Kaskamotzek 1 Lohikerrek 0

  • Lohiker garaitzeko zure plana lehiaketa antolatu zuen duela hilabete Argia Jolasak-ek. Kutsadura eta zaborraren munstro den Lohikerri aurre nola egingo zeniokeen azaltzea zen lehiaketaren muina. Dagoeneko, lehiaketak badu irabazlea: Lapuebla de Labarcako (Araba) Assa ikastolako Kaskamotz taldea.

2007ko azaroaren 25an
Assa ikastolako ikasleak
Assa ikastolako (Lapuebla de Labarca) Kaskamotz taldeak irabazi du Argia Jolaseko lehiaketa
“Lohikerrek Lurrean handituz doan kutsaduratik lortzen du bere indarra eta munstroarekin akabatzen ez bada, etorkizun iluna izango dute bai gure planetak eta bai Naturpolisek ere. Horregatik, ingurumena zaintzeko gai garela erakutsi beharko diogu Lohikerri”. Hitz horiekin aurkezten zuen Argia Jolasak-ek lehiaketa irekia, LHko 3. maila eta DBHko 2. maila artean dauden ikasleei zuzendua.

Eta jasotako lanen artean, Kaskamotz taldea izan da irabazle, irudietan ikus ditzakezuen marrazkiei esker. Assa ikastolan ikasten duten DBH1eko lau lagunek osatzen dute Kaskamotz: Eneko Iza, Usue Ibañez, Itsaso Marañon eta Aida Goikoetxeak. “Euren lanaren orijinaltasuna, artistikoki duen garapen landua, eta kutsatutako eta kutsadurarik gabeko egoerak konparatzeko ideia” nabarmendu dituzte antolatzaileek. Ahalegina saritzeko, gelako lagun denek Naturpolis bana jaso dute (22 denera) eta egonaldi bat Zestoako (Gipuzkoa) Sastarrain baserri-eskolan.

Naturako eta Plastikako irakaslearen artean, Assa ikastolan ariketa gisa planteatu zuten lehiaketa: lehenengo edukiak Naturako eskoletan landu zituzten eta ondoren Plastikan artelan bihurtzeko aukera izan zuten. “Haurrak oso gustura aritu dira, adierazteko eta espresatzeko ariketak atseginez hartzen dituztelako –azaldu du Eider Amondarain Plastikako irakasleak–. Gainera, taldeka lan egiteko aukera oso garrantzitsua iruditu zaigu”.

Usue Ibañezek dioenez, berak eta Kaskamotzeko gainontzeko kideek gogotsu ekin zioten ariketari: “Margotzen jarri eta ideiak pixkanaka joan ziren ateratzen. Azkenean, egoera bat irudikatu dugu: hasieran kutsatuta, eta ondoren, elementu kutsatzailerik gabe, garbi eta berde, beharko lukeen moduan”. Eguneroko bizitzan ere, birziklatu egiten duela eta gauzak lurrera bota beharrean zakarrontzira botatzen dituela azaldu du neskatoak, ingurumena zaintzeko garrantzitsua baita. Horri guztiari esker, Lapuebla de Labarcako laukoteak Lohiker gainditzea lortu du. Zorionak.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude