K.

  • Hiru hitz zituen María Teresa Fernández de la Vega presidenteordeak lehendakariaren kontsulta proposamenerako –eta, susmoa baino gehiago dut, beste edozein atakatarako ere–. Hiru hitzak bakarra ziren: Konstituzioa, Konstituzioa eta Konstituzioa. Hirurak bat, Trinitate Santua, teologia gehiegi aukeran. Desatsegina egin zitzaidan erantzuna, ez edukiagatik, argi baitago ekintza juridikoak (referendum bat kasu) tokian tokiko legediaren arabera taxutu behar direla –egia bada ere legeak gobernatzailearen borondatera lerratu egiten direla–. Desatsegina egin zitzaidan esateko moldeagatik. Kontu hutsalagoa irudi ahal du, baina, nire ustez, ez da. Kubora altxaturiko konstituzioak, ustez hiru alditan ukiezinagoak, tinkoagoak, pobrezia erakusten du. “Maitea, zer dugu gaur bazkaltzeko?”, “Ogia, ogia eta ogia” edo, berdin zait, “mousse de foie, mousse de foie eta mousse de foie”. Ez dirudi menu apetagarria.
Angel Erro
Josu Santesteban
Zenbait kontzeptu sagaratzen hasi dira, non ez diren demonizatzen hasi. Konstituzioa da bat. Estatua da beste bat. Aitortu behar dut nik biak ikusten ditudala beharrezkoak, edo, hobeto esanda, ezinbestekoak. Horretan ez naiz nire garaikideez oso bestelakoa, zeren, ez dezagun ahantz, indarrean dagoen Konstituzio eta Estatua eraitsi nahi dutenek beste konstituzio eta beste estatu bat eraiki nahi baitituzte. Hori, behintzat, espero dut, eta, ahal balitz, demokratikoa izan zedila eta soziala eta eskubidekoa.

2010eko kontsultara ez naiz ni deitua izango. Orrialde hau partekatzen dugun hiruretarik batek baino ezingo luke bozkatu. Horrek ez du ekiditen, ahalbidetzen du seguruenik, inolako loturarik gabe zer bozkatuko nukeen hausnartu dezadala, behin galdera ezagutu ondoren, noski. Demagun galdera Galdera Handi Hori dela. Nik zalantza handiak izango nituzke. Sorry. Ni naiz seduzitu beharreko epel horietarikoa –nazio auzian epel, lehenago ere esan dut–. Ez baitzait hil ala biziko kontua iruditzen. Aberastasunaren banaketa bidegabeari edo gizabanakoaren eskubideei dagokienez, esaterako, gauzak argiagoak ditut. Horregatik, Galdera Handi Baina Azken Finean Hutsal hari nik, erantzun, erantzungo nioke, gustu handiz gainera, laket zaidalako galderak egin diezazkidatela, eta nago Euskal Herriko burujabetzaren alde eginen nukeela. Horrek, malgré moi, niri despit, nazionalista egiten nau.

Artikulu bat idazten ari naizela konturatzen naiz, eta agian ez naizela koherentea izaten ari. Hala ere, nire lagunek badakite hori beti esan izan dudala. Zergatia galdetzen didatenean, “aldaketak maite ditudalako” edo “probatzearren” erantzun ohi dut. Agian, esaten didate eta horretan ados nago, erbesteratu beharko nuke estatu berriaren konstituzio, konstituzio eta konstituzio berriaren babesleek jazarrita, baina hori ere aldaketa bat litzateke. Aldatu zaletasun honek –bidenabar, dokumental batean aditu dudanez, burmuineko ez dakit zer atalaren hantura batek eragin dezakeenak–, agian, hartzen nauen susmo beltz baten estalkia izan nahi du: ezer ez litzatekeela aldatuko –Lampedusaren aipu bat para nezake hemen–.

Hainbeste “K” gabe, nik bakarra nahiago dut. Literarioagoa. Kafkaren pertsonaia, Josef K., ondoren egileak K. gisa izendatu zuena, eta Bertolt Brecht-en Herr K., Keuner jauna, galderak etengabe, 2010era itxaron gabe, egiten dizkiguna. Bat hautatuta: “Nabaritu dut –esan zuen K. jaunak– jende asko gure doktrinatik uxatzen dugula gauza guztientzako erantzunak ditugulako. Ez al litzateke komenigarri, propagandaren mesederako, irtenbidea aurkitu ez diegun arazoen zerrenda bat osatuko bagenu?”.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude