Gerra doinuak datozen sei hilabeteetarako

  • ez dago etenik, atentatuak eta atentatu saioak bata bestearen atzetik datoz. Berdin atxiloketekin. Berririk ez alde horretatik. Eta saio bakoitzean arnasa hartzen da han-hemenka, oraindik hildakorik ez delako jarri une zehatz honetako joko politikoan. Logroñon azken saioa, ETAren azken agiriaren biharamunean.
ETAren idatzizko jardunean ere zaharrak berri. Erasoak bere ingurune politiko osora barreiatu ditu, oraingoan bereziki PSOE eta Nafarroa Bai kritika politikoaren jo puntuan jarriz. Lerro politiko eta militarra jarria dago datozen hilabeteetarako, gutxienez martxoko Espainiako hauteskundeak arte. Gero eta gehiago, hauteskundez hauteskundeko zubi motz edo luzeagoetan dago oinarrituta egungo zuzenbide estatua.

Moncloan ere pareko da, egurraren garaia; ondoren, PSOEk irabaziz gero, posible litzateke berriz ere elkarrizketaren zirrikitua irekitzea. Nafarroako salbuespena kenduta, egungo egoera politikoa pentsatu baino erosoago garatzen ari da Ferrazen. Haizea bere alde du Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Jose Mari Aznarrek, aldiz, nahiko lan du lidergoa eta barne mailako lehiekin. Bake prozesua dela eta horren estu ibili ondoren, PPri espazioa jan dio Espainiaren ideia eta ETAren aurkako borroka ardatz politikoaren erdigunean jarriz.

BAKE PROZESUAN, parte hartutako hirugarren erpin handia ere ez da geldi egotekotan, ez behintzat eremu instituzionala gidatzen duen Juan Jose Ibarretxe. Erabakimenaren eztabaida bultzatuko duela erakusten ari da atzerrira egiten dituen bidaietan ere, eta bere inguruko askok legealdi honetan kontsultarik ere izango dela azpimarratzen dute. Hori sinesgaitzagoa da oraindik, baina hilaren bukaerako Gasteizko Legebiltzarrean ekimen sendoren bat iragarriko duen ustea zabaldua dago. PSOE eta ETAri bake prozesuaren porrota leporatu ondoren, bere txanda dela adieraziko du. Madrilgo Kongresuan Estatutu berriaz egin zuen defentsak sinesgarritasun maila bat eman zion euskal herritar askoren artean. Baina langa han du, ez beherago.

Iragarriko duena aurrera eramateko, halaber, denbora beharko du, azken legealdi bat, alegia. Eta denak adierazten duenaren arabera, bere alderdiak behar du, ez bakarrik maila horretako liderrik ez duelako, barne mailako kontsentsu bidean pieza garrantzitsua ere badelako. Izatekotan Ibarretxek berak izan ditzake zalantzak, joan den legealdian ozen adierazi baitzuen gatazka politiko bortitza bideratu ezean, hurrengo belaunaldiak hartu beharko lukeela lekukoa.

Edozein eratan, Madrilek estu hartzen du Gasteiz, Donostian joan den Igandean izandako istiluek hori erakusten dute. Demokrazia eta zuzenbide estatuaren ikuspegitik nekez onar liteke Amnistiaren Aldeko

Mugimenduak deitutako manifestazio hori debekatzea. Madrilek egiten du legea, baina legeak era desberdinean jar daitezke indarrean, beste askotan egiten den moduan. Eta legearen gainetik salto ere egin daiteke batzuetan. Nola egingo da bada, bestela, Espainiako legediak debekatzen duen kontsulta ospetsua? Edo zuzenean edo zeharka haren gainetik jauzi eginez, bestela jai, betirako gainera.

EUSKARAREN Institutua sortu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak, CDNko Carlos Perez-Nievas sailburuaren eskutik. Zaila da irudi urrats batetik haratagoko zerbaiten sinestea, baina posible ere bada. Batetik, UPNk irudi malguagoa eskaintzeko asmoa bide du legealdi honetarako; bestetik, azken urteetan CDNk ukitu kritikoa agertu izan du Miguel Sanzen alderdiaren hizkuntz politikarekin. Zaila da aldaketa nabarmenetan sinestea, Euskararen Legea bera erreformatuta edo berau begi onenekin kudeatuta ere, UPNren urteetako Gobernuaren hizkuntz triskantzak konpontzeak bide luzea behar duelako.

Baina detaile txikiak ere interesgarriak dira. Iruñean zabaldu berri den Institutu batean, oraingo Hezkuntza sailak onartu egin du zuzendaritza taldean (bost pertsona) erdal ereduko bakar bat izatea eta ez bi, aurrekoak nahi zuen bezala. Pragmatismoa ere izan liteke, baina UPNkoek onartuko ez luketen pragmatismoa seguruenik. Detaile txiki asko daude egunerokotasunean, eta horietan laster ikusiko da Perez-Nievasen jarrera nolakoa den.

Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude