Anarkia eta basektomia Donostian

  • Graz, Austria, 1928. Hermann Knaus doktoreak (1892-1970) Kyusaku Ogino ginekologo japoniarrak lau urte lehenago aurkitutako metodo antisorgailu naturala perfekzionatu zuen, Grazeko Unibertsitateko ospitalean burututako ikerketen ondorioz. Metodoa japoniarraren izenaz ezagunagoa bada ere, Ogino-Knaus edo Knaus-Ogino metodoa ere esaten zaio, austriarraren ekarpenaren omenez. Metodoa hilekoaren zikloaren egunak kontatzean datza, egun emankorrak zein diren jakin eta haurdunaldia saihesteko; modurik zorrotzenean jarraituta ere, metodoak gehienez %80ko fidagarritasuna baino ez du.
Nazien konzentrazioa 1934an
Nazien konzentrazioa 1934an
Fidagarritasun altuagoaren bila-edo, Knausek basektomia metodoa aurkeztu zuen 1934an. Baina ez zuen hura garatzeko aukerarik izan, anarkista izanik, Hitlerrek hauteskundeak irabazita, nazien jazarpena hasi baitzen.

Jaioterririk ihesi, Knaus Donostiara iritsi zen, eta bertako anarkistek CNT sindikatuko egoitzaren ateak zabaldu zizkioten. 1935eko apirilean zabaldu zituen ateak CNTko Donostiako egoitza berriak, Larramendi kaleko 11.ean. Bertan zegoen, besteak beste Crisol astekari anarkistaren erredakzioa. Eta ebakuntza-gela ere egokitu zuten egoitzako mahai baten gainean: Hermann Knaus basektomiak egiten hasi zen.

ZERUKO ARGIAko 1979ko otsailaren 11ko zenbakian, gorabehera horiek guztiak kontatu zizkien Manuel Chiapuso CNTko kideak Txema Larrea eta Elixabete Garmendiari: “Donostian guk egiten genituen gauzak kontatzen ditudanean, jendea, frantzesek esaten duten bezala, `baba´ geratzen da, aho zabalik. Gu berrogeita hamar urte aurreratuak geunden gauza askotan. Ez bakarrik ekologian baizik adibidez sesual mailan. Guk, sindikatoetako mahaietan, basektomia egin diegu seme-alaba asko zuten eta gehiago nahi ez zuten gurasoei. Eta ez ditu edonork egin ez basektomia hoiek, Knaus doktoreak berberak –Ogino-Knaus metodoa– egiten zituen. Nazietatik ihes egin behar izan zuen eta hemen, Donostian, lan hori egiten ihardun zuen. CNTko bostehun bikote egon ziren orduan sistema hori hartu zutenak zer ondorio izaten zituen jakiteko, oraindik ez baitzekiten zientifikoki edo estadistikoki; bederatzi hilabete ondoren 496k positibo eman zuten eta 4ek negatibo, ikusten denez gehiegi emozionatu ziren lau bikote hoiek”. Aurrerago Uliako hondartza “salbajeetan” nudismoa egiten zutela ere kontatzen du Chipausok.

Baina garrantzitsua zera da, ordura arte ez zela basektomiaren halako probarik inoiz egin. Munduan lehena izan zen Hermann Knausek burututako esperientzia –eta Isaac Puente mediku anarkistak emaitzekin egindako azterketa estatistikoa–. %99etik gorako fidagarritasuna lortu zuten.

ASTEKARIA
2008ko apirilaren 06a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude