Kameraren begiak irentsia

  • Isilpean pasa zen Ivan Zuluetaren (Donostia, 1943) Arrebato film luzea estreinatu zen urtean, 1979an. Beharbada ikusleak ez zeuden prest; beharbada ez zen garai egokiena. Urteek aurrera egin ahala ordea, zinema kontuetan adituak direnek maisulantzat jo dute Zuluetak ondutako pelikula. Hona hemen zuzendari baten eta bere obraren historia txikia.
Ivan Zulueta 'Arrebato' filmaren grabaketan
Sesio bikoitzak, hirukoitzak, amaiezinak gogoan ditu Zuluetak mutilzarotik. Gaztaroan, erabat erori zen zinemaren liluraren mende. Donostiako Zinemaldian Alfred Hitchcocki bostekoa eman zionekoa ez du sekula ahaztuko, Psycho (1960) baita bere filmik maiteena. Zinemazale sutsua, sutsurik bada, Zinemaldian Vertigo (1958) filmeko kreditu tituluak txalotu zituen, “jendeak jakin zezan hori txalotu beharra dagoela”.

Ikastera joan zen Madrilera, eta ondoren, Arts Students League-ra, New Yorkera. Handik Madrilera bueltan, Zine Eskola Ofizialean ikasi zuen. Lilura bizibide bihurtzen saiatu zen Zulueta. New Yorken ezagututako pop-artak eraginda, kartelgile aritu zen hainbat filmetan, Jose Luis Borau irakasle eta lankidearen El Iman produkzio etxearentzat. Super 8 formatuan irudien granoarekin eta efektuekin esperimentatzen aritu zen, eta gaur egun boladan dauden irudi “zikin” horien antzekoak lortu zituen. Gainera, El Imaneko filmetatik sobratutako pelikula zatiekin, tempo-a eta erritmoarekin saiakerak egiten aritu zen. Hainbat film labur egin zituen horrela. Horietako bat, Leo es Pardo, Berlingo Zinemaldian estreinatu zuten.

Film horren amaierako eszena bat izan zen, hain zuzen ere, Arrebato (1979) luzemetraiaren ernamuina. Leongo (Espainia) enpresari batek, Nicolas Astiarragak, zineman inbertitu nahi zuela-eta, Zuluetaren proiektua finantzatzeko 3 milioi pezeta –20.000 euro inguru– eman zituen, eta filmatzeko bi asteko epea. Hasi zituzten filmaketak, baina bi egunetarako aurreikusitakoa bi astera luzatu zen. Produkzioa 14 milioi pezetaraino –80.000 euro inguru– garestitu zen. Hala, hainbat langilek proiektua utzi zuten, esate baterako, soinu teknikari guztiek.

Filma egin zutenek diotenez, oso aurrekontu txikiarekin egin zen luzemetraia. “Erakutsi genuen diru gutxirekin egin daitekeela film bat, nabarmenegi geratu gabe”, dio Zuluetak. Zorionez, dirutzaren faltan, eros ezin daitekeen zerbait zeukan Arrebatok: talentua.
Hotz hartu zuen, dena den, ikuslegoak. Ia oharkabean igaro zen, lilura gehiegi eragin gabe, eta horrek Nicolas Astiarraga produktorearekin haustea ekarri zuen. Urte ilunak heldu ziren Zuluetarentzat. Donostiara erretiratu zen. Bazirudien, Arrebatoko pertsonaiak bezala, kameraren begiak irentsi zuela.

Elkarrizketa batean aitortu zuenez, Zuluetak bazuen gogoan zein izango zuen hurrengo filma: “Ekoizleari aurkeztu nion gidoi bat, Edurne Zuri eta terrorista batzuei buruzkoa. Astakeria galanta, baina egin zitekeen. Gidoia badago, aktore talde eta guzti. Baina banekien, Arrebatok arrakastarik izan ezean, oso zaila izango zela beste bat egitea”.

Eta hala izan zen. Zinearen lilura heroinak estali zuen, eta Zuluetak ez du inoiz gehiago luzemetraiarik egin. TVE telebista katearentzat egin zuen laburmetraia pare bat, baina lan txikietarako ez bada, gutxitan hartu du kamera eskutan. Hori bai, urterik ilunenetan ere ez du kartelgintza utzi. Aipagarriak dira, besteak beste, Jose Luis Garci, Pedro Almodovar eta Luis Buñuelen filmentzat egindako afixak. 2002an egindako elkarrizketa batean, film bat zuzentzeko gogoz zebilela adierazi zuen Zuluetak. Geroztik ez da ezer jakin.

Arrebato, erabateko lilura

1979ko udan estreinatu zen Madrilgo Azul antzokian. Produkzio arazoengatik, banaketa eskasa izan zuen. Esanguratsua da, esate baterako, duela gutxira arte bideoan egon ez izana, El País egunkariak bilduma batean DVDa kaleratu zuen arte, hain justu. Eskuz esku pasa diren kopia piratez aparte, aukera gutxi izan da Arrebato ikusteko. 2002an, hainbat zuzendari eta produktorek Zuluetaren lana berreskuratu nahi izan zuten atzera begirakoa eginez, eta horrek bere hainbat film zirkuitu komertzialean berriz estreinatzea ekarri zuen. Zuluetaren sorterrian, Donostian, erakusketa bat eskaini zioten, polaroid argazki eta guzti.

Denboraren joanak gaztetu duen filma da Zuluetarena. Irudiaren oso kontzeptu modernoarekin filmatu zuen, eta imajina zaharkituengatik ez bada, aise pentsa daiteke atzo goizekoa dela. Produkzioa ia hutsaren parekoa izan zuen: kreditu tituluan 30 izen baino ez dira agertzen, eta Zuluetak aitortu duenez, filmaren produkzioaz sei lagun arduratu ziren. Bi travelling baino ez zituzten egin. Garabirik? Ezta pentsatu ere.

Duela 28 urte proiektatu zuten Arrebato Donostiako Zinemaldian. Urte hartan lan apartekorik aurkeztu ez zenez, aitor du Zuluetak, bere bizitzan lehen aldiz, sari bat espero zuela. Ez zen hala izan. Urteen poderioz, baina, kultuzko filma bihurtu da. Zine eskoletan aztertzen dute, Espainiako zinemaren modernizazioaren ikurtzat dute askok.

Aktore bikainak bildu zituen Zuluetak filmerako. Jose Sirgado protagonistaren rola jokatzen duen Eusebio Poncelak, esate baterako, lan ezin hobea egin zuen. “Arrebato egin nuenetik, ez dut gehiago neure burua ikusi nik egindako filmetan” esan zuen telebistan egindako elkarrizketa batean. Aktore nagusien artean, Cecilia Roth argentinarra eta Will More, Zuluetaren fetitxea, aipa daitezke. Horiez gain, Luis Ciges handia eta Antonio Gasset zine kritikaria azaltzen dira filmean.

Apurtzailea izan zen, eta da, zentzu askotan Arrebato. Gaia bera bitxia da oso. Filmeko irudi askok, halaber, begi garbiak kolpatu ditzakete. Heroina injektatu eta esnifatzen dute. 1979. urtea da. Gizona biluzik agertzen da, ia emakumea baino gehiago. 1979. urtea da. Irudi batzuetan, harreman homosexualak iradoki dira. 1979. urtea da. Soinuaren erabilera eta musika, bikainak dira. Negativo taldearena da musika, eta Francisco Peramos da soinu ingeniaria. Argazkia, aipagarria hori ere, Angel Luis Fernandezen ardura izan zen.

Bisionarioa ere bada filma. Gaur-gaurkoa dirudi irudiaren trataeran, gaietan, formatuen nahastean, gauza askotan. Bisionarioa, izan ere, filmaren une batean ZP-11 xanpua iragartzen dute. Ezer ekarri al dizue gogora?

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude