaixotasunen irudi distortsionatua dauka, Calladoren iritziz. “Komunikabideek estereotipoak zabaltzen dituzte: eskizofrenikoa burutik jota dagoen hiltzailea da, eta aste batez triste dagoen pertsonak depresioa dauka”. Hala ere, ezjakintasun honek badauka zergati argi bat; ikerketa psikiatrikoa oso atzeratuta egon da medikuntzako beste ikerketa arloekin alderatuz. Azken hamar urteotan, haatik, aurrerapauso handiak eman dira adar honetan.

Aurrerapauso horietako bat Bilboko Burmuin Bankua da. Espainiako Estatuko bakarra, eta munduan dauden bederatzietatik berriena. Orain dela bi urte, Espainiako Osasun Ministerioak CIBER sarea sortu zuen, zientzia gaietan ziharduten puntako ikertokien arteko elkarlana bultzatzeko. Ikertoki Biomedikuen Sare honetan, CIBER-SAMa buruko gaitzen ikerketaz arduratzen hasi zen, eta burmuinen banku bat egitea ezinbestekotzat jo zuten. “Estatuko hogei ikertalde onenen artean, geurea hautatu zuten bankua kudeatzeko, hogei urte generamatzalako garunekin lanean”, azaldu du Calladok. Baina Bilboko Biobankua ez dago oraindik prest, “eztabaidatzen ari gara bankua zelan kudeatuko dugun. Kontuan izan behar da burmuin-lagin guztiak ez direla leku berean egongo; batzuk Bartzelonan gordeko dira, beste batzuk Madrilen, beste batzuk hemen...”.

Planteamendu farmakologikoa

Mediku bizkaitarraren ustetan, 2011rako prest egongo da Bankua, eta bitartean orain arteko moduan jarraituko dute ikertzen: “Alde batetik, gaixo dagoen garunean zerk ez duen funtzionatzen ikertzen dugu, eta behin hori jakinda, lortzen saiatzen gara falta zaion proteina edo txarto dabilen entzima konpontzeko behar duen farmakoa. Horixe da planteamendu farmakologikoaren oinarria”. Hamabi lagun ari dira lanean Calladorekin neuro-psiko-farmakologiako taldean, EHUko Leioako campusean. 900 burmuin-lagin inguru dituzte eskizofreniak, gaixotasun bipolarrak edota depresioak jotako gaixo ohienak. Horietako askok beren buruaz beste egin zuten.

Bizitzari horren akabu tragikoa eman gura izatea ez da bakarrik egunerokotasunaren gorabeheren emaitza. DNAk informazio garrantzitsua eman dezake pertsona batek depresioa pairatzeko arriskua duen ala ez jakiteko. “Guk ikasten ditugun gaixotasun neuro-psikiatrikoek osagai genetikoa dutela argi daukagu”, dio Calladok. Pertsona batzuek arrisku genetiko handiagoa dute buruko gaitzen bat sufritzeko, adibidez, arbasoren batek horrelakoren bat izan badu; honek ez du ziurtatzen sufrituko dutenik, bakarrik esan gura du arrisku handiagoa dutela. Erretzaileek birikietako minbizia izateko arrisku handiagoa duten moduan, nahiz eta beti garatu ez.

Osagai genetikoaz gain, bizi dugun inguruneak ere badauka zeresanik buruko gaixotasunetan, bereziki estresak. Bizitzako gertaera ohikoek ere eragin dezakete depresioa: bikoteak utzi zaituela, senide bat hil zaizula... Baina zergatia edozein dela, genetikoki arriskua dutenak beti egongo dira gaixotasunetik hurbilago.

Eskizofreniaren kasuan, Calladok azaldu duen hipotesiaren arabera, ume jaioberriek edota oraindik amaren sabelean daudenek, birus batekin kontaktuan egon izanagatik garatu dezakete gaixotasuna; hemen ere arrisku genetikoa duten horiengan eragina handituz. Gaixotasun bipolarraren zergatiak, aldiz, ez dira ezagunak oraindik, baina faktore genetikoek, biokimikoek eta ingurunekoek zeresana dutela badakite.

