Darfur

Hiltzear diren 10.000 haur Europara

  • Hiltzen ari dira Darfur eskualdeko (Sudan) haurrak. Haur ez direnak ere bai, jakina, baina L’Arche de Zoé Gobernuz Kanpoko Erakunde frantziarrak bost urte azpiko 10.000 haur salbatu nahi ditu Europara, Kanadara eta Amerikako Estatu Batuetara eramanez.

    2007ko martxoan UNICEF eta tankerako hainbat erakundek idatzia zuten: Darfurreko gatazka medio urtebetean 812.855 haur hiltzeko arriskuan dira. Gatazkak bi milioitik gora haurri eragin die eta lau milioitik gora sudandarri. 812.855 horietatik L’Arche de Zoék hamar mila salbatu nahi ditu, Nazioarteko Legedian oinarrituz. Hamar milakoak zifra lotsagarria dirudi beste zifraren ondoan, baina milaka haur Sudanetik atera eta Europa eta Amerikara eramatea “abentura” izugarria izango da: nola atera handik? eta nola sartu Frantzian? Haur bahiketagatik hogei urteko kartzela zigorra jaso dezakete L’Arche de Zoé erakundeko kideek.
Onintza Irureta Azkune @oirureta
2007ko uztailaren 29a
Haur batzuk oihalpean
ECHO / Ivo Freijsen
Komeni aurrera egin aurretik L’Arche de Zoé erakundea zer den azaltzea. Erakunde sortu berria da, 2004ko tsunamiak kaltetutakoak laguntzera Indonesiako Banda Aceh-ra joandakoan. Zoé boluntario bati besoetan hil zitzaion neskatoaren izena da.

L’Arche de Zoén bildu ziren bestelako erakundetatik –Mugarik Gabeko Medikuak, Gurutze Gorria...– ateratako hainbat kide. Ez ziren gustura erakunde horietan. Estatuen diru-laguntzak zituzten eta beraz, eskuak lotuta. Adibide bat ematearren: Indonesian bost izarreko hoteletan egiten zuten lo GKEetako kideek. Sudanen beste hainbeste gertatzen zaie, Khartum hiriburuko hoteletan hartu dute ostatu eta ezin dute behar den bezala ezta nahi duten bezala lan egin. Hori bai, Sudango agintarientzat diru iturri biziki interesgarriak dira. Erakunde horietako hainbat kritikok elkartu eta L’Arche de Zoé sortu zuten. Frantsesek sortu dute erakundea, ez daukate soldatapeko langilerik, ez dute diru-laguntzarik eskatzen, fundazioek eta partikularrek laguntzen diete. Beraz, eskuak libre nahi duten –edo ahal duten– moduan lan egiteko.

L’Arche de Zoék beste GKE askoren laguntza du, baina proiektu humanitarioa ez dute begi onez ikusi instituzioek, eta Frantziako Gobernuaren onespenik ere ez du. Erakundeak garbi dauka ordea; Nazio Batuen Erakundeak 2003tik Darfurreko gatazkarentzat 15 erresoluzio egin ditu. 2008ko urtarriletik operazio eraginkorra jarriko omen dute abian. Ordurako hamar mila haur hilko direla dio L’Arche de Zoék. Ez dira zain egongo.

Europara ekarri... eta berriz Sudanera?

Helburu nagusia bat da: haurrak ez daitezela gosez eta egarriz hil, ezta hiltzaileen eskuetan erori ere. Darfurreko kanpamentuetan bildurik dira milaka eta milaka haur –zahar eta emakume askorekin batera–. Europara ekarri nahi dituzten haurrak umezurtzak dira; batzuk bortxatu dituzten ama gazteen haurrak dira eta aurreiritzi kultural eta erlijiosoengatik haur horiek utzi egin dituzte. Beste batzuei familia osoa erail diete. Gainerako haurren gurasoek seme-alaba zaharrenekin ihes egin dute, ahulenak, txikienak utzita.

Bertako tribu eta herrietako agintariek baiezkoa emana dute. Ez dute baliabiderik haur horiek bizirik mantentzeko eta L’Arche de Zoéri baimena eman diote haurrak Darfurretik ateratzeko. Agintari horiek bilduko dituzte haurrak eta bakoitzari buruz duten informazio guztia bilduko dute. Ondoren, L’Arche de Zoé erakundeko kideek lan latza egin beharko dute: Europarako bidaia luzerako osasun egoera onena dutenak aukeratu. Asmoa, ametsa, 10.000 ateratzea abuztutik aurrera. Nola? Ez digute xehetasunik eman nahi, kontrako asko baita. Pentsa abuztuan Frantziara iristea lortzen dutela. Zer esango du gobernuak?

Darfurrera itzuliko al ditu gosetutako eta gerrak traumatizatutako haur txikiak? Horixe eskatzen du L’Arche de Zoék, hedabideek indar ematea gai honi, jakin dezala Frantzia osoak eta Europak milaka haur datozela bizia salbatzera. Zein ausartuko da haurrak Sudanera itzultzen? Erakundeak lehenengo gauza horixe egingo du, haurrentzako asiloa eskatu.

300 familiatik gora haurrak hartzeko prest

Handik haurrak ateratzea ez da erraza izango, baina L’Arche de Zoéko kideak jo eta su ari dira harrera prestatzen. Lehen pausoa eta garrantzitsuena –behin eta berriz azpimarratu digute erakundeko kideek– haurrei bizia salbatzea da. Bigarren pausoa litzateke haurrei familia berriak Europan eta Amerikan aurkitzea. Oraingoz haurrak salbatzeko kanpaina Frantzian zabaldu dute. Azken bilkuretan, Parisen 150 familia eta Montpelierren 100 bildu ziren lehen txandako 250 haur babesteko intentzioz. Horien artean dira Ipar Euskal Herriko bost familia –Hegoaldean ez da zabaldu erakunde frantziarraren proiektua–. Kanpainaren hasieran Frantziako adopzio sare ofizialean haurrak eskatuak zituzten familiei luzatu zieten deia, ustez, adopziorako ondo prestatutako familiak. Jakina, L’Arche de Zoéren deiari erantzun dioten familia horiek Frantziako Gobernuaren adopzio sare ofizialean daude eta gobernuak esana du erakunde horren ekintza ez dela adopzio ekintza, ekintza humanitarioa baizik.

Frantziako adopzio sare ofizialetik kanpoko familiak ere hasi dira eskaerak egiten eta baita haurrik hartuko ez dutenak laguntzen ere. Adoptatu, ala besterik ezean, familiek beren ardurapean hartzen baldin badituzte, bost urte azpiko haurrak artatu egin beharko dira, sendagilearengana eta psikologoarengana eraman, etxean egokitu... Era berean, borroka administratiboa bideratuko dute Frantziako Gobernuarekiko, umeak Frantzian gera daitezen, Gizarte Zerbitzuak erabil ahal izateko, adoptatu ahal izateko... Horretarako, familiarren kolektiboa antolatzen ari dira, baita Euskal Herrian ere. Abokatu, mediku, psikologo eta familiarrek osatuko dute kolektiboa. Dagoeneko haur afrikarrei jarraipena egiten aditua den psikologo euskaldun batekin harremanetan dira, baita langile sozial batekin ere. Afrikar haurrekin esperientzia duen sendagile pediatra euskaldunaren bila dabiltza orain.

Aterako ote dituzte Sudango gerra horretatik haur gosetiak? Frantziara helduko ote dira? Frantziako Gobernua haurrak heriotza segurura itzultzen ausartuko al da? Politikariren batek, norberaren intereserako bada ere, erakundearen alde egingo ote du? L’Arche de Zoé erakundearen haurrak hartzeko eskaerari erantzun dion Maite Bergara lekornearrak (Lapurdi) dio ezin dela ezer egin gabe egon, ekintza humanitario ausarta, zuzena eta pozgarria dela eta L’Arche de Zoé bederen, ekintzetan ari dela eta ez hitzetan soilik.



L’Arche de Zoérekin harremanetan jarri nahi izanez gero: http://archedezoe.free.fr

Pello Zubiriak Net Hurbil atalean Darfurri buruz idatzitako bi artikulu dituzu sarean
: “Darfur genozidio baten geopolitika” (2007-03-01) http://www.argia.eus/argia-astekaria/2082

"John Garang Sudango gerrillaria geopolitikan igeri" (2005-02-20): http://www.argia.eus/argia-astekaria/1980
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-01-23 | ARGIA
Ahate ekoizle intsumituek elkartasun deia egin dute, ELBri isuna ordaintzen laguntzeko

2017ko udaberrian hegaztien gripearen kontrako kanpainan Frantziako gobernuak milaka ahate hiltzeko agindua eman zuenean, Ipar Euskal Herriko lau baserrik ELB sindikatuaren laguntzarekin aurre egin zioten eta herritar askoren mobilizazioari esker kriaxera arrazako hegaztiok salbatu ziren. ELBk nozitu du, ordea, zigorra: abenduan Paueko auzitegiak kondenatu zuen 5.000 euroko isuna gehi 2.071 euroko kalte ordainak pagatzera. Lau etxaldeen jabeek elkartasun deia egin dute.


2019-01-22 | ARGIA
Irungo Harrera Sareak migratzaileentzako zirkulazio librea eskatuko du urtarrilaren 26ko manifestazioan

26 larunbata, Irungo Ficoba eraikin paretik aterako da manifestazioa eta Hendaiako erretentzio zentroko komisaldegi aurrera joango da. Irungo udaletxe aurrean amaituko da manifestazioa.


2019-01-22 | ARGIA
Chrysallis Euskal Herria elkarteak ibilbide berria iragarriko du larunbateko jaian

Antolaketa modua, izena eta irudia aldatuko ditu transexualitate egoeran dauden adin txikiko gurasoen elkarteak. Aldaketon berri emateko jaia antolatu du Donostiako Principal Antzokian, urtarrilaren 26an.


2019-01-22
Napolitarrek itsasoan dauden migranteei zuzendutako eskutitzak
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Napoliko herritarrek itsasoan dauden migranteei zuzendutako eskutitzak jaso zituzten Fanpage.it hedabidean. Edukia ikusita, herritarrak jarri zituzten beren mezuak irakurtzen eta emaitza ondorengo bideoa da.

Itzulpena: Eneritz Arzallus


2019-01-22 | Aiaraldea.eus
Emakume bat larri zaurituta dago, Urduņan eraso matxista jasan eta gero

Urtarrilaren 15eko goizaldean izan zen erasoa. Ondorioz, leihotik bota zen emakumea, eta erietxean dago geroztik. Gizonezko erasotzailea atxilotu du Ertzaintzak, baina karguekin aske utzi dute. Ertzaintzak baieztatu duenez, "ez da istripua izan" eta indarkeria matxista egozten diote.


2019-01-22 | Axier Lopez
Kale borrokaren garaia da

Nola da posible, baina? Bolo-bolo dabil galdera, Andaluziako parlamentura VOX sartu zenetik 400.000 lagunen babesarekin. Hasieran, freaky-tzat hartutakoa, orain kezka orokorra omen: Amurrioko PPko zinegotzi eta parlamentari ohi batek sortutako alderdia.

 


2019-01-22 | ARGIA
Ostiralean banatuko ditugu 30. Argia Sariak

Ostiral arratsaldean banatuko dira Argia Sariak Usurbilgo Atxega jatetxean. Edizio berezia izango da aurtengoa, 100 urte bete baititu ARGIA aldizkariak.


2019-01-22 | Ane Zabala
San Frantziskon bueltaka, Bilbon edo Kalifornian

Segurtasunak ez du zerikusirik ez sarekada arrazistekin, ezta miaketa masiboekin ere. Halako jarrerekin pertsona batzuk kriminalizatu eta ingurua are gehiago degradatzen ari dira, komunitate jakin batzuk seinalatuz eta komunikabide konkretu batzuen laguntzaz beti.


2019-01-22 | Iņigo Igartua
170.000 euroko isuna Michelinentzat, langile baten heriotza eragin zuen segurtasun-neurri falta egotzita

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak “oso larritzat” jo ditu prebentziozko segurtasun-neurrien gabeziak. 2018ko abuztuan istripuz hil zen Antonio Miguel Parra langilearen heriotzaren erantzukizunak ere zehazteko daude.


Departamenduko Laborantza Ganbarako bozen inguruko eztabaida publikoa
MULTIMEDIA - solasaldia

Sei urtetarik egiten dira Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak. Laborariek, erretiratuak diren laborariek eta laborantzako egiturek beren ordezkariak hautatu behar dituzte. Euskal Irratiek eta Kanaldudek Ipar Euskal Herriko laborarien bi sindikatu nagusiak gomitatu dituzte eztabaida publikoan parte hartzeko: FDSEA/JA laborari gazten sindikataren izenean Patrick Etchegaray, Iban Pebet eta Sebastien Uthurriague, ELB/ELB gazte sindikatarendako Beñat Molimos, Dorothée... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude