Urpeko ondare arkeologikoa

Iragana berreskuratzen

  • Galeoi handietatik familiarteko txalupetara, jatorri, kolore eta tamaina askotako itsasontziak pasa izan dira Euskal Herriko uretatik. Bertako porturen bat izan dute askok abiapuntu zein helmuga, beste askok une baterako geltoki besterik ez; eta izan dira itsaso zabalean ustekabeko bidaiaren amaiera garratza topatu dutenak ere. Arrazoi ugarik hondora dezakete ontzi bat eta ondoren, Kantauri Itsaso zakarra arduratzen da egur eta burdina pixkanaka hondar bihurtzeaz. Dena den, alga artean bada oraindik historiako kapitulu hauen testigantza ematen duen aztarna ugari.
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2007ko irailaren 16a
Urpekaria itsaspeko aztarnak ikertzen
Urpekari bat Orio IV ontziaren arrastoak ikertzenLuis Maria Naya

Portugaletetik (Bizkaia) atera zen Padosa belaontzi suediarra. 1878an eraiki zuten eta 60 metroko luzera eta 860 tonako pisua zuen. Ekaitz gogor batek astintzen zuen 1907ko abenduaren 14ko ilunabar hura. Haizearen zakartasunak oso zail egiten zuen olatu erraldoien artetik bide egitea eta Martin Björk kapitainak berehalako erabakiren bat hartu behar zuen, hamaika pertsonako tripulazioa ez bazuen arriskuan jarri nahi. Bide erdian Biarritzeko hondartzan aterbe hartzea erabaki zuen. Baina kapitainak ez zekien Saint Martin gaineko faroa aldatu zutela eta hondartzarantz zuzendu zenean, zorigaiztoko harkaitzezko labarra topatu zuen hondar xehea beharrean. Garai hartako argazki batean ageri denez –ikus ondoko irudiak–, hondartzatik bertatik ikusi zuten hainbat bizilagunek belaontzi dotorea, ur gainean mantentzeko borrokan, baina itsasoa hain zakarra izaki, natura erraz gailendu zen. Gau ilun hartan, tripulazioko hamaika gizonetatik lauk bizia galdu zuten eta orduz geroztik, herri lapurtarreko plaza batek Padosa izena darama gau hartan zendutakoen omenez.

Itsasontzi suediarra bezalako pasarteak ez dira gutxi izan Euskal Herriko kostaldearen historian. Duela 2000 urte baino gehiago, itsaso bidez ere iristen ziren erromatarrak euskal herrietara, eta bertako biztanleekin egindako harremanek, Lapurdum (Baiona), Oiasso (Irun-Bidasoa) eta Menosca (agian Zarautz) bezalako herriak sustatu zituzten. Lehen portu eta dikeak ordukoak dira, lurraren aberastasuna itsaso bidez ateratzeko eraikiak. Hurrengo mendeetan arrantza eta merkataritza indarra hartzen joan ziren Euskal Herrian eta ontzigintzak urte oparoak bizi izan zituen, batez ere XV. mendetik aurrera. Euskal itsasgizon asko itsasoan eta itsasoarentzat bizi zirela jakinik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ana Benitoren iritziz, “normala da hogei mendeko jarduera honek arrastoa utzi izana nola itsas azpian, hala lur lehorrean ere, adibidez portuetako estruktura zaharretan”.

Duela 35 urte konturatu zen Manu Izagirre urpeko ondarea zaintzeak duen garrantziaz. Lanbidez Ondare Historikoko teknikaria da Gipuzkoako Foru Aldundian, baina aldi berean, urpeko ondarea ikertzeaz arduratzen den INSUB elkarteko sortzaileetako bat ere bada. “Itsasoa jende askoren eskura egon izan da eta hortik datorkigu hemen hainbeste ontzi mota egotearena. Ontzi horiek noizbait hondoratu eta bertan uzten dira”, dio Izagirrek. Diru gehiagorekin urpean askoz ere aurkikuntza gehiago egingo liratekeela uste du.

INSUB eta Aranzadi Zientzia Elkarteak dira Euskal Herriko urpeko ondarea gehien ikertu dutenak. Aurkikuntza kopuruari dagokionez, bi taldeak ados daude gunerik aberatsenak Gipuzkoan daudela: Hondarribiako Higer lurmuturra, Donostiako badia, Orioko itsasadarra eta Getaria ingurua. Kostaldeko gune ezberdinen ikuskatzeak antolatzen dituzte, pixkanaka ikertutako eremua zabalduz, baina gehienetan aurkikuntzak ustekabean egiten dira. 1945. urtean esaterako, Marichu baporearen azpiak Donostiako badian zerbait jo zuen. Jabea urpera jaitsi zen ea zer zen ikustera eta bere harridurarako, zenbait kanoi aurkitu zituen.

Hala ere, Ana Benitoren hitzetan, “egia da Gipuzkoan aurkitu izan direla aztarnarik gehienak, baina hori, nagusiki Gipuzkoan ibili izan garelako da. Ziur nago hemendik aurrera beste probintzietan ere aurkikuntza gehiago egingo ditugula”.

Hain zuzen, aurkitutako ontzirik zaharrena Gernikan (Bizkaia) topatua da, XV. mendearen bigarren erdikoa. 1998an, itsasadarraren kanalizazioan konponketa lan batzuk egiten ari zirela, makina batek aurkitu zuen. Mineral eta lurrez estalirik zegoen lurpean lau metroko sakoneran eta aurkikuntza egin zuen makinak zati bat birrindu zion ustekabean. Indusketa lanak aurrera eramateko, dike bat eraiki zuten eta ikerketa eremua lehorrean utzi zuten. Ikerketek ez dute argitu ea gainean zituen mineral horiek bere zamaren parte ziren, edo denboraren eraginez korronteak ekarritakoak.

Honez gain, Getarian aurkitutako urka flandestarrak aipamen berezia merezi duela uste du Ana Benitok: “Getariako Udal Artxiboetan dokumentazio lana egiten ibili ginen, baina Lehenengo Karlistaldian erre egin zutenez, hainbat hutsune zituen. Horrek bultzatuta, Madrilgo Ontzi Museora eta Simancaseko Artxibo Orokorrera joan ginen agiri bila”. Dokumentazio lana egin ostean, 1992tik aurrera dena egiaztatzeko aukera izan zuten, egin zituzten indusketa kanpainetan hainbat aurkikuntza egin baitzituzten. “Zerbait azpimarratu behar banu, XVI. mendearen hasierako urka flandestarra aipatuko nuke, arkeologiaren ikuspuntutik ikaragarria izan zen gure uretan hori aurkitzea”.

Lapurretak buruhauste

Gure hondartzetan surfa indarra hartzen ari zen unean, ez ziren oraindik gehiegi urpeko jantziarekin eta hegatsak oinetan olatuen azpian ibiltzeko zaletasuna zutenak. Orain hogeita hamar urte, inor gutxik zuen aire konprimatuko botilarik etxean eta jarduera hau aparteko gauza zela esan daiteke. Egungo egoera oso bestelakoa da ordea, eta urpekariak edo urpekaritza ikastaroak oso ohikoak dira. Arrazoi hori medio uste du Izagirrek bere garaian aurkitu zituzten gauzak ez lituzketela egun aurkituko. “Jende asko ibiltzen da ur azpian eta zerbait aurkitzen dutenean, zer den ere jakin gabe, hartu eta etxera eramaten dute oroigarri gisa”. Ana Benitok ere behar hori ikusi zuen Arantzadira sartu zenean: ordurarte aurkitua zena aztertu, eta batez ere, urpekariekin harremanetan jarri hauek beren kasara aurkitu zutena aztertzeko. “Uretatik ateratako materialaren parte handi bati argazkiak atera eta aztertu, marraztu eta katalogatzea lortu nuen”, dio donostiarrak.

Ia eremu guztietan bezala, urpeko arkeologian ere eragina du aurrerapen teknologikoak. Orain arte ikerketak gizakia iristen den lekura mugatzen ziren, 50 metro sakon, gutxi gorabehera. Orain, aire konprimatuko botilek bere garaian ekarritako iraultza atzean geratzen hasiko da laster, urpekontzi robotizatuak eskaintzen dituzten enpresen eraginez. Hala ere, oraindik garestiegiak dira zerbitzu hauek ikerketa talde gehienentzat. “50 metrotik behera, itsasoa ez da hainbeste mugitzen eta hor, egunen batean gauza asko izango da aztertzeko. Zeresana izango dute urpekontzi robotizatuek, baina egun, garestiegiak dira zerbitzuok guretzat”, dio Manu Izagirrek.

UNESCOk, 2001 urtean Parisen hitzartutako agirian, “larriki kezkatua” dagoela dio urpeko ondare kulturala jasaten ari den esplotazio komertziala dela eta, “bereziki, hau saltzea, lortzea edo elkartrukatzea helburu duten jarduera batzuengatik.” Izagirre ere kezkatzen dute altxor bilatzaile bezala ezagutzen diren enpresek, baina hauei lan egiten uzten dieten gobernuek ere erantzukizun osoa dutela dio. “Gaizki dago pentsatzea enpresa horiek direla gaiztoak eta gainontzeko guztiak zintzoak; nonbait barkuren bat dagoela jakinez gero, kontrol bat eraman behar du estatuak, eta askotan, dirua tarteko izaten denez, ez du eramaten”.

“Barkuak: nire pasioa izan dira, eta oraindik ere badira; aurkitzen dugun itsasontzi bakoitzak ilusio handia egiten dit, bakoitza mundu bat da”. Hitz horiek Javier Mazpule Aranzadi Elkarteko kidearenak dira. “Nire aitak umetan Pasaiako portura eramaten ninduen itsasontziak atzera eta aurrera ikustera, hortik datorkit zaletasuna”. XX. mendeko hondoratzeez arduratzen da bereziki. “Askotan Erdi Aroko gauzen bila joaten gara gauzen bila, baina XX. mendea jada historiaren parte da, egungo gazteek ezagutu ez duten mundu bat”. Egin duen lanen bat nabarmentzekotan, Gulstav Trader merkatal ontzi daniarrarekin egindakoa aukeratuko luke. 1979ko abenduan motoreak huts egin eta Jaizkibelgo (Gipuzkoa) harkaitzak jo zituen. Zegoen lekura heltzeko zailtasunak medio, hor geratu zen barkua eta Aranzadiko kideak zortzi urte igaro zituen naturak barkua nola deusezten zuen aztertzen. “Kapitainaren giltzak eta baita zenbait telegrama ere berreskuratzea lortu nuen; egun, 3.000 tona zeramatzan barkuaren arrastorik ez dago, motorra ikus daiteke, baina nik badakidalako non dagoen, bestela ez da ikusi ere egiten”.

Egungo urpeko arkeologiaren egoera zertan hobe litekeen galdetuta, Aranzadiko Benito eta Mazpulek ez dute dudarik: “Gure ondarea biltzeko urrezko aukera baten aurrean gaude. Bost urte hauetan jada egurrezko azken barkuak urperatu edo birrindu egingo dituzte, baita portuetan dauden zenbait garabi zahar ere; berandu baino lehen berreskuratu behar ditugu”. Izagirrek, berriz, egungo legediari buruz hitz egin digu:. “Bakarrik gaude honetan, ea noizbait agintean daudenen interesa pizten den eta hau garaiz salbatzen dugun. Orion lau itsasontzi agertu dira eta gauza jakina da oraindik gehiago ere badaudela, baina ondare kulturaleko gune izendatzen ez den bitartean, denak daude arriskuan”. Lege zorrotzagoak eskatzen ditu donostiarrak.

Beren hastapenei buruz solasean, irribarrea ateratzen zaie hiruei eta esperientziak ematen duen segurtasunetik begiratzen dute denboran atzera. Lehen aldiz urpean sartu zirenetik, ordu asko igaro dituzte Izagirre, Benito eta Mazpulek olatu artean. Urte hauetan guztietan hamaika aurkikuntza eta ikerketa egin dituzte euskal kostaldean, eta oraindik ere urpean zain daudenak erreskatatzen jarraitzeko asmo irmoekin dabiltza. Arkeologia historikoan aditu, urpeko historialariak dei dakieke, alga artetik gure historiako pasarteak ur azalera ateratzeaz arduratzen baitira.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude