Bake prozesuak eutsiko dion ala ez, horra zalantza


2007ko urtarrilaren 07an
Su-etenaren apurketaren ezustea gainditua dago jada, ez da samurra izan inorentzat, baina Madrilgo atentatuaren ondoren igarotako hiruzpalau egunek ematen dute egoera berrira egokitzeko denbora apur bat. Latza izaten jarraitzen du oraindik, eta denon ustean dago latzagoa ere izan daitekeela. Barajasko leherketaren ostean bi zeregin nagusi dira eragile politikoek aurrez aurre dituztenak: batetik, su-etenak iraun duen bederatzi hilabete hauen kudeaketaren azterketa egitea; bestetik, eta aurretiaz egindako azterketa baliatuz, datozen hilabeteetako zeregin nagusiak finkatzea.

Carlos Alonso eta Diego Armando ekuatoriar gazteen mundu honetako zereginak, aldiz, urtearen amaierarekin bat agortu dira seguruenik. Barajasko T-4an desagertuta daude, eta haiek agertu arte esperantza izpiren bat bada ere, inor gutxik espero du bizirik aurkitzea. Argi dago ETAk ez zuela hauen heriotzarik nahi, baina argi dago, halaber, hartutako arriskuak handiegiak izan direla. Beste askotan bezala. Leherkari zama handiko bonba-autoen erabilerak, lehenago edo geroago, bere baitan dakartzan ondorioak dira.

Orain, martxoan ETAk aldarrikatutako su-etena hautsita, ikusgai dago bake prozesua bera lehertua dagoen ala jarraitu egingo duen. Prozesuaren jarraipenean zeresana duten eragile politikoen lehenbiziko adierazpenek -ondo pentsatuak eta sosegatuak, 11-M-n ez bezala- adierazten dute prozesua ez dela apurtu. Batasunatik argi adierazi da mezu hori. Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak ere elkarrizketak eten ditu, baina prozesuak aurrera jarraitzen duela iradoki du; elkarrizketaren eten horrek zehatzago zer esan nahi duen jakiteko denbora pixka bat beharko da. Eusko Jaurlaritza eta berau sostengatzen duten alderdiak ere, bake prozesuak jarraitu beharraz aritu dira. Uriarte gotzainak, Confebaskek eta beste erakunde garrantzitsu askok ere, beste horrenbeste azpimarratu dute. Espainiako eskuinak bere ohikoan jarraitu du, pozarren gainera, oraingoz ETAk arrazoia eman diolako eta Zapateroren eskuetan jarri duen leherkariagatik. Jakina, ETAk ere jarrera berri hau zertan datzan eta bake prozesuaren gako nagusiak bere ustez non diren azaldu beharko du.

Funtsean, honakoa izan da iraganeko beste su-eten batzuen apurketetatik egon den desberdintasun handia: beste batzuetan, elkarrizketa gabeko ohiko blokeo eta biolentzia egoeraren itzulera onartu eta bultzatu dela, eta oraingoan, aldiz, elkarrizketa eta bake prozesuaren jarraipenaren aldeko mezua nagusitu dela, bai behintzat euskal gizartean. Oraingoan, erreakzioetan, gaitzespena sakona eta ia orokorra izan da, baina ez da horretara mugatu, ezta gutxiago ere; badirudi, beraz, gaitzespen hutsaren dinamika iraganeko kontua dela.


Atentatuaren ezustekoa

Gizartean era guztietako informazioak entzun eta irakurri dira azken asteetan -egia esan prozesu osoan zehar-, ETAk su-etena apur zezakeela pentsatzeko modukoak batzuk eta halakorik gertatuko ez zela ziotenak besteak. Zapaterok inork baino informