Izar berriak eta rockero zaharrak

  • Illunbeko zezen plazak zortzi torero hartuko ditu datorren larunbatean: Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Jon Martin, Iker Zubeldia, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi. Kartelera koloretsua bezain erakargarria da: zortziek dute beren bertsokera, eta elkarrengandik oso desberdinak dira gainera. Txapelketan leialtasun handia erakutsi duen entzuleak berotuko ditu harmailak. Piribi, piribi-piribi-piribi, piri-piri-piri.... Ea nork poltsikoratzen dituen belarri gehien.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren kartela
..... .
Aho biko labana da txapelketa, eta urte batean aparretara igotzen duenari hurrengoan lepoa mozten dio. Aipagarria da, adibidez, aurreko Gipuzkoako Txapelketan finalean aritutako zortzitik –Amaia Agirre, Iñaki Gurrutxaga, Ekaitz Goikoetxea, Jon Martin, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze eta Jon Maia– lau ikusiko ditugula aurten Illunbeko oholtza gainean. Lau horietatik hiru plazaz plaza dabiltzanak dira, eta beraz, esan liteke Gipuzkoan bertsolari asko egoteaz gain, maila paretsukoak direla asko. Finalean sartzeko lehia estua da. Horrela, Euskal Herriko txapelketan puri purian ikusi genituen Jokin Uranga eta Ekaitz Goikoetxea ez dira finalerako lehian sartu ere egin.

Belaunaldi berriko sorpresa edo errebelazio nagusiak Uxue Alberdi elgoibartarra eta Beñat Gaztelumendi añorgarra izan dira, biek ere lehen txapelketa biribila egin baitute, entzule asko irabaziz. Gaztelumendik, gainera, final handian sartzea lortu du. Agin Rezolak ere aho zapore gozoa utzi die entzuleei.

Eta aurtengo txapelketan berezia izan dena, rockero zaharrek egin duten lana izan da: Ainhoa Agirreazaldegi, Xabier Sukia, Unai Agirre, Aitor Sarriegi, Iñaki Zelaia, Joxe Munduate... Hauek hamaika txapelketatan hartu dute parte, orain arte finalera iristea lortu gabe, eta aurten aipatutako gehienek euren bizitzako txapelketa egiteaz gain, bik finalera sartzea lortu dute. Horrek erakusten du, maiz kirolarekin parekatzen bada ere, bertsotan beti dagoela gora egitea, ez dela gaztetan “olatua galtzen”. Beteraniak maila ematen du, eta urtez urte soziedadeko koadrila giroan biltzen jarraitzeak fruituak eman dizkie aurten.

Aurreko txapelketako finalean bi emakume aritu baziren, aurten bat ere ez da arituko –Maialen Lujanbiok ez du parte hartu–, eta horrek bertsolaritzan sexuen arteko berdintasunaz eta egin beharreko lanaz zer pentsatua ematen du.

Txapelerako buru asko

Jexux Mari Irazu, Jon Maia eta Aitor Mendiluze dira kiniela gehienetako kuttunak, plazaz plaza ibiltzeak ematen duen ofizioa, saioari eusten jakitea, eurena baita. Baina ez dugu ahaztua Jon Martinek aurreko Gipuzkoako Txapelketan hauek atzean utzi zituela, Maialen Lujanbiorekin buruz-burukoa jokatzeko. Unai Agirre eta Aitor Sarriegi ere eskarmentu handikoak dira, lehenengo aldiz finalera pasatu arren, makina bat txapelketa jokatutakoak. Iker Zubeldiak beti eusten dio mailari, eta parean tokatzen zaionean, ez du barkatzen. Eta Beñat Gaztelumendik bultzaka datorren belaunaldi berriaren indarra eta ausardia ditu.

Beraz, saio bakarrera jokatuta edozer gerta daitekeenez, baliteke finalean hiruko urreak bere distira erakustea, edo hauek apalxeago arituz gero, besteren batek goia jo eta txapel beltza lortzea.

“Machaquito” eta “Bombita”-k

“Machaquito ta Bombita ditut, etorritzeko esanak”, zioen Txirritak, bere ezkontzan fiesta izugarriak izango zirela iragarriz. Bi torero handi horien ordez, beste zortzi arituko dira Illunben, hauetatik batzuk matxakitoak, errima eta molde oso landukoak, eta beste batzuk bonbitak, ezusteko ideia eta bertsoak leherrarazten artistak. Final polita espero da, bakoitzak berea jartzen badu.

Arrakasta ziurra

Badirudi, azken urteetan bertsolaritzak eraikin handiak hartu dituela bere ikur. Bertso egunak Kursaala, Bizkaiko Txapelketak Euskalduna, Euskal Herriko Txapelketak BEC... Gipuzkoako Txapelketak Illunbe hartu du finalerako eszenatoki. Joera honen arriskua “zenbat eta gehiago hobe” arauan erortzea da, eta beraz, hurrengo txapelketan gutxienez entzulea berdindu edo areagotu beharra dago, eta areto txikiagora pasatzea “atzerapauso” edo “frakaso” gisa hartzen da.

Auskalo Illunbera zenbat entzule joango den. Baina finala baino bi aste lehenago 3.000 sarrera salduta zeuden, eta finalerdietako saio bakoitzean 1.000 entzule inguru bildu dira. Kopuru izugarria da, euskara hutsean egindako ekitaldi gutxik bilduko ditu txapelketa honetako finalak adina entzule. Era berean, zezen plazan kantatzea ia bertsolari denentzat da inbidiagarri, horrelako plaza berezian aritzeko aukerak ez baitira bizitzan asko izaten.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude