Emakumeak borrokan
Idiazabalgo Euskara Plana

Herri euskalduna ez dago salbu

  • Idiazabalgo (Gipuzkoa) herritarren %80ak daki euskara. Herri askotan bezala, euskaraz aritu, gutxiago aritzen dira. Idiazabaldarrek ez dute ikusi nahi datozen urteetan euskararen erabilerak nola egiten duen behera. Datorrenari aurrea hartzeko plana prest dute.

    Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Ez zuen arrazoirik falta Artze zenak. Esaera makina bat aldiz entzuna dugun arren, euskaraz dakienak zoritxarrez, ez du beti euskaraz hitz egiten.
Maddi Soroa
2007ko maiatzaren 06a
Idizabaldar batzuk
Maddi Soroa
XXI. mende honetan euskara ikasteko zerbitzuak internet bidez eskaintzen dira, Argentinan eta Idahon euskal etxeak daude, Korrikak inoiz baino kilometro gehiago egin ditu... baina zerbaitek huts egiten du oraindik ere; euskara dakitenen kopurua eta erabilera kopuruak ez datoz bat. Hala gertatzen da Euskal Herriko hainbat txokotan eta baita Idiazabalen ere.
Idiazabal herri euskalduna dela ez du inork dudan jartzen. Soziolinguistika Klusterraren kale erabileraren neurketen emaitzei erreparatuz gero, ordea, ezagutza maila %80koa izan arren, erabilera %69koa da. Haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, %90. Heldu izatera iritsitakoan, ordea, %56ra jaisten da erabilera. Datozen urteetara begira, erabilerak beheranzko joera izango duela dio ikerketak. Hala, 2007an herritarren %60,1ak euskaraz hitz egiten badu ere, 2012rako %57,3ra jaitsiko litzateke erabilera Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera.

Antza, hiru punturen aldea ez da alde nabarmena. Arrasateko Emun aholkularitza enpresako teknikari Idoia Illarramendik azaldu duen moduan, ordea, “oso erraza da erabilpenak behera egitea, eta behin galdutakoa errekuperatzea oso zaila izaten da”. Egoera horren aurrean, euskararen erabilera normalizatzeko Euskara Plana jarri zuten abian 2003an, izan ere, zera dute buruan: “Haur eta gazteek euskaraz hitz egiten dute, baina helduek gutxiago, beraz, zer gertatuko da haur eta gazte horiek heldu izatera iristen direnean?”.

Helburu zehatz eta garbia du proiektu honek: euskaraz hitz egiteari eustea. Prebentzio politika eraginkorra abian jartzea izan da herritarren apustua, horrexek kezkatzen baititu Idiazabalgo herritarrak, “orain euskaraz hitz egiten da, baina zer gertatuko da hemendik urte batzuetara?”.

Idiazabaldarrek neurrira egindako plana

Idiazabalgo hainbat gizarte arlotako ordezkariek osaturiko mahaia adostu ondoren, Euskara Plana martxan jarri zen herrian. Helburu nagusia, 2006-2009 artean euskararen normalizazioa bultzatzea. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta Kontseiluaren Bai Euskarari plana hartu zituzten oinarri, egitasmo bateratua eginez. Herriko eragile ugarik hartu du parte egitasmo horretan eta herrirako plana, hau da, “oso pertsonalizatua” adostu dute. Eragileak honakoak izan dira: Guraso Elkartea, tabernariak, Udala, dendariak, Illati euskara elkartea, irratia, sozietateak, kirol elkartea eta alderdi politikoak. Herritarrek nahiago izan zuten plan orokorra aplikatu baino, herriko beharretara egokituko zen plana diseinatzea. Ondoren, Emun aholkularitza enpresa kontratatu zuten, Jarraipen Batzordearen bitartez, herritarrek markatutako ildoak gauzatzeko.

Egitasmo horrek herriko hainbat sektoretan ekintza planak jarri ditu abian, beti ere, herritarren lehentasunen arabera. Esate baterako, lan munduan, bai industrian eta baita merkataritzan ere, dokumentazioa, errotuluak eta telefono deiak euskaraz egiteko ekintza planak antolatu dituzte. Aisialdiari dagokionez, tabernetan eta kultur guneetan sumatzen den gaztelaniarako joera aldatu nahian dihardute. Bide bera jorratu dute familian, euskalduntze alfabetatzean eta administrazioan.

Azken batean, planak eguneroko bizitzan gaztelaniara jotzeko ohiturak apurka-apurka aldatu nahi ditu, euskarari eusteko eta etorkizunean euskararen erabilera bermatzeko. Aurten Euskara Planeko arduradunek herritarrengana iristeko komunikazio kanpaina bideratu dute. Beraz, hemendik aurrera Iep! lelopean ezagutuko dute idiazabaldarrek euskara plana. Kanpainak euskararen gabeziez ohartarazi nahi du herritarra eta, era berean, euskararekiko kontzientzia piztu.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude