Juan Luis Unzurrunzaga Donostiako Gero Axular dantza taldeko zuzendariak Deian: "Gure folklorea oso txalotua eta mirestua da atzerrian. Haurrek jasotzen duten sentimendu hau barneratzen dute eta herrian, ikastolan, kalean... jasotzen dituzten mesprezuak gainditzeko armak dira. Oraindik ere dantza neskena, kaxeroena eta abarrena dela entzuten dugu gure inguruan".
Javier Viar Bilboko Arte Eder Museoaren zuzendariak Euskonews&Media webgunean: "Entzuten da halakorik [museo batera joatea aspergarria dela]. Zuk uste duzu gimnasia egitea dibertigarria dela? Oso aspergarria da, baina jendea kemen handiz joaten da gimnasioetara. Aspergarria bada ere, ez du esan nahi ekintza horien ondorioak baliagarriak ez direnik. Museo bat bisitatzeko gutxieneko ezagutza izan behar da eta, jakina, ezagutza horretara iristeko ahaleginak egin behar ditugu (...) Edertasun hori sumatzen ez dakienak ez du behar bezala bere ezagumena landu".
Pettik Aizu! aldizkarian, bere diskoak Internetetik doan jaisteko moduan ipiniko lituzkeen galdetzean: "Horretarako norberak ordaindu behar du diskoa. Diskoetxearekin atera baduzu, berari egiten diozu kalte. Neuri berdin dit, Interneten jarriz gero, jende gehiagok entzuteko aukera dago, baina diskoetxea salmentaren sosik gabe geratuko da. Diskoa neuk ateratzeko dirua edukiko banu, ez nuke Interneten jartzeko arazorik izango".