Gogoz kontra egindako maisulana

  • Vatikano hiria, 1508ko udaberria. Michelangelo Buonarrotik lehen pintzelkada eman zuen Kapera Sixtinoan, Jauregi Vatikanoetan Sixto IV.a Aita Sainduaren aginduz hamarkada batzuk lehenago eraikitako eliza xumean.
Adamen krezioko irudia
Adamen krezioko irudia
Urte batzuk lehenago, 1473an, Sixto hil eta gero haren tokia hartu zuen Julio II.ak kapera zaharberritzea erabaki zuen. Bobeda pitzatua zegoen eta sabaia bertan behera erortzeko arrisku handia zegoen, lur mugimenduen ondorioz. Horrenbestez, Buonarroti maisua kontratatu zuen sabaia konpondu eta apaintzeko. Ordura arte sabaia urdin argia zen eta urre koloreko izarrak zituen. Artistak ez zuen lan hura onartzeko gogorik, baina pontifizearen aginduek pisu handia zuten eta, azkenean, 1508ko udaberrian, duela 500 urte, enkarguari baiezkoa eman behar izan zion. Bazekien lan gaitza zuela aurrean –edo, hobe esanda, gainean–; sabaia oso altua zen, eta hori gutxi balitz zati batzuetan makurra zen. Orotara 3.000 metro koadro estali beharko zituen. Michelangelok aldamioaren gainean pasa zituen lau urte, laguntzailerik gabe. Izaera are gehiago ilundu zitzaion, eta artikulazioak gogortu.

Ahalegin izugarria egin zuen 1512ko Domu Santu egunean lana bukatu zuen arte. Emaitza Kreazioa zen, Genesiak deskribatzen zuen bezala, eta bederatzi eszenatan banatua. Eszena nagusia Adamen Kreazioa zen; bizitza sortzeko ahalmena duen Jainkoaren eskua ez zen gai berria artean, baina ordura arte inoiz ez zen horrelako indarrez adierazi. Ia-ia elkar ukitzen duten hatzen irudia ikono unibertsala da gaur egun.

Jainkoak bezala, Michelangelok ere atseden hartu zuen bere Kreazioa amaituta. Baina hogei urte geroago, berriro igo zen Kapera Sixtinoko aldamiora. Orduko hartan, Pablo III.ak agindu zion lana. Aita Sainduak Azken Juizioa irudikatuko zuen freskoa nahi zuen. 60 urte beteta, artistak jardun nekagarriari ekin zion.

1541ean amaitu zuen fresko erraldoia eta emaitza, berriro, apurtzailea zen. Imajina daitezkeen jarrera guztietan zeuden gorputz biluziak, mugimenduaren festa eroan. Eskandalua berehalakoa izan zen: dohatsuak eta kondenatuak nahasirik egoteak elizaren haserrea ekarri zuen , eta Jesus eta Maria biluzik margotu izana ere ez zen onargarria. Azkenean, Pietro Aretino idazlearen aholkua kontuan hartuta, biak “jantzi” egin zituzten.

Baina obraren jeinutasuna ez zuten estali. Buonarrotik, desgogora baina gogotik lan eginda, maisutasunaren eta edertasunaren paradigma bihurtu zuen Erromako eliza txiki hura.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude