Skinheadak

Kaskamotzen Oi!-lategian

  • Burua soil, bakero estuak, Dr. Martens botak eta bomber jaka. Kalean daude. Hori da euren ekosistema. Ez dira modako aldizkarietan azaltzen; itxurarengatik epaitzen dituzte askok. Azken urteetan skinhead-ak Euskal Herriko gazteen artean ugaritzen ari dira. Kale tribua baino gehiago, bizitzaren aurreko jarrera da. Sarritan eskuin muturreko taldeekin lotu izan dituzten arren, Euskal Herriko skinheadengana hurbiltzen denak nekez aurkituko du horrelakorik. Gure artean daude eta asko dute esateko.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2007ko urriaren 14a
Bi skinhead tabernan
Dani Blanco
Geroz eta gehiago dira. Geroz eta gazteagoak. “Boom bat egon da” dio Bilboko Street Warriors dendako arduradunak. Kolinas ezizenez ezagunagoa da, Suspenders taldeko abeslaria izateagatik. Hiru urte joan dira Ronda kalean dagoen saltoki txikiak ateak zabaldu zituenetik. Skin estetikako arropa eta materiala saltzen du. “Musika talde pila dago, kolektiboak, futbolarekin loturiko mugimendua…”. Ez da arraroa Euskal Herriko kaleetan ilea azalaren pareraino moztuta daramaten gazteekin gurutzatzea. Zer ari da gertatzen? Zaila da esplikatzen mugimenduak azken urteetan gurean bizi duen gorakada, gertuagotik bizi dutenentzat ere.
“Hipotesi asko daude. Askotan estetikan oinarritutako kontua da, jende gazte askori gustatzen zaio estetika hau, beldurra emateko edo. Skinhead hitza beti izan da hain gatazkatsua…”.

Gatazkatsua baino gehiago: eskuin muturreko mugimenduekin lotu izan dituzte gehienetan. Arrazakeriarekin. Faxismoarekin. Irudi hori da zabalduena hedabideetan, zineman eta argitalpenetan. Besteak beste American history X filmak edo Diario de un skin (Skin baten egunerokoa) liburuak argazki hori eskaini diote iritzi publikoari. Baina horrelakoak al dira skinhead guztiak? Bilakabide konplexua izan duen mugimendua da, aldaera eta ñabardura asko dituena, eta ez dirudi horrelako orokorkeriek garapen hori ulertzeko balio dutenik.

40 urte baino gehiagoko historia

Herrialde bat eta garai bat: II. Mundu Gerraren osteko Britainia Handia. Hara jo behar da skinhead mugimenduaren hastapenak ezagutzeko. Sarraskiaren ondorengo berreraikuntza lanek Commonwealth osoko langile etorkinen izerdia eskatu zuten. Garai hartatik aurrera sortu zen arraza anitzeko gizartean piztu zen kaskamotzen sukarra, eta gaurdaino ez da apaldu.

1960ko hamarkadan Britainia Handiko neska-mutilek kontsumismoa ezagutu zuten. Langile gazteak, diru freskoa sakelan, modako arropa erosten hasi ziren. Mod-ak sortu ziren: musika beltza gustuko zuten koadrila dotoreak. Hiriaren erritmoan bizitzea zuten kezka bakarra: ondo janztea eta gauez dantza egitea; anfetaminak hartu eta scooter motorretan hiritik ibiltzea; eta, noski, beste gazte taldeen aurka borrokan aritzea.

Musika zaletasunak zirela-eta, harreman estua izan zuten Jamaikatik Britainia Handira lan bila joandako gazteekin. Horietako asko rude boy-ak ziren, filmetako gansterren itxurarara jantzitako kalekumeak. Ska eta reggae musika ezagutzeko aukera izan zuten lagun berriei esker.

1965 inguruan banaketa gertatu zen mod-en artean eta jarrera gogorrena zutenek ilea moztu zuten. Arrazoi estetikoak zeuden atzean: langile klaseko gazteak izaki, itxura oldarkorragoa eduki nahi zuten, protagonismoa hartzen ari ziren hippyengandik desberdintzeko. Baziren, dena dela, zio praktikoagoak ere –ile luzea ez da erosoa lanerako, ezta borroketan ibiltzeko ere–.

George Marshall-ek Spirit of ’69-A Skinhead Bible liburuan azaltzen duenez, 1968. urte inguruan bataiatu zituzten skinhead izenarekin mod kaskamotzok. Hamarkadaren bukaerarekin mugimendua zimeldu egin zen ordea; bestelako janzkera eta itxurak nagusitu ziren.

Ez zen denbora askorako izan.

1977an asko aldatu zen Britainia Handiko panorama, musikaren alorrean behintzat. Sex Pistols eta The Clash taldeek euren lehen diskoak kaleratzeak eztanda eragin zuen britainiar gazteen artean. Punk olatuarekin, gandorrak, katekorratzak eta mezu probokatzaileak nagusitu ziren. Baina eztanda kontrolatua zen. Balarik gabeko tiroa. Musika eta modaren industriak irentsi zuen berehala. “Punkak etxe blokeetan bizi zirenen ahotsa balitz bezala jokatu zuen. Eta ez zen. Aitzindari gehienak klase ertaineko arte ikasleak ziren” gogoratzen du Garry Bushell kazetariak, adibideak emanez: “Joe Strummer handiak [The Clash taldeko abeslaria], diplomatiko baten semea bera, estalinismo zahar eta gogorrenarekin jolastu zuen, eta zurien matxinadaren alde abestu, jauregi zuri batean bizi zen bitartean”.

Bilakabide horren aurkako erreakzio modura, eta 1970eko hamarkadaren amaierako krisi ekonomikoak sortutako ezinegonaren aurrean, skinhead berriak azaltzen hasi ziren. Hasierakoek baino ile motzagoa zeramaten, bota altuagoak eta praka estuagoak. Eboluzioa: punkaren eragina jaso zuten bigarren belaunaldiko kaskamotzak ziren, langile eta langabeak eta –nola ez– gazteak.

Euskal Herrian, Hegoaldean batez ere, 1980ko hamarkadan hasi ziren skinheadak azaltzen, Euskal Rock Erradikala izenez bataiatutako musikaren gerizpean. Garai horretako taldeen itxurari erreparatuta –Kortatuko abeslaria zenean Fermin Muguruzak zeukana adibidez– nabarmena da beraien eragina. Fanzineak ere kaleratu zituzten: Bilbon Kaskamotzak eta Doctor Skinhead; Gasteizen Nite Klub; eta Iruñean Black & White.

“Baina lehen zailagoa zen material ingelesa eskuratzea Euskal Herrian” dio Kolinasek. “Konplikatua zen. Jendeak Ingalaterrara bidaiatzen zuen eta lagunek eskariak egiten zizkieten: ‘Jaitsidazu hau, jaitsidazu bestea…’”. Horregatik agian, Euskal Herriko gazteen artean eragina izan bazuen ere, skin mugimendua ez zen oraingo mailara iritsi.

Naziak? Hemen ez

 


1970eko hamarkadaren amaierako fenomenoa da bonehead edo skinhead naziena. Jatorria, berriro ere, Britainia Handian bilatu behar da. Ingalaterrako National Front alderdi ultraeskuindarra langile gazteei bideratutako nola-halako mezu sozialen bidez, skinhead batzuk erakartzen hasi zen. Hedabideek laster sortu zuten skinhead-nazi binomioa eta 1980-81. urteetan alderdi faxistetako kide gazteenek estetika hori hartu zuten. Eta hori ere nazioartera zabaldu zen.

Eta hemen? Erreportaje hau osatzeko kontsultatutako iturri guztiek aho batez erantzun dute: Euskal Herriko skinheaden gehiengo zabala antifaxista izan da betidanik; batzuk apolitikoak, redskin edo skin gorriak besteak. Sare Antifaxista elkarteko kideek azaldu dutenez, oso errealitate desberdina da Espainiakoa, adibidez: “Beste aldea da: hemen Euskal Rock Erradikalaren garaian bultzatzen zen filosofiaren bidetik jarraitu da, borroka soziala, sistemaren aurkakoa, antifaxismoa... Han berriz kontzertu faxistak antolatzen dituzte eta eskuin muturrak atzetik dakarren guztia bultzatzen dute”.

Jarrera politiko zehatzik izan ez arren, langileen artetik sortutako mugimendua izaki, betidanik egon izan dira ezkerrekoak edo gutxienez antiarrazistak ziren skinak. Baina 1980tik aurrera mugimenduaren irudia neo-naziak monopolizatzen ari zirela ikusita, euren burua antolatu zuten. 1987an Skin Head Against Racial Prejudice (Arraza Aurreiritzien Kontrako Skinheadak, SHARP) erakundea jaio zen New Yorken (AEB); talde horren izaera apolitikoari buru eginez berriz, hiri berean 1993an Red and Anarchist Skin Heads (Skinhead Gorri eta Anarkistak, RASH) ere funtzionatzen hasi zen. Talde horiek mundu osora zabaldu ziren denbora gutxian, baita Euskal Herrira ere.

Dena dela, Sare Antifaxistako kideen esanetan horrelako erakundeek kide izan direnen ilea bezain esperientzia motzak izan dira hemengoak. “Jendea hamabost edo hamasei urterekin hasten da horrelako kontuetan, baina hogei urteren bueltan utzi egiten dute”. Bizkaiko RASH taldean adibidez, orain belaunaldi aldaketa gertatzen ari dela esplikatu dute, eta nahiko geldi dagoela.

Desinformazioaz kexu

“Gizartean informazioa badago, baina egia esan telebistan, irratian eta egunkarietan ateratzen den guztia beti lotzen dute eskuindarrekin” azaldu du protagonismoa saihesteko bere izena eman nahi izan ez duen skinhead batek. Duela lau urte moztu zuen ilea, baina mugimendua lehenagotik interesatzen zitzaion. Kontzertuetan eta futbol partiduetan ezagutu zituen kaskamotz batzuk, eta pixkanaka giroan murgiltzen joan zen. Etsipen puntu batekin hitz egin du zabaldutako irudi ezkorraz: “Hori da saltzen duena. ‘Lau kaskamotzek muturra txikitu diote ez-dakit-zeini’ jartzen dute”. Eskuin muturrarekin ez bada, indarkeriarekin lotzen dituztela aipatu du, futbol zelaietako istiluekin, tabernetako borrokekin... “Baina jaialdiak ere egiten dira, bilerak, kontzertuak”.
Mugimendu zabalagoa dela, alegia. “Ez dela bakarrik futbola eta hostiak. Jendeak hori ikusten du: parranda eta futbola. Baina gauza konstruktiboak ere badaude”.

Kolinas ere iritzi berekoa da. “Gogoratzen dut mutil kozkorra nintzenean skin mugimenduaren ideal nagusienetakoa garbitasuna zela; skinen irudia garbitzea”. Dena dela, bere ustez jendeak kalean geroz eta skin gehiago ikusteak asko lagundu du aurreiritzi batzuk gainetik kentzen. “Rolloa zer den hobeto ulertzen du jendeak orain, eta askok badakite kalean ondotik pasatzen zaizkion skinek ez daukatela inolako zerikusirik nazismoarekin”.

Oi! musika, eztandaren epizentroa

Kortatu taldearen Mierda de ciudad kantuari esker egin zen ezaguna “Oi!” espresioa inguruotan. The Bussiness taldearen Drinkin’ and drivin’ kantaren bertsioa zen, baina askok ez zekiten hori, ezta kontzertuetan oihukatzeko eslogan polita izateaz gain musika mota bat zenik ere. Txorromorro, Bihotz Erre eta Puñetazo taldeek heldu zioten ildo horri, baina gutxi izan ziren jarraipena eman ziotenak. Orain arte behintzat.

Lehenago ere aipatu dugun Garry Bushell kazetariak asmatu zuen Oi! etiketa 1980ko hamarkadaren hasierako mugimendu musikal berriarentzat. Cockney Rejects, Cock Sparrer, Angelic Upstarts eta Sham 69 taldeek, besteak beste, punka oinarri hartuta eszena berria sortu zuten. “Laster prentsa musikalak (hau da, nik) desberdina izan zitekeen zerbaiten hasierarekin identifikatu zituen, punkaren aldaera berri bat, klase kontzientzia handiagoarekin” dio Bushellek Oi! - The truth izeneko artikulu mardulean. Berehala hurbildu ziren langile auzoetako skinheadak musikaren berora. “Oi!-a kalezuloetako ahotsa zen, megafono bat irtenbiderik gabeko alprojentzat”.

Estiloaren izena Londresko auzoetako espresio batetik dator, eta “iepa!” edo “kaixo”-ren antzeko zerbait adierazten du. Beste batzuk streetpunk ere esaten diote, kaleko izaera hori nabarmentzeko.

Paradoxikoa da: Ingalaterran 1985erako ez harako, ez honako geratua zen musika mota hau, eta orduan izan zuen zabalkunde handiena munduko beste herrialdeetan. 1990eko hamarkadaren bigarren erdialdean piztu zen, dena dela, Oi!-arengako interes masiboa, talde berriak azaltzen hasi eta aurreko hamarkadakoak berriro elkartu zirenean.

Euskal Herriko talde berriak ere garaitsu horretan hasi ziren. 1996rako Des-Kontrol arrasatearrak (Gipuzkoa) gitarrak astintzen ari ziren. Suspenders taldea Bilbon sortu zen beranduxeago, 1999an. Mende berriarekin batera izugarri ugaritu da eszena: Mossin Nagant (Gasteiz), Oi! Kobras (Bilbo), eta Gipuzkoako Afonia (Hernani), Ostiada Oi! (Elgeta), Hell Beer Boys (Tolosa-Beasain), Orreaga 778 (Añorga-Hernani), Kalekumeak (Donostia)... Zerrenda amaiezina da. Usain berriko talde hauen diskoak kaleratzeko Puzkarra Records zigilua ere sortu da. Jaialdiak izugarri ugaritu dira azken urteetan –besteak beste 2004tik Gipuzkoako punk eta Oi!-aren erakusleiho bihurtu den Holidays in Bardulia–.

Egiten duten musikaz gain, oihukatzen dituzten mezuek ematen diote batasuna belaunaldi berri honi. Sistemaren aurkako kantak dira, langile klasearen aldekoak edo futbolari buruzkoak. Eta bitxia da, kontzertu batera joanda agertokian musika jotzen ari diren pertsonek entzuleen izugarrizko antza dute. Izarrik ez hemen. Ondo pasa nahi duten kalekumeak besterik ez.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude