Josu Santesteban
Zenbait kontzeptu sagaratzen hasi dira, non ez diren demonizatzen hasi. Konstituzioa da bat. Estatua da beste bat. Aitortu behar dut nik biak ikusten ditudala beharrezkoak, edo, hobeto esanda, ezinbestekoak. Horretan ez naiz nire garaikideez oso bestelakoa, zeren, ez dezagun ahantz, indarrean dagoen Konstituzio eta Estatua eraitsi nahi dutenek beste konstituzio eta beste estatu bat eraiki nahi baitituzte. Hori, behintzat, espero dut, eta, ahal balitz, demokratikoa izan zedila eta soziala eta eskubidekoa.
2010eko kontsultara ez naiz ni deitua izango. Orrialde hau partekatzen dugun hiruretarik batek baino ezingo luke bozkatu. Horrek ez du ekiditen, ahalbidetzen du seguruenik, inolako loturarik gabe zer bozkatuko nukeen hausnartu dezadala, behin galdera ezagutu ondoren, noski. Demagun galdera Galdera Handi Hori dela. Nik zalantza handiak izango nituzke. Sorry. Ni naiz seduzitu beharreko epel horietarikoa –nazio auzian epel, lehenago ere esan dut–. Ez baitzait hil ala biziko kontua iruditzen. Aberastasunaren banaketa bidegabeari edo gizabanakoaren eskubideei dagokienez, esaterako, gauzak argiagoak ditut. Horregatik, Galdera Handi Baina Azken Finean Hutsal hari nik, erantzun, erantzungo nioke, gustu handiz gainera, laket zaidalako galderak egin diezazkidatela, eta nago Euskal Herriko burujabetzaren alde eginen nukeela. Horrek, malgré moi, niri despit, nazionalista egiten nau.
Artikulu bat idazten ari naizela konturatzen naiz, eta agian ez naizela koherentea izaten ari. Hala ere, nire lagunek badakite hori beti esan izan dudala. Zergatia galdetzen didatenean, “aldaketak maite ditudalako” edo “probatzearren” erantzun ohi dut. Agian, esaten didate eta horretan ados nago, erbesteratu beharko nuke estatu berriaren konstituzio, konstituzio eta konstituzio berriaren babesleek jazarrita, baina hori ere aldaketa bat litzateke. Aldatu zaletasun honek –bidenabar, dokumental batean aditu dudanez, burmuineko ez dakit zer atalaren hantura batek eragin dezakeenak–, agian, hartzen nauen susmo beltz baten estalkia izan nahi du: ezer ez litzatekeela aldatuko –Lampedusaren aipu bat para nezake hemen–.
Hainbeste “K” gabe, nik bakarra nahiago dut. Literarioagoa. Kafkaren pertsonaia, Josef K., ondoren egileak K. gisa izendatu zuena, eta Bertolt Brecht-en Herr K., Keuner jauna, galderak etengabe, 2010era itxaron gabe, egiten dizkiguna. Bat hautatuta: “Nabaritu dut –esan zuen K. jaunak– jende asko gure doktrinatik uxatzen dugula gauza guztientzako erantzunak ditugulako. Ez al litzateke komenigarri, propagandaren mesederako, irtenbidea aurkitu ez diegun arazoen zerrenda bat osatuko bagenu?”.