Bizi naizen herrian dena ongi doala dirudi. Okindegian, etsai handienek ere agurtzen dute elkar, harakindegiak Euskalmet-en sukurtsala ematen du, eta ostatuan, urteak dira ez dela inor izutzeko moduko konturik zabaldu. Bizi naizen herrian, prokreatzera etorritako guraso berriek haurtzaindegi atarian konpontzen dute mundua, eskolatik irteten diren haurrek zebra-bidea aguazilaren aginduetara gurutzatzen dute, eta estatistikoki, zazpi urtean behin baino ez dira pisuzko atxiloketak gertatzen. Gure herrian, inork ikusi aurretik garbitzen dituzte pintadak, frontoia berdez ala txuriz pintatzeari esaten zaio politika, eta aukera politikoa genetikoki transmititzen den gaitz bat baino ez da. Gurean, ez dago zaborrik karriketan, apenas ikusten den zakurrik deslai, eta azken eskalea apaizak bidali zuen, igandero-igandero meza atarian limosna eske jarrita, poltsa arintzen ziolakoan. Hemen, zahar eta gazte elkarrekin mozkortzen dira herriko festetan, udaletxeko langileak errugbilariak bezain kuttunak dira, eta harro esaten dugu nongoak garen. Bizi naizen herrian arazorik ez dagoela baitirudi, eta horixe da arazorik handiena.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.