Egia desatseginak ordu erdiko piluletan

  • Hilaren 30ean amaituko da Elkartasunaren Bideak ETBko saioaren hamaikagarren denboraldia. Garapen bidean dauden herrialdeetako egoeraz sentiberatasuna eragiteko sortua izaki, bertako arduradun Fermin Aiok dio programak bere helburua betetzen duela, ordutegi desegokiek uzten dioten heinean behintzat. Garapenaz mintzatzen dira, baina baita gerraz ere, eta goseaz, eta gatazka politiko latzez. Hori guztia aurkitzen baitu elkartasun bideetatik dabilenak.
Elkartasun bideak
Elkartasun bideakOskar Epelde

Elkartasunaren Bideak da ETB-1en, Rutas de Solidaridad ETB-2n. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak diruz lagundutako telebista saioak baditu hamaika urte. Lehenbizikoan ETBk berak egin zuen; bigarrenetik aurrera, gaurdaino, Joserra Producciones bizkaitar ekoizpen-etxe txikiak.

Javier Madrazo buru duen sailak eta ETBk aldiro-aldiro berritu izan dute saioa pantailaratzeko hitzarmena. Azkeneko aldiz, aurtengo urtarrilean. Orduan, sailburuak Elkartasunaren Bideak-en garrantzia azpimarratu zuen, munduan zehar –Hirugarrenean zehar batik bat– dabiltzan borondatezko lankideen berri eman eta GKEentzako “harrobia” sortzen laguntze aldera.

“Sentiberatasuna eragitea da helburua”, dio Fermin Aiok, saioko zuzendari, errealizadore eta kameralariak. Haren ustez ezinbestekoa da, xede hori lortu nahi bada, errealitate gordina erakustea, lankidetza proiektuez gain. Eta horretan dihardute programa egiten duten bost lagunek. “Herrialde batera goazenean, han gertatzen denaren alderdi politiko eta soziala erakusten ahalegintzen gara, eta uste dut lortu egiten dugula”. Beste kontu bat da zenbatengana iristen den egindako lana. Euskarazko bertsioa larunbat eguerdiz ematen dute, gaztelaniazkoa igande goizez. Edukiak ez badira berez prime time-en lehiatzekoak, zer ote ordu horietan. Nolanahi, saioak eutsi egiten dio ETBren batez besteko ikusle kopuruari, bai lehenengo katean bai bigarrenean.

Denboraldia hasi baino lehen erabakita izaten dute nora joan, baina gaurkotasuna ere kontuan hartzen dute. Aurten, esaterako, Gazan ibili dira filmatzen, Palestinan, hango egoera larria dela eta. Beti bestelako ikuspegi baten bila joaten dira. “Leku batzuei buruz jende guztiak hitz egiten du, baina badira egunkarietako lehenengo orrietan agertzen ez diren gauzak”, dio Aiok. “Gazan, telebistak jendea oihuka eta lasterka erakusten du beti, baina erreportajea eginez gero aukera duzu irudi horien atzean dagoena aztertzeko. Gauzen zergatia azaldu nahi dugu”.

Egiarekin konprometituak

Egia esatea, horixe dute lanaren ardatz Elkartasunaren Bideak egiten dutenek. Bestela ez dago inor sentiberatzerik, zuzendariaren iritziz. “Irudi eta doinu politak ez dira nahikoa, egia esan behar da”. Haatik, errealitatearekiko konpromisoak arazoak ekartzen dizkiela aitortzen du Aiok. Zalantzarik gabe dio saioa ezkertiarra eta politikoki ez-zuzena dela, eta gehiago ere bai: “Batzuetan ezkerreko posizioetatik ikusita ere politikoki ez-zuzena da. Baina ezkertiarra izatea konpromisoa edukitzea da. Askotan erraza litzateke istorio baten alde bat aipatzea eta bestea ez, horrek erreportaje polita ematen dizulako, edo norbaitek pentsa lezakeelako: ‘Ez dugu honako hau esango, bestela oso irudi txarra zabalduko dugu hain jator eta iraultzaile diren hauei buruz’. Baina egia bada, guk esan egiten dugu”. Zenbait gerra oso gertutik bizi izan ditu Aiok, eta behin baino gehiagotan iruditu zaio alde biek merezi zutela kritika zorrotza, hemengo komunikabideen mezua bestelakoa izan arren.

Arazoei buru eginez

Bi kapitulutik bat Ameriketan egiten dute, gainerakoak Asia eta Afrika artean. Ameriketako kontuek arreta handiagoa sortzen dute gurean, nonbait. Astebete edo gehitxoago egoten dira leku bakoitzean, ez beti giro lasaian, baina dagoeneko ikasita daukate nondik eta nola ibili. Arazo faltan ez daude behintzat, eta asko leku batetik bestera mugitu behar dutenean sortzen zaizkie: eurite sasoia dela eta hiru egunez geldi egon behar dutela, autoa alokatu ostean ohartu direla ez dagoela errepiderik beraiek nahi duten lekura joateko, edo NBEk bide jakin batetik igarotzea galarazi duela, arriskutsua delakoan. Horiek guztiak saihesten ikasi dute, ekinaren ekinez.

Bertakoekin harremanak ez dira beti errazak. “Hala ere, goi mailako politikariekin hitz egitea askoz errazagoa da han, hemen baino –adierazi du Aiok–; baina han, hemen bezala, politikariek inoiz ez dute ezer esaten. Ez dira errealitatea ezagutzeko biderik onena”. Herritar xehen artean denetik dago. Gerra dagoenean, gerlariek ez dute nahi izaten beraien irudia inork hartzea, badaezpada galtzaileen alderdian dauden gerra amaitutakoan. Afrika beltzean ere, oro har, jendea ez da kamera zale. “Amorru historikoa dute: ‘Badatoz zuriak hemen zein gaizki gauden filmatzera, beraiek dirua irabazi ahal izateko’. Hala pentsatzen du askok, arrazoiz”. Elkartasun bideetan, arantza ugari.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude