«Kapitalak bere baratzeko zakurra dauka EAJ»

  • 1947, Amezketa (Gipuzkoa). Ezker abertzaleko kide historikoa: EHASn zein HASIn aritua. Arrasateko MCCn aritu da jubilatu arte. Urretxuko alkatea da EAE-ANVren izenean eta Espainiako Senaturako zerrendaburu Gipuzkoan: “Espero edo ez, nahi edo ez, egungo errealitateak eta beharrak ekarri nau politikara, udaletxera bereziki. Nire jendeari eta
    herriari orobat zor nintzaion”, adierazi digu.
Iñaki Zabala
Iñaki Zabala, Urretxuko alkateaJudit Fernandez
Iñaki Zabalaren nortasuna zein bizitza seinalatu dituzten pertsonak eta gertakariak markatu ditugu solasaldiaren atariko modura: aitaren galtze goiztiarrak –istripuz hil zitzaion, bost urte zituela–. Arantzazura joan izanak –hamar urterekin– eta Bitoriano Gandiaga irakasle izateak. ETAk hil zuen Meliton Manzanas poliziaburua ezagutu izanak –hamar egun pasa zituen haren esku–. 1968-70ean Euskal Elizaren krisia barrutik ezagutzeak, baita ondorengo Burgosko prozesuak ere. Emaztearen lehengusua zen Angel Otaegiren fusilatzeak eta 1976ko Gudari Egunak. Santi Brouard ezagutu izanak bideratu zuen politikan.

ANVk gobernatzen du Urretxuko Udala. EAko eta PSE-EEko hiru zinegotzik, EAJko bik eta EBko batek osatzen dute Udalbatza. Udalgintzaz aritu gara luze eta zabal Iñaki Zabalarekin. Alabaina, egungo egoera politiko ankerrari buruzkoek lehentasuna hartu dute elkarrizketan.

“Alkate egin naute” esan zenuen kargua hartu ondoren herriko aldizkari batean.


Ezker abertzaleko kideek zerrendaburu ni izatea erabaki zuten, nire adinekoek bigarren planoan jardutea hobe dela esan nien arren. Ez genuen alkatetza lortzea guztiz espero, baina azken legealdian politika oso txarra egin zen, zentro-eskuineko politika egin zuten udaleko arduradunek. Boto gehien guk lortzea geure meritua da, baina agintari ohien gestio eskasak ere lagundu zigun.

Auzitegi Gorenak hauteskundeetara aurkeztea debekatu dio ANVri. Ordea, antza denez, alkateen jarduera ez etetea erabaki du. Nola bizi duzu egoera?


Beldurra ikusi dut herritarrengan. Jendea galdezka hurbildu zait: “Zer gertatuko da? Udaletxetik kanporatuak izango al zarete?”. Horrela ez izateko esperantza daukat, saiakerak izango diren arren. Garzonen asmoa ikusi besterik ez dago. Egoera politikoa airean dago, kolokan, hauteskundeetan gertatuko denaren zain. Edozer gerta daiteke. EAJk eta PSOEk paktu berriak adostea ez litzateke harrigarria izango, ezta itun horietan gu truke-txanponak izatea ere.

Udaletik kanporatzeko esan nahi duzu?


Udaletatik eta erakundeetatik kanpo oro har. Urretxun horrela ez izatea espero dut. EAJ hemen oso ahula baita eta PSE diferente delako, Gemma Zabaleta zinegotzia izaki.

Nolako harremana duzu Zabaletarekin?


Oso ona. Kategoria handiko eta nortasun sendoko pertsona da, hori eskerrak udal harremanak oso onak dira. Ezkerreko ikuspegitik ari gara lanean, kanpoko gai politikoak kontuan hartu gabe, geure alderdietan hartzen diren erabakiak alde batera utzita.

Senaturako hautagaia zara bestalde. Auzitegi Nazionalak ANVk hauteskundeetan parte hartzea debekatu du.


Zer esan daiteke... esan denaz gain? Pena ematen dit Espainiako Estatuaren makinaria suntsitzailea noraino iritsi den ikusteak. Pertsonak txikitzea, ideiak politikaren jokalekutik erauzi nahi izatea eta herri honetako aukera horren garrantzizkoa debekatzea, ez da erraz ulertzen. Zoritxarrez, herri hau egoera horretara ohitu da nonbait.

Hauteskundeetan gertatuko denaren zain, egoera politiko latza, beraz.


Atxilotu eta atxilotu ari dira, etengabe. Estatua eta PSOE beren onetik atera dira, ez dago jakiterik debekuek zein eragin edukiko duten hauteskundeetan. Hauteskundeetara bitartean ez dira beharbada aurrerago joango, baina ondoren batek daki. Ezker abertzaleak udaletxeetan duen ordezkaritza partekatzeko prest daude alderdi batzuk, putreak bezala ari dira-eta.

ANVk 200.000 boto eskuratu zituen udal hauteskundeetan. Hori horrela izan zela ETA su-eten garaian zegoelako diote batzuek, baita kritikatu ere.


Irakurketa horiek interesatuak dira guztiz ezker abertzalearen emaitza desitxuratzeko. Urretxun gu aurkezteko ez zuten trabarik jarri, Zumarragan aldiz bai. Egoera kafkianoa eta interesatua izan zen. Su-eten egoera baliatu genuela esatea zentzugabekeria da. Urretxuko herriak –eta oro har Euskal Herriak– jakin zuen irakurtzen zein ari zen herri honen aldeko ahalegina egiten eta zein oztopoak jartzen. EAJri zenbait gauza leporatzen zaionean egoera politikoa bere aldera desbideratzeko moduak bilatzen ditu. Pena ematen dit beste alderdietan eta bereziki EAJn instalatu den teknokrazia ikusteak. Pertsona hauek alderdien interesen eta aginduen esanetara daude. Urkulluk, Erkorekak edota Ortuzarrek kontsignen bidez agintzen dute, eta denek hitz berberak erabiltzen dituzte, ez dute berezko argudiorik ez alderdian ez udalgintzan.

Beste alderdien esanetan ANVkoek Batasunaren kontsignei men egiten diezue eta Batasunak berriz ETAri.


Horrelakoak guri leporatzea beren ezintasunak tapatzeko modua da. Inon baldin badaude autoeratzeko ideiak eta sortzeko ahalmena, ezker abertzalean da, ETA izan edo gabe. Egunen batean, ETArik gabe ere, ezker abertzalea herri honetako motore garrantzizkoa izango da. Beste alderdietan dagoen basamortu ideologikoa ikusita, dudarik ez daukat. ETAk dioenak ez du eragiten nigan, badakit nire burua erabiltzen neure kabuz. ETAren esanak eta eginak bereak dira. Guk bitarteko demokratikoak erabiltzen ditugu gure helburuetara iristeko, horregatik gaude udaletan.

Loiolako elkarrizketak aipatu dira azkenaldion. Zer iritzi duzu bake eta normalizazio bidean gertatu zenaz?


Loiolako mahaia gauzatzera iritsi zen, baina zoritxarrez, ez zen akordio batera heldu. Ibilitakoa ez da gutxi ordea. Ez dakit berriz ere nondik eta nola berrasiko den, baina aurretik emandako pausoek balio izango dute. Loiolako saioa nahikoa serioa izan da: nazioarteko begiraleen lana eta aktak hor daude. Horiek tapatzen ari dira, baina zaila zaie herriari horiek ezkutatzea.

Loiolan ezker abertzalea posibilista ikusi zen nolabait: negoziazioa Hegoaldeko autonomiara mugatuz, Iparraldea alboan utziz...


Bai. Baina, egoera aldatuz joan ahala, proposamen berriak egin dituen bakarra ezker abertzalea da. Beste alderdi guztiak betiko posizioan daude. Beren estatusak kontserbatzen dituzte, karguak eta soldatak. Instituzioak beren alderdien barrutiak balira bezala erabiltzen dituzte, ez dira nonbait guztionak direla konturatzen. Udalerrietan oso agerikoa da hori. Bankaren eta enpresa handien interesak gestionatzeaz arduratzen dira batez ere.

Bien bitartean, ezker abertzalea gero eta deseginagoa dago, ordea.


Ezker abertzaleari burua mozten ari zaio, gilotinatzen, baina ekimen horrek ibilbide motza dauka. Politikagintzan eta herri honetan oso errotuta dagoen aukera da gurea, une batez desegingo dute hainbat pertsona espetxeratuz, baina aukera hor dago, ezin erauziko dute errotik eta beraien aurka bihurtuko da. Amorrua zabaldu da jendearen artean, baina amorrua bideratuko da eta beste jende bat bilduko da ezker abertzalea antolatzeko. PSOEk Euskal Herria du traba handiena Estatuaren berregituraketan eta EAJ lagun behar du berau gainditzeko. Marko politikoa berregituratzeko oposizio ahulena behar dute, oposiziorik eza. Alderdi bi hauek –beren interes eta kalkulu elektoralen ikuspuntutik– posizioak hartzen ari dira hauteskundeetan gertatuko denaren arabera jokatzeko.

Duela zortzi urte Batasunak hauteskundeak boikotatzera gonbidatu zuen EAJ. Orain ezker abertzaleak parte hartzeko laguntza eskatu diola kritikatzen dute jeltzaleek. Zer aldatu da handik hona?


Zortzi urte pasa direla, ez alferrik. Ezker abertzalean eboluzio bat izan da, EAJn ordea, ezer gutxi. Momentu hartan taktika bezala egokia iruditu zitzaigun. EAJren jarrera ikusita, zortzi urte pasa arren, ezin izan dugu berarekin batera ezer egin. Handik hona ezker abertzaleko kide adierazgarrienak espetxean daude. 18/98 auzian zigortuak ahaztu gabe. EAJn interes neokontserbadoreak nagusitu dira.

Josu Jon Imaz edo Iñigo Urkullu EBBko burua izan, berdin ikusten duzu EAJ?


Estiloz aldatu da EAJ, besterik ez. Imaz zaunkaka aritu zen eta jendeak atzera egiten zuela ohartu ziren alderdian. Zumarragakoak –Imaz txikitatik ezagutu dugu– alderdiaren gidoia urratzen zuen. Oraingo estiloa monokordeagoa da, Urkulluk hitzak hobetoxeago darabiltza, gidoitik atera gabe. Urkulluk eta inguruko teknokratek ondo baino hobeto defendatzen dituzte alderdiaren jauntxoen interesak halere. Kapitalak egitura berrian harrapatuta dauka EAJ. Kapitalak bere baratzeko zakurra dauka EAJ. Gure udalean daudenak ezagutzen ditugu, herri proiektuak gauzatzeko ekimen ekonomiko erraldoiak behar dituzte beti. EAJko kideak nagusien zerbitzari fidelak dira.

Ibarretxe lehendakariaren bide orria deitua nola ikusten duzu?


Ibarretxek plan hori planteatu zuen, zerbait behar zuelako. Baina berandu dator. Lehenengo planaren segida da, artean missing egon da. EAJko barne tirabirak tarteko, alderdian eremua markatu behar izan du, hauteskundeak datoz eta enbidoa jo du emaitza onak lortzeko. Sinesgarritasun gutxi eta ibilbide txikia du bere proposamenak. Bide orria EAEko hauteskundeak aurreratzeko planteatuta dago nolabait, ezker abertzalea jokoz kanpo geratu ondoren, Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa lortzeko eta herri honen geroa beren modura kudeatzeko. Kontuan hartu, batzuek Ibarretxe amortizatuta zegoela pentsatu zutela une batez alderdian. Ibarretxeri gutxienez aitortu behar zaio abila izan dela bigarren ibilbide orria planteatzeko.

Ibarretxerengan nolabaiteko esperantza duzu, beraz.


Ibarretxe gure aldera hurbiltzen saiatu da nolabait, baina gertatzen ari dena ikusita, zer esperantza izan dezakegu?

Auziak irtenbiderik ez du, orduan.


Bai, edukiko du. Egoera politikoa pendularra izaten da. Pendulua gu suntsitzeko martxan jarri dute orain, etorriko da konfluentziarako garaia, halaxe desio dut. Aukera berriak sortuko diren esperantza ez dugu galdu behar. Irtenbidea behar dugu eta etorriko da. Ez seguruena guri gehien gustatuko litzaigukeena, baina soluzioa hurbilekoa izango da. Kondenatuta gaude auziaren irtenbidea aurkitzera.
Urretxu eta Zumarraga herrien iragana eta geroa
URRETXU-ZUMARRAGAZ: "Bertara iritsi nintzenean, duela 40 urte, koadrilak alde batekoak edo bestekoak ziren. Lantegiak lehenik –Orbegozo fabrika bereziki–, La Salle ikastetxea gero, eta batez ere Ikastolaren sorreraren hazia izan ziren bi herriko herritarren harremanak normalizatzen lagundu zutenak. Urretxuarra eta zumarragarra bi nortasun markatuagoak ziren ordura arte".

AURREKO ALKATEEN ARTEKO IKUSIEZINEZ: "PSEko Antton Arbulu alkatearen eta EAko Pello Gonzalez alkate ohiaren arteko harremana tragikomikoa izan zen. Zumarraga eta Urretxuko politika bertako hedabideetatik ‘zuzendu’ zuten: Urola Telebistak edota Kaixo aldizkariak bi alkateak erabili zituzten bi herrien harremanak ridikuluak bihurtzeraino. "

LURRALDE IA FISIKO BATEAN: "Errealitate ia fisiko bakarrean bi herri nortasun bizi dira eta bi administraziok kudeatuta. Errealitate honetako alde batean PSOEri ematen diote botoa eta bestean ezker abertzaleari. Hala ere, jarrera ideologikoez gain gobernatzen ikasi behar dugu. Udaletan konfrontazio ideologikoa oso une puntualetan agertzen da. Orain bizi dugun momentuan, adibidez, eta jakin behar dugu horiek eramaten, bestela herritarrek ez gaituzte barkatuko".

BIZITZA ELKARREKIN ANTOLATZERA KONDENATUTA: "Udalerri biek, metodo bati segituz, gehien interesatzen zaizkigun udal proiektuak elkarrekin garatzea erabaki dugu, bi herrietako teknikarien iritziak kontuan hartuta. Bi herrion adostasun handia lortu dugu: 68 ataletatik 13 lantzen hasi gara. Udalgintzan jarrera pertsonalek balio dute gehien, pertsonen arteko harreman zabalak edukitzea. Zumarragak Arbulu hautatu du, Urretxuk ni neroni. Arbuluri hirugarren aldiz eman diote konfiantza, ondo egin du lana, bestela ez luke gehiengo luzea lortuko: 17 zinegotzitatik PSEk 11 dauzka. Biok garbi daukagu nork bere herriko interesak ahalik eta ondoen kudeatzeko hautatuak izan garela".

ASTEKARIA
2008ko otsailaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude