Udalatx itzulia. Besaideko Mugarria

  • Amaitzera doa Gipuzkoa-Bizkaia mugan barrena osatzen aritu garen zeharkaldia; Debatik irten eta Eibarren amaitu zen lehenengo etapa, ondoren Elgetako mendi esanguratsuenak bisitatuz ibilbide zirkular paregabea marrazteko. Elgeta eta Intxorta gailur magikotik hurbil dagoen Kanpazarreko lepoan hasi eta bukatuko da hirugarren eta azken saioa. Merezi moduko amaiera emango zaio, gainera, zeharkaldiari; zein eta Udalatx (Udalaitz) gailur malkartsua, Besaideko hiru aurpegidun mugarritik igoaz. Izan ere Udalatx bera da, askoren ustez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia banatzeko naturak jarritako mugarria. Igoera handia hastera doa…
Durangaldeko mendiak eta Durangoko ibara, Udaletxeko azkeneko maldetatik. Besaideko monumentua ere antzematen da behean.
Gorka Azkarate
Ez dugu, oraingoan, kilometro asko ibili beharrik izango; dozena bat pasatxo baino ez. Lehenengo etapan hogeita bost eta bigarrenean hamazazpitik gora ibili ditugula kontuan hartuz. Hala ere, zeharkaldi guztian ez bezalako mendi malkartsu bat igotzea proposatzen da hirugarren eta azken txango honetan, Durangaldeko haitzetan lehena –edo azkena– den Udalatx, alegia. Arno, Kalamua, Azketa, Urko, Egoarbitza, Erdella eta Intxorta igo ditugu, besteak beste, aurreko jardunaldietan, baina kaxko horiek guztiek ezin diote, Udalatxeko edozein aurpegik egiten duen moduan, mendizaleari erronkarik jo. Jakina da Durangaldeko mendiak, oro har, malkartsuak direla oso, eta ez direla batere ailegaerrazak. Anboto, Alluitz, Untzillaitz edo Mugarrara joatea besterik ez dago hau egiaztatzeko. Udalatx ere, mendizerra guztia bezala, zeharo malkartsua da.
 
Kanpazarren hasiko dugu txangoa; jai egunetan, uda partean batez ere, jende ugari hurbildu ohi da Kanpazarreko lepoan dauden mahai eta erretegietara, hango pagadiaren abaroan bazkari legea egitera. Kanpoan bazkaldu nahi ez duenak, errepidearen albo batean dagoen ostatuko jakiak dastatzeko aukera ere badu. Gipuzkoa eta Bizkaia (Arrasate eta Elorrio) lotzen dituen GI-632 / BI-632 errepidea igarotzen da Kanpazar gainetik, eta bailara hauetan dagoen industri jarduera oparoak eraginda, auto eta kamioien igarobide garrantzitsu bilakatu da lepo hori azken hamarkadetan.
 
Gipuzkoako Birako margo ikur zuri gorriak topatu eta beraiek jarraituz osatuko dugu Besaiderainokoa. Bide zabala eta igoera gogorrik gabea da haserakoa; lasaia, giharrak poliki-poliki berotzen joateko aproposa. Sarritan, hori bai, lokaztua egon ohi da. Elorrioko haraneko ikuspegi panoramiko paregabeaz gozatu ahal izango dugu hastapeneko zati honetan, baita isurialde honetara amiltzen diren Udalatxen pareta bertikalen ikuspegiaz ere.
 
Bidean aurrera goazela, bidegurutze batera helduko gara; margo ikurrek ezkerrerantz jotzen dute, baina guk eskuineko bidexka hautatuko dugu, eta bizkor-bizkor Santa Luziako muinora iritsiko gara; bertan izen bereko ermita bisitatzeko asmoz. Muino estrategiko batean kokatzen da Santa Luzia ermita, artadi eder batek ia guztiz irentsirik daukan muino batean, hain zuzen. Ermitak aterpe moduko bat du hegalean, eguraldi txarrak ustekabean harrapatuz gero bertan gordetzeko aukera eskainiz. Artadi itxiaren baimenarekin, zirrikitu bat aurkitu eta Udalatx harri puskarantz zuzenduko dugu begirada. Ondoren, atzera bidegurutzera itzuliko gara Besaideko bidearekin berriz bat egin eta aurrera jarraitzeko.

Besaideko lepoa

Besaideko lepoa hurbil dugu dagoeneko; Udalatx inguratzen ari gara GR-121 bideari jarraiki eta gutxi falta da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako muga zehazten duen puntura heltzeko. Aurretik, Arrasateko Udala auzotik abiatu eta Udalatx zeharkatuz datorren bidearekin egingo dugu topo, iturri baten alboan. Hemendik oso gertu dagoen Besaideko monumentua bisitatu ondoren, puntu honetara itzuliko gara berriro Udalatxeko maldei aurre egiteko. Udala auzora eraman gaitzakeen bidea egon badagoela jakitea garrantzitsua da, aurrez egindako planak aldatu beharko balira-edo. Azken maldatxo bat igo eta mendian hildako mendizaleen oroimenez 1955. urtean eraikitako monolitora helduko gara: Besaideko muinoan gaude.
 
Besaideko gainetik, Durangaldeko mendien ikuspegi paregabeaz gozatuko dugu: Orisol, Izpizte, Tellamendi, Anboto, Alluitz, Aitz-txiki, Untzillaitz, Mugarra… Bestaldean Arrasate menderatzen duen Murugain ageri da eta, honen atzean, Aloña, Aizkorriko gailurreria, Orkatzategi, Amuategi, Mugarriluze, Elgeamendi, Kurutzeberri… Eta, nola ez, jarraian igoko dugun Udalatxeko hegi malkartsua. Besaideko monumentu biak bisitatu, atseden hartu eta eguneko igoera gogorrena hasten den lekura itzuliko gara.

Udalatx

Hortzak estutu eta pauso lasaiaz ekingo diogu Udalatx igotzeari; bostehun metroko igoera daukagu aurretik eta garrantzitsua da erritmo egokia aurkitzea haserako metroetan. Bidexka basoan barneratuko da, sigi-saga, eta harri pilatxo edo kairnak jarraituz egingo dugu gora, urrats bakoitzean mendiari metroak kenduz. Basotik irten eta Pozutxuetako lepoxkara helduko gara, harri pilatxo nabarmen batez seinalatua. Pozutxuetako igarobidera ailegatzen asmatzea bereziki garrantzitsua izango da isurialde honetatik jaitsi nahiko bagenu. Hemendik aurrera, Udalatxeko eremu basati eta malkartsuenean egingo dugu aurrera.
 
Mendizale trebatuenak, Udalatxeko gailurreria osoa egiten saia daitezke, Gaintxorta eta Erdikoatxa puntak igoz, Udalatxeko gailur nagusira heldu aurretik. Hemen proposatzen den ibilbideak, zeharkaldia egiten du, gailurreriako eremu arriskutsuenak saihestu eta igoera seguruagoa osatzen du. Bidexkak gora egingo du, edozein kasutan, atsedenik gabe, eta kosta egingo zaigu metroak irabaztea. Igo ahala, harriak ugaldu egingo dira bidean, eta kontu handiz eman beharko dugu pauso bakoitza. Udalatxeko koba begiz jota, bertara egingo dugu zuzenean. Koba hau Udalatxeko gailur nagusiaren erraietan dago, eta minutu gutxitan igoko gara kobatik gailurrera. Koban geldialditxoa egiteak ordea, merezi du benetan; dena esan behar bada, babesa da zulo hau koba baino gehiago, ez baitu sakonera handirik. Edonola ere aterpe egokia da eguraldiak txarrera eginez gero. Azken ahalegintxoa eta Udalatxeko gailurrera helduko gara. Ikuspegia ikaragarria da norabide guztietan, eta erraz ezagutuko dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mendi andana. Gailurrean dagoen orientazio mahaiari begira orduak pasa ahal dira, eguraldia lagun, norabide guztietara begira.

Kanpazarrera jaitsiera

Kanpazarreko lepora ematen duen isurialdean behera egin aurretik gailur nagusia baino beheraxeago dagoen gurutzera joko dugu. Gurutze hau Deba garaia menperatzen duen talaia paregabea da. Arrasate ageri da, nola ez, behean. Metro batzuk beherago, Udala auzora jaisten den bidea utzi eta ezkerreruntz egiten duen bidexkari lotuko gatzaizkio –margo ikur horiak–, Kanpazarrera jaitsi asmoz. Malda bortitzak beldur pixka bat sor dezake agian, horregatik patxada hartu eta kontu ibiltzea komeni da. Harri leuna eta lohia nahasten dira malda honetan askotan, eta arrisku handirik ez dagoen arren, laprast egin eta eroriko bat izateko aukerak izan badira. Galdu behintzat ez gara egingo bidea garbia da eta. Poliki-poliki metroak galduko ditugu, Kanpazarreko mendatetik gertu dagoen harrobia saihestuz, harik eta lepora heldu arte. Txangoaren azken metroak egiten ari garela ohartuko gara, zeharkaldi ederra amaitzera doan seinale. Oraindik, zorionez, asko dira ezagutzen ez ditugun gure mendiak; Kanpazarrera iritsi eta botak askatzeari ekin bezain laister, irudimena lagun, hurrengo zeharkaldia prestatzeari ekingo diogu.

Azkenak
2025-05-29 | Gedar
Cintruenigon, besoz beso mobilizatu dira Frente Obrero eta Vox

"Delinkuentziarik gabeko Cintruenigo" aldarrikatu dute, ohi bezala, pertsona migratuak kriminalizatuz.


2025-05-29 | Hala Bedi
Zahartzearen negozioa agerian utzi dute Gasteizen

Zaharren egoitzen negozioa salatzen duten iragarkiak jarri dituzte Gasteizko hainbat markesinatan. Iragarkiok "Gizarte Ondoezerako Foru Erakundea”-ren sinadura daramate.


Fusionatuko diren bi ikastetxeren proiektu berria argitzeko eta adosteko eskatu diote gurasoek Jaurlaritzari

Gasteizko Adurtza eta San Ignacio ikastetxeek fusionatuta hasiko dute datorren ikasturtea, baina eskola berriaren proiektua eta plangintza falta dutela salatu dute gurasoek, beraien ekarpenak noiz eta nola egin jakin nahi dutela. “Parte hartu nahi dugu, guretzat... [+]


Hamasen buruzagia hil du Israelek, Netanyahuk baieztatu duenez

Mohamed Sinwar Gazako Hamaseko burua hilik agertu da, Israelgo armadak Gazan egindako bonbardaketa batean. Hamasek oraindik ez du baieztatu Sinwarren heriotza.


2025-05-28 | Joan Mari Beloki
Istanbul II

Europako lau presidente gudazaleek (Emmanuel Macron, Keir Starmer, Friedrich Merz eta Donald Tusk), maiatzaren 10ean 30 egunetako su-etena exijitu zioten Vladimir Putini. Errusiako presidentearen erantzuna: “Maiatzaren 15ean has gaitezen bakea negoziatzen... [+]


Gutxienez zazpi migratzaile hil dira, Kanaria Uharteetan beren ontzia hondoratu eta gero

Kanaria Uharteetako El Hierro irlan gertatu da ezbeharra: itsasertzetik bost metrora zeudela eman du buelta ontziak. 160 pertsona inguru zihoazen ontzian.


Arabako Foru Aldundia zentral eolikoak inposatzeko “eskumenak inbaditzen” ari dela salatu du Aiaraldeko Mendiak Bizirikek

Herri plataformak adierazi du 'Mendi' zentral eolikoak Orozkon (Bizkaia) ere lurrak hartzen dituela eta plan bereziko onarpenerako aurretiko izapidea abiatzea agindu duela Arabako Foru Aldundiak.


Hiru palestinar hil ditu Israelek, laguntza humanitarioa banatzen ari zitzaien bitartean

Israelek AEBetako enpresa bati eman dio laguntza humanitarioa banatzeko ardura, eta NBEk salatu du laguntza banaketako irudiak “oso larriak” direla. Israelek defendatu egin du banaketa sistema. Jakinarazi dute asteazkenean ez dutela laguntza humanitariorik... [+]


2025-05-28 | ARGIA
Hiltzeko laguntza jasotzea baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanbleak

Eutanasia edo suizidio lagundua gisako hitzak nahita saihestuta, “hiltzeko laguntza aktiboa” baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak. Senatuaren oniritzia jasoz gero, 2027an sartuko litzateke indarrean legea, kasurik azkarrenean.


Energia eta telekomunikazio sistema “erresilientea” sortzeko, lankidetza abiatu dute Goienerrek eta Izarkomek

Bi kooperatibek euren arteko elkarlanean "urrats sendoagoak" emango dituztela iragarri dute, energia eta telekomunikazio sistema "erresiliente" bat sortzeko. Deia egin diete herritarrei Itzali sistema, piztu alternatibak manifestuarekin bat egin dezaten.


Erregeen sukaldaria eta sukaldarien erregea

Saint-Cloud (Frantzia), 1810eko apirilaren 1a. Napoleon enperadorea Maria Luisa Austriakoarekin ezkondu zen, eta eztei-tarta ikusgarria Marie-Antoine Carême (1784-1833) sukaldari ospetsuak egin zuen.  

Baina Carême gorteko luxuetatik urrun jaio zen, Pariseko... [+]


Eguneraketa berriak daude