Gaixotasun bipolarra, edo nahaste bipolarra, oso zaila da diagnostikatzen, gaixotasun ziklikoa delako. Nahaste maniako-depresibo bezala ere ezagutzen da, eta gaixoaren gorabehera emozionalak dira ezaugarri nagusia. Gaixotasunaren fase depresiboa nahiko ondo ezagutzen da, baina aldi maniakoak oraindik galdera asko eragiten ditu, David A. Kahn, Columbiako Unibertsitateko (AEB) doktoreak Treatment of Bipolar Disorder: A Guide for Patients and Families liburuan azaldu duen moduan. Bere esanetan, gaixotasun hau sufritzen duten pertsonek zortzi urte eman ditzakete diagnostiko egokia egiten dieten arte, eta arazoa da, horietako %6ak bere buruaz beste egiten amaitzen duela, Kay R. Jamison doktorearen datuen arabera.

Buruko gaitzak eta suizidioa, tamalez, eskutik doaz askotan, baina garuna erasaten duten gaixotasun guztiak ez dira berdinak. “Alde batetik gaitz neurologikoak ditugu, eta beste batetik gaixotasun mentalak”, argitu du Calladok. “Nahiz eta guztien korpusa burmuina izan, oso gaixotasun desberdinak dira alzheimerra edota parkinsona, eta eskizofrenia zein nahaste bipolarra, adibidez. Lehenengo biak gaitz neurologikoak dira, eta arazo biologiko oso argiek eragiten dituzte: parkinsonaren kasuan neurona batzuk desagertzen dira, eta alzheimerra duen garun batean lesio argiak ikus ditzakezu mikroskopioarekin”.

Mikroskopioaren mugak

Gaixotasun mentalen kasuan, badaude baita ere, gehienetan, neuro-transmisoreetan asaldurak, baina hauek ez dituzte froga fisiko argirik uzten. “Mikroskopio batekin ezin dugu ikusi garun batek eskizofrenia ala depresioa duen”, dio Calladok, “horregatik diagnostikoa egiteko sintomatologian oinarritu behar gara”. Gaixoa bizirik dagoen bitartean mediku batek zehaztu behar du pertsona horrek gaixotasun mentalen bat duen ala ez; eta badaude horretarako test berezi batzuk garatuta. Odol analisietan ez da ezer agertzen gaixotasun hauen inguruan, ez baitute arrasto fisiko garbirik uzten.

Horregatik da hain garrantzitsua Bilboko Biobankua, burmuinekin batera diagnostiko klinikoak egongo direlako. Buruko gaitzetan dena ez da kimika hutsa, nahiz eta osagai organikoak berebiziko garrantzia duen. “Hil aurretik, paziente horien medikuek egindako historia klinikoek argibide asko emango dizkigute burmuin gaixo horien jokamoldeen gainean”.

Ikerketek erakutsi dute akats organikoak badaudela gaixo gehienen garunetan, baina horietako askok psikoterapiarekin nahikoa daukate; esaterako, depresio bat atzean uzteko. Callado gaixoen bizitza hobetuko duen farmakoaren bila lanean badabil ere, kexu da zenbaitetan azkarregi medikatzen delako pazientea: “Estatu Batuetan, zoritxarrez, zuzenean ematen dizkiete pilulak triste daudenei, eta hori ez da zuzena”. Baina ez da hain urrun joan behar, Euskal Herrian urtero egiten baitu gora antsiolitikoen salmentak. Hala ere, ez da soilik profesionalen erantzukizuna farmakoenganako gehiegizko joera. EHUko Psikologia Katedraduna den Enrique Echeburúak uste du eguneroko bizitza psiko-patologizatzen ari garela. Duela gutxi El País egunkariak egin dion elkarrizketan horrela azaldu du Echeburúak gizartearen jarrera: “Sufrimenduari aurre egiteko gaitasuna galdu dugu. Bizitzako garai txarrak jasateko, senide bat hiltzen zaigunean adibidez, gaur egun konponbide azkarrena bilatzen dugu: samina atzean uzteko pilula bat”.

Buruko gaitzek ez dute egoera sozial edo ekonomikoez ulertzen. Daukazun bizitza maila daukazula, burmuinak irrist egin diezazuke abisatu gabe. El Paíseko artikulu berean, Antonio Espino psikiatra madrildarrak daramagun bizitza estiloak eragiten duen estresa gaitzetsi du: “Gaur egungo lan antolaketak izugarri estutzen du jendea, eta presio horrek antsietate eta depresio larriak eragiten ditu”. Echeburúaren ildo beretik, arazo honekin bukatzeko piluletara ez dugula jo behar gehitu du Espinok; “mundu osoan pairatzen ari garen egoera da hau, eta politikariak, enpresariak eta sindikatuak dira lan egin behar dutenak egoera hau baretzeko”. Ez dira gehiegikeriak Espinoren hitzak, urtero-urtero gora egiten baitu depresioak eta estresak eragindako bajen kopuruak. OMEren datuen arabera, 2020. urterako depresioa izango da gaixoaldi bajen bigarren arrazoi nagusia. “Gaixotasun hauek estres handiegia duen gizartean bizi garelako ugaritzen ari dira”, Koldo Calladoren aburuz.

Jokoaren eta drogen menpe

Bilboko Burmuin Bankuaren atzean, Calladorekin batera, Javier Meana eta José Vicente Lafuente katedradunak ari dira lanean. Beren lantaldetan menpekotasunei buruzko ikerketak ere egiten dituzte. Drogenganako eta jokoarenganako menpekotasunen arteko desberdintasunaz galdetuta, Calladok oinarrian gauza bera direla azaldu du: Garunean, errekonpentsa-sistema deitzen den prozedura antzeko bat gertatzen da. Sistema hau diseinatuta dago espeziea mantentzeko ezinbestekoak diren jokabideak ziurtatzeko: jatea, edatea eta sexu harremanak izatea. Baina badaude sistema hau aktibatzen duten beste substantzia batzuk: kokaina, heroina, alkohola... eta badaude sexua bezalako beste portaera batzuk, jokoa adibidez, zentro hori estimulatzen dutenak. Beraz, menpekotasuna sortzeko oinarri neurologikoa antzekoa da.

Menpekotasunen kasuan arrisku genetikoa ere badago: “Badaude kokaina lantzean behin hartzen dutenak eta bestelako arazorik ez dutenak, baina badago jendea kokaina birritan hartuta utzi ezin duena”, Colladoren esanetan. Oso zaila da menpekotasuna kontrolatzen ikastea, ezinezkoa ia-ia. “Menpekotasunaren definizioa portaera kontrolaezina da. Pertsona bat zaletasun bat izatetik menpekotasuna izatera igarotzeak kontrola galdu duela esan gura du”.

Bilboko Biobankuaz arduratuko diren zientzialari hauek hasi dira jasotzen, dagoeneko, merezi duten errekonozimendua. Mikroskopio eta saio-hodien artean daramatzaten urte mordoen ostean, Nature aldizkari entzutetsuak, joan den otsailean, publikatu zituen eskizofreniaren inguruan egin dituzten aurkikuntzak. Eta hemendik gutxira, gaixotasuna tratatzeko erabilgarria izan daitekeen proteina bat patentatuko dute, Progenika bioteknologia enpresa euskaldunarekin elkarlanean.
Koldo Callado: “Garun-emaile programa martxan jarri gura dugu”

Zelan egiten duzue lan biobanku honetan? Ikerketa lerro nagusi bat dago, ala badaude ikerketa talde desberdinak?


Ikerlerro desberdinak ditugu; geure taldean hamabi bat pertsona gaude (medikuak, biologoak, farmazialariak, psikologoak...) eta farmako antidepresiboak garatzen egiten dugu behar. Beste talde batean hartzaile kannabinoideak aztertzen dituzte paziente alkoholikoengan... Beraz ikerketa lerro desberdinak ditugu, baina beti gaixotasun neuro-psikiatrikoekin lotuta.

Eta munduko beste Burmuin Bankuekin badaukazue harremanik? Ikerlerro bateraturik?


Harremana bai, baina gutxi; oso egitura desberdinak ditugulako. Europako gehienak publikoak dira, eta AEBetan, ostera, pribatuak. Interesak eta ikerketa lerroak desberdinak dira; ez dago, zelanbait esateko, lan bateraturik. Baina noski, garun-lagin bat eskatzen badiegu bidali egiten digute; hori bai, beraien kudeaketa sistema desberdina denez, burmuinarekin heltzen zaizkigun datuak oso urriak dira, eta orduan ez dira hain erabilgarriak guretzat. Oso iniziatiba desberdinak dira, nahiz eta izen bera eduki.

Zelan lortu dituzue hemen dituzuen laginak?


Hemen ditugun gehienak Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearekin dugun akordioari esker lortu ditugu, baina hemendik aurrera, garun-emaile programa bat martxan jarri gura dugu. Eta horren kudeaketaren gainean ari gara lanean orain. Gaixoen elkarte eta senideekin egin gura genituzke akordioak; baina gizarteak oro har nahikotxo donatzen du. Jendeak ulertzen du zientziarentzat onuragarria dela, eta elkartasun handia dagoela esango nuke. Halere, nahiz eta donatze-programa on bat eduki, oso prozesu geldoa da, gaixoa gaur zein hogei urte barru hil daitekeelako.

Zenbat ikerketa jasan ditzake burmuin batek? “Iraungi” egiten al dira?


Ez, ez dira iraungitzen. Guk -80ºC-ko tenperaturan gordetzen ditugu, eta adibidez, hemen daukagun lagin zaharrena 1985ekoa da. Arazo bakarra kantitatea da, garuna bukatzea.
Buruko gaitzen inguruko zenbait datu
  • Munduko biztanleen %1ak eskizofrenia dauka, eta buruko gaitzen bat duten hamarretik 2-3k depresioa sufritzen du. Gaixotasun mental bat baino gehiago izateari komorbizidadea deitzen zaio, eta 10 gaixo mentaletik 4k dauka.
  • Buruko gaitzak ez dira diagnostikatzen errazak. Depresioa sufritzen duten 10etik 5 ez daude kontrolatuta.
  • Suizidioa da gaixotasun mentalen arrisku handiena; beren buruaz beste egiten duten hamarretik 6k buruko gaitzen bat dauka –alkoholismoa dutenak kontuan hartu barik–.
  • Tratamendu oso onak daude depresioari aurre egiteko; 10etik 7k gaixotasuna atzean uztea lortzen du.
  • Eskizofrenia duten gaixoen %8ak bakarrik lortzen du lan kontratua; diagnostikoa egin eta bost urtera. Ezjakintasunak eragiten du gaixo mentalen baztertzea. AstraZéneca Fundazioaren inkesta baten arabera, 10 lagunetik 9k uste du gizartea kontzientziatu behar dela buruko gaitzen inguruan.
  • 1992tik aurrera, urriaren 10ean Buruko Gaitzen Nazioarteko Eguna ospatzen da.
Gaixo mentalaren profila
  • Depresioa: 50 urtetik gorako emakumeak eta 60 urte inguruko gizonezkoak. Andrazkoengan oso momentu kritikoak dira seme-alabak etxetik alde egiten dutenekoa, eta menopausiaren garaia. Gizonezkoengan erretiroa.
  • Eskizofrenia: 20-25 urte inguruko gizonezkoa. Arrisku genetikoa dutenengan zenbait droga hartzeak gaixotasuna garatzeko aukera ugaritzen du.
  • Gaixotasun bipolarra: Gaixotasun honek ez du batere profil zehatzik. Oso gaixotasun zaila da diagnostikatzen, askotan depresioarekin nahasten delako. Halere, ohikoena gaztaroan piztea da, eta bizitza osoan zehar jasatea.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2008ko maiatzaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude