Nafarroan korapilatu da negoziazio politikoa

  • Borroka armatua uzteko borondate eza leporatzen diote ETAri PSOEk eta EAJk. Ezker abertzaleak eduki politikorik gabeko negoziazio teknikoa egin nahi izana egotzi die sozialista eta jeltzaleei. Azaleratu den informazio desberdinen arabera, prozesua non korapilatu den aztertzeko saioa egin da ondorengo lerroetan.

    Euskal Herrian bizi den gatazka bortitza negoziazioz gainditzeko beste aukerarik izango da. Esperientziak hala dio eta Euskal Herriko herritarren gehiengoaren borondateak ere bai. Noiz, nola eta zer izango den hori beste kontu bat da.
"Ez dut bakea politikaren truke inoiz onartuko" dio Jose Luis Rodriguez Zapaterok ETAk su-etena hautsi ondorenean. Baina politikak bakea lortzen lagundu dezakeela ere behin eta berriz errepikatu du azken hilabeteetan. Esaldi bata eta bestearen artean dago negoziazioaren zirrikitua.

Zertan egin da baina huts hamalau hilabete hauetan ohiko harrian estropezu egiteko? Hasi da jadanik bertsioen dantza. Moncloako ikuspuntua joan den igandeko El Pais-ek aireratu zuen, ohiko Luis R. Aizpeolea kazetariaren eskutik. EAJk, PSEk eta Batasunak 2006ko azaroan egin zituzten bileretan PSEk eta EAJk atzera bota zuten Nafarroa eta EAEren harremanei buruz Batasunak egin zien proposamena. Honetan, Batasunak Hegoaldeko bi erkidego autonomoen arteko lankidetza erakundea eratzea proposatzen zien, bi urteren buruan ahalmen legegilea ere izango lukeena. Azaroaren 10ean etorri zen jeltzale eta sozialisten ezetza, beti ere R. Aizpeolearen esanetan.

Joan den igandean bertan, El Pais-en Patxo Unzuetak sinatutako iritzi artikuluan, aurreko bertsioa osatu zuen eta bi urtetan lankidetza erakunde hori EAE eta Nafarroaren arteko erkidego autonomoa bihurtuko zatekeen; 2010ean, halaber, autonomia berri honi buruzko erreferenduma egingo litzateke bi erkidegoetan eta Nafarroako sozialistek marko politiko berriaren aldeko jarrera defendatu beharko zuketen. Moncloako iturrien arabera, hor legoke porrotaren korapiloa.

Batasunak, PSOE eta EAJrekin egindako bilera ugariren berri eman du Gara-ren bidez, baina ez da edukiei buruzko halako zehaztasunarekin hitz egin. Hala ere, lurraldetasunaren gaiari behin eta berriro egin zaio erreferentzia, negoziazioaren korapilo nagusietakoa gai horren inguruan dagoela aditzera emanez. Besteak beste, abenduaren 30eko Barajaseko atentatuaren ondoren, eta negoziazioak berbultzatu nahian, Batasunak Iruñeko Adierazpenaren berri eman zion euskal gizarteari. Honetan, EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoak autonomi proiektu berean txertatzea proposatzen zuen, modu honetan gatazka bortitza gaindituz.
Erabaki historikoan, ENAMek onartzen zuen estatutu proposamen honek EAEko eta Nafarroako biztanleen onespena beharko lukeela, erdikidego bakoitzak bere aldetik bozkatuz. Publikoki bederen ez zen zehaztu prozesu hau nola bideratu behar zen.

Era batera ala bestera atonduta, El Pais-ek joan den igandean emandako bertsio horiek dantzan ibili dira euskal politikaren sukalde inguruetan, eta ikusgai dago Batasunak zer erantzungo duen. Orain arte, ezker abertzaleko alderdiaren esanetan, EAJk eta PSEk uko egin diote Iruñeko Adierazpenari, hau da, gatazka bortitzari amaiera ekarriko liokeen proposamenari.

Laburtuz, PSOEk eta EAJk, eduki politikoa duen negoziazioa inposatu nahi izana leporatu diote ezker abertzaleari, eta zehatzago esanda ETAri; hauen ustez, ETAk gainbegiratu ditu Batasunaren negoziazio saioak honi bere ikuspegia inposatuz.

Ezker abertzaleak, aldiz, negoziazio tekniko hutsa –bakea presoen truke– egin nahi izana bizkarreratu dio PSOEri, eta EAJri helburu horretan sozialisten ezinbesteko laguntzaile izatea. Joan den igandean, Pernando Barrena Batasuneko bozeramaileak argi zehaztu zuen hori Berria-n kaleratutako elkarrizketan.

Edukia eta metodologia

Elkarrizketa prozesu batean aldeen arteko konfiantza giroa eraikitzea ei da aurrera egiteko lehenbiziko baldintzetakoa eta hori posible egiteko edukia bezain garrantzitsua ei da adosten den metodologia. Hemen ere, su-etena hasi aurretik elkarrekin zehaztutako metodologiaren interpretazio propioa egin dute aldeek. 2004ko azaroan ENAMek Anoetan taularatu zuen eskema medio, negoziazio prozesuak bi kanal izango zituen: Espainiako Gobernuak eta ETAk errepresioak eta jarduera armatuak sortutako ondorioak bideratu beharko zituzten –presoak, biktimak...– eta gai politikoak alderdien artean konponduko lirateke, horretarako alderdien mahaia sortuz.

Ezker abertzalearen ustez, mahai biek denboran bateratsu joan behar zuten, eta PSOEren ahalegina etengabe izan da biak denboran ahalik eta gehien banatzea. Horren adibide garbiena 2006ko uda hasieran legoke, PSOEk –bere inguruko iturriek hala onartzen dute– presoei buruzko neurri zenbaitzuk prest zituen jada, baina ETAk alderdien mahaiaren eraketa lehenetsi zuen. Horrexegatik ekin ei zitzaion uda ostean PSE, Batasuna eta EAJren arteko elkarrizketa prozesuari.

PSOEren eta EAJren esanetan, ezker abertzaleak ez du Anoetako eskema onartu, ETAk negoziazio politikoa bere gain hartu duelako eta Batasunari negoziaziorako tarterik ez diolako utzi. Lehenbizi ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak gauzatu behar ziren eta ETAk borroka armatua utziko zuenaren seinale garbiak eman ondoren, orduan ekingo lioke alderdien mahaiak negoziazio politikoari. Negoziazio politikoa izan da, baina ez akordiorik. Borondatea, konfiantza, metodologia eta edukia, dena nahasten da azkenean halako negoziaketa prozesu batean.

Orain zer?

Hori da bolo-bolo dabilen galdera eta alde guztiek une gogorrak espero badituzte ere, gogortasun hori ETAk helduko dion jarduera moldearen arabera egongo bide da. Edo 2000.eko su-etenaren apurketaren ondorengo urteetako jardun odoltsuari ekingo dio, edo azken su-etenaren atariko hilketa gabeko jardunari? Balizko beste elkarrizketa prozesu bat ere horren arabera legoke. Jakina, hori 2008ko Espainiako hauteskunde orokorretan PSOE gailenduz gero, PPk Espainiako Gobernua hartuko balu hurrengo zikloa luze atzeratuko litzatekeelako.

Dagoeneko, argi ikusi diren lehenbiziko mugimenduak Espainiako Gobernuarenak izan dira: atxiloketak Frantzian, Iñaki de Juana berriz espetxeratzea eta Arnaldo Otegi ere kartzelan sartzea.

Eremu politikoan mugimenduak ez daude horren argi, baina PSOEk argi egiten du Ajuria Eneko Itunaren gisakoa berregitearen alde, eta horretarako ezinbesteko zaio EAJren laguntza.

Mapa politikoak ere izan du aldaketarik azken urteetan eta esanguratsuena Nafarroan gertatutakoa da. Bertan Nafarroa Bai koalizioak eskuratu du abertzaleen ordezkaritza nagusia eta berau prest dago PSN eta Ezker Batuarekin batera Nafarroako Gobernua hartzeko. EAE eta Nafarroako egoera desberdinak baietsi egin dira azken hauteskundeetan, eta asko dira pentsatzen dutenak ETAk su-etenaren apurketa erabakia zuela, baina berau gauzatzeko abagunea Nafarroan Gobernu berria eratzeko unearekin lotu duela.

Etsipena eta nekea azkar barreiatu dira berriz ere euskal gizartean. Gatazka politiko eta bortitzetik ateratzeko elkarrizketaren beharra ez dute gainditu alabaina. Ez baita beste biderik eta ikuspegi hori ere nagusi da.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude