Itsasoko autopistak

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Bilbo eta Flandesko Zeebrugge-ko portuak elkarrekin lotzen dituen lehenengo itsasoko autopista abian da dagoeneko. Astero joan-etorriko hiru zerbitzu eskaintzen ditu. Ekimen pribatu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko eta Flandeseko Gobernuen babesa du. Egunero Biriatutik igarotzen diren ibilgailu pisutsuen %6a errepideetatik kentzea ahalbidetuko du eta 100.000 kamioi inguru izango dira urtero zerbitzu hori erabiliko dutenak. Gobernuek argudiatzen dute autopista horrekin garraio “jasangarriagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa” nahi dutela. Hiru, euskal garraiolari autonomoen sindikatua, ez dator bat, ordea, iritzi horrekin. Proiektuaren jasangarritasuna eta eraginkortasuna zalantzan jartzen dituzte. Orain, kolapsoa Bilbora igaroko dela esaten dute. Autopista horretatik kanpo geratuko direlakoan daude, gainera. Ontzi-enpresa handientzat eta merkantzien garraioko enpresa pribatuentzat sortutakoa dela argudiatzen dute, eta aukera berri horrekin enpresa horien kostu soziolaboralak gutxituko direla. Testuinguru horretan, garraiolari autonomoen etorkizuna ikusteke dago. Izan ere, erakunde publikoek enpresa-kontzentrazioaren alde egiten dute, eta ondorioz enpresa autonomo ugari ixtera behartuko dituzte. Ekimen horrek, Hiru-ren aburuz, gutxi batzuen interes ekonomikoei erantzuten die eta horregatik Gasteizko Gobernua kritikatzen dute ez duelako guztien interes publikoaren alde egin. Ba al dute arrazoirik garraiolari autonomo horiek? Ikuspegi sindikaletik edukiko dute. Dena den, Gasteizko Gobernuak men egiten dion egungo eredu ekonomiko erabat kapitalista da gailentzen dena. Negozioa egitea nagusitzen da.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude