Itsasoz inguratutako altxorra

  • Kultura, tradizioa, itsas bizitza eta historia batetik. Lasaitasuna, herri-giroa, edertasuna eta xarma berezia bestetik. Hori guztia du Lezok. Hiriko zurrunbilotik ihes egiteko aukera paregabea eskaintzeaz gain, iraganeko garaietara bidaia ere oparitzen du herriak.
Lezo (Gipuzkoa)
Lezo (Gipuzkoa)Maddi Soroa
Errenteria, Oiartzun eta Pasaiarekin batera Oiartzualdea osatzen duen 5.700 lagundik gorako herria dugu Lezo. Jaizkibel mendiaren magalean kokaturik, Errenteria eta Pasaiako badia ditu bizilagun alde banatan. Itsasoz inguraturik dagoen herria izanik, marinelen biziera aski nabaria da herrian, koloretako balkoietan edota karezko etxebizitzetan esaterako.

Sakon erroturiko baserri giroa ere ez du ahantzi Lezok, mendi magalean jaiotako herria izanik, baserriak ere ikus baitaitezke han eta hemen. Erdi Aroaz geroztik, “eskolania” izeneko zerga ordaintzen zieten bertako baserriek Baionako katedralaren gotzain eta kalonjeei. Harrezkero eraikin tradizional ugari galdu badira ere, oraindik aurki daitezke Erdi Aroko hainbat baserri, hala nola Kabite-andi, Olazar, Apaizarta… beste berriago batzuekin uztartuta, Erroetatik Gaintxurizketaraino. Industria garapena izan duen arren, horrek ez du lortu herriak duen gune historikoa eta kultura nahiz tradizioa galtzea. Hain zuzen, horixe da Lezok gorderik duen altxorra, koloredun kaleetan barna banaturik dagoen gune historikoa.

Hirigune historikoan barna

Lezora doanak ez du itsaso alboan paseatzeko paisaia ederrik topatuko. Ez Donostia edo Zarautzen kostaldeko edertasunik ere. Lezo, ordea, ez da atzean geratzen. Itsas paisaiarik ez izan arren, historiaz jositako hirigunea du gorderik kaleetan zehar. XIV. menderaino bidaiatzeko aukera ematen du herriak, bidean hainbat eta hainbat monumentu eta lekukoz gozatzeko aukera eskainiz.

Gurutze Santuaren Plazatik abiatuz has daiteke hirigune historikoaren bisita, bertan baitago, metro gutxian bilduta, Lezoko Unibertsitateko Hirigune Historikoaren zatirik handiena. Plazaren alde batean, tente, udaletxea dago, umil baina dotore, alde zaharreko etxeei diosala eginez. Bere atzean du San Juan Bataiatzailearen eliza, muino baten gainean, zuhaitz berdez inguratuta. Dokumentu bidez jasotako lehen erreferentzia 1399koa bada ere, ez dago elizaren jatorriaren berririk. Ezkerrera begiratuz gero, XIV. mendeko bizantziar gotiko estiloko Gurutze Santuaren basilika du adiskide udaletxeak.

Sorreran ermita txikia bazen ere, XVI. mende amaieran egungo basilika eraikitzen hasi ziren. Estilo errenazentista du basilikak, baina barruko Kristo bizargabearen irudi bitxia estilo gotiko-bizantziarrekoa da, eta balio artistiko handikoa bide batez esateko. Udaletxeak eta Basilikak, Gurutze Santuaren Plaza ez ezik, Lezoren bihotza osatzen dutela ere esan genezake. Bertatik pasatzen dira Lezoko haur eta gazteak bizikletaz, patinez edo frontoira bidean pilota eta pala eskuetan dituztela. Bertatik pasatzen dira ere lanetik etxera edo etxetik lanera doazenak, presaka batzuk, plazan elkartzen diren koadrilatxoekin hizketaldi laburrak eginez, mantsoago beste batzuk. Bada plazako tabernan berriketan lasai egoten denik ere. Bat edo beste izan, asko dira plazatik pasatzen direnak. Bizia duen plaza baita, herritarrak elkartzeko, haurrak jolasteko edo kale artetik bidelagun egiteko.
Plaza atzean utzita eta Kale Nagusitik abiatuz, ezin ahantzi hirigune historikoak eskaintzen dituen beste hiru leku. Mota ezberdinetako hiru blasoidun etxerekin egingo dugu topo bidean, izan ere. Arpire-Enea da horietan lehena. Oinplano ia angeluzuzeneko eraikina da, bi isuriko teilatuarekin. Silarrizko hormak ditu, eta laugarren eta azken solairuan, ondo landutako armarria. Metro gutxi batzuk aurrerago, Jamot-Enea aurkituko dugu. Itxuraz, Arpire-Enearen antzeko eraikina da baina azken honek XVI. mendeko obalo formako armarria du goiko bi solairuen artean. Blasoidun etxeetan azkena da Andreone, Kale Nagusiari amaiera ematen diona, edo hasiera, nondik ikusi. Jauregi-etxea da, oinplano angeluzuzenekoa, lau isurkiko estalkiarekin eta pinakuluek errematatutakoa. Ederrak dira hirurak ere, historia gustuko duenak ezinbestean ikusi beharko lituzkeen horietakoak.

Kaleetan barna galduaz

Lezo ez da balio handiko Gune Historikoaren jabea besterik gabe, bigarren aurpegi bat ere erakusten du. Historia hain gustuko ez duenari aholku bat ematekotan, kale estu eta koloretsuetan barna galtzeko esango genioke. Gora, behera eta alde guztietara begiratuz, haurrak jolas-parkean sartzen direnean bezala, begiak zabal-zabalik eta bidean aurkituko duzunari erreparatuz. Paseatzen joan eta galduta ezagutzen omen da herri bat ondoen; Lezok ere badu horretatik pixka bat. Zubitxo eta Kale Nagusian barna joanez aurkitzen diren Pikukale, Atzekoate edota Polentzarrene kaleek badute zer erakutsia, dela koloredun balkoi batean zintzilikaturik dagoen arropak margotzen duen postala, dela kale estu eta etxe txikiz jositakoetan paseatzeak eskaintzen duen lasaitasuna.

Zuhaitz artean egotean sentitzen den moduko lasaitasuna ere aurki daiteke Lezon, Goiko Plazaren albo batean, elizatik gertu, Lezoandia zuhaiztia baitago. Liburu bat irakurtzeko, hizketaldi lasai bat egiteko edo besterik gabe haizeak hostoak nola dantzarazten dituen ikusteko aproposa. Zuhaitz altuko parkea da Lezoandia, esertzeko aukera ematen duen harresi txiki batek inguratutakoa, eta alde zaharraren ikuspegi polita eskaintzen duena.
Historia, herri-giroa, lasaitasuna… Denetik aurki daiteke Lezon. Joan bertara eta eman plazera begiei, hori duzue aukerarik onena, guk kontatzea baino hobea.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude