Etxe hutsetan bizitzeko alternatiba ugari

  • Etxea eta bizitza, biak lotuz izendatzen du euskarak gizakiok bizitzeko hartzen dugun lekua. Askotan, ordea, esanahia eta errealitatea ez dira bat etortzen, hutsik dauden etxebizitzetan bizitza gutxi izaten baita. Elkartzen mugimenduaren arabera, Euskal Herrian 255.000 etxebizitza baino gehiago daude hutsik eta ehun mila pertsona inguruk dauka etxebizitza beharra. Etxe hutsak okupatu eta horiei bizitza ematea, ordea, Hego Euskal Herrian delitua da 1996az geroztik. Dena den, horrek ez du okupazio mugimendua apaldu.
Berlingo <em>hauaprojekt</em> bat
Berlingo hausprojekt bat. ak etxe kopuak dira, baina gehienetan etxearen jabearekin adostutako alokairua ordaintzen da.Lander Arbelaitz
Ingurua eta bizilagunak errespetatzen ez dituzten gazteak. Hori da komunikabide batzuek okupazio mugimenduaz zabaldu nahi izan duten irudia. Baina okupazioak okupatzaileak adina aurpegi ditu. Okupatzeko moduak, lekuak eta arrazoiak, nahiz bizitzeko erak desberdinak dira.

“Ez gara alokairua ordaintzen ez duten okupa mugre eta zorritsuak, hori baino gehiago da hau; bizimodu bat da”, dio Anek. Gasteizko Kutxi 103 etxe okupatuan bizi da Jaime eta beste bospasei lagunekin batera. Lehenago Aldabe auzoko etxe okupatuetan bizi ziren biak. Han ezagutu zuten Uraitz.

Uraitz Birgarabarrenen (Araba) bizi da gaur egun, Miren, Uxoa, Iñigo, Eneritz, Josu eta Julenekin batera. Zortzi urtean hutsik egon zen etxea okupatu eta bertan bizi dira 2005eko azarotik.

Nagore Birgarakoen laguna da, eta bera ere etxe okupatu batean bizi izan da bi urtez Berlinen (Alemania). Han Jan eta honen alaba Lini ezagutu zituen, okupak hauek ere.

Guztiek bizimodu eta esperientzia desberdinak dituzte kontatzeko, baina denak bat datoz oinarrizko zerbaitetan: bizitzeko modu desberdinak daude eta bakoitza libre da nahi duen bizimodua aukeratzeko.


Okupazioa herri txikietan

1920an 21 biztanle bizi ziren Birgarabarrenen. 1930ean 34, 1970ean 15, 1983an 6, 2005ean 2 eta orain 9. Felisa eta Maria Ester ahizpak bakarrik bizi izan dira zortzi urtean, baina duela bi urtetik zazpi bizilagun dituzte ondoko etxean. La Central deitzen diote etxe horri, garai batean zentral elektrikoa izan zelako. Baina Birgaragoiengo gazteek Bekerekekoen etxea bezala ezagutzen dute. Izan ere, duela hamar bat urte Bekereke antzerki taldeko kideak bizi ziren bertan. Artean jabetza pribatua zuen, baina gaur egun Arabako Foru Aldundiarena da. Birgarabarren erdibitzen duen errepidea egiteko etxearen zati bat bota behar izan zuten eta desjabetu ostean, Diputazioa egin zen etxearen jabe. Bi solairuko etxea da: behean sukaldea, egongela, bainugela eta bi logela ditu. Goian, lau logela dauzka.

Miren, Uxoa, Iñigo, Josu, Eneritz eta Julen Gasteizen bizi ziren ikasle pisuetan, baina zenbait urtean horrela bizi ostean okupaziora jotzea erabaki zuten. Batetik, bidegabea iruditzen zitzaien Gasteizen 10.000 bat etxe huts egonik hainbeste etxe berri egiten jarraitzea. Bestalde, alokairuaren prezioak baldintzatutako bizimodu harekin ere ez zeuden gustura, eta beste bizimodu bat hastea erabaki zuten. Bide horretan ezagutu zuten Uraitz.

Birgarabarrengo etxe hutsera iritsi zirenean dena hankaz gora aurkitu zuten. “Utzita zegoen. Teilatuko leihoak irekita zeuden eta gu etorri aurretik zortzi urtez hutsa egon zenez, dena izorratuta zegoen. Bekereke antzerki taldekoak egon ziren aurretik eta haien txosten eta lan piloa eta arropa mordoa zegoen lurrean”, azaldu du Iñigok. “Hala ere, sukaldea nahiko ondo zegoen, hozkailua zeukan, beheko sua ere bai eta komunean konketa falta zen baina segituan jarri genuen. Uraren fosa septikoa beteta zegoenez, hustu egin behar izan genuen”. Iturriko ura ere bazeukan, baina etxean sartu eta pare bat egunera alkatea etorri zitzaien ura herrikoa zela eta herritarren artean ordaintzen zutela esanez. Kontagailua jarri zuten eta harrezkero gastatzen dutena ordaintzen dute. Uraitzek dioenez, inolako arazorik gabe onartu zuten alkateak eskatutakoa: “Gu ere herriko parte garenez, ondo iruditzen zaigu ordaintzea. Egia esan, guk ez dugu hutsetik bizi nahi eta zerbait ordaindu behar bada horretarako prest gaude”.

Lanik handiena teilatuak eman ziela gogoratu du Uxoak. Itoginez beteta zegoen eta dena berritu behar izan zuten. Negu osoa goiko solairua erabili gabe pasa zuten, beheko logelan guztiek elkarrekin lo eginez. Martxoa inguruan konpondu zuten teilatua; teila guztiak kendu, poliespana jarri eta berriro dena teilekin estaliz. Teilak Apellanizen lortu zituzten, berritzen ari ziren etxe bateko teila zaharrak aprobetxatuta.


Erosi vs berrerabili

Teilatua bezala, etxeko ia gauza denak ere birziklatutakoak dira. Hormetako pintura berrerabilitakoa da eta uraren berogailua Emauseko Traperoei erosi zieten 18 eurotan. Ahalik eta gauza gehien aprobetxatzen eta berrerabiltzen dituztela dio Iñigok. “Inguruan behar ez den diru mugimendua dago. Hartu, bota eta berria erosi. Hori da egungo joera. Soldatak gastatu eta zabortegiak betetzea besterik ez da lortzen horrela”. Mirenen iritziz, dirua bizitzeko beharrezkoa da, baina bere neurrian. “Hemen inguruan ez dago ia dendarik, jende gutxi bizi da eta benetako balioa zerk duen ikasten duzu”. Modu batean edo bestean, gizarte honetan jende gehiena kontsumoaren gurpilaren barruan bizi dela, baina ihesbideak eta alternatibak badaudela uste dute.

Kontsumoa eta jabetza pribatuarekiko oso jarrera kritikoa dute Birgarakoek. Uraitzen iritziz, gizarteak balore batzuk txertatzen ditu –horien artean jabetzarena–, eta bizitzeko beste modu batzuk ez ditu “normaltzat” jotzen. “Nik ezagutzen dut babes ofizialeko alokairuko etxebizitza tokatu zaion jendea eta hartu ez duena, etxea erosi egin nahi zuelako. Etxe hori berea dela dioen paper bat nahi du jende askok”. Horrez gain, familia osatzen hasteko lan finkoa eta etxea eduki beharrik ez dago, beste aukera batzuk ere badaudelako. Mirenek ere bat egin du Uraitzekin. “Nik uste dut hau bizitzeko beste modu bat dela, eta horrela bizi den gero eta jende gehiago ezagutu dut. Jende nagusia ere badago, haurrak izan eta etxe okupatuetan bizi dena. Kontua da horren inguruan ez dela hitz egiten. Gizarteak eredu bakarra erakusten du eta hortik ezin daiteke irten, eta egiten baduzu, gaztea zarelako edo buruan txoriak dituzulako dela esaten dute”.


Aldarrikatzeko modu desberdinak

Gasteiztik Lizarrarako (Nafarroa) errepide nagusiaren ondoan dago Birgarako etxea. Baina jakin ezean, ez da nabaritzen okupatuta dagoenik. Ez da okupazioaren ikurrik, ez pankartarik ikusten. “Egunero bertan bizitzen aldarrikatu eta erakutsi nahi izan dugu okupazioa bizitzeko modu bat dela eta guk hemen bizimodu normala egin nahi dugula. Agian, hiri batean pankarta bat jartzeak badu bere zentzua, baina hemen oraingoz ez dugu horren beharrik ikusi”, azaldu dute.

Ane, Jaime eta Txiki bizi diren Gasteizko Kutxi 103 etxea, berriz, pankartaz josita dago. Jaimek azaldu duenez, hasieran ez zuen oso argi ikusten okupazio hura errebindikatzeko beharra. Baina Euskal Herrian etxebizitzaren egoera nola dagoen ikusita iritziz aldatu zuen. “Etxebizitzak gero eta garestiago daude, eta alokatzen diren logelak ere oso garestiak dira. Horrez gain, etorkina izateagatik ere zailagoa da alokatzeko etxe bat aurkitzea”.

Jaime mexikarra da. Bolada batean Madril, Bartzelona eta Gasteiz artean bizi izan zen, baina ez zeukan etxerik. Gainera, berrehun euroren truke ezagutzen ez zuen pertsona batekin logela banatzea zen zuen aukera bakarra, eta ez zuen atsegin. Orduan, Aldabeko etxeak okupatu zituzten lagun batzuek logela bat eskaini zioten. Hasieran hiru hilabeterako izango zela uste zuena, azkenean urtebete luzatu zen, etxea desalojatu zuten arte. Aldaben ezagutu zuen Ane eta orain bizilagun izaten jarraitzen dute Kutxi 103an.


Desalojoaren mamua

Birgarabarrengo etxea 2005ean okupatu zuten eta orain arte ez dute inolako arazorik izan. Aurtengo udaberrian, afaltzen ari zirela bi miñoi (Arabako foru polizia) sartu omen ziren etxean eta identifikatu egin zituzten, baina izenak hartzeko agindua jaso zutela eta hori betetzen baino ez zirela ari adierazi zieten. Bestela, Birgarabarrenen dituzten bi bizilagunekin (Felisa eta Maria Ester) oso ondo moldatzen dira eta Birgaragoiengo biztanleekin ere ez dute arazorik izan. Azaldu dutenez, etxea okupatu zutenean idatzi bat atera eta Birgarabarrengo eta goiengo herritarren artean zabaldu zuten beren asmoen berri emateko. Ez dute inoiz bertan jarraitzeko eragozpenik izan.

Aneren esperientzia bestelakoa da. Gasteizko Aldabe auzoko etxeak okupatu zituenetako bat da bera. Okupazio hark oihartzun handia izan zuen komunikabideetan, baita desalojoak ere. Gazte haiek hutsik zeuden lau etxebizitza okupatu zituzten 2004an. Gomez de Seguratarrenak ziren, Gasteizen etxebizitzen negozioan oso ezaguna den familiarenak. Anek azaldu duenez, hasieran ekintza sinbolikoa izango zela uste zuten, baina luze iraun zuen. “2004ko ekainean sartu ginen etxe haietan. Eraikinak zazpi solairu ditu eta guk bosgarreneko eta seigarreneko bana eta zazpigarreneko biak okupatu genituen. Beste etxebizitzetan, batez ere adineko jendea bizi da eta antzinako errentako alokairua dute gehienek”.

Okupatu eta astebetera udaltzainek zazpi lagun identifikatu zituzten, baina beste ezer gertatu ez zenez, “bizimodu normala” hasi ziren egiten eta azkenean urtebete iraun zuten bertan. Jabeekin eta abokatuarekin bilera batzuk izan zituzten eta auzo elkartearekin elkarlanean ere aritu ziren. “Etxebizitza haiei erabilerarik ematen ez zitzaien bitartean auzo elkarteak kudeatzea proposatu genuen, etxebizitzak auzoan beharra zuen jendeari utziz. Azkenean jabeek pikutara bidali gintuzten. Gerora, hasieran identifikatu gintuzten zazpi lagunentzako zitazioa iritsi zen eta epaiketa izan genuen usurpazio delituagatik”. Handik hilabetera-edo, desalojatu egin zituzten. Udaltzainak goizeko lauetan iritsi ziren eta barrura sartzeko hiru horma bota behar izan zituzten. Han zeudenak atxilotu eta kanpoan zeudenak identifikatu egin zituzten. Horren ostean, beste epaiketa bat eduki zuen Anek desobediantzia eta desordenengatik.

Handik irten ondoren, Aiztogile kaleko etxea hartu zuten Ane, Jaime eta beste bost lagunek. Etxe horren jabea Santa Maria Katedralaren Fundazioa da. Tartean Udala, Diputazioa, Vital Kutxa eta Gotzaintza daude. Udalarena bakarrik ez denez, eta jabetza pribatukoa ere ez denez, desalojatzea zailagoa dela azaldu digu Anek. “Oraingoz, ez digute ezer ere esan, eta ez dira sekula etorri”. Zazpi lagun bizi dira bertan eta, dagoeneko, urtebete baino gehiago pasatu da okupatu zutenetik.

Desalojatzeko arriskuagatik, okupazioa behin-behineko bizimodutzat jotzen da. Iraunkortasuna ez da ziurra. Aneren iritziz, ordea, “segurtasun falta okupatuta bizi ez direnek ere badute. Ia denak daude lan prekarioekin, aldi baterako lanekin, pisua ordaintzeko gai izango ote den jakin gabe... Gerta liteke bat-batean etorri eta gu hemendik botatzea, baina badakigu prozedura judizial bat dagoela aurretik eta horrek ere bere denbora eramaten duela”.

1996. urtetik, Espainiako Zigor Kodeak usurpazio delitutzat jotzen du okupazioa. Ordura arte, Kode Zibiletik prozesatzen ziren okupazio auziak, eta horrek izugarri mantsotzen zuen desalojoa. 90eko hamarkadan etxebizitzen prezioak garestitzen hasi ziren eta okupazioak gora egin zuen. Zigor Kode berria onartu zenetik, ordea, desalojoen prozesua izugarri erraztu da. Hala ere, etxea desalojatu ostean epaileek kasu gehienak artxibatu egiten dituzte eta gutxitan ezartzen dira usurpazio delituak aurreikusten dituzten zigorrak.


Alemanian hausprojekt-ak

Alemanian, legearen arabera, Berlingo eremuan okupatutako edozein leku 48 ordutan desalojatu daiteke epailearen agindurik gabe. 48 orduak pasatu ostean, ordea, epailearen agindua behar da eta zailagoa izaten da desalojatzea.

Jan eta Lini aita-alabak Berlingo New Yorck hausprojektetan bizi izan dira 2005etik. Nagorek, ordea, beste etxe batean ezagutu zituen lehenago, Yorck 59 hausprojektean. Lini etxe hartan bizi zen txiki-txikitatik, beste hainbat guraso eta haurrekin batera.

Hausprojektak etxe okupatuak dira, baina gehienetan etxearen jabearekin adostutako alokairua ordaintzen da. Janek azaldu digunez, 80ko eta 90eko hamarkadetan Alemania ekialdean okupazio mugimenduak indar handia izan zuen, berrehun bat etxe okupatu egon ziren. Baina gero guztiak desalojatu edo ilegalizatu zituzten. Gaur egun, Berlingo senatuak gogor egiten du okupazio mugimendu berrien kontra eta oso etxe okupatu gutxi geratzen dira, hausprojekt erako etxeak dira gehienak.

Jendea modu kolektiboan bizi da hausprojektetan. Wohngemeinschaft (bizitzeko komunitatea) esaten diote bizimolde horri. Hainbat lagunentzako bizileku izateaz gain, zenbait gizarte eragilek bertan izaten dute egoitza. New Yorcken, esaterako, 30 bat lagun bizi dira (haurrak, gazteak eta helduak), bost bat erakundek dute bertan egoitza, eta Udalaren diru laguntzarekin beka eskuratu duten zenbait artistek ere bertan dute tailerra. Eraikinaren izen ofiziala Bethanien da, baina okupatu zutenak Yorck 59 izeneko etxe okupatutik desalojatu berriak ziren eta New Yorck izenez bataiatu zuten Bethanien. Eraikina monumentu nazionala da, 1848an eraikitako gaztelu itxurako ospitalea.

Hausprojekt gehienak legezkoak dira eta alokairua ordaintzen dute. New Yorck, ordea, une honetan, akordiorik eta estatus legalik gabe okupatuta dagoen bakarretakoa dela esan digu Nagorek. Okupatu zutenetik negoziazioetan dabiltza agintariekin. Eraikinaren baldintzak ezagututa, politikariek ez zuten uste gazteek asko iraungo zutenik eta ez ziren gehiegi arduratu. Baina okupatzaileentzat etxea uste zutena baino baldintza hobeetan zegoen: “Berogailu zentralizatua eta ur beroa dauzka eta ezin digute moztu, bekadun gisa dabiltzan zenbait artisten tailerrak ere bertan daudelako. Gu saiatu gara ordaintzen eta behin dirua ere bidali genien, baina hartu izan balute, etxearen okupazioa onartzen dutela adieraziko lukete, eta ez ziguten ordaintzen utzi”.

Bethanien okupatu baino lehen komunikabideetan proiektuaren aldeko lan handia egin zutela dio Janek eta udal ordezkariak ez ziren ados jarri etxea desalojatzeko. Legeak zehazten dituen 48 orduak pasatu ziren eta harrezkero desalojo prozesua asko konplikatu da. Horrez gain, Janek azaldu duenez, 2005eko maiatzean legedi berri bat ezarri zen Berlinen. Auzoetan plebiszituak egiteko aukera ematen zuen eta New Yorckeko bizilagunek etxearen pribatizazioaren aurkako plebiszitua antolatu zuten. 14.000 sinadura lortu zituzten, eta Udalak onartu egin behar izan zuen. Hala ere, urte bukaerarako, bertako parlamentuak etxearen inguruko erabakia hartu beharko duela dio Janek eta ez da oso baikor agertu. “Berlin dirurik gabe dago eta etxea mantentzeak urtean 800 mila euro inguruko gastua du. Garesti irteten zaie eta saldu egin nahiko dute”. Baina itxaropena ez dutela galdu eta bertan jarraitzeko lanean jarraituko dutela dio.

Okupatutako hiru eredu desberdin dira Birgarakoa, Gasteizkoa eta Alemaniakoa. Hirurek, ordea, egungo gizartean dagoen bizitza eredu nagusiaz gain, beste batzuk ere badaudela erakusten dute, eta argi utzi nahi izan dute norberaren esku dagoela bakoitzak nahi duen bizimodua aukeratzea.

ASTEKARIA
2007ko irailaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude