Maitasuna, proteina kontua

  • El viaje al amor, Eduardo Punset
    (Destino 2007) 238 orrialde, 19,50 euro

    Ekonomialaria, abokatua, pentsalaria, ministro ohia eta hamaika gauza gehiago da Eduardo Punset katalana (Bartzelona, 1936). Baina batez ere zientzia zabaltzeagatik da ezaguna, espainiar telebista publikoan zuzentzen eta aurkezten duen Redes dibulgazio-saioa gero eta ordu txikiagotara baztertua izanagatik. Idazten ere trebea dugu. Uneon, 2005ean hasitako trilogia handinahiaren bigarren zatia ezagutarazten dabil han-hemen. Zoriontasunaz, maitasunaz eta botereaz jarduteko asmoa agertu du Punsetek, eta dagoeneko burutu ditu bidaia horretako lehenengo etapa biak, bai eta best seller zerrendetan sartu ere.
Eduardo Punset
Eduardo PunsetEduardo Punset
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Gaztelaniaz idatzitako El viaje al amor (Maitasunera bidaia) lanean, bartzelonarrak zientziaren galbahetik pasa du hainbeste eleberri, poema, pelikula, asmo eder, ekintza maltzur, algara nahiz malko eragin dituen sentimendu unibertsal hori. Eta horretaz guztiaz biluzi du, erreakzio kimikozko soineko xume bat baizik ez utziz. Hasiera-hasieratik, egileak zalantzarako aukera guztiak uxatu ditu, “gizakion maitasunaren sekretuak azaldu dizkiguten bakteria, zizare, sagu eta primateei” eskaini baitie liburua. Haiek ez dute irakurriko ordea, bistan denez; bai gizakiok, batzuek behintzat, eta agian Punseten prosa arin bezain oparoaz maiteminduko dira zenbait.

Historian lehenbiziko aldiz, eta teknologia-aurrerapenari esker, zientziak maitasuna azter dezake, dio Punsetek. Hala hasi gara jabetzen ustez itsua den sentimenduak eboluzioan eta biologian dituela oinarri sendoak. Eta aspaldikoak, gainera. Bizia agertzeaz batera agertu baitzen maitasuna. Besteekin bat egiteko grina, izan ere, zelula bakarreko izaki zaharrenak bezain zaharra da, eta beraz edozein arima, kontzientzia edo emozio baino askoz lehenagokoa. Hortik abiatzen da Eduardo Punset, ondoren sexuaren sorreraz, bikote hautaketaren gakoez edota desamodioaren zergatiez mintzatzeko, besteak beste. Eta amaieran, maitasunaren formula proposatzen digu. Bai, formula matematikoa. Erromantizismoa egon badago, baina auskalo zein hormonatan.

ASTEKARIA
2007ko azaroaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude