Alkurruntz, Amaiurko azken harresia

  • Izan zitekeen ibili baten kronika da hau; izan zenentz ez dakigun arren. Izan daitekeen txango baten deskripzoa ere bada. Amaiurko gaztelua, 1522 urtea. Egoera larria da. Gaztelako gudarosteak hurbil daude, oso hurbil; borrokaldia ekidinezina da. Nafarrak gutxi dira, oso gutxi, eta laguntza ezinbestekoa dute. Ezkutari gazte bat aukeratu dute harresiak defendatzeko gudari bila joan dadin. Atzeko atetik, harresien barruan ezer gutxirako balio duen zaldi baten gainean, ziztu bizian abiatzen da Otsondo mendatean gora Garazira ahalik eta azkarren ailegatzeko asmoz.

    Otsondoko mendateak (575 m.) Baztan eta Xaretako herriak banatzen ditu. Igoera latza da zaldi gainean egiteko ere. Gainera borrokaldiaren oihartzunak gogor astintzen du ezkutariaren burua. Ke usaina pagadietaz jabetzen hasia da.
Akurruntz
Josu Gaintza
Otsondoko gainera heldu aurretik, azkenaurreko bihurgunean, gazteak zaldia uztea erabaki du bidearen ezkerraldean ageri zaion lautada txiki batean; gaur egun aparkalekua dagoen lekuan hain zuzen. Handik, aurrez aurre hasten den bidea hartzen du, Etxalarren bukatzen dena, begietan Alkurruntzeko piramidea duela. Handik ezin hobeto ikusiko du Amaiurren gertatzen ari dena. Bideari jarraituz bost minutuz gutxi gorabehera, ezkerretara, tontorretik zuzenean jaisten den gandorra harrapatu, eta bide zehatzik gabeko igoera hasten da, inoiz gandorretik banandu barik. Belarrezko bide honek ez du atsedenik ematen, igoera zuzena baita.

Bi menhir eder

Aldapa gogorraren erdialdera edo, ordeka txiki bat aurkitzen du, Artzubieta izenekoa. Zorua harriz beteta dago, harrobi baten antzeko irudia emanez. Erdi erdian bi menhir eder agertzen dira, bata bestearen ondoan. Euretako bat pixka bat makurtua du pasatako urteen zamak. Bi harri luzeok antzinako artzaintza denboraren testigu dira. Ezkutariak berriro heltzen dio atsedenik gabe tontorreraino eramango duen aldatsari. Azkeneko metroak harlauza zabal batzuk igarota egingo ditu, tontorrera zuzen abiatzen den gandorretik pixka bat ezkerretara joaz. Egun euritsua izan ezkero oraindik ezkerrerago egin beharko zukeen, oso erraza baita harlauzetan irrist egitea bustita daudelarik.

Alkurruntz kaxkotik Amaiurra so

Eta han da ezkutaria, Alkurruntzeko tontorrean zutik Amaiurko gaztelua, eta herria, oinetan duela. Bihotzean zirrara hotz bat sentitzen du. Hogei mila erasotzaile gaztelar, berrehun nafarrek defendatzen duten harresi txikia txikitu guran. Begiak altxatuz, galdu berri duten lurraldeak bere burua betetzen du. Ekialdean Amaiur, eta honen gainean Gorramendi eta Gorramakil, eskuinera jarraituz Baztango lurrak, hegoalderaino; euren atzean Saioa, Iruñerako norabidean. Iparraldean, Xareta eskualdea, Urdazubi eta Ainhoa. Ezkerrerago Mendibil eta Atxuri gailurrak, eta horien gibelean kukututa Zugarramurdi eta Sara. Mendebaldean Etxalarreko gainak, Larrun zorrotza eta atzean Donibane, Biarritz eta Kantauri itsasoa. Urrunago Bidasoa eta Gipuzkoako lurrak, Aiako Harria agerian delarik. Begiak malkoz beterik hegoaldera abiatzen ditu pausu geldoak. Sigi-saga egiten duen bidea hartuta, eta etxola batzuk atzean utziaz, Zueta lepora ailegatzen da (810 m.). Alkurruntz eskuinetik zeharkatuz Iparraldera jotzen duen bidea hartu baino lehen, oso gertu eta zuzen irabazten den Betarteko Harrien tontorrera (825 m.) abiatzen da gero. Lehenagoko ikuspegi bera duen arren, Amaiurtik gertuago dagoenez, gatazkaren azkeneko taupadak ikusteko parada izango du ezkutari gazteak. Handik ikusiko du nafarren nahitaezko errendizioa, gaztelarren traizioaren atariko.

Behin Zueta Lepora iritsita erabaki bat hartu behar du. Amaiurrera zuzen jaisten den bideari atxiki, ondo markatutako seinaleak erakusten dion moduan, ala Alkurruntzeko maldak eskuinetik inguratzen dituen bideari jarraituz, zaldia utzi duen lekura esfortzurik gabe heldu, zaldia hartu, eta iparraldera joan, desterrura.

Bigarren aukera hartu eta bide zabala jarraitu baino ez du egin behar. Pixkanaka altuera galduz ia gehienean bide zelaian egingo du aurrera. Batzuetan basotxoak zeharkatzen ditu Otsondorako bidea topatu arte, eta horri jarraituz laster da zaldiaren ondoan. Amaiurko norabidean begiratu eta bihotza hunkiturik, zotinka, bere sentimendua kantatzen du lau haizetara:

Alkurruntzeko gainetik
Artzubietako harrien artetik
irrintzi sakona ta mindua
Amaiurreko azken boluntarioei
bihotzeraino zuzen zuzendua darie.

Alkurruntzeko maldak eta harriak
Artzubietako zutabe zaharrak
antzinako arbasoek jarriak
orain pairatu behar garai zakarrak.

Azkenak
2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Eguneraketa berriak daude