“Helburuak, plan zehatzik ez badago, ez dira lortzen”

  • Eskolak Euskaldundu herri ekimenak martxoan amaitu zuen eskolak euskalduntzearen aldeko kanpaina, iaz hasitako bidean urrats bat gehiago eginez. “Garaia delako, bai eskolak euskalduntzeari” izan dute aurtengo leloa; Mari Karmen Urteaga ekimeneko bozeramalearen esanetan, euskal herritarren gehiengo zabalak egiten du aldarrikapen hori. Oraindik, baina, Euskal Herriko ikasleen heren bik euskaraz jakin gabe amaitzen derrigorrezko hezkuntza. Eta horren “errua” ez dute Nafarroak eta Iparraldeak bakarrik. EAEn ere asko baitago hobetzeko. Ezinbestean, Gasteizko Hezkuntza Sailak hizkuntza eredu sistema aldatzeko egindako azken proposamena izan dugu hizpide elkarrizketaren zati handi batean.
Mari Karmen Urteaga
Maddi Soroa

Has gaitezen egoeraz hitz egiten. “Eskolak ez du euskalduntzen” esaldi horren baitan zer errealitate dago? Zer datu dago?


2004an Eusko Jaurlaritzak egin zuen ikerketaren ondorioz, nahiko argi geratu zen, ereduen arabera egiten badugu sailkapena, A ereduak ez duela ikaslerik euskalduntzen, B ereduan ikasten duen herena euskalduntzen dela, eta D ereduan bi heren. Estrapolazioa eginez, ikusten da Euskal Herrian ikasleen gehiengoa euskaldundu gabe ateratzen dela gure eskoletatik. Horrek esan nahi du lan mundura euskaldundu gabe doazela, euskaldundu gabe gizarteratuko direla, eta horrez gain, zenbait kasutan euskara erabiltzeko aukera gutxi daukatenez, batzuek gaitasuna ere galduko dutela neurri handian. Beraz, eskolak ez du euskalduntzen, eta euskaldundu behar luke, herritar guztien eskubide delako, batetik, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, legeak ere horrela agintzen duelako. Duela 25 urteko Euskararen Legeak dio: derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasle guztiek menperatu behar dituzte bai euskara bai gaztelera. Gaztelerarekin hala gertatzen da leku guztietan, euskararekin ez ordea. Eta hori da eskatzen duguna. Ez legeak dioelako, ez dugu legea eskatzea betetzen, euskal herritarren eskubideak betetzea baizik. Eta gainera, helburua euskararen normalizazioa delako, gure herria berreuskalduntzea.

D ereduan denak euskalduntzen ez direla maiz entzun dugu azken urteotan, baina harritu egiten du oraindik. Edo beharbada ez hainbeste, sakoneko arrazoiei erreparatuz gero?


Alde batetik, eskola ezinbestekoa da euskalduntzeko. Eskualde askotan, bi guraso euskaldun ez duten ikasleek ez dute beste aukerarik, kalean ez bada entzuten... Ezinbestekoa da. Baina gero etxean erabat erdaraz bizi direnak, kalean euskaraz jarduteko aukerarik ez dutenak… Euskara maila murriztuan gelditzen da, eskola eremuan gelditzen delako alde batetik, eta bestetik eskolan hizkuntza erabat formala erabiltzen delako. Askotan, ikasleek ez dituzte eskolatik kanpo behar dituzten komunikazio baliabideak, jolasteko, adarra jotzeko, emozioak adierazteko. Horregatik, nahikoa adostasuna dago eskola garrantzitsua dela, hor baliabide nahikoa jarri behar direla, baina horrez gain politika integrala behar dela, eskolatik kanpokoa ere hartzen duena, eta oso garrantzitsuak eskolaz kanpoko jarduerak, askotan ez dira euskaraz izaten. Erakundeen arteko elkarlana garrantzitsua da; lurralde mailakoak, udaletxeak… Elkarlana behar da plan integrala osatzeko, eskola eta beste esparru guztiak bilduko lituzkeenak. Plan orokorra behar da, handinahia, eta baliabideak. Hau da, aurrekontu handia behar da.

Hego Euskal Herrian hizkuntza eredu sistema dago indarrean gaur egun. Zuen eskariak hori gainditzen duelakoan nago…


Bai, bai. Guk eskatzen duguna sistema oso bat da, murgiltze sistema osoa. Eta momentu honetan ikasleak euskalduntzen duen bakarra –eta ez ikasle guztiak- D eredu izenaz ezagun dena da. Orduan, horrelako sistema bat izan beharko luke, gutxienez D eredu indartu bat.

Oraingo sistema agortuta dagoela Eusko Jaurlaritzak ere esaten du…


Jaurlaritzak orain artekoari buruzko balorazio positiboa egin du, esanez asko aurreratu dela nahiz eta ez nahi adina, ikasle guztiak ez direlako euskaldundu. Gure balorazioa ez da positiboa, inondik inora. Bere garaian sistema hau ezarri zenean, adostasun politikoei erantzun zion gehiago, benetan euskara berreskurazteko plan bati baino. Eta adostu egin zen, bai, baina legeak esaten du ikasleek bi hizkuntzak menperatu behar dituztela eta ez da lortu, hain zuzen ere oinarriak jarri ziren bezala jarri zirelako, eredu horien arabera. Horrek euskararen berreskurapena oztopatu du. Hasieratik euskalduntzea izan balitz helburua, 25 urteotan aurrerapen handiak egongo ziratekeen. Eta ez litzateke ikasleen erdia, gutxi gorabehera, euskaldundu gabe egongo.

Gasteizko Hezkuntza Sailak martxoan egindako sistema berrirako proposamenari zer deritzozue?


Alde onak ikusten ditugu hor. Ikasle guztiek menperatu behar dituztela, beren ikasketak bukatzerakoan, bi hizkuntza ofizialak…

Hori lehen ere esaten zen ordea!


Horixe! Eta ez zen bete, beraz, helburuak, bitartekoak ez badaude, plan zehatz bat ez badago, ez dira lortzen. Kontua da helburu potoloak jarri direla, eta hor zehaztasunak falta direla. Adibidez, horrek zer aurrekontu izango duen. Honek guztiak diru asko behar du. Eta zer baliabide jarriko den. Hori dena zehaztu gabe egonik, ezin dugu esan oso proiektu ona dela. Azken batean, beraiek esaten dute garrantzitsua dela markoa adostea. Lehen ere adostu zen, baina adostasun horrek eragiten badu gauza askok aurrera ez egitera, guk ez dugu ontzat emango. Esaten da euskara irakas-hizkuntza izan dadila. Ongi. B ereduan ere hala zen ikasgai askotan, eta B ereduan ikasleen herena baino ez da euskaldundu. Beraz, zehaztu beharko litzateke zeintzuk diren gutxienez bete beharreko baldintzak. Jaurlaritzak, bestalde, ikastetxeen autonomia aipatzen du. Jakina, autonomia bai, baina beti ere gutxieneko baldintza horiek errespetatzen badira. Bestela, lehengo ereduen antzeko zerbait izan daiteke, benetan euskalduntzen ez duena.

Bestetik, irakaskuntzako etapa garrantzitsuak ez dira sartu proposamenean. Adibidez, 0-3 etapa. Oso zaila da, eta batez ere soziolinguistikoki euskaldunak ez diren eskualdeetan, 0-3 etapan eredu euskaldunetan egon ez diren ikasleak euskalduntzea. Guretzat oinarrizkoa da hori. Eta oso garrantzitsua da derrigorrezko hezkuntzaren ondoren zer gertatuko den jakitea ere: Batxilergoa, Lanbide Heziketa -momentu honetan erdal ereduen gotorlekua-, unibertsitatea... Gaur egun, ikasleen erdiak baino gehiagok aukeratzen dute euskaraz egitea selektibitatea, eta unibertsitateak horri erantzun beharko lioke. Proposamenak ez du zehazten ere zer egingo den irakaskuntzako langileekin. Aipatu egiten du asmo handiko aholkularitza metodologikoa, talde teknikoa edo…

Zer da hori?


Asmo handiko didaktika aholkularitza da izena. Oso ondo ematen du, eta beharko da bai, batez ere ahozkotasuna, hizkuntza ez formala eta abar bultzatu nahi baditugu. Baina zehaztu beharko da asmo handiko talde hori noraino iritsiko den, ikastetxe guztietara iritsiko den, nahikoa materiala prestatuko duen, nahikoa hezituko dituen irakasleak… Hor ere, zehaztasunik ez. Aipatzen dute, baita ere, koordinazioa, elkarlana, erakundeen artean. Baina plan espezifiko, zehatza eta intregrala ez bada egiten, hitzetan gelditzen da. “Bultzatuko dugu, bultzatuko dugu”, baina neurri zehatzik jartzen ez bada, ikusiko dugu lau urte pasa eta gerdin jarraituko dugula.

Ez da neurri zehatzik iragarri, orduan?


Ez. Esaten dute gero zehaztuko dutela, garrantzitsuena orain kontsentsua dela, markoa adostea.

Irakasleenak arazo potoloa ematen du…


Sare publikoan, irakasleen %80 euskaldunduta dago. EAEko datuen arabera, 1.677 irakaslek dauka PL0 hizkuntz eskakizuna –euskaraz ezer ez-, beste 1.358k PL1 –nola edo hala hitz egiteko gai dira-, eta 16.479k PL2. Benetan ikasleak euskaldunduko dituen sistema baten alde ari bagara, hemen asko dago euskalduntzeko. Guk diogu irakasle guztiek izan behar dutela gai bi hizkuntzetan lan egiteko, eta PL2koak dira bakarrak. Orduan, bai, arazo potoloa da. Alde batetik, euskaldundu gabe dauden irakasleak dauzkagu. Eta esan dezagun bide batez, gaur egun 329 eskolarik eman gabe dagoela hizkuntz eskakizuna ez edukitzeagatik.

Hori kopuruei dagokienez, baina kalitate aldetik ere euskara maila duinaren aldeko apustua egin behar da, Irakasle askok egin dute ahalegina, PL2 atera dute eta eskolak euskaraz ematen dituzte. Baina beste urrats bat egin behar da -egiten ari da baina…-, alegia, euskara maila hobetzea. Hor daude R-300 ikastaroak, eta benetan oso emaitza onak dituzte, baina irakasle ordezkoek ez dute ia aukerarik ikastaro horiek egiteko. %7 inguruko kupoa dute. Beraz, hor badaude 6.000tik gora irakasle, beren euskara hobetzeko aukerarik gabe. Batez ere beste irakasle horiek izango dira, adinagatik, etorkizuneko irakasleak, eta euskara maila duin hori bermatu beharko dute. Gehienak PL2koak dira, baina kontua da PL2 izateaz gain hobekuntzarako aukera izatea, R-300 horietara sarbidea. Hori alde batetik, irakasleei dagokienez. Bestalde, legeak berak esaten zuen euskal giroa bermatu behar zela. Nekez, atezainak, jangelako langileak… euskara ez badakite. Hori ere eskatzen dugu, langile guztiak euskalduntzea.

PL0 hizkuntz eskakizuna 1.637 irakaslek daukate. Pentsatzen dut hamaika arrazoi aldarrikatuko zutela beren burua ez euskalduntzeko: adina, nekea, gaitasun eza… Baina erresistentzia ideologikoak ere badaude, ondo dakigunez.


Bai

Eta zer indar daukate horiek, gehiengoa al da?


Zaila da zehaztea. Dena den, pentsatu nahi dut ahalegina egin duen jendea ere badagoela, dena ez dela erresistentzia ideologiko hori. Bestalde, 45 urtetik gorakoak salbuetsita daude, eta hori aldatzeko garaia ere bada, hainbat urte izan dituztelako beren burua euskalduntzeko.

Baina beste muturrean egongo dira ere benetan ikasi ezin dutenak, eginahalak egin arren…


Egongo dira benetan saiatu direnak ez dakigu zehatz. Hara, gu prest gaude irtenbideak bilatzeko.

EAEz aritu gara luze. Nafarroan, Iparraldean, zer?


Egoera askoz ere latzagoa da noski. Hasteko, euskararen ofizialtasuna lurralde osoan lortzen hasi beharko genuke, eta horrekin batera administrazioek jarri egin beharko lituzkete legea betetzeko baliabideak. Hori izango litzateke lehenengo pausua. Baina nafar gobernuaren jarrera badakigu zein den: euskarari behin eta berriz oztopoak jarri. Eta Iparraldean ematen du aurrerapausu txikiak ematen ari direla, baina oso urruti benetan eman beharko liratekeenetatik.

Aldarrikapen horiek bete bitartean, hala ere –eta ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula-, benetako aurrerapausuak eman beharko dira ikasleak euskalduntzeari dagokionez, eta hor dagoen zirrikitu bakarra, uneon, D eredua dela ematen du. Hori indartzeko saiakerarik egin duzue, aipatu duzue zuen kanpainetan?


Bai, tira, D eredua edo… Eredu euskaldunak indartu, matrikulazio kanpainak bultzatu, mobilizazioak egin, jendearen kontzientzia indartu… Gu pozik gaude, batez ere Nafarroan jendeak agertu duen jarrerarekin, jende askok egin du euskararen aldeko apustua Nafarroan.

Irakasle batzuen erresistentzia ideologikoa aipatu dugu. Guraso askorena ere hor dago. Jaurlaritzak egindako proposamenaren aurrean nola jokatuko dute zenbaitek?


Jarrera ezkorra izango dute. Gurasoen aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen duten horiek halako jarrera izango dute. Espero dezagun kopuruari dagokionez oso indartsua ez izatea, euskararen berreskuratzearen aldera.

Gurasoak bakarrik ez. Euskalduntzen ez duten ereduen alde jokatzen dute alderdi politiko batzuek.


Hala da, bai.

Hainbeste azpimarratzen den kontsentsu hitzak, horiek ere “pozik“ eduki beharra esan nahi al du, zuen ustez?


Euskara suspertzearen alde ez dauden pertsonak egongo dira, modu ageriagoan edo ezkutuagoan, eta ez dute pisu politiko makala. Denok nahi dugu adostasuna, denok nahi dugu akordioa, bai horixe. Baina, euskararen egoera larria dela-eta euskara suspertzeko behar diren neurriak jarri behar dira. Parkaezina litzateke malgutasunaren malgutasunez irakaskuntza euskalduntzea huskerian gelditzea, ausardia faltagatik edota alderdi batzuen interesak lehenesteagatik.

Asko aipatu da Jaurlaritzak egindako proposamena malgua dela, aukera emango duela ikastetxe bakoitzak bere eredua bila dezan…


Gauza batzutarako ona iruditzen zaigu hori. Aztertu egoera soziolinguistikoa eta eskualdearen beharrak, egokitu metodologia… Alde horretatik ondo, beti ere helburua betetzeko, beti ere euskalduntzeko. Baina malgutasun hori dela-eta ez bada ziurtatzen helburua beteko dela, jakina, kasu horretan ez gatoz bat. Bete egin behar dira helburuak, helburuak ezin ditu norberak egokitu. Gutxienez bete beharreko baldintza batzuk jarri beharko lirateke.

Ez dira ipini ala?


Ez. Momentuz, B-2 gainditzeko gai izan behar dute ikasleek. Hau da, gaitasuna izan behar dute hitz egiteko, testu konplexuak ulertzeko. Guk uste dugu C-1 izan behar duela Batxilergoa bete ondorengo maila.

Bistan da Hezkuntza Sailaren proosamena kritika askotxo jasotzen ari dela. Beste bat ebaluazio sistemari dagokio…


Bai, hori garrantzitsua da. Ikasleen euskara maila DBH bukatu ondoren eta Lehen Hezkuntza bukatu ondoren neurtzea proposatu dute, urtez urte egin beharrean. Baina lehenengo ebaluazioa ez bada Lehen Hezkuntza amaitu arte egiten, oso zaila da neurri zuzentzaileak jartzea. Aipatzen dute tarteko diagnosiak egingo direla lehenago, Lehen Hezkuntzako laugarren mailan. Ikasleek ordurako badituzte hamar urte, eta gure ustez, lehenago egin beharko lirateke diagnosi eta ebaluazio horiek, benetako neurri zuzentzaileak jartzeko. Bestela, berandu izan daiteke.

Gure aldetik kito. Beste zeozer gehitu nahi baduzu…


Bi kontu aipatu nahi nituzke. Batetik, ikasle salbuetsiak daudela daude oraindik, euskara ikasi behar ez dutenak. Eta hori momentu honetan erabat onartezina da.

Zer irizpideren arabera erabakitzen da ikasle bat salbuetsia izatea?


Batzutan errezagi, ez dakit zer adinekin etorri delako. Ulertzen dugu Arabara mahats biltzera etortzen dena, hilabete baterako, salbuetsita egotea, baina Euskal Herrian gelditu behar den bat salbuetsia izatea ezin dugu onartu.

Eta bigarren kontua?


EAEko Euskararen Legeak, 2. artikuluan, esaten du magisteritza edo irakasle eskoletatik ateratzen diren irakasleek gai izan behar dutela eskolak bi hizkuntzetan emateko. Baina oraindik ateratzen dira euskaldundu gabeko irakasleak. 2004an atera zirenetatik, esaterako, 562k euskaraz zekiten, eta 333k ez. Hori ere bukatu egin behar da.

ASTEKARIA
2007ko apirilaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude