Lrraldeetako gobernuak ere osatzen doaz apurka, Bizkaia eta Gipuzkoa izan dira lehenak eta Nafarroak eta Arabak hilaren bukaera aldera arte itxaron beharko dute. Arabakoa izango da seguruenik azkena, hilaren 26an egingo baita diputatu nagusia hautatzeko osoko bilkura. Jose Luis Bilbaok eta Markel Olanok aginte makila baino gehiago astindu beharko dute elkarrizketarena, eta bereziki gipuzkoarrak.
Olanok erakutsi du bere alderdian izan duela elkarrizketarako joera, barne mailan, komunikabideetan eta baita gizarte eragileekin ere. Orain gobernuan erakutsi beharko du jarrera horretan nola moldatzen den. Maila askotako erronkak izango ditu, baina esanguratsuenetakoak azpiegitura handiak izango dira. Zubietako erraustegiarenak jarraitzen du protagonismo nagusiarekin. Mankomunitateen esku utzi du gaia Olanok eta azken udal hauteskundeen ondoren, posible da udalak ordezkatzen dituzten erakunde hauek erraustegiaren aurkako jarrera izatea. San Markosekoan bederen hori da seguruenik gertatuko dena, eta hau da Zubietakoaren erantzule eta Gipuzkoako handiena.
Miguel Buen buruzagi sozialistak laster ekin dio Olano egurtzeari, erraustegia mankomunitateen esku uztea atzerakada handia litzatekeela adieraziz, eta kasurik onenean erreferenduma proposatu du bere alderdiaren jarrera berria erakutsiz. Biak ala biak lirateke balekoak eta duinak, eta Buenen proposamenak balioko luke oposizio maila handia duten beste proiektu erraldoi batzuetarako ere, esate baterako Abiadura Handiko Trenerako.
Erraustegiarekiko Olanoren hitzak ez dira seguruenik bere gustukoak ere, baina boterea eskuratzeak legealdi honetan duen salneurriaren erakusle dira. Ez dira ere El Diario Vasco-ren gustukoak, Olano bera ere gustukoa ez den bezala. Iragan igandean egindako elkarrizketa nahiko erasokorrean –politikan zilegi, ohiko eta beharrezkoak– bere agintaldiari buruzko galdera ia iraingarria egin zion Fernando Segura kazetariak lotsa handirik gabe: “Mugimendurako tarterik izango duzu edo GBBk esaten dizuna egitera mugatuko zara?”. Ezagun da Gipuzkoako egunkari garrantzitsuenak ez dituela begiko ez Olano, ez GBBn gaur egun agintzen dutenak.
Hauteskunde hauek joko politikoa zabalduko zutela antzeman zen hauteskundeen biharamunean eta lehenbiziko aztarnak antzematen ari dira jada.
Arabakoa are eta korapilatsuagoa aurreikusten da. PPk PSE-EEko Txarli Prieto jartzearen aldeko jarrera publikoa agertu du; beste kontua da sozialistek amuari beste lau urterako kosk egingo dioten. Alternatiba EAJrekin jardutea da, baina nor diputatu nagusi, Xabier Agirre jeltzalea ala Prieto? Hirukoa adierazi baino indartsuago dagoela erakutsiko luke 18 eserleku –PPk 15 ditu, PSE-EEk 14– lortuko lituzkeen EAJ-EA-EB-Aralarren akordioak. ANVren 4 botoak ez dira erabakigarriak oraingoan, baina gobernagarritasunerako esanguratsuak bai. PPk PSOE astindu duenarekin, Araban berriz popularrekin errepikatzea ez litzateke ulerterraza, are gutxiago Espainiako hauteskundeen kanpainaurrearen hasieran. Baina...
Nafarroan ere ez litzateke aise ulertuko PSNk Gobernua UPNren esku uztea. Are gutxiago, Jose Luis Rodriguez Zapaterok NaBairi buruz Kongresuan esan zituenekin, baina ate guztiak zabalik dira oraindik.
PSNk argi utzi du soka bukaeraraino oso gogor tenkatuko duela eta NaBaik ikusi beharko du noraino eusteko gai den.
Gobernuaren tentazioa handia da eta herritarrek eskatu duten aldaketarako ezinbestekoa, baina ez edozein preziotan, eta gobernu osaketari dagokionez, dagoeneko NaBai atzera egiteko maniobra margen gutxirekin geratu da. Bestela esanda, bere boto emaileek nekez ulertuko lukete hauteskundeen emaitzen ordezkaritza errespetatuko ez lukeen sailburuen banaketarik. NaBain jende askok pentsatzen du hortik beheragoko posizioak onartzea baino interesgarriagoa litzatekeela oposizioan sendotzen jarraitzea eta PSN berak sortutako egoeran usteltzen uztea. Zeren eta, sozialistek azkenean gobernua UPNren eskutan utziko balute, PSN barne zatiketa berri batetik oso gertu legoke.