Hautagai politiko baten aurpegia publizitate-panelean Charles Bukowski (Poema antologia, Susa 1997) Itzulpena: Josu Lartategi. Joan den asteburuko hauteskunde eta bozek buruko mina, promesa batzuk eta euforia momenturen bat utzi dute, whisky koloreko gau baten antzera. Sobretxoa hatz punttekin kutxara bultzatzeko garaia heltzen den bakoitzean Charles Bukowskiren Hautagai politiko baten aurpegia publizitate-panelean poema etortzen zait gogora. “Hor dago:/ aje handiegirik ez/ emakumeekin borroka gehiegirik ez/ neumatiko hustu gehiegirik ez/ ez zuen inoiz pentsatu suizidioan”.
Zerri mozkor misoginoa zen Bukowski eta idatzita utzi zituen gauza asko lotsa pizteko modukoak dira gaur egundik begiratuta –ziurrenik idatzi ziren garaitik ere bai, baina guk ez genuen hura bizi izan–. Egongo da esango duenik bere garaiaren seme izan zela, etxean jipoitu egiten zutela umetan, underground den guztiak duela probokazio puntu bat, intentzio onekin literatura txarra baino ezin dela egin. Bai eta? Duela urtebete inguru The Bukowski tapes ikusi nuen, idazleari egindako hainbat elkarrizketa biltzen dituen film dokumentala. Horietako batean bere emaztearekin eztabaidatzen hasi zen, eta kameraren aurrean muturreko bat jo zion. Nazkagarria izan zen. Bere buruari eta inguruan zituenei arazoak sortzeko abilidadea zuen Charles zaharrak. Oka eragiten dit emakumeekin zuen jarrerak. “Haginetako mina hiru aldiz gehienera/ inoiz ez zuen otordurik huts egin/ inoiz ez zen kartzelan egon/ inoiz ez maiteminetan”. Beharbada poeta miseria moralaren pertsonifikazioa zelako du hainbesteko indarra testu honek. Bukowskik hautagaia erretratatzen du –”zazpi zapata pare/ seme bat unibertsitario/ urtea bete ez duen autoa”– bere burua argazki horren negatibo bihurtuz. Bukowski inoiz izan ez zen guztia errepresentatzen du hautagaiak –“aseguru polizak/ etxeko jardin berde-berdea/ zaborrontzi tapaki hermetikodunak/ seguru hautatuko dutela”–. Ba ote? Poemari egiten diodan bigarren irakurketa ondokoa da: hautagai politikoek ere estolderia zikinak dituztela, baina mantu zurizko estalkia jartzen dute, kanpainak eta agintaldiak iraun bitartean. Hori salatu nahi izan zuen Bukowskik beharbada. Bueltarik ez duen arazoa da. Zintzotasuna, zuzentasuna, segurtasuna, perfekzioa eskatzen diegu gizarteko liderrei, nahiz eta badakigun guztia bufoikeria hutsa dela. Ez gaitezen engaina, asteburuan bozka eman genien pertsonek diru publikoa lapurtuko dute, agintea interes pertsonaletarako erabili, hauteskunde programan hitz emandakoak ahaztu. Baina ez dira harro agertuko kamera aurrean hori egiten. Arazoa ez da egitea, egin duzula esatea baizik. Pentsatzen jarrita, Bukowski gorbata larrosarekin ez zen hain hautagai txarra izango.