«PSNk bezala, Batasunak ere bere jarrera argitu behar du»

  • Iruñea, 1979. 15 urterekin hasi zen Elkarrin. Zizur Nagusiko zinegotzia eta Batzarreko kidea da. Nafarroako 36ko Gerrako fusilatuen eta desagertuen elkarteko bozeramailea, bestalde. Gai hau hizpide Andaluzian (Malaga) hitzaldia eman ondoren solastu gara Ezeolazarekin. Egun horietan ere Nafarroako presidente Miguel Sanzek andaluziarrek langabeziako fabrika bat osatzen dutela esan zuen: “Pertsonekiko eta andaluziarrekiko errespetu falta erakutsi du Sanzek. UPNren sosegu eskasa ageri da, Nafarroan aldaketa gauzatu daitekeen urduritasun seinale”.
     
    Ioseba Ezeolazaren ustez, UPN-CDN oposiziora pasa liteke Zizur Nagusiko udalean: “Oposizioa elkarrekin aritu gara lau urtez. Transbertsalitatea landu dugu, tentsio eta barne kritikak izan dira, baina ondo moldatu gara. Bakoitzak bere alorra ezagutzen du eta zer landu behar duen ere bai”. Nafarroako Parlamentuan ere, oposizioko alderdien lanaren poderioz, aldaketa eman litekeela interpretatu dugu geuk.
Ioseba Ezeolaza
Josu Santesteban



UPN-CDNren taldeak gobernatu du Zizur Nagusian. Egiguzu legealdiaren balorazioa Batzarreren izenean.


Batzarre Fernandez de Garaialde alkate ohiaren ildoan aritu da. UPN-CDNk (7+2 zinegotzi ditu) gehiengo osoa du eta ezkerreko oposizioak 8. Gobernuaren kontsentsu jarrera handiagoa espero genuen, baina Luis Maria Iriarte alkatearen politika egundo entzun gabea da, oposizioko udal taldeekiko errespetu gabea. Esaterako: 2004an euskararen ordenantza aurkeztu genuen eta 2006ra arte eztabaidatu gabe izan zen. 2003an, berriz, argi kutsadurari buruzko beste ordenantza bat, eta urte luze joan zen aztertu gabe. Hiritarren parte-hartzea bermatzeko eskutitza aurkeztu dugu orain eta erantzunik ez. UPN-CDNren politika oposizioa ukatzea da.

PSNk 3 zinegotzi ditu, NEBk bi eta EA, Aralar eta Batzarrek bana. Zer moduz moldatu zarete oposizioko taldeak?


Lan ona egin dugu oro har. Herritarrak aurrekontuen parte hartzaile izatea lortu dugu. Ideologia eta lan molde diferenteak ditugu, baina sintonia onean ari gara. Diru kontuetan nahiz gobernuaren erabaki politiko okerren gainean lan ona egin dugu. Ez beti, jakina. Batzuetan, gobernuak proposamenak “lapurtu” dizkigu frustrazioa sorraraziz. Zizur Nagusia berezia da, populazio gaztea du: 15.000 biztanle ditu, 250 haur jaiotzen dira urtean. Haur politikan arazoak dira, 0-3ko haurren eskolatzean bereziki. Gobernuak ez du deus berririk egin arloan, baina oposizioa bat gatoz: 0-3 plataformaren aldeko sinadura gehiena (1.000 sinadura) Zizur Nagusian bildu da.


1986an sortu zen Batzarre. Nola agertuko zenuke berau?


Hauteskunde-talde bezala orduan sortu zen, Batzarre lehenagotik dator ordea: mugimendu antifrankistan, sindikalean, feministan eta auzo elkarteetan aritutako jendez osatu zen Batzarre. Kideak autogestioan arituak eta borrokatuak dira, beren buruarekin exigentzia handiko jendeak. Batzarrek zintzotasun pertsonala eta pentsaera onestua ekarri ditu politikara. Halaber, Euskal Herriko sentimendu nazionalen gatazka ulertzeko mugakide lana egin du gizarte euskal-nafarrean, era bateratuan. Batzarrek gizartearen bi ertzak ezagutuak izan daitezen zubi-lana egin du, elkarbizitzaren espazio bakarra osatzen ahalegintzen da, eta ezkerrean eman beharreko aldaketak planteatzen ditu.

Batzarren baina, aldaketak ere izan dira eta zatiketak, dakigunez.


Euskal Herritarrok-en (2000 urtean) porrotaren ondoren haustura eman zen bereziki. Baina, ez zen porrota harengatik soilik gertatu, ezta funtsik gabe ere. 1996 aldean, ETA kargu publikoak hiltzen hasi zenean, Batzarre barne auto-aldaketa prozesua eta berritze ideologikoa gauzatzen hasi zen. Sektore batzuek eutsi egin nahi zioten lehengoko jarrerari –kuantitatiboki gutxi baina kualitatiboki adierazgarriak zirenek–, gehiengoak ordea ontzia biratzea erabaki zuen. Batzarre ez da eratu modu zurrun batez, botere guneen bitartez, beraz, hausturak ez dira gaindiezinak izan. Bi gauzek karakterizatzen dute Batzarre gaur egun: garapen ideologikoa eta belaunaldi ordezkapena.


Zer ekarri du Batzarrek Na-Bai-ra?


Batzarrek mestizajea sartu du Na-Bai-n. Guk ez dugu Na-Bai koalizio nazionalista bakarrik izatea nahi, sozialki nahiz hauteskundeei begira ezker aldeko koalizio erakargarria bihurtu nahi dugu, Na-Bai ezkerrera zabaldu eta antolakuntza mistoan saia dadin nahi dugu, independenteen parte-hartzea eta alderdi politikoen arteko elkarlana sustatuz.

Nola ulertu behar da, ezkerrekoa izanda, Batzarre klasearteko koalizioan aritzea?


Batzarrek ez ditu egun iraganeko kategoriak erabiltzen, frankismo garaiko hainbat paradigmek ez dute balio orain. Gaur egun, gizarte eta klase politikoan aritzeko, bestelako kategoriak erabili behar dira. Batzarrek edukiaren garrantzia baloratzen du, eta zentzu horretan, gure ideiak Na-Bai-ko batzorde gehienetan lantzen eta eragiten ari dira eguneroko lanetan. Na-Bai-ren boto emailea ezkerrekoa da batez ere, inkestek eta emaitzek horrela diote. Na-Bai ezkerreko koalizioa da programa ideologikoa eta edukia ere halaxe delako. Nazionalismoari dagokionez ez horrenbeste, baina ezkerreko baloreei dagokionean Batzarre Na-Bai-n eroso sentitzen da. Beraz, galdera beste batzuei egin behar zaie.

Zerrendetan ondo ordezkatuak zarete?


Ez ginen gustura gelditu, baina emaitzak onartu ditugu. Parlamenturako zerrendaburuak independentea izan behar zuen gure ustez, hautagaia modu kontsentsuatuago batez izendatua Na-Bai-ren sentimenduak hobeto ordezkatzeko. Ez zen horrela egin baina ontzat eman dugu, Patxi Zabaletarekiko errespetu osoz. Oso lan ona egiten ari da. Oro har, zerrendak egitean kritikoak izan ginen 2003ko hauteskundeen emaitzak erreferente bezala hartu zirelako. Ondo zen hura kontuan hartzea, baina irizpide zuzentzaile batzuk ere behar ziren: Batasuna legez kanpo egoteak hauteskundeak eta emaitzak ere bereziak bihurtu zituzten. Esaterako, Iruñeko Udalerako zerrenda ez da Batzarrerentzat egokiena. Gure ordezkaria, Txema Mauleon, seigarrenean doa. Bigarren mailako kritikak dira, baina hobe azaltzea. Dena den, Iruñeko Udalean Uxue Barkos independentea hautagai hagitz egokia iruditzen zaigu.

Gobernu aldaketa nahi duzue, Batzarrek konkretuki zertarako?


Diferentzia sozialak borrokatzeko, ongizate maila denontzako lortzeko: gazteriaren lan prekarietatea, adineko pertsonen nahiz etorkinen arazoak konpontzeko. Gizarte nafarraren %12a baino gehiago pobrezian bizi da, nafar gizartea aberatsa dela esan ohi da, ordea. Aldatzeko alderdi abertzaleen aldaketa eta PSNren aldaketa eman behar dira bereziki: “Nire identitatea hemengoa da eta bestea kanpokoa” diotenen jarrera baztertuz. Identitateen arteko konfrontazioa gainditu behar da. Nortasun espainola legitimoa da, baita baskista ere Nafarroan. Biek identitate nafarra biltzen dute, gehiengoa dena eta denok errespetatu beharrekoa. Kontzepzio politiko berria gauzatu behar dugu, hori izan baita Nafarroako politikaren porrota 30 urteotan.

PSN eta Fernando Puras hautagaia aldaketa posiblearen parte izaki, zer iritzi duzu haietaz?


PSNri euskal izaera Nafarroan normalizatzea eskatzen diogu. Puras hautagaia da, baina PSNren zerrendak ez dira onenak aldaketarako. Hautagai asko sozialista zentristen interesen aldekoak dira, UPNrekin ondo konpontzeko joera dute. Puras “UPN Gobernutik kanporatzeko itun bat izanen da” esatera menturatzen da edo “ez dugu inorekin paktatuko PSNk gehiengoa lortuko duelako”. Azken hau bere fantasia izan daiteke, baina ez da erreala. Politika erreala oposizioko alderdien arteko transbertsalitatea lantzea da, ezkerren artean konfiantza lortzea. PSNk eskuinarekin agertzen eta desagertzen duen sasi-aliantza horrekin hautsi behar du; Nafarroako elkarbizitzari eta aniztasunari ondorio txarrak ekarri dizkiona bide batez. PSNk bere jarrera argitu behar du.

Nola nahi zenuke Batasuna hauteskundeetan egotea?


Batasuna egotea nahitaezko eta beharrezkoa da, bere ausentzia anormaltasun demokratikoaren seinalea da eta horrek ez du errazten elkarbizitza ezta ideien eztabaida lasaia ere.

Zer iritzi duzu Batasunaren Anaitasuneko proposamen berriaz.


Ez dakigu Otegiren erreflexioa edo Batasunaren baseena den. Otegik La Vanguardian errealismo soziala aipatu zuen eta gero Anaitasuneko mitinean “Nafarroa gabe ezer ez” esan du. Bi aipuak kontraesankorrak dira. “Nafarroa errespetatzen dugu, baina Nafarroa gabe inora ez”, dio. Nafarroa nora joan nafarrok erabakiko dugu, ordea. PSNk bezala, Batasunak ere bere jarrera argitu behar du.

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude