Asier Serrano

«Adiskidantzaren gorazarrea da nobela hau»

  • Asier Serrano idazleak (Eibar, Gipuzkoa, 1975) Picassoren zaldia poesia liburua (Elkar) eta Eskuetan mapak (Txalaparta) nobela argitaratu ditu berriki. Azken urteotako sorkuntzaren emaitza dira: “Ikasketa prozesuaren ondorioa dira, idazten gozatzera heldu naiz”. Gaztaroko garai gordinak atzean utzita, pertsonak gehiago interesatzen zaizkio orain: “Gizartea azkarregi doa eta ez dugu eguneroko bizitzan eta pertsonengan ia-ia erreparatzen”. Idazlea, musikaria (Lorelei taldeko arima) eta irakaslea. Literatura eta musika pribilegiotzat dauzka, irakaskuntzarekin uztartzen dituen zaletasunak: “Jende asko harritzen da haurren irakasle naizela jakitean. Nire pasioa haurrekin aritzea da ordea. Haurrek ematen dizuten maitasuna izugarria da, ez zaituzte engainatzen”, adierazi digu Asier Serranok. Eibar izan dugu gure solasaldiaren lekuko. Sorterriko mugek bizitzaren mugak onartzen lagundu diotela kontatu digu.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2007ko azaroaren 18a
Asier Serrano
Asier Serrano idazleaDani Blanco

Picassoren zaldia eta Eskuetan mapak ditugu alboan. Ba al dute elkarrekin lotura edo zerikusirik?


Liburuotan agertzen diren biktimei eta baztertuei eman diedan ahotsek nolabaiteko lotura dute. Gizarte honek baztertu dituenei ahotsa eta espazioa ematen saiatu naiz. Euskal herritar guztiok gara biktimak neurri batean edo bestean.

Zer da Picassoren zaldia?


Duela hamar urte hasi nituen poemak dira, erreskatatu ditudan poemak. Picassoren zaldia kontzeptu bat da. Irudi surrealista eta giro dekadente bat islatuko zuen kontzeptua behar nuen, egungo Euskal Herria islatuko zuen irudi bat. Hau ez da Troiako zaldia, hau zaldi garaitua da. Hemengo biztanleez hitz egin nahi nuen. Errealismoaren eta surrealismoaren arteko sinbiosia behar nuen –bizi dugun– gatazkaz hitz egiteko.

Autokritikarako poesia dela esaten badizut?


Poemek ikasi beharra adierazi nahi dute. Gure bekatu txikiez ikasten, barkamena eskatzen eta barkamena onartzen jakin behar dugula. Literaturak horretarako ere balio dezake. Picassoren zaldian badago autokritika ezkutua. Bertan azaltzen den pertsonaia niregandik urrun egon arren, uste dut ondo moldatuko nintzela berarekin, elkarri barkatzeko gai izango ginela.

Gauzak zalantzan jarri beharra ere ageri da.


Besteen lekuan jartzea beharrezkoa da. Poema hauek nire kezka sozialek eragindakoak dira. Orain hamar urte idatzitako poemak dira baina gertu-gertu daude. Bien bitartean, bi su-eten izan ditugu baina egoerak ez du hobera egin.

Garai hartan Zarautzen bizi zinen, Eibarrera itzuli zara aurten. Zer da Eibar zuretzat?


Fisikoki zulo bat da Eibar. Ikasle ginela mendiaren bestaldean zer zegoen galdetzen genion gure buruari, eta zulo honetatik bestaldean dagoena deskubritzen ikasi genuen. Irakasle naiz orain. Irakasleok ikasleen barne mugak zabaltzen laguntzeko toki paregabea da Eibar, metaforarako tokia. Eibarreko bizilagunak izugarri maite ditut, iraganeko industriaren eragina nabaria da jendearengan. Joan direneko zortzi urteak Zarautzen pasa nituen, lanean eta bizitzen, aurten itzuli naiz. Eibarren utzi nituen mamuak uxatzera etorri naiz. Eskuetan mapak nobelak lagundu dit horretan.

Nobelaren hitzaurrea Harkaitz Canok idatzia da: lagun zaharraren nobelari egindako hitzaurrea.


Hitzaurrea ez ezik, nobela bera Harkaitzek niri egindako oparia da. Nire mugak ez nituen onartzen eta Harkaitzek lagundu dit horretan, nire burua idazle sentitzen... Liburua berari zor diot, berak mimatu du gehien, bera da liburuaren atzean dagoen laguna. Lubaki Bandako garaian baino harreman sendoagoa daukagu gaur egun.

Harkaitz Canoren hitz bat erabiliz: zer “errebobinatu” behar izan duzu nobela idazteko?


“Errebobinatzen” kontzeptuaren zentzua hauxe da: nobelan gorputz hartzen dutenak benetan existitutako pertsonaiak dira. Harkaitzek ondo asmatu du “errebobinatzen” kontzeptua erabiltzean. Bizitzaren zinta errebobinatzean lekuak, esperientziak eta pertsonak azaltzen zaizkizu. Pertsonaiak noski ez dira benetakoak, fikziozkoak dira.

Errealitatea fikziora moldatua.


Horrekin jolastu dut. Aitorrek –narratzaileak– kontatzen duena lagunei zor nien nolabait, bere errealitatearekin eta berak sinesten dituen gezur guztiekin. Nobelaren gaia klasikoa da: aspaldi elkartu gabeko lau lagun larunbat batean elkartzen dira zerbait egiteko. Nobela iraganera itzultzea da, adiskidantzaren gorazarrea.

Liburuko musika taldea Zuloan da. Taldearen izena eta Eibarren izana. Gazteen arteko familia izaera edo giroa antzeman dut nobelan.


Zuloan taldeko protagonistek elkarrekin bizitzeko aukera egin dute, Bilboko pisu batera doaz, lagun izatera, lan talde izatera, lankide izatera, modu horretan ulertu behar da familia izaera.

Istorioari hasiera ematen diona Roka da: Mikel Rokaetxe Lasa. Nor dago pertsonaia honen atzean?


Izen horren atzean benetako pertsona bat dago, bere biziari akabera eman zion lagun baten historia. Izenen atzean eta nobelan mamu asko daude ezkutuan. Era pribatuan lagunei – hildako lagunei barne– eskainia da. Nerabe izatetik heldu izatera doan garaian, kontzientzia hartze bidean, bizitako pasadizoak dira. Eibar hiri armatua izan da, edonork egin zezakeen, nahi izanez gero, Rokak egin zuena.

Pertsonaia bakoitzak bere zuloa dauka, zuloa handitu ahala bertatik atera beharra daukate nolabait.


Hori da liburuaren dohaina, dohainik baldin badauka behintzat: lagunen arteko min hori, zulotik atera beharrean berau gehiago handitzen denean, lagunen arteko traizioak direnean, inork laguntzarik ematen ez dizunean laguntza behar izatea... Zuloan izenean metafora ugari dago: armen kanoian egoera animikoarekin lotutako uneak daude, Eibar bera da zuloa eta egoera animiko hori. Nobelan ez da azaltzen pertsonaia pururik hala ere, ez nuke inoren buruarekin identifikatzen den irakurlerik izatea nahi.

Eskuetan mapak izenburuak halaber, zentzua eta izana ematen dizkio nobelari.


Lau musikari eta mundua! Bidearen eta bidaiaren kontzeptuarekin jokatu dut. Beren sinesmenak mundura zabaltzera doazen pertsonaien bidez, musikaren bitartez, furgonetaren bitartez. Laurak bat... Zentzua hor dago. Istorioan ageri den Europako ibilbidea, EH Sukarra taldearekin egin nuen 1996an. Loreleirekin ere furgoi-mobila erabili genuen. Hala ere, ez dut kronika hutsa idatzi nahi izan. Liburuak estilo lirikoa dauka, saiatu naiz afektu batzuk lortzen, zati batzuk epikotzat joko nituzke.

Segitzen duzu lagunekin harremanetan?


Bai. 1990ko hamarkadan ezagutu nuen jendearekin harreman estua izaten jarraitzen dut. Afarietan elkartzen gara eta pasadizoak agertzen dira: “Zuk kontatuko duzu edo nik?” esaten diogu elkarri. Nobelan kontatzeko nuen beharra ageri da, badago bere krudeltasunean ongi pasatzeko nahia ere, ironia zorrotza, balorerik ez duten gauzez barre egiteko nahia eta benetako balorea duten gauzak gordin elkarri azaldu beharra.

Lagunek zer edo zer esango dizute, behintzat.


Gustatuko litzaidake fikzionatua azaltzen den jendearen iritzia jasotzea. Erabili ohi ditugun espresioak eta moduak islatzen ahalegindu naiz, eurek nola ulertu duten jakin nahi nuke. Saiatu naiz eszenografia horretako pertsonaiak eta eszenak ondo deskribatzen, baita maitasunezko eszenen giroa jasotzen ere. Larruzko txupa eramaten dutelako ez da zertan trakets idatzi behar, pertsonaien izaera eraikitzen gozatu dut gehien, jolasean aritu naiz.

Hizkuntzan egindako ahaleginak merezi du nire ustez.


Gazte literaturako joera eskatologikoa du nobelak, gag-ak, nahita erabilitako joerak dira. Hamalau urteko gazte bati interesatzen zitzaiona kontuan hartu dut, eta halaber, hogeita hamar urteko batentzat interesgarria dena. Nerabe izatetik heldu izatera doan aldia kontrastatzen saiatu naiz, nerabezaroan darabilten hizkuntza helduaroan erabiltzen dutenarekin kontrastatzen, jergak erabiltzen dituzten garaitik heldu izatera bitartean. Pertsonaien hizkuntza lantzen ere gozatu dut.

Zer moduz nobela egituratzen?


Hori da lan gehien eman didana. Estilo desberdinak nahasten dira nobelan. Gehien kostatu zaidana hariak lotzea izan da, zinemaren estilora jo dut horretarako. Besterik da asmatu dudan edo ez. Nobela garatzen disfrutatu dut edonola ere. Ordenagailuaren parean eroso sentitu naiz, beldurrak kentzea gozatua izan da. Esaterako, musika grabatzean beti sufritu dut, orain berriz neure mugak onartzen ditut, eta nork bere mugak onartuz gero, zertarako gai den edo ez, onartzen duenean, disfrutatzeko unea iristen zaio. Bizitza ikasketa prozesua da.

Zuloan taldearen familia izaera aipatu dizut arestian, zure benetako familiak zer esan dizu?


Amari liburua bukatzea asko kostatu zaio, asko sufritu duelako. Nire burua ikusi du Aitorrengan: “Agian okerragoa nintzen ni, baina hori ez dizut kontatuko. Baina ez naiz Aitor, lasai” esan diot amari. Jendeak galdetzen dit: “Nobela autobiografikoa al da?”. Ez naiz horretan sartuko. Lagunen artean nahiz familian bizitako gauzak daude noski. Amak ere hauxe galdetu dit: “Horrenbeste droga zegoen garai hartan?”. “Orain gehiago dago” azaldu diot.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-11-19 | ARGIA
Behobia, Baiona eta Biarritzeko inguruko errepideak blokeatu dituzte gaur ere Jaka Horiek

Frantziako hainbat hirigunetan, erregaien garestitzearen aurkako manifestazio eta protesta ugari dira larunbata eta igandean. Lapurdiko hainbat gunetan ere izan dira, baita goiz honetan jarraitu ere.


2018-11-19 | ARGIA
AHTko lan heriotzen eztabaida Eusko Legebiltzarrean: "akatsa" langileari egozten zaionean

Abiadura Handiko Treneko obretan izaten diren heriotzak saihesteko neurriak eskatu zituzten EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek, ostiralean Eusko Legebiltzarrean egin zen osoko bilkuran. EAJ, PSE eta PPk, aldiz, ikuskaritzak orain arte bezala segitzearen alde egin zuten.


2018-11-19 | Gorka Peagarikano
Dagoeneko 220.000 herritarrek erabaki dute GEDeko kontsultetan

Donostian, Irunen eta Enkarterrietan atzo erabaki zen euskal estatu burujabe eta independente batean bizitzea, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako herri galdeketetan. Orotara, 28.704 lagunek erabaki dute. Emakumeak izan ziren lehenak bozkatzen bost herrietako hautesleku guztietan.  


Hego Amerikaren "hamarkada galdua": berriro errepikatuko al da?

Hego Amerikan krisiak behin eta berriro errepikatu dira eta badirudi krisi ziklo berri baten aurrean gaudela. Banku –krisiak, kanpo zorrari lotutako krisiak, ordainketa-balantzaren krisiak, hots, finantza krisiak, ohikoak izan dira ia herrialde gehienetan.


Gutxieneko soldataren inguruko zenbait apunte teoriko eta politiko

Politika mugiarazteko aroa abiatu dute alderdi ezkertiarrek. Agenda sozial eraldatzailerako eta plurinazionalitaterako gutxieneko neurri askatzaileen beharrean gauden honetan, Raxoi botatzeko urratsa amankomunean egin zuten indar nagusiak zenbait akordio iraudikatzen hasi dira.


2018-11-19 | Iigo Igartua
Abian da Mastodon.eus

Mastodon.eus euskararen eta euskal kulturaren komunitatearentzat sortutako Mastodon sare sozialeko euskarazko instantzia bat da.


2018-11-19 | ARGIA
'Ikaskoli': 15. urtez Eguberri saskiak saltzen ari dira Zuberoako ikastolei laguntzeko

Zuberoako ikastolei (Seaska) laguntzeko Eguberrietarako otarreak saltzen ari dira Euskal Herri osoan, 15. aldiz antolatutako Ikaskoli operazioan.  Abenduaren 10 arte egin daitezke eskariak, bai herri askotan saskion salmenta sustatzen duten boluntarioei jakinaraziz, edo baita Ikaskoli-ren webgunetik bertatik. Saskiekin batera aurten Jean Bordaxarren Ildoa disko berria ere eskaintzen dute.


Ikasle Abertzaleek 30 urte

Omenaldi eta aitortza eguna da 2018. urteko azaroaren 17a. Ikasle Abertzaleak antolakundeak 30 urte betetzen dituen eguna denez, batetik urteetan antolakunde honen parte izan diren belaunaldi guztietako milaka kideenganako aitortza eta omenaldi eguna da. Neurtzea ezinezkoa den urteetako lan eta konpromiso militanteari esker aurkitzen garelako gauden leku eta egoeran, eskerrik asko bihotz-bihotzez antolakunde honen parte eta babes izan zareten guztioi, zorionak zuei!


2018-11-19 | Goiena
"Feminismoaren aurkako erasoak" salatu dituzte Arrasaten

Pottogorriak, Emakumeen Mundu Martxak eta Jaikik, Arrasaten "Jaikiko pintada eta karteletan feminismoaren aurka" egin diren erasoak salatu dituzte. Eraso larritzat jo dituzte gertatutakoak eta "eraldatzailea kontsideratzen den proiektu orok ikuspegi feminista izan behar duela" adierazi dute.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude