Ingelesa bai, baina noiz eta nola?

  • Tira ikaragarria du ingelesak eta ikastetxeetara arrapaladan sartu da. Haurrak lau urterekin hasten dira ingelesa ikasten. Europako ia hezkuntza sistema guztietan da ohikoa atzerriko hizkuntza irakastea, baina ez da hain ohikoa hemen bezain goiz hastea. Adituek diote ingeles goiztiarraren abantailak frogatzeko askoz gehiago ikertu behar dela, ez baitago errentagarria denaren froga zientifikorik.
Eleaniztasuna
Eleaniztasuna bai, baina non eta nola?Dani Blanco
Ikerketa gutxi eta galdera asko. Ume txikiek atzerriko hizkuntzak errazago ikasten al dituzte? Txikiak direla atzerriko hizkuntza ikasten hasteak arazo kognitibo edo linguistikorik eragin al dezake haurrengan, era berean bestelako hizkuntzak ikasten ari baldin badira (euskara eta gaztelania)? Bestelako metodorik ba al dago atzerriko hizkuntzak hobeto ikasteko?

Itziar Elorza Ikastolen Konfederazioko Hizkuntz arduraduna da. Ikastoletan ingelesarekin nolako esperientzia izan duten galdetu diogu. Hona erantzuna: “Hala galdetzen digute, ‘ingelesarekin zer egiten duzue?’. Galdera ez da hori, galdera da zer egiten duzue ingelesarekin, gaztelaniarekin, euskararekin, frantsesarekin...?”.

Ikastoletako haurren %50-60k euskara dute lehen hizkuntza eta ia beste guztiek gaztelania. Denak ari dira D ereduan, murgiltze edo indartze sisteman. Hauxe Ikastolen Elkarteak hartu zuen bidea: ingelesa irakasten hasiko ziren lau urterekin eta gaztelania zortzirekin. Ez zen izan hori erabaki nagusia, hizkuntzak lantzeko proiektu bateratua baizik. Alegia, “konturatu ginen hizkuntzak ezin direla paraleloan landu, hizkuntza bakoitza bere bidetik, baizik eta ikuspegi bateratua behar dela. Ikaslea bakarra da eta hizkuntza gaitasunak ere neurri handi batean bakarrak dira. Hizkuntzak ezin dira kaxa itxietan landu, gauza asko daude hizkuntza guztietarako baliagarriak”. Adibideak jarri ditu hobeto ulertzeko. Esate baterako, aditza zer den behin esplikatzen zaie ikasleei, berdin da euskaraz, gaztelaniaz ala ingelesez, baina hiru hizkuntzetan ez. Kontua da kontzeptua ikastea, gutxienekoa da zein hizkuntzatan. Beste adibidea litzateke ipuinarena. Haurrak ingelesez ikas dezake ipuina nola egituratzen den, gero euskaraz eta gaztelaniaz hitzak ikasi beharko ditu eta lehen ikasitako egituran ipuina kontatu. Hizkuntzen proiektu bateratu horretan hirukotea –euskara-gaztelania-ingelesa– lantzen dute eta laugarren hizkuntza, frantsesa, oraintxe hasi dira molde horretara ekartzen. Etorkinen hizkuntzei ez diete oraindik heldu.

Zergatik hain goiz ingelesa?

Ikasleak hamabi urterekin hasten ziren ingelesa ikasten Ikastolen Elkarteak lau urterekin hastea erabaki zuenean, 1991-1992 ikasturtean. Espainiako legeak 1993an atzerriko hizkuntza Lehen Hezkuntzako 3. mailan (zortzi urte) hastea ezarri zuen. Zergatik lau urterekin? Bi arrazoi behintzat eman ditu Itziar Elorzak. Batetik, haurrek adin horretan hizkuntzak jasotzeko dohain berezia dutela. Bestetik, Ikastolen Elkarteak garbi dauka euskara biziberritzeko ardatz nagusietakoa dela eskola eta beraz, eleaniztasunaren planteamenduan beti hartu behar dela oinarri euskararen nagusitasuna. Euskara zilborra bada, nola indartu ingelesa? “Esate baterako, ezin dizkiogu ingelesari ez dakit zenbat ordu eskaini Bigarren Hezkuntzan. Horrela egingo bagenu emaitza oso onak izango genituzke, baina euskararen nagusitasuna kolokan jarriko genuke. Ingelesari etekin gehiago ateratzeko daukagun apustua da lehenago hastea eta bidea poliki-poliki egitea”.

Ingelesak kalte egiten al dio euskarari?

Ikasle batzuentzat euskara bigarren hizkuntza da eta ingelesa hirugarrena. Askok du kezka ea haurrak euskararekin moldatu ezinik ibiliko diren hirugarren hizkuntza gehitu zaielako. Ikastolen Elkarteak ere zalantzak zituen. Euskararen dudak eta ingelesaren garapena kontrolatu asmoz ebaluazio esperimentala jarri zuen abian EHUko hainbat adituren laguntzaz. 1991-1992 ikasturtean lau urteko ikasleekin hasi zuen ebaluaketa eta 2003an, ikasle horiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu zutenean, bukatu. Bi talde banatu zituzten, batean lau urterekin hasi eta hamasei urtera arte ingelesa ikasiko zuten hamalau ikastola bildu zituzten eta bestean, ingelesa zortzi urterekin eta testuliburu arruntekin ikasiko zuten ikastolak. Urtero ikasle lagina hartu eta ingeleseko azterketak egin zizkieten. Horrekin batera, prozesuan zehar hiru aldiz egin zitzaizkien euskarako, gaztelaniako eta adimen orokorreko azterketak. Ebaluazioaren azken fasea, Gizarte ikasgaia ingelesez ikasi zuten hamalau eta hamasei urte arteko gazteekin egin zuten, arloaren ezagutza neurtu nahian.

Ebaluaketen emaitzak zehatz aztertzea komeni bada ere, hiru ondorio orokor aipatu daitezke. Batetik, ingelesa ikasten lau urterekin hasiagatik euskarari ez dio kalterik egin; bestetik, ingelesean zortzi urterekin hasi direnek baino maila hobea eman dute; eta azkenik, Gizarte arloa ingelesez ikasi arren arloaren ezagutza bermatu egin da. Itziar Elorzak ondorio orokorra azpimarratu du: “Gauzak ez dira zuri edo beltz, kontua da gauzak nola egiten diren. Aspaldi ari gara lelo berarekin: ‘Eleaniztasun goiztiarrari bai, baina ez edonola’. Inoiz ez dugu esango lau urterekin hastea oso ona denik, zera esaten dugu: ‘Lau urterekin hastea egokia da gure egoeran eta guk jarritako baldintzetan’. Guretzako sistema egokia da, orokortzeko... Auskalo!”.

Ikastolen Elkarteak bazuen euskararen kezkaz gain beste bat: lau urterekin atzerri hizkuntza irakasten hasi bai, baina nola? Bazuten esperientzia elebitasunean baina ez eleaniztasunean. Hasierako pausoak emateko Josep Maria Artigal katalanarengana jo zuten, hura Haur Hezkuntzan atzerri hizkuntzan baita aditua. Ondoren, bertako esperientziaz baliatuz eta Europar proiektuen laguntzaz, bide hori garatzeari ekin zioten Bigarren Hezkuntza bukaeraraino.

Eleanitz proiektua 1991-1992 urteetan jarri zen abian zortzi ikastolekin. Saio esperimentala 2003an bukatu zen, ikasleek DBH amaitu zutenean. Gaur egun, 75 ikastola –Hegoaldeko ikastola gehientsuenak– daude Eleanitz proiektuan, 25.000 ikasle. Urteetako esperientziaren ondorioz, hauxe Konfederazioaren hausnarketa: “Zein da biderik egokiena euskara lehen hizkuntza nagusia izanik, gaztelania euskara bezain ondo menderatzeko, atzerriko lehen hizkuntzan oinarrizko komunikazioa lortzeko eta atzerriko bigarren hizkuntzaren hastapenak egiteko? Alferrik saiatuko gara guztientzat balioko duen bide ‘ona’ren bila. Ez dago Erromara joateko bide bakarra”.

Gurasoek ingelesa dakiten haurrak nahi dituzte

Ana Eizagirre Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzailea da. Berari galdetu diogu ea zer iritzi duten EAEko eskola publikoetan ikasleak dituzten gurasoek. Haiek ikusi zuten nola hizkuntzak pilatu zitzaizkien seme-alabei: euskara, gaztelania, ingelesa eta baita laugarrena ere batzuetan. Hasierako kezka omen zen haurrak hainbeste hizkuntza ikasteko gai izango al ziren, ez ote zen gehiegitxo. Eizagirreren ustez, kezka hori uxatu dute gurasoek eta ulertu dute hizkuntza bat baino gehiago ikastea ona dela. Orain gurasoek galdera hau egiten omen dute: “Ondo ikasiko al dituzte hizkuntzak? Etxean nola lagundu dezakegu?”.

Eizagirreren arabera, gurasoek ikasi dute euskarak hizkuntzen ikasketa horretan bere lekua duela, baina zalantzarik gabe, guraso guztiek haurrek ingelesa ondo ikastea nahi dute. Ingeleseko First –Britainia Handiko Cambridge Unibertsitatearena– azterketa guraso askok ezagutzen dute, alegia, ingelesa ikasteko mailaketa eginda dago, gurasoek badakite zein maila duten seme-alabek ingelesean eta hor jartzen dute arreta. Euskara menperatzeari buruz berriz, bestelako ikusmoldea dute gurasoek, Eizagirreren iritziz: “Uste dute dakitenarekin nahikoa dutela, euskaraz irakasten duten eskolara eramaten dituztelako euskara jakingo dutela kalkulatzen dute”.

Ama hizkuntza menderatu, bestela jai dago

Eizagirrek ez du uste ingeles goiztiarrak euskarari eta gaztelaniari kalte egin dienik, baina behin eta berriz azpimarratu du gakoa ama hizkuntzak menperatzea dela: “Hizkuntza bat baino gehiago menperatzen dituzten haurrengan ikusten da txikitatik hasi direla hizkuntzak ikasten, eta familia hizkuntzak (bi izan daitezke) menperatzen dituztela. Lehenengoak ondo ikasten badituzte hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena ere ikasiko dituzte. Aldiz, lehenengo hizkuntza ondo menperatzen ez bada bigarrena ez da ondo ikasten eta hirugarrenera guztiz izorratuta iristen da haurra”. Eremu erdaldunetan eta egoera sozioekonomiko kaskarretan bizi diren haurrak gogoan dituela esan du hori. Ama hizkuntza ere (gaztelania) ez omen dute menperatzen, batzuk D ereduan ikasten dute, eta ingelesarekin ere hasten dira; hizkuntza bakarrarekin ere nahiko lan dute.

Ingelesak arrakasta izan dezan sei urte bitartean euskara eta gaztelania ondo ikasten dituztela bermatu behar dela dio Eizagirrek. Haur Hezkuntza erabakiorra da eta kexu da, EAEn A ereduko eskoletan baino ez baitira falta irakasle euskaldunak, eta aurten bertan konpondu zitekeena gerorako utzi duela administrazioak salatu du Eizagirrek.

Hamar urteko esperientzia eskola publikoan

Rosa Aliaga Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Atzerriko Hizkuntzen arduraduna da. Aurrez irakasle aritu zen 20 urtez, bai Haur Hezkuntzan, baita Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ere. Eskola publikoetan ingelesak izan duen sarrera gertu-gertutik ezagutu du. Hark kontatu dizkigu ingeles goiztiarraren lehen pausoak. 1996an Hezkuntza Sailak lau urteko proiektua jarri nahi izan zuen abian. Esperimentua hogei ikastetxerekin egin nahi zuten eta hiru taldetako bat aukeratu behar zen: lau urterekin ingelesa irakasten hasiko zirenena; zortzi urterekin bost orduz –ordura arte hiru ordu izaten ziren– eta tartean ikasgai bat ingelesez emango zuena; eta hirugarrena aurrekoaren gauza bera baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hiru taldeak jorratu eta lau urtera emaitzak ikusteko aukerarik ez zuten izan; ingelesak erakutsi zuen nolako erakarpena zuen guraso zein irakasleentzat: deialdira 130 ikastetxe aurkeztu ziren. 120 ikastetxek lehenengo taldean egon nahi zuten, bigarrenerako hamar ikastetxe aurkeztu ziren eta hirugarrenerako 20ren bat. Proiektua 20 ikastetxerekin egingo zenez, 13 hasi ziren lehen taldean, hiru bigarrenean eta lau hirugarrenean. Giza baliabideak eta baliabide materialak jarri zituen administrazioak eta hiru urtez lanean aritu ziren. 1999an, egoera eramanezina zen, ehundik gora ikastetxe proiektutik kanpo eta inolako laguntza eta kontrolik gabe ingeles goiztiarra ezartzen ari zirelako, 13 ikastetxe pribilegiatu horiekiko desabantailan. Hezkuntza Sailak ikastetxe guztiei laguntzea erabaki zuen. 1999an sei laguneko aholkulari taldea osatu zuten –17 izatera heldu ziren gero– eta urtez urte eskola maila bakoitzerako ingelesa irakasteko materiala prestatzen hasi ziren. Oraintxe ari dira 16 urtekoentzako azken materialak prestatzen. Zikloa osatu da beraz.

Ingeles goiztiarrarekin hasi zirenetik hamar urte pasa eta gero, lehen ebaluaketaren emaitzak jaso zain daude, lau urte eta 6. maila artekoei egin baitiete azterketa. Bestelako ebaluaketa egin zuten 2004. urtean. Ondoren, Esperientzia Eleaniztuna izeneko deialdia –arloak atzerriko hizkuntzan irakasteko– egin zuen Hezkuntza Sailak eta proiektuan parte hartu zuten zenbait ikastetxeri egin zaio ebaluaketa. Emaitzak ikusita Aliagak argi dauka: “Ingelesa ikasten dute eta ez da aitzakia euskararentzat. Sailak garbi dauka Esperientzia Eleaniztuna ezin dela erabili euskara baztertzeko. Horregatik, elebitasuna hartzen du abiapuntu. Esperientzia honetan A ereduko ikastetxe publikoren batek parte hartu nahi badu, ikasleek euskara maila ona dutela erakutsi behar dute”.

Hasierako eztabaidak eta kritikak

Ingeles goiztiarrarekin hasi zirenean euskararekiko zegoen beldurra gogoan du Rosa Aliagak: “Euskarari kalte? Ingelesa ordu erdiko hiru saiotan egiten zen-eta astean! Eta gainera ingelesa ikasten haur denak batera, maila berean, hasten ziren, lau urterekin. Euskararekin ez da hori gertatzen, D ereduan diren haur guztiek ez dute maila bera euskaraz eta gaztelaniaz”.
Europa iparraldeko hainbat herrialdetan ingelesa eskolan ikasten 12-13 urterekin hasten dira. Aliagari behin baino gehiagotan esan diote hori eta xehetasunak ez direla ahaztu behar dio: Suedian, Finlandian... hedabide asko ingelesez dituzte –filmak edo telebistako marrazki bizidunak jatorrizko bertsioan ikusten dituzte, esate baterako–, guraso askok dakite ingelesa, asko bidaiatzen dute...

Ingeles goiztiarra beste hizkuntzentzako traba ez ezik abantaila izan daitekeela uste du Aliagak, kontua ez baita ingelesa bera ikastea, hizkuntzak ikasteko estrategiak garatzea baizik, eta estrategia horiek beste hizkuntzetan aplika daitezke. Motibazioa aipatu du esate baterako; haurrei erakargarri egitea ingelesa, pizgarriak eskaintzea ingelesera hurbiltzeko, gustuko egitea.

Baliabiderik gabe ez dago emaitza onik

Aliagak orain arteko bidearen balorazio baikorra egin du, baina etorkizuna ez du hain polita sumatzen: “Hezkuntza Sailak bukatutzat eman du 1996an hasitako bidea. Baliabideak lehenera itzuliko dira eta orain ere laguntza asko behar da; ingeles irakasleentzako Irale moduko bat adibidez, lau urteko haurrekin hasi eta hamabi urte artekoei irakasle berak eskolak ematea saihestea... Orain txanpa galtzen badugu hemendik hamar urtera ingurukoak baino motelago ibiliko gara ingelesean”.

Ume txikiek atzerriko hizkuntzak errazago ikasten al dituzte? Txikiak direla atzerriko hizkuntza ikasten hasteak arazo kognitibo edo linguistikorik eragin al dezake haurrengan, era berean bestelako hizkuntzak ikasten ari baldin badira (euskara eta gaztelania)? Hasierako galdera berberak dira, adituek nolanahi erantzun nahi ez dituztenak. Besterik ezean egindakotik atera behar ondorioak.

ASTEKARIA
2007ko abenduaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude