«Ez gara politikan sartzen, baina euskaldunak gara Madrilen»

  • Pedro Aranburu 1965ean heldu zen Madrilera, banketxeko lanera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jaiotakoak biltzen zituen kongregazioa baino ez zuen izan aterpe Espainiako hiriburuan. Euskal etxe baten antzekorik ez. Bera bezala banketxeetan ari ziren euskaldunekin bildu eta euskal etxearen asmoa gauzatzea hartu zuen gogoan, seme-alaben euskaltasuna segurtatu nahirik. Hamaika ahalegin eta endredo eta gero, Madrilgo euskal etxea errealitate erakargarria da aspaldi diputatuen kongresutik bertara. Pedro Aranburu izan du alma mater.
Pedro Aranburu
Dani Blanco

Zuen euskal etxearen web gunean irakurri dudanez, XVIII. mendeaz gero eragin handiko euskal kolonia izan da Madrilen. Joan den mendean, are eta indar handiago izan dute euskaldunek hemen.


Ez da gezurra. Goi mailako jendearen ondoan ageri dira euskaldunen izenak Madrilen; aristokraziaren ondoan, esan nahi dut. Bertako jauregi izenak ikusi besterik ez dago. Garai hartako euskaldunetako batzuek ez zuten gaztelaniaz ondo jakingo, baina tira!

XX. mendean, berriz, euskaldunak arlo guztietan nabarmendu ziren: bankan, finantzan, komertzioan, eraikuntzan, arkitekturan, industrian, garraioan, politika eta administrazioan, kirolean, antzerkia eta zineman, pintura eta musikan, literatur sorkuntzan, unibertsitatean… Baita Madrilgo metroan ere!…


Otamenditarrak! Donostiarrak oker ez banago… Begira, hartu telefono aurkibidea. Horixe aztertu besterik ez duzu. Hogeita hamabi Aranburu ginen bertan, garai batean. Euskaldunak asko gara Madrilen, asko! Batzuk, hona etorri eta gauzak ondo atera zaizkielako. “Ni orain atzera baserrira? Ez horixe”, esan eta bertan geratu dira. Beste batzuk, beste erremediorik eduki ez dutelako.

Zein da zure kasua?


Ni burtsara etorri nintzen, lanera. Orain dela hogeita hamar urte baino gehiago, 1965ean. Garai onean, industria gora ari zen, eta mugimendua! Horrela egin dut bizimodua hemen, eta horrela hasi nintzen euskal etxea sortzeko beharraz jabetzen. Izan ere, etorri eta ezer ez zegoen. “Euskal etxerik ez dagoela? Zer edo zer egin behar diagu bada!”. Eta horrela hasi ginen, batzuk eta besteak, kolore bateko eta besteko euskaldunak. Gero, Txoko Zar elkartea ere sortu genuen.

Lege zaharreko elkartea, Txoko Zar hori.


Gizonezkoentzat da bakarrik. Urtean bi edo hiru aldiz bai, sartzen dira gure andreak. Orduan, txantxa egiten dugu oraindik: “Datorren igandean ez da etorri behar. Andreen eguna da eta”. Txantxa artean, betiere.

Zu Madrila zinen garaian euskal etxerik ez, baina bazen nola-halako elkarte bat: Real Congregación de Naturales y Originarios de las tres Provincias Vascongadas (Hiru Euskal Probintzietan Jaiotakoen eta Jatorriz bertakoak direnen Erret Kongregazioa). Etxegarai kalean zuen egoitza, eta San Inazio elizaren jabe zen.


Aberatsak ziren kongregazioko gehienak. Bere burua goratzea zuten helburu, batez ere. Kongregazioa hirukoiztarren esku zegoen, hiru bat fraide besterik ez ziren han euskaldunak. Gerra ondoko kontuak dira, gerra ondoa aspaldi pasatua, baina fraide haiek beldurrez bizi ziren, ez zuten elkartea zabaltzeko asmorik. Guk aurrera egin nahi genuen gure euskal asmoarekin. “Kartzelara sartzen bagaituzte, sar gaitzatela, baina gure seme-alabak euskaldun hazteko lan egingo dugu!”. Igandeko meza euskaraz izan zedin ahalegindu ginen lehenengo. Kongregazioan, berriz, fraide euskaldunak handik beste nora edo nora bidali zituzten ordurako eta madrildar aristokraziako izen “handikoak” zeuden agintean… Bateko markesa eta besteko kondea…

Euskal jatorriko jauntxoak.


Euskal jatorria bost inporta zitzaien! Paretan paper batean erakusteko, horretarakoxe! Eta Euskal Herrira joaten zirenean, markes titulua erakutsi! Gu etorri ginenean San Inazio egunean haren martxa kantatu besterik ez zen euskaraz egiten. Urtean behin! 1965ean! Etorri ginenean, galdetu egin behar izan genuen: “Hau zeinen eliza da? Euskaldunena? Gurea da, orduan!”. Elkartu ginen bi-hiru, bilerak egin eta lanean hasi ginen. Ordurako, ikastolak irekitzen hasita zeuden Euskal Herrian. Hemen, euskaldun puruenak ere gaztelaniaz ikastera behartuta zeuden, bestela galduta zeuden eta. Izan zen bat, Dionisio zuen izena, txofer ona zelako zeukana lana. Baina ez zen udaltzainekin hitz egiteko gauza! Nola-hala komunikatzen zen baina “¿Por qué no habla usted cristiano?” (Zertan ez duk kristau eran hitz egiten?), eta horrelakoak aditu beharra izan zuen. Ez zioten maiz esango, baina gutxitan esanda ere nahikoa zen.

Bi-hiru lagun bildu eta lanean hasi zinetela diozu. Zertan, ordea?


Fraide haiek 50 urte baino gehiago zeramaten San Inazio elizan, euskaldunon jabegoa zen hartan, eta, badakizu, lurralde konkistatua zelakoan zeuden! Eliza beraientzat balitz bezala ari ziren. Ez zuten esaten beraiena zenik, baina hantxe sartuta fraideak! Eta nola aterarazi? Giltzarik izan ez genuen bitartean, beste elkarte bat sortu genuen, Hermandad de San Miguel (San Migelen Anaidia) izenekoa, eta gure euskal mezak, berriz, unibertsitate hirian egiten genituen.

Unibertsitate hirian?


Bai. Hogeita hamar bat ikasle eta hiru-lau bat familia elkartzen ginen han, igandero, euskarazko mezaren inguruan… Gu geure umeen geroaren alde ari ginen. Egun batean, kongregazioko batzar batean estatu kolpea jo genuen. Fraideei egindako lana estimatu, “eskerrak zuen lanarengatik, baina guk beste asmo bat daukagu” esan, eta San Inazio elizaren geroaz jabetu ginen. Zalaparta pixka bat izan zen, bateko agiri eta besteko erregistro… baina eliza euskaldunona izatea lortu genuen, gure euskal asmoen araberakoa.

Ordura arte ez bezala.


Horixe! Fraideek beldurra zuten eta ez zuten egiten. Besteek, honako markesak eta harako kondeak, interesik ez zuten ezer egiteko. Gu, berriz, Erromaraino jotzeko ere prest geunden! Behar zen lekura joango ginen! Prozesu luzea izan zen, baina lortu genuen behintzat. Orain ondo konpontzen gara denok. San Inazio eliza gurea da, euskaldunona. Fraideek, berriz, beste etxe bat egin zuten, aldamenean. Orduan ekarri genuen euskarazko meza unibertsitate hiritik San Inaziora. Hor gaituzu harrezkero.

Kapilau euskaldunak ere bazenituzten.


Canónigos Regulares Agustinos de Letran (Letrango Kanoniko Erregular Agustindarrak). Oñatikoak. Parrokia dute hemen. Andres Aranburu, Benantxio Aranguren... Horiek egiten zuten euskarazko meza, San Inazio elizan, euskaldunon elizan. Jabegoa ere erret kongregazio harena izan zen 1715etik hona.

75ean sortu zenuten anaidia, eta horixe izango zen gaur egungo euskal etxearen hazia. Anaidiko lagun denak euskal etxean eman zenuten izena…


Nahi zuenak nahi zuena egin zuen orduan. Batzuk elizan geratu ziren, beste batzuk euskal etxera etorri ginen. Libertate osoz hartu genuen erabakia. Hemen inor ez zen ibili Fraga Iribarne bezala aginduak ematen, “zuk hau egin behar duzu, eta zuk bestelako hau”. Ez zen horrelakorik izan…

Zuen umeen alde jardun zenutela esan diguzu: meza euskaraz lehenengo, euskal etxea gero, ekintza mordoa egiteko aukera ematen duen azpiegitura daukazue.


Asko egiten dugu, eta gehiago egin beharko genuke. Hainbeste euskaldun dago Madrilen, eta gehiago izango dira! Ingelesak bezala gara hemen, gera ezinak! Gainera, euskara modan jarri da. Alemanak ere euskara ikastera etortzen dira hona, euskal etxera; edo unibertsitatera joaten dira ikastera. Euskara, katakonbetatik zeruraino igo da. Horrelakorik ez da inoiz ezagutu.

3.000 bazkide baino gehiago ere izan zineten…


Euskaldunak asko ginen eta Madrilen! Eta, gainera, bilduta geunden! Madril txikia zen orduan. Gaur egun, hainbeste auzo eta hainbeste jende, zailago da biltzea, baina 65ean, etorri ginenean, erraza zen. Euskaldun asko hemen bertan ezkonduta bizi ziren, banketxeek bulegoak zabaldu zituzten hemen eta bertan ari ginen lanean… Jende asko. Gero, ETA etorri zenean hoztu egin zen pixka bat giro hori. Gu ez gara politikan sartzen, baina euskaldunak gara Madrilen…

Madrilen bihotz-bihotzean da euskal etxea. Aurrez aurre, Zarzuela antzokia duzue. Harrikada bide, Espainiako Gorteak: diputatuen kongresua. Pauso bat egin eta Puerta del Sol…


Etxe hau erosi genuenean ez geneukan dirurik eta aurrezki kutxara joan ginen. Hogeita bost milioi pezeta pagatu genituen, besterik ez. Kutxakoei esaten genien: “Begira, ez dugu espekulazio asmorik, baina etxea erosi, bertan bizitzen jarri eta negozioa egingo genuen!” Garbi ikusten genuen. Aukera aparta izan zen. Ordutik hona asko aldatu da egoera, jendeak ez luke sinetsiko. Gero, obra batzuk egin genituen, baina etxea ukitu gabe dago.

Zer giro dago zuen artean?


Nik uste gauza okerrenak ahaztu direla. Tentsio gogorrak izan ziren garai batean.

Zergatik?


ETAkoak zirela eta ez zirela. Edo, ETAkoak ez baziren, orroka ibiltzen zirenengatik: “Gora Euskadi Askatuta!” eta horrelakoak oihuka hemen. Guk euskaldunontzako etxea nahi genuen, denontzat, euskaraz eta euskaldunen aldekoa. Gero, nork bere pentsatzeko modua izango du, baina hori beste gauza bat da, aparte. Bandera espainolak erretzen zituztenean eta, hura denontzat zen kaltegarria. Aitzakia eman ez, behintzat! Azken finean, Madrilen bizi behar genuen!

Euskal etxe askotan ez dakit, baina batean baino gehiagotan izan da tentsio hori. AEBetako batzuk ezagutu ditut, eta Mexiko Hirikoa ere bai...


Nik Espainia aldeko euskal etxeak ezagutzen ditut. Uste dut gehienetan jendea konturatzen zela tanto gutxi geneuzkala eskuetan, eta sen onez jokatu behar genuela. Gure kasuan, gainera, Madrilen geundela eta gutxi ginela ere hartu behar zen kontuan.

Tentsioak baretu al dira?


Trankilago bizi gara alde horretatik, baina beti dago arriskua… Nik esango nuke, guk, euskaldunok, goxo-goxo saiatu behar dugula, ez ostikoka.

Horrela jardun al duzue zuek, “goxo-goxo”?


Ahalegina egin dugu. Euskal meza euskal meza zen, euskaraz. Ikasleekin biltzen ginenean, beste lekuetako estudianteei –asturiarrei eta–, ez zitzaien gustatzen gure bildu nahi hura. “Éstos no quieren ser de los nuestros, no quieren ser como nosotros”, (hauek ez dute gutarrak izan nahi, ez dute gu bezalakoak izan nahi) esaten zuten, kalean euskaraz kantatzen abiatzen ginenean eta.

Santa eskean ere irten ohi duzue euskal etxekoak. Harrigarria izango zen Madrilen…


Ez pentsa! Gaztelako kulturan ere badago ohitura hori, kalerik kale kantatzekoa alegia, eta hortaz, jendeak ikusten gintuenean ez zuen erabat gauza ezezaguna. Bestalde, orritxo bat ere banatzen genuen, Santa Ageda egunaren berri emanez, Euskal Herriko ohitura zela azalduz eta denei eguna zoriontzen geniela esanez. Horrelako gauza txiki baina, aldi berean, dotorea. Jendeak orritxoa irakurri eta “hauxe jende ondo hezia!” pentsatuko zuen. Guri ere komeni zitzaigun.

Zeuen buruak saltzea, irudia, alegia.


Beharko, beharko! Zeure burua ondo saldu ezik, akabo! Hori egiten ez baduzu galduta zaude! Saldu egin behar dugu euskaldunon izen ona! Gainera, gure kasuan, saltzekorik edukiko ez bagenu… Denak okerrak bagina… Hara, gure gainean esan diren gauza guztiak eta, gertatu direnak gertatu eta…

Atentatuez ari zara...


Bai, atentatuak eta, hildakoak eta… Bada, hala ere, ba al dakizu zer esaten diguten? “Euskaldunak zoragarriak zarete!”. Hala ere! Egia da atentaturen bat gertatu eta egoera ez dela erraza izaten. Hori gertatzen zenean, euskal etxetik irten poliki-poliki eta etxera. Bidean baten batekin geratu, zer edo zer hartu igual, baina besterik ez.

Madrilen Martxoaren 11ko atentatuen ondoren, inor ez omen zen euskal etxean. Beste asko bezala, zuek ere ETA ez izatea nahi zenuten, zeruari horixe eskatzen, errezatzen ari omen zinetela idatzi zuen egunkari jakin batek.


Errezatzen… Hori baten-baten esana da, bat-batekoa, ez besterik. Ni ez nago bonba eta horrelakoekin konforme, hortik ez goaz eta inora. Pausoak eman behar dira, eskubideak aldarrikatu, bakoitzak bereari eutsi eta bata bestearekin ondo konpondu. Horrela izan dadin ahalegina egin behintzat.

Zeuen buruak saltzeko ez duzue martingala makala asmatu: ohorezko bazkideak izendatzea, alajaina. Pablo Sorozabal, Barandiaran, Sukia kardinala, Caro Baroja, Jose Luis Pinillos, Haritschelar…


Bai. Euskal Herrian zera esaten da: “Sagardorik onena, gurea”. Eman dezagun, Astigarragakoa. Baina gu ez gara beti sagardoa edaten ari, baditugu bestelako gauza batzuk ere! Horregatik ohorezko bazkide horiek. Gogoratzen naiz Julio Caro Baroja, kopetilun etorri igual, eta esaten nion: “Don Julio, umore txar itxura duzu gaur!”. Eta berak ezer esan baino lehen, nik: “Jakina, oraintxe Beran egongo bazina…”. Eta irribarre egiten zuen.

Bizpahiru aldiz hots egin dut euskal etxe honetara zure galdera eginez eta hemen baino gehiago San Inazio elizan, euskaldunen elizan egoten zarela esan izan didate…


Jakina, bada! Ni ez naiz izan behar Franco bezala! Euskal etxeko presidente izan nintzela eta bertan betiko? Ez, ez, hori ez! Bidea utzi behar zaie atzetik datozenei.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude