Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Kresaletan itsas-armika (Eryngium maritimum) eta mendietan armika (Eryngium campestre) eta, inon izenik topatu ez diodan, Eryngium bourgatii, zeini baduenaren alde azkazal bat jokatu-eta, azaltzen den artean neronek jartzen diot: armika urdina. Izen galduko hau da, hain txorrotx, urdinena, ubelena, dotoreena, hor duzu argazkian. Txori-gardu, buruiska, buruiskexilar, gardutxa eta txilarra bera ere jaso izan dira, hala-nolako pulamentuz, armika honen izentzat...
Urtetik urtera gizentzen den sustrai nagusi bat dute landareok eta urtero berritzen du lurrari kentzen dion zatia. Jaki ditugu zainak eta kimu berraziak, azken hauek barazki fin. Zakarragoagatik sustraia gozo eta usaintsua da eta gozoa lehenaz gain azukreztatuta mokadu bikaina da, berdantzart baina lehenxeagotik, Shakespearetar Falstaffen “erigoe” edo “muxu-konpitteak” lekuko. Loreak ere eztidunak dira, inondik ere, erle-festagune ezagun baitira.
Sendabelar ezagunak armikak. Bere zainen urak hilekoa ekarri, txiza eginarazi, tripako minak baretu eta puzkarrak bideratzen dituela jaso zutela milaka urte bada. Ibilaldi luzeetan urratu, erredura edota egosturarik ez sortzeko soinean eraman izan da; Karlistadetan, adibidez, alde bietako soldaduen patriketan zain mutur bat ez zen faltako, ahal izanez gero patrikak, patrika izan nahi badu, duen zuloaren parean izterra ukituz. Lleidako Boiko unaien borden, katalanez ere horrelaxe deitzen diote borda... bada unaien borda inguruetan ugari diren sugeekin borrokan, hauen hozkadak harrapatutako erbinudeak zauria armika urdinarekin igurzten ikusi izan omen dituzte. Urdintzea ona denean...