Inma Shara: «Askotan, ontzat eman behar dugu gizakiok musikaren aurrean dugun ahulezia»

  • Amurriokoa, 1972an jaioa. Inma Sharak urte eta lan asko eskaini dizkio musika ikasteari, Euskal Herrian eta atzerrian. Haren curriculumak ez dio gezurrik: “Harmonia, kontrapuntua... ikasketa horiek guztiak ditut eginak, konposizioa ere bai. Gainera, pianoa, biola, eta orkestra zuzendaria izateko beren-beregi ikasi beharrekoa”. Nola ez. Sharak bost urte darama orkestra-zuzendari, freelance edo, beraren hitzak hobestearren, “zuzendari gonbidatu” modura. Aurretik, eta beka batzuei esker, urte bi eman zituen munduko maisurik onenekin lanean, herrialde desberdinetan. Orduan hasi zen bidaiak egiten, eta harrezkeroztik ez da gelditu. Lanak prestatzeko, hala ere, Amurrioko etxeko lasaitasuna bilatzen du beti.

2007ko urtarrilaren 28an
Ez da erraza izan elkarrizketa hau egiteko une egokia aurkitzea, oso lanpetuta zabiltza eta. Oso ondo prestatzen dituzu kontzertuak, ezta?

Oso. Orkestra zuzentzeko ez da nahikoa keinu-teknika menperatzea. Horrez gain, zuzendariak bere egin behar du konpositorearen lana. Alegia, lanak norberaren taupadatik sortu behar dira, norberarenak izan behar dira Beethovenenak ez ezik. Prestakuntza prozesua, beraz, lana aztertuz hasten da, ikasiz, eta batez ere, zeure eginez, barneratuz. Horrek guztiak denbora luzea eskatzen du.

Hara, zuk partitura ikasten duzu, ezta?
Hala da.

Eta nola lortu, partituratik abiatuz, lana «zeure» egitea?
Testua, musika-testua alegia, badago idatzita. Orkestra zuzendariok lantzen duguna, batez ere, testu hori oratoria bihurtzeko modua da. Musikak hainbat parametro eskaintzen digu, haien bitartez guk bide bat ala bestea hauta dezagun, eta konpas bakoitzari bizia eman diezaiogun emozioen alorrean. Kixotea duzu, esaterako. Haren testua idatzita dago aldez aurretik, baina inflesioen, isiluneen, atsedenen... arabera, hau da, esaldi bakoitzaren inguruan dagoen poetikaren arabera, esaldi hori ederragoa izango da ala ez. Halaxe lantzen dugu geuk ere musika esaldia.

Zer bide egin zenuen orkestra zuzendaria izateko? Betidanik eduki duzu gurari hori?
Niretzat ez da lanbidea, bizimodua baizik. Orkestra zuzentzeko bizi naiz, ez dago niretzat orkestra baten indarraren aurrean egotea baino gauza zoragarriagorik. Zergatik orkestra? Artearen ikuspuntutik, tresneriarik konplexuena delako. Eta haren bitartez bideratzen dut neure gogoetaren fantasia.

Bizitzeko era da, beraz, musika zuretzat. Baina orkestra zuzentzea izan da betidaniko zure asmoa, edo musika ikasi ahala konturatu zinen horixe egin nahi zenuela?
Musikan bada gauza garrantzitsu bat: ezin daiteke inoiz eroso paratu. Kontzertu bakoitza izate biziduna da, sortu, hazi, eta hil egiten dena. Une horretan. Hurrengo egunean beste entzule batzuk izango dira, eta beste kontzertu bat. Atzo egindakoak ez du biharko balio, hortaz. Bestalde, pertsona modura hazi egiten zara, zeure burua aberasten duzu musikaren bidez. Ia hasieratik eduki nuen garbi orkestra zuzendaria izan nahi nuela. Musika maite dut ororen gainetik.

Musika tresnak ere jotzen dituzu...
Bai, osagarri modura ikasi nuen hori. Orkestra batekin lan egiteko ezagutu egin behar dituzu tresnak, hari tresnak batik bat. Haria baita, izan, oinarria, musikaren lastaira. Gehien agertzen den zatia da, eta gainera etengabe. Tresnekin lan egiteko, eta harizkoekin batez ere, haiek eskaintzen dituzten aukera guztiak ezagutu behar dira.

Beraz, asko jakin behar duzu jotzeko teknikaz?
Bai, hori garrantzitsua da. Bestetik, pianoa ere ikasi nuen, haren bidez musikaren arkitektura laburbildu dezakezulako, musika-hizkuntzaren arimaraino hel zaitezkeelako. Musikak bai baitu bere semantika. Ahozko hizkuntzarena baino abstraktuagoa agian, baina semantika zehatza azken batean. Eta pianoak lagundu egiten du arkitektura hori dezifratzen.

Jo egiten duzu partitura bat ikasten zabiltzan bitartean?
Gutxi, batez ere irakurri egiten dut.

Zuzendaria zaren heinean, zeuri dagokizu agintea. Zer nolako harremana eduki behar duzu orkestrako musikariekin?
Egia esan, orkestra familia handia da. Beti ahalegintzen naiz harekin harremana garatzen, ez arlo profesionalean bakarrik, baita afektibitate arloan ere, eta areago: psikologikoan ere bai. Zuzendariok musika lan baten bertsio bat ematen dugu, geurea, baina ez diogu sekula oztoporik jarri behar orkestrako musikari bakoitzaren arimari. Azken batean, nortasun artistiko desberdinak bateratu behar ditugu. Zuzendaria zati garrantzitsua da tresneria handi horretan, baina zati bat besterik ez. Garrantzitsuena ez da zuzendaria, ezta musikari jakin bat ere, osotasuna baizik. Nork bere egitekoa dauka, eta ez zaigu ahaztu behar garrantzitsuena entzuleak direla, eta protagonista nagusia, musika bera.

Hala ere, garbi geratu behar da zuk agintzen duzula? Zuzentzea agintzea da?
Nik ez nuke hala esango. Zuzentzea ekarpena egitea da, sentimenduak igortzea; musikariek zure gogoetaren fantasia gorpuztu dezatela lortu behar da. Hau da, fantasia horren bidez denok batean arnasa har dezagula. Hori da zoragarriena.

Eta orkestrako kideentzat, erraza al da zuzendariaren argibideei jarraitzea? Edo badira zuzendari «zailagoak»?
Kontzertu aurreko prestakuntzaz gain, begi-bistakoa da zuzendariak teknika argia eta zehatza behar duela. Hori da orkestrarekin komunikatzeko erabiltzen duen mintzaira. Eta teknika lausoa daukanak pedagogia arazoak edukiko ditu.

Zuzenean ari zarela, nola adierazten diozu orkestrari entzuten ari zarena ez duzula gustoko? Ez dakit inoiz gertatuko ote zitzaizun...
Batzutan gauzak etorri bezala onartu behar dira. Orkestra giza-taldea da, gizakiak gara, eta ez gaude beti onena emateko moduan, mila arrazoirengatik: biran gaudelako, bidaia luzeak egiten ditugulako, nekatuta gaudelako. Askotan, ontzat eman behar dugu gizakiok musikaren aurrean dugun ahulezia. Erabat eskuzabala izaten naiz horri dagokionez, musikarenganako begirunea eta maitasuna dagoen bitartean eta norberak daukan onena ematen duen bitartean.

Musika klasikoak gero eta entzule gutxiago eta gero eta adituagoak ditu?
Ez, eta nire joera, gainera, guztiz aurkakoa da: gero eta entzule gehiagorengana iristea nahi dut. Elitismoa baztertu behar dugu guztiz, ez gu ez entzuleak ez baikara ezer musikarik gabe. Musika guztientzat da, eta ez da harengana hurbiltzeko beldurrik eduki behar. Askok esaten dute: «Ez dut musika klasikoa ulertzen». Parka, baina zuk ez duzu musika klasikoa ulertu behar. Jatetxe batera zoaz eta gustatu egiten zaizu han jaten duzuna, baina ez dakizu hura prestatzen. Musikarekin berdin gertatzen da. Ausart zaitez jakia dastatzen, ez baituzu ulertu beharrik, sentitu baizik.
Bere izena aldatu zuen emakumezkoa
Elkarrizketa bukaeran, zeharkako gai bi aipatu dizkiogu Inma Sharari. Bataz, egiazki, ez diogu galdetu ere egin, aski argibide eman baita honezkero; Sharari buruzko zerbait argitaratu den bakoitzean, hain zuzen. Munduaren aurrean agertzeko hautatu duen goitizenaz ari gara. Inmaculada Saratxaga izaki sortzez, deitura horrekin primeran moldatzen zen «etxean» zebileno. Nazioarteko mugak gainditu ahala, berriz, euskal fonetika zenbait mingainentzat desegokia datekeela erabaki zuen -edo erabakiarazi zioten-, eta haren ordez Shara nazioartekoagoa, «neutroagoa», aukeratu zuen. Inma Shara Amurriokoa da, baina berdin izan zitekeen Jordaniakoa, esate baterako.

Bestalde, hemerotekak arakatzen dituen edonor konturatuko da Inma Sharaz idatzi den bakoitzean, edo ia, haren emakumezkotasuna izan dela nabarmendu den lehenengo gauza, edo lehenengoetarikoa. «Ohartuko zinen orain arte ez dizugula galdetu zu emakume izatearekin zerikusia duen ezertaz» esan diogu. «Eta eskertzen dizuet», erantzun hark. «Hala ere -jarraitu du- ez nau gogaitzen hori azpimarratzeak, ulertu egiten dut nolabait berezi bihurtzen nauen zerbait dela. Onartuta daukat hori. Baina oso argi daukat Brahmsek, Beethovenek edo Txaikovskik ez zutela adierazi zein pertsona motak zuzendu behar zituen beren lanak. Gizonezkoa edo emakumezkoa izan, arraza batekoa edo bestekoa... axaleko kontuak dira, garrantzitsuena musikaren arima da, eta pertsona modura dugun onena ematea».

«Musika heziketari ez zaio oraindik behar adinako balioa aitortzen gurean»
Maiz joaten zara Europa erdialdera, alegia, musika klasikoak indar eta ospe gehien daukaten herrialdeetara. Ezin konparazioari ihes egin...
Pragan, esaterako sumatu egiten da badela benetako kultura bat musikaren inguruan, entzuleek musikarenganako erabateko begirunea daukatela; musika beraien bizitzen osagaietako bat da. Hemen, dena dela, loraldia ematen ari da, eta entzun-aretoak zabaltzen ari dira. Hor ditugu Kursaal, Euskalduna... Europa osoan bekaitza eragiten duten musika-azpiegiturak, musika erromantikoari dagokionez batez ere. Nire ustez, aurrerapauso handiak egiten ari gara; gure bizitzetan duen garrantzia aitortzen hasi gatzaizkio musikari. Eta hori azpimarratzekoa da, nik beti esan baitut musikak, gure arimari bakea eman ez ezik, hezi egiten gaituela. Musikak memoria garatzen, talde baten barruan jarduten, entzuten... laguntzen die umeei. Jendaurrean tresna bat jotzen duen umeak ez du, gerora, jendaurrean hitz egiteko beldurrik izango. Egia da musika-heziketari ez zaiola oraindik behar adinako balioa aitortzen gurean. Baina bide onetik goaz.


Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude