Aristides Vargas: «Aberriak eskubide afektiboak dira»

  • Txaloak isildu dira eta argiek behera egin dute. Hustu da aretoa, akabo magia.Oihal gorriaren atzean gizon baten oin hotsak entzuten dira. Kondenatuaren pausoa dirudi, poliki doa nahi ez duen tokira: errealitatera.
Aristides Vargas
Aristides VargasIñigo Azkona

Erbesteratu aurretik, nola bizi zinen Argentinan?


Gurasoek Mendoza izeneko probintziara eraman ninduten oso txikia nintzela, eta bertan eman nituen haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroaren zatitxo bat. Han hasi nintzen antzerkia ikasten, goi-eskolan eta unibertsitatean. 70eko hamarkadaz ari naiz, eta diktaduran bizi ginen orduan, diktadura luzean: haurtzaro eta gaztaro osoan ez nuen demokraziarik ezagutu. Gero, pare bat urtez, demokrazian bizitzea zer zen probatu nuen, baina 76an Hego Amerikako kolpe odoltsuenetakoa gertatu zen, eta ihes egin behar izan nuen. 21 urte nituen.


Hego Amerikan hara-hona ibili ostean 1978an Ekuadorren jarri zinen bizitzen. Zergatik han eta ez beste inon?


Ordura arte noraezean ibili nintzen Hego Amerikako lurretan, baina 1978an pasaportea kendu zidaten Ekuadorren. Condor Operazioa deitu zioten: hainbat gobernu diktatorialen arteko hitzarmena izan zen eta, haren arabera, edozein estatuko edozein poliziak auzoko estatuaren mesederako egin zezakeen lan. Izugarria izan zen, kontinente osoan zabaldu baitzen errepresioa. Beraz, ez nuen Ekuadorren gelditu beste erremediorik izan.


Eta Argentinara demokrazia itzuli zenean?


Ordurako Malayerba antzerki taldea sortuta zegoen, eta ni lekututa nengoen Ekuadorren. Une hartan sortu zen nire trauma handietako bat, eta urteetan horri buruz idatzi eta berridatzi besterik ez dut egin. Trauma zera zen, ohartzea erbesteak zure izateari zati bat kentzen diola, konturatzea erbesteak zugandik kanpo bizitzera behartzen zaituela, jada ez zarela zugan bizi. Orduan ohartu nintzen zigorraren tamainaz.


Nola definituko zenuke erbestea?


Erbestean bizitzea beldurgarriki utopikoa den espazio batean bizitzea dela uste dut, iraganaren eta etorkizunaren artean. Denbora finkorik ez duen espazioa da, trantsizio-espazioa da izan zinenaren eta izango zarenaren artean, baina espazio hori ez da sekula egonkor bilakatuko… Ez-leku bat da, baina ez-leku izugarria. Erbesteratzeak hiltzea esan nahi du. Era batera edo bestera hil egiten zara: ni ez naiz sekula 20 urtetan nintzen hura izango. Tipo hura hil egin zen. Tipo hura neroni naiz, baina hil egin zen. Une hartatik aurrera berreskuratu ezin daitekeena berreskuratzeko ahaleginean bizi izan naiz. Horregatik idatz dezaket hainbat lekutan, hainbat gairi buruz, hainbat eratan eta hainbat errealitateren inguruan… Ni ez naizelako errealitate definitu batean bizi.

Nola sortu zen Malayerba taldea? Zerk elkartu zintuzteten?


Erbesteratuek sorturiko taldea izan zen ia erabat. Garai hartan ez genekien, baina guk ez genuen antzerkia egin nahi, guk elkarrekin egon nahi genuen. Ez genbiltzan talde baten bila, familia baten bila baizik. Galdutako familiaren bila. Gure helburua ez zen aktore gisa haztea, ertzetatik gertu egotea baizik. Baztertuen arteko elkartasun hark identitate bat ematen zigun munduan egoteko lekurik ez genuenoi, guri, erbesteratuoi.


Eta oharkabean identitate baten bila ari zineten bitartean zer egiten zenuten?


Asko entseatzen genuen. Garaiarekin loturiko proiektu ugari genituen: taldeko sorkuntza lantzen eta komunitateko antzerkia egiten genituen, inplikazio politiko handia zuena. Mugimendu handiko garaia zen, eta horrek martxan jartzen gintuen. Hala ere, Hego Amerikako ezkertiarren artean ideien krisia nabaritzen hasia zen, eta guk ere sumatzen genituen aldaketak.


Politikoki non kokatzen zenuten zuen burua?


Ez ginen batere talde ortodoxoa izan, zortea izan genuen. Ez genuen egia jabetza bakartzat onartzen, ez genuen egia absolutuetan sinesten. Beti izan ginen ertzetan mugitzen zen taldea, baita ertz ideologikoetan ere. Eskuinak komunistak izatea leporatzen zigun, eta ezkerrak anarkistak izatea… Gu, ordea, nolabaiteko linbo ideologikoan bizi ginen: berezkoa zuen hori lan artistikoak.


Artistak ez al du ziurtasunik?


Lan artistikoa izaera ideologiko soileko diskurtsoan ixtea oso zaila dela esan nahi dut. Artistaren lanak ertz asko ditu, eta kategorietan sailkatzea oso zaila da. Ideologia diskurtso gisa erabiltzen genuen guk, baina ez genuen bizi. Urteak aurrera, diskurtso hura barrura sartuz joan zitzaigun eta, azkenerako, politika emozio egoera gisa ulertu genuen. Bidaia horrek urte asko iraun zituen, eta 90eko hamarkadan hasi ginen geure testu propioak sortzen.


Zer zioten?


Sentitzen genuen desengainua adierazten zuten, ez bakarrik gizartearekiko, baita geure buruekiko ere. Hori ekarpen esanguratsua izan zen Hego Amerikako antzerkiarentzat: jada ez zen ideia iraultzailea goraipatzen zuen 70 eta 80ko hamarkadetako antzerki mota hura. Etsipen iraultzaileari buruzko gogoeta zen: zer gertatzen da ideiek funtzionatzen ez dutenean? Zer gertatzen da ideiek porrot egiten dutenean? Zer gertatzen zaigu guri enuntziatuari eustea jada ezinezkoa denean? Nire ustez, horixe izan zen Malayerbaren balore handienetakoa: bidaia moduko bat subjektibazio politikorantz.


Zure pertsonaiak noraezean dabiltza, etengabeko zalantzan bizi dira, bila dabiltza.


Haustura moduko bat eragin nuen antzerkiko diskurtso aristotelikoan: ez dago batasunerako aukerarik, ez dago espazio eta denbora batasunik. Pertsonaia kanpora jaurtitzen da, kalera, eta kalean eraikitzen eta deseraikitzen da pertsonaia gisa. Ziurgabetasunean bizitzen ikasteko bidaia da. Izan ere, Hego Amerikako gure belaunaldiak ziurtasun asko zituen, oso ondo genekien zer nahi genuen, baina, bat-batean, dena aldatu zen: ziurtasun horietako asko lausotu egin ziren, urtu. Eta zer gertatu zen orduan gure asmo onekin? Zer gertatu zitzaigun guri? Horregatik, nire pertsonaiek ez dute ez sindikaturik, ez egiarik, ez erlijiorik… Aukera bakarra geratzen zaie: elkar aurkitu eta elkarrekin…

Antzerki talde bat sortzea?


Antzerki talde bat sortzea eta, elkarrekin, egoera latz horretan bizitzen ikastea.

Zer da aberria zuretzat?


Donde el viento hace buñuelos
antzezlanean zera idatzi nuen: “Aberria eta bandera ditut: badut non zerraldo erori. Baina aberririk eta banderarik eta zerraldo erortzeko lekurik ez dudanean pertsona baten berotasuna bilatzen dut, eta sustraiak botatzen ditut bertan”. Nire ustez, aberriak ez dira paisaiak, askotan ez dute lurraldetasun zehatzik ere. Ez dira lurraldetasun eskubideak, ezta eskubide legalak ere. Niretzat aberriak eskubide afektiboak dira. Nik eskubidea dut, afektiboki, nire aita edo nire aitona nire existentziaren parte direla aitortzeko. Ez da hain ideia abstraktua.


