Euskarazko komunikazioan sei sariak argituak

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2007ko otsailaren 04a
Eguzkiaren «epelean» -lorategiko azalore apaingarriek bezperatik urtu gabeko elur txapela zuten-, bazkalorduan gonbidatuak hurbiltzen hasi ziren koktelerako. Esperientzia handiena zutenek ezker-eskuin begiratzen zuten Argia Sariak jasoko zituztenak igarri nahian. Bateren bat asmatuko zuten, baina postrera arte itxaron beharko zuten denak jakiteko. Azpizuna piper eta ilarrekin jan orduko Kike Amonarriz sarietako aurkezleak Argiako zuzendari Xabier Letonari eman zion hitza. Egoera politikoari egin zion erreferentzia, euskal kulturaren ekosistema ahula mundu politikoan gertatzen denari estu lotua dagoela adieraziz. Kazetariaren lanbideaz eta euskarazko komunikabideen kontsumoaz aritu zen ondoren. Etxeko kontuez ez zen ahaztu eta bi gauza nabarmendu zituen. Batetik, joan den udako Boliviarako bidaia probestuz, Sareko Argian bideoak jarri izana. Bestetik, hain justu, Sareko Argiak hamar urte beteko dituela aurten.

Anton Mendizabal eskultorearen sei sariak mahai gainean zeuden eta bazkaltiarrak sariak merituak egin dituenaren eskuetan ikusteko zain. Bada, ez pentsa hain azkar argitu zirenik sariak, saritu ia denek hitzaldi luzeak eskaini zituzten, egindako merituak ondo azaldu nahian edo.

IKTeroek, hau da, Ordiziako Jakintza Ikastolako Maite Goñi eta Jokin Lacalle irakasleek eta Manu Olano zuzendariak, pozik hartu zuten Sareko Argia Saria. Prentsa idatziko saria Felix Ibargutxi kazetari legazpiarrak bihotzez eskertu zuen. Oarsoaldeko Euskara Batzordeko kideak gustura ziren, bere xumean, eskualde mailan egindako kanpaina saritu zutelako publizitate atalean. Telebista Saria jaso zutenekin, Nagore Aranburu eta Mikel Pagadizabalekin, barre pixka bat egiteko aukera izan genuen, Wazemank saioarekin egiten dugun bezala. Irratia Saria Nafarroa Behereko Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoa den eta oraindik esatari lanean ari den Jojo Bidartek jaso zuen. Eta aurten ere, Merezimenduzko Saria banatu du Argiak, merezi duenik badela uste duelako. 25 urte bete ditu iaz AEK-k argitaratzen duen Aizu! hilabetekariak eta Eñaut Mitxelena aldizkariko koordinatzaileak mende laurdenean lanean aritu diren 400 kolaboratzaileei eta euskara ikasten ahalegindu diren guztiei eskaini zien saria.

Urtero bezala, ondorengo postreak eta kafeak gizarte, politika eta kulturako jendea berriketa patxadatsura animatu zituzten.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: ARGIA Sariak

ARGIA Sariak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude