Makina erremintak marka denak hautsi ditu

  • Makina Erremintaren Espainiako Biurteko Azokak (BIEMH) XXV. urteurrena beteko du aurten. Nazioartean ospe handia lortu duen biurtekoa Barakaldoko BECen egingo da, martxoaren 3tik 8ra bitartean.
BIEMH
Makina Erramintaren Espainiako Biurteko Azoka

Makina Erreminten Fabrikatzaileen Elkarteak (AFM) datorren hilabeterako antolatu du Makina Erremintaren Espainiako Biurteko Azoka (BIEMH). Eta 2007an bere historiako fakturazio markak hautsi ondoren ospatuko du, hain zuzen ere. XXV. urteurrenaren testuinguruan, kontuan hartzekoak dira nazioartean lortutako gailentasuna eta maila aparta, hala alde teknologikoan nola komertzialean. Garrantziaren araberako hurrenkeran, BIEMH azoka sektoreko laugarrena da munduan, eta industria esparruko erakusketa handiena Espainiako Estatuan. Batez ere Euskal Herrian kokatu dira makina erremintaren sektoreko enpresak, EAEn bereziki, eta, berebiziko indarrez, Bizkaian eta Gipuzkoan. Laurogeita hamarreko hamarkadako krisialdiak ixtera bultzatu zituen enpresa batzuk, eta kontzentratzera beste batzuk; horrek guztiak enpleguen galera eragin zuen. 2007ko bukaeran 5.650 langile biltzen zituen sektoreak.

BIEMH maila teknologiko handiko erakusleiho bihurtu da sektoreko fabrikatzaile eta banatzaile nabarmenenentzat, elkarren arteko merkataritza harremanak osatzeko inguru ezin hobea. Bertan bat egiten dute mundu zabaleko enpresa garrantzitsuenek, produktu eta berrikuntzak erakusteko asmoz; aldi berean, sektoreko enpresa nagusiek garatu dituzten azken teknologia, aplikazio eta zerbitzuak zuzen-zuzenean ikus eta ezagutu ditzakete mundu osoko bisitariek. Biurteko Azoka azkenekoz 2006an egin zen, BECen hura ere; ordukoan, 1.752 enpresa erakusketarik eta 39.041 bisitarik hartu zuten parte, 72 herrialdetatik etorrita. Aurten zifra horiek gainditzea espero da.

Munduko fabrikatzaile eta esportatzaile nagusien artean

Makina erremintaren euskal industriak nazioartean duen garrantzia nabarmena da. Izan ere, ekoizpenaren ikuspegitik, gure industria munduko bederatzi handienen artekoa da, eta Europar Batasuneko hirugarrena. Esportazioen bolumenari dagokionez, zortzigarren herrialdea da.

Azken hamar urteotan, atzerriko 120 herrialdetara esportatu du produkzioaren %58a; bolumen horren %70a industrializazio maila handiko eta garapen teknologiko aurreratuko herrialdeetara. Gure hiru bezero garrantzitsuenak Alemania, Frantzia eta Italia dira. Bezero ospetsuenen artean, aeronautikaren eta automobilgintzaren esparruetako enpresa transnazionalak daude, besteak beste: General Motors, Ford, Chrysler, BMW, Mercedes Benz, Volkswagen, Peugeot, Renault, Citroen, Volvo, Nissan, Boeing, Mc Donell Douglas eta Airbus. Makina erremintaren euskal industriak 2.000 modelotik gora ekoizten ditu eta horien guztien %76a zenbakizko kontroldunak dira.

Gure makina erreminta sektorea kalitate handikoa da: urte luzetan nazioarteko merkatuetan lehiatzeak emandako eskarmentua, eta izandako eboluzioa lagun, sektoreak ulertu du oso garrantzitsua dela bezeroei beren lehiakortasuna eta kalitatea hobetzeko erantzun pertsonalizatuak ematea. Hau da, gaur egun makina erremintako tresneria “neurrira” produzitzen da, bezeroen nahi eta beharren arabera.

Fakturazioak mila milioi euroko muga gainditu zuen 2007an

Euskal makina erremintaren sektoreak mila milioi eurotik gora fakturatu zuen 2007. urtean; hala, bere historiako marka ezarri zuen. Hain zuzen ere, %7,3an gainditu zuen 2006ko fakturazioa (ia 979 milioi eurotara iritsi zen). 2007ko esportazioen balioa 615 milioi eurokoa izan da; hau da, %10,3 hazi da. Gainera, sektorearen ekoizpen guztiaren %58,6a izan da. Produkzioak goraka egin du urtez urte, baina orain arte ez zen inoiz 2001eko fakturazio marka erdietsi (990 milioi eurokoa). Esaterako, 2004an ia 822 milioi euro fakturatu ziren, eta 2005ean, 904 milioi euro baino gehixeago.

Esportatutako makina motari erreparatuta, azken urteetan fresatzeko makinak saldu izan dira gehien atzerrian. Are gehiago, fresatzeko makinaren nagusigoa sendotu egin zen 2006an: 122 milioi euro baino gehiago saldu zen, eta urtearteko bilakaera %22,5ekoa izan da. Harroketa bidezko makinen esportazioa deformazio bidezkoena baino egoera hobean dago: %22,5 hazi dira lehen multzoko makinen esportazioak, eta %2,9 jaitsi bigarrenekoak.
Globalizazioa dela eta, enpleguen galera ez da etengo
Espainiako Estatuko makina erremintaren sektorea batez ere EAEn kontzentratzen da, Gipuzkoa eta Bizkaian nagusiki. Sektore horrek hainbat ekoizpen krisialdi bizi izan du azken hamarkadan, eta, ondorioz, baita enplegu krisialdiak ere, ez soilik Euskal Herrian, baita Europa osoan ere. Izan ere, sektore horretan 217.500 langile ziren Europa osoan, 1990ean; 2006an, aldiz, 140.445 baino ez (betiere azken datuen arabera). Euskal Herrian ere sektoreak maila bereko krisialdia izan du: 1990ean 7.328 langile zituen; 2006an, berriz, 5.647 baino ez. Adituen ustetan, enplegua galtzeko joerak aurrera egingo du, baina ez indar handiz.

Enpleguen galera oso lotuta dago ekoizpenaren balioarekin; horretan ekonomiaren globalizazioak eragiten du. Izan ere, globalizazioak ekoizpenaren eta kontsumoaren lekualdaketa ekarri du, mendebaldeko herrialdeetatik ekialdekoetara. Eta, Europako herrialdeen artean, gero eta gehiago jotzen dute ekoizpen prozesuko fase ugari kanpora bidaltzera. Gainera, material berriak txertatzeak laneskuaren murrizketa dakar.

Langile kopuruak (2006)
  • Alemania 65.147
  • Italia 28.390 3 Suitza 11.650
  • Erresuma Batua 7.500
  • Frantziako Estatua 7.400
  • Txekiar Errepublika 7.200
  • Espainiako Estatua 5.647
  • Austria 2.444 3 Belgika 1.977
  • Suedia 1.400
  • Finlandia 980
  • Herbehereak 710
2006ko erosle nagusiak fakturazioaren arabera (eurotan)
  • Alemania ia 87 milioi
  • Frantzia ia 53 milioi
  • Mexiko 46 milioi
  • Italia ia 44 milioi
  • AEB ia 43 milioi
  • Txina ia 38 milioi
  • Erresuma Batua 28 milioi
  • Portugal 26 milioi
  • India 20 milioi
  • Brasil 14 milioi

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude