Oxitozina, eskuzabaltasunaren hormona

  • Orain arte gauza jakina zen oxitozina izeneko hormonak zerikusi zuzena zuela maitemintzeko prozesuan, baita orgasmoaren sentsazioan edo seme-alabenganako maitasunean ere. Baina AEBetako Kaliforniako Claremont Unibertsitatean egindako ikerketa batek erakutsi duenez, aurreko eragin guztiez gain oxitozinak pertsonen eskuzabaltasuna handitzen laguntzen du, %80raino gehituz.
Oxitozina
Oxitozina
Estutasunean dagoen pertsona batenganako enpatia sentitzean, garunak oxitozina jariatzen du, eta hormona horrek gure eskuzabaltasuna gehitzen du. “Zainketak emateko eta errukia sentitzeko esperientziak oxitozina jariatzeko dugun gaitasuna areagotzera bideratzen gaitu, norbait horren premian dagoenean”, dio ikerketaren zuzendari Paul Zak doktoreak. Oxitozinak eragin txikiagoa dauka umeen garunetan, oraindik ere garapen-fasean baitaude; baina gehitu egiten da helduaroan. Adinak aurrera egin ahala, enpatia ere gehitu egiten dela ikusi dute ikertzaileek.

Ikerketan 68 boluntariok hartu dute parte, gizonezkoak denak, oxitozinak emakumeen hilekoan izan ditzakeen gorabeherak saihesteko. Boluntarioen erdiari hormona sudurretik eman zitzaien, spray moduan, eta beste erdiak plazeboa hartu zuen. Partaideen eskuzabaltasuna neurtzeko, bi joko proposatu zizkieten.

Batean, hamar dolar eman zizkieten parte hartzaileen erdiei, beste pertsona batekin parteka zitzatela eskatuz. Bigarren pertsona horrek eskaintza onartzen bazuen, bi parte hartzaileek dirua jasotzen zuten. Baina eskaintza ez zela bidezkoa uste eta ezezkoa ematen bazion, ezer gabe geratzen ziren biak. Bigarren jokoa gauza bera zen ia, baina kasu honetan hartzaileak ez zeukan eskaintzari uko egiteko aukerarik, ematen zitzaiona ezinbestean onartu behar zuen.

Emaitzek erakusten dutenez, oxitozina arnastu zuten boluntarioek askoz eskuzabalago jokatu zuten dirua banazeko orduan. Hori ez zen ikusi oxitozinarik arnastu gabekoen artean, berekoiago, zuhurrago azaltzen baitziren.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude