"Eskua eta bihotza sartu ezean itzulpenak ez du bizirik"

  • Itzulpen onenaren Euskadi saria irabazi berria da Fernando Rey, Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez lan ezagunarekin. Orain baino lehen ere egin izan du itzulpen bikainik –Bohumil Hrabal idazlearen Zorrotz begiratutako trenak, Yasar Kemal-en Ararat mendiaren sumina...–, baina italiar idazlearen lan honexek jasoko du saria. Sariak ekarri dion poxa eta hedabideen erauntsia izan ditu lagun azkenaldion. Zama horixe nola eraman asmatu beharrean da Fernando Rey.
Fernando Rey
Fernando Rey itzultzaileaDani Blanco

Han nintzen Pereirak dioenez, liburu orain saritu hau, aurkeztu zenuen egunean. Deigarri gertatu zitzaidan: zeure borondatez ekin zenion lanari, ez enkarguz.


Egia da itzultzaileok gehientsuenetan enkarguz egiten ditugula lanak, edo lehiaketa baten ondoko adjudikazio baten ondorioz. Kasu honetan plazer hutsez hasi nintzen Sostiene Pereira itzultzen. Italierazko bertsioa nire eskuetara iritsi, patxadan irakurri, eta asko gustatu zitzaidan, bai estiloa, bai edukia, bai Pereiraren pertsonaiaren ezaugarri batzuk. Horregatik hasi nintzen euskaratzen, gustagarria zitzaidalako gauza eder batzuk iradoki zizkidan liburu bat euskaratzea, zeren itzultzeko prozesua bera ere plazera izaten da liburua gustuko duzunean, eta batere presarik gabe aritzen zarenean lanean. Itzulpena aski aurreratua nuela esan nion Xabier Olarrari egiten ari nintzela, eta ea nahi ote zuen argitaratu. Eta hark baietz.

Orain, berriz, Euskadi saria jaso du zuk egindako lanak. Zer diozu?


Zer diodan? Ba, poxa dela halako saria jasotzea. Sarien feria hau beti da subjektiboa, ez da batzuek uste duten bezain adierazgarria, esan nahi dut sariak ez nauela itzultzaile hobea egin. Baina polita da “aditu” batzuen ahotik entzutea ongi egiten dudala edo gustatu zaiela nire lana. Eta Euskadi saria lan honi esker eman izanak beste zerbait ere esaten dit, literatura ongi itzultzeko baldintza egokiak behar direla, eta oraingo kasuan nik gogoan ditudan horietako franko izan nituela alde: liburua gustatzea, epe esturik ez izatea, kontsultak egiteko lagun onak –kasu honetan bai euskaldunak bai italieradunak–, nire eta beste biren zuzenketa, eta liburua euskaratu eta gero distantzia hartu, testua beratzen utzi eta berriz hartu ahal izatea handik urtebetera, adibidez.

Itzulpen lan honen gainean idatzi zenuen artikulu batean, ‘lagun faltsuei’ buruz ari zara, hau da, hizkuntza batean eta bestean elkarren antza izanagatik ere, oso esanahi ezberdina duten hitzei buruz. Zerrenda ere osatu zenuen.


Bai, itzulpena bukatuta, errepasoetako batean fenomeno horri buruzko azterketatxo bat egin nuen, josteta gisara, geroago Senez aldizkarian argitaratu zena. Bi hizkuntzatan hitz bat berdina edo antzekoa bada, irristagarri gertatzen ahal da, nahasgarri, batez ere jatorrizko hizkuntzan duzun maila baxuagoa bada xede-hizkuntzan duzuna baino, eta, batzuetan, hitz horiek hanka sarrarazten digute. Horregatik esaten dugu direla falsi amici, lagun faltsuak. Adibide tipikoa emateagatik, italieraren burro hitza (gaztelaniaz mantequilla).

Hizkuntza guztien artean gertatzen dela idatzi zenuen artikuluan.


Erro bereko hizkuntzen artean gertatzen da, baina baita beste batzuekin ere, zubi-lana egiten duten hizkuntzen ondorioz. Adibidez, gero eta gehiagotan aditzen da euskaraz “ostiko bat eman zion”, “le dio una hostia” esateko. Euskaldun berri batzuentzat “ostiko” lagun faltsu bihurtu da, eta berdin balio du “patada” esateko edo “hostia, tortazo, belarrondoko” esateko.

Italieratik euskarara itzuli zenuen Pereira. Diozu, galarazterik ez dagoela horrelakoetan gaztelaniak eta frantsesak zubi-lana egitea.


Nire kasuan adibidez, zuzenean italieratik ari banaiz ere, maiz ezin dut saihestu buru-prozesuan gaztelania tartekatzea, nire hizkuntzetako bat delako. “La mia amica soffre di verme solitario” ikusiz gero, lehenbiziko irakurrian gutako askori, gaztelania izanik gure hizkuntzetako bat, ideia okerra etortzen ahal zaigu burura: “Bakarrik ikusten nauelako sufritzen du nire lagunak”, nahiz eta esanahia oso bestelakoa izan: “Nire lagunak zizare nagusia du, tenia alegia”. Gure buru-prozesuan, itzulpen prozesuan, nahitaez beti daukagu gaztelaniaren edo, beste batzuen kasuan, frantsesaren interferentzia. Italieratik itzultzeko gaztelaniaren zubi-lan hori gehienetan mesedegarria izaten da, baina bakar batzuetan traba.

“Itzulpena buru-ariketa berezia da”…


Itzuli beharrak ezinbesteko egiten du itzultzailea testuan murgiltzea eta, ondorioz, irakurle arruntak izaten ez dituen aukera batzuk izaten ditu itzultzaileak. Horregatik esaten dut itzultzailea irakurle pribilegiatua dela. Nire kalkuluen arabera, literaturaz ari garela betiere, itzultzaileak hamar bat aldiz irakurtzen du liburua, sakontasunez, esaldi bakoitzaren semantikari eta joskerari arreta handiz erreparatuz, itzultzeko prozesuaren helburu nagusietako bat ongi bete dadin: egileak idatzi zuenarekiko fideltasuna gordetzea, bai edukian, bai forman, xede-hizkuntzan idatzitako testuak jatorrizko testuaren eduki eta musika bera izan ditzan. Jakina, bigarren helburua, gure kasuan, jatorrizko testuak dioena euskara onean ematea da, eta horrek ere testuan murgildu beharra eskatzen du: ikertu, kontsultak egin, informazio bila ibili eta, azkenik, zenbait zuzentzaileren eta irakurleren eskuetan utzi, beren ekarpen, iradokizun eta kritikak egin ditzaten. Bistan da, beraz, literatura itzultzeak zenbait aukera eskaintzen dituela eta aukera horiek bihurtzen dute itzultze-lana, nire kasuan, erakargarri.

Lan erakargarria. Gauza handia da hori mundu zital honetan.


Itzulpena ikasteko eta euskara aberasteko modua da, ikertu beharrean egoten naiz eta galdeka ibiltzen naiz han-hemenka hau edo hori nola esaten den edo nola esan litekeen. Bestetik, euskaratzean, ezinbestean sartzen zara idazleak idatzi duen horretan. Azkenean idazlearekin edo pertsonaiaren batekin identifikatzera ailegatzen zara, zenbait gauzatan bederen. Eta, azkenik, neurri batean, sormen lan bihurtzen da. Oreka zailean ikusten du itzultzaileak bere burua. Fidela izan nahian, gordeka eta ezkutuan egon behar du itzultzaileak, oharkabean pasatu. Baina testuak bizia izanen badu, ezinbestean jartzen du bere zeretik, eta sortzaile ere bilakatzen da, testua bere eginez. Zure eskua eta bihotza sartu ezean, testuak ez du bizirik. Gehiegi sartzen baduzu, traizionatu egiten duzu testua…

Zertan bereizten da Pereiraren itzulpena, aurretik egin dituzun beste zenbaitekiko?


Liburu bakoitza mundu bat da. Liburu eta idazle bakoitzak bere adierazpideak ditu. Ez dakit zer esan… Egin ditudan azken itzulpenen aldean, Tabucchiren testuak argitasuna eta zehaztasuna du, bai idaztankeran bai edukian. Tabucchiren liburuen aurretik Gianni Celatirenak egin nituen, eta horiek, adibidez, italiera ez ofizialean idatziak ziren, hiztegietan agertu ere egiten ez ziren hitz eta esamolde dezenterekin, puntuazio eta sintaxi ortodoxoetatik urrun… Alde horretatik, behinik behin, neke gutxiago eman dit edukia eta estiloa euskaratzeko lanak.

Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua zara. Zertan ari zara, bisturia euskararen barnean sartzen?


Karrera bukatu eta gero bizitzak beste bide batzuetara eraman ninduen. Dena dela, metaforarekin segituz, medikuntza ikasten hasi nintzenerako, oso barrenean sartua nuen euskararen birusa. Edozein modutan ere, kontu berezia da hau. Inor ez da harritzen biologo bat beste zerbaitetan aritzen bada, baina mediku bat… Ematen du bitxikeria dela, ez dakit ongi zergatik. Eta bidenabar esanda, uste dut ona dela euskararen munduan, euskalgintzan, espezialitate guztietako jendea egotea, gure helburua euskara eremu guztietan txertatzea bada.

Euskara irakasten ere jarduna zaitugu, itzultzaile baino lehen.


Bai, gehienbat auzoan, Txantrean, garai hartako gau-eskolan. Polita izan zen esperientzia hura ere.

Euskaldun berria zarela ere esan behar dugu.


Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik, seinale ona da, pozgarria, euskaldun berriek euskara maila ona izatea, erdararen parekoa. Osasungarria da euskararentzat, berri ona, euskaldun berri gehienentzat euskara, normala den bezala, bigarren hizkuntza delako. Beraz, Euskal Herrian euskaldun berri franko euskaraz erdaraz bezain ongi moldatzen garela berri pozgarria da.
Baina produkzioari begira, itzulpenaren edo sormen-lanaren kalitateari begira, kontuan hartu edo aipatu behar ez den kontua dela iruditzen zait. Horretan, euskaldun berri izatea ez da ez kengarri ez gehigarri. Obra bat ona delako gustatzen da edo goresten da, ez egilea euskaldun berria delako, edo emakumea, edo etorkina. Ez dakit ulertzen didazun.

Ulertzen ditut zure hitzak. Hala ere, zure bizipenak ez dira nire baitakoak…


Euskaldun berriok maiz sentsazio bitxi hori izaten dugu. Batzuetan goraipatzen gaituzte, sekulako meritua bagenu bezala, ematen du monumentua egin nahi digutela. Eta beste batzuetan, estigmatizatu, edo bigarren mailako euskalduntzat hartu, ez dakit. Herri batzuetara hiru urte zenituela bizitzera joan, eta 50 urte dituzunean ere oraindik kanpokoa zarela esaten dizute. “Bertakoa da? Ez, ez-dakit-nongoa”. Zenbat urte behar dira herritartasuna aitortzeko? Noiz arte da bat euskaldun berria? Ni, izatez, euskaldun berri zaharra naiz, jada. 46 urte ditut eta 30 dira euskaldun naizela. Euskalduna naiz, kito.

“Euskalduna naiz eta kito!”.


Ez dakit. Batzuetan paternalismoz jokatzen da, beste batzuetan ez-dakit-nola. Euskaldunak gara, kito. Inportantea da “berri” edo “zahar” adjektiboa? Ez dut uste. Gainera susmoa dut ez ote den gero eta lausoagoa bien arteko muga. Nabarmendu behar da?

Nafarroako buletin ofiziala itzultzen egiten duzu lan. EAEko buletina itzultzen ari den batek esana: “Buletina ez litzateke itzuli behar, alfer-alferrik egiten dugu lan. Hobe litzateke gure ahalegina beste nora edo nora bideratzea”.


Luze mintzatu liteke horretaz. Nik sentimendu kontrajarriak ditut. Aldizkari ofiziala euskaratu behar ote den? Horixe, nola ez. Eskubide osoa du euskarak eta euskaldunok hori ere euskaraz egoteko. Beste kontu bat da ditugun indarrekin lehentasuna ote den. Niri ere pena ematen dit, adibidez, Nafarroako egoerak. Hamasei edo hemezortzi itzultzaile gaude Nafarroako Gobernuan eta gehien-gehienok horretan, eta mila esparru landu gabe. Eta nik ere esaten diot neure buruari: “Hemen dagoen jende prestatuarekin askoz ere gauza interesgarriagoak egin litezke mila arlotan”. Egia da, neurri batean Aldizkari Ofizialak preso hartu gaitu. Lan beharrezkoagoak gelditzen dira egin gabe, jakina. Baina ez dago borondate politikorik.

Nola bizi duzu euskarak eta euskaldunak Nafarroan bizi duen egoera? Bihotz altxagarririk ba al da?


Galdera honi erantzuteko sekulako analisi soziolinguistikoa egin beharko litzateke, eta nik nire sentsazioak besterik ez ditut, eta errealitateak ematen dizkidan datu batzuk. Euskararen aldeko apustuan ez da ona ez baikorkeria ez ezkorkeria, biek deus ez egitera garamatzatelako. Adibide pare bat. “D ereduan matrikulatzen direnen portzentajeak gora egin du, %1 gehiago.” Eta poz-pozik gelditzen gara. A zer arrakasta! Gora egitea beti da ona, baina beste datu bat ahazten zaigu: eremu mistoan, Iruñerrian alegia, lautik hiruk ez dute D eredua eskatzen horretarako aukera izanik ere. Baina kontrako joera ere izaten da: “Hiltzen ari da euskara…”. Eta hori ere ez da egia. Bizkorrago dago toki askotan Nafarroan. Asko falta dugu, baina gure auzoan, adibidez, orain dela 30 urte ez zen hitzik ere aditzen, eta orain jende askok hartu du euskararen trena. Zailtasun asko daude, baina gauza batek animatzen nau: askoz ere normalago hartzen eta onartzen dute euskara herritarrek politikariek eta hauteskundeek erakusten dutena baino. Noizbait ere salto kualitatibo bat gertatuko da, batez ere gobernu aldaketa izaten bada Diputazioan.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude