Berriki Ozeano, Itsasadar eta Irlen Mintegi orokorra egin da Hanoin (Vietnam), eta bertan elkartutako ikerlariek arrantza arrisku bizian dagoela iragarri dute, batez ere ondoko hiru arrazoiengatik: uren tenperaturaren igoera, uren kutsadura eta gain-ustiaketa. Arazo horiek berak aurkitu dituzte aztertutako 64 ekosistemetan, eta arrain-sardak desagertzearen arrazoia dira lau kasutik hirutan.
Mintegian adierazi denez, 64 ekosistema horietatik hamaseitan berokuntza-prozesuaren azelerazioa 2007an iragarritakoa baino bi edo lau aldiz handiagoa izan da. Batez ere Txinako Itsasoan eta Itsaso Baltikoan nabaritu da tenperatura-hazkunderik handiena. Horren eragin zehatza aurreikustea ia ezinezkoa baldin bada ere, ez dago dudarik ekosistema aldatu egingo dela.