Antzerkia al da zure aberria?


Antzerkian errealitatean baino hobeto sentitzen naiz, baina badakit fikzioa dela. Paradoxa handia da, nola esan, nire aberria fikzio bat da. Utopia bat bezain fikziozkoa da nire aberria, baina errealitatean baino seguruago sentitzen naiz bertan. Errealitatean traketsa naiz, lotsatia… Antzerkian askoz ere integratuago sentitzen naiz. Arraroa da fikzioan errealitatean baino integratuago sentitzea, baina ideia batean integratua egotea bezalakoa da, ezta?


Baduzu sekula idatzi ezin izan duzun istorio bat: zure aitaren bidaia.


Nire anaia preso politikoa izan zen Argentinan, 10 urte igaro zituen hegoaldeko Rauson kartzelan, Treleo hirian. Gu bizi ginen lekutik 1.800 kilometrora zegoen kartzela, eta aitak biderik luzeena hartu behar izaten zuen: kamioilariena. Lehenengo iparraldera igo behar izaten zuen, gero hegoaldera jaisteko. Autobusa ordaintzeko dirurik ez zuen, eta kamioilariek eramaten zuten autostopean. Urtean astebetez izaten zuen aitak anaia bisitatzeko baimena, eta haietako bidaia batean hil zen bihotzekoak jota.

Oraindik ere istorio hori kontatu nahian zabiltza?


Bai, baina nire aitaren bidaia argian egongo balitz bezala gertatzen zait. Aita argian dago, eta beste guztia ilunpetan, eta nire aitaren heriotza den argi horretarantz gerturatzen saiatzen naizen bakoitzean, gertakari hura inguratzen duen iluntasunari buruz idazten dut azkenean.


Zeuk ere berregin zenuen aitak egiten zuen bidaia hura, baina 20 urte beranduago.


Bai, anaia eta biok Rauson kartzelara itzuli ginen, eta bertan preso egondako hainbat lagunekin elkartu ginen. Elkarrizketa haietatik sortu zen La razón blindada obra, eta iaz kartzelako patioan estreinatu genuen, beste preso batzuen aurrean.

Zer kontatu zenien?


Kixote berezi bat da. Bi preso politikok On Kixoteren istorioa kontatzen diote elkarri kartzelako patioan. Benetako preso politikoek ere hala egiten zuten: antzerkia egiten zuten patioan, baina oso antzerki berezia, guardak ezin baitziren ezertaz ohartu. Presoek baino ez zekiten antzerkia egiten ari zirenik, eta une hartan, kartzela batean egon arren, libre ziren.

Horregatik diozu antzerkiaren mekanika askatasunaren metafora dela?


Bai, antzerkian, errealitatea ez izan arren, errealitatea izatea nahi zenukeen hura entsea dezakezu. Sentsibilitate artistikoaren poderioz munduak sortzen ditugu. Jakina, mundu horiek ez dira errealitatera itzulgarriak, paraleloak dira, baina ezin dira itzuli. Hala ere, galdutako osotasunaren zatitxo bat berreskuratzen dut modu horretara.


Taldeko sorkuntza lantzen duzue. Nola egiten duzue lan?


Hainbat sortzaile elkartu eta gertakari artistiko bat egiten dugu, esperientzia jakin bat eraikiz. Gero, bakoitza bere etxera joaten da, eta esperientzia hori deseraiki egiten da, baina artistikoki gurutzatzen garen une horrek hor jarraitzen du. Niretzat eszenaratzeen historiaurreak lantalde osoaren esperientziaz zipriztinduta egon behar du.

Nola aplikatu dituzu teknika horiek Haritzaren azalera zehatza obran?


Memoriatik abiatuta lan egitea proposatu nien Kukubiltxoko aktoreei, baina ez zidan edozein memoriak balio, beren memoria nahi nuen. Aktoreek ekarritako argazki zaharrekin hasi ginen lanean: aiton-amonen argazkiak, baserrietakoak, gerrakoak… eta, argazki unibertso horretatik abiatuta, uneak eraiki genituen. Gero, memoria berreraikitzeko ariketak egin genituen, eta haurtzaroko momentuak inprobisatu zituzten aktoreek. Aktore bakoitzak jarritako hondar aleekin eraiki ahal izan nuen obra.

Zure azken lanean eskaintza hau irakur daiteke: “Charori, behin, euskal etxe bat erakutsi eta esan zidalako: hemen jaio zen nire ama”.


Charok ere memoria bikoitza du: umetako Nafarroarekin, haurtzaroko Izabarekin loturikoa bata, eta Hego Amerikako urte luzeekin lotua, bestea. Berak ere bi memoria eta bi buru ditu: erbesteratu guztiok munstroak gara zentzu horretan.


Herri honetan ere bizi ditugu zure kezkak: ez-lekuak, erbestea, identitatea, aberria…


Zenbait lekutan esaten didate: “Identitatea? Hemen ez zaigu interesatzen!”. Eta nik diot: noski, zuek badakizuelako nor zareten, edo hala uste duzue. Aukera duzue esateko: “Nik hau izan nahi dut”. Baina guk ezin dugu esan nik hau izan nahi nuke, izan nahi genukeen hura izatea ezinezkoa delako. Antzezlanean Iñakik esaten duena baino ez zaigu geratzen: “Tori lur apur bat, eta inork nongoa zaren galdetzen badizu, esan patrikan gordetzen duzun lurrekoa zarela”.

Zein erraza den munduko hiritar izatea…


Hori da. Nire obrek Euskal Herrian eta Puerto Ricon dute estimu handiena. Erabat eratu gabeko herrialdeak dira biak, ni bezalaxe, nire izaera bezalaxe, bizi dudan mundu hau bezalaxe, idazten ditudan obrak bezalaxe… Zerraldo non erori ez dugunon lurraldekoak dira nire testuak.


Idazkera berezia duzu, kontraste handikoa.


Argi-ilunak erabiltzen ditut. Jendeak galdetu ohi dit nola idatz dezakedan umorez halako gai gogorrei buruz, baina La razón blindada kartzelan egin nuenean, presoek esan zidaten: “Eskerrak hala egin duzun, patioan antzerkia egiten genuenean gure helburua horixe baitzen: barre egitea”. Barrea ere garaipena da barrea kendu nahi dizunari eginez gero.
Nortasun agiria
Aristides Vargas Argentinako Cordoba probintzian jaio zen 1954an. 1976ko estatu kolpearen ondoren erbestera ihes egin behar izan zuen, eta bi urtez Hego Amerikan noraezean ibili ondoren, Ekuadorren jarri zen bizitzen. Bertan sortu zuen, beste hainbat erbesteraturekin eta gaur egun emazte duen Charo Frances nafarrarekin batera, Malayerba antzerki taldea, egun, Hego Amerikako erreferente nagusienetakoa dena. Aktorea, zuzendaria eta antzerkigilea da, eta hainbat hizkuntzatara itzuli izan dira bere obrak. Baita euskarara ere: berak idatzi eta zuzendu du Kukubiltxo taldeak estreinatu berri duen Haritzaren azalera zehatza obra.
Kontrasteak
"Irritik negarrera, biolentziatik goxotasunera… bortizki igaroz gero, jendeari ez diozu jarrera eroso bat hartzen uzten, ez diozu ikuskizun bat lasai gozatzen uzten. Gaur egun artea denbora-pasarekin lotzen da, eta oso arte light-a egiten dugu, digeritzeko erraza eta kolesterolik gabea. Umore aldaketa horiekin bizitzako gorabeherak islatzen ditut, baina baita artea ikusteko era bat ere".
Preso politikoak
"La razón blindada kartzelako patioan egin nuenean jada ez zegoen preso politikorik Argentinan, preso arruntak ziren. Hala ere, eufemismoa da preso politikoak ez direla esatea: lapurtu duen edo hil duen jendea da, baina horretara behartzen dituen gizarte-mekanikaren ondorioz daude kartzelan, beraz, preso politikoak dira horiek ere".

ASTEKARIA
2008ko martxoaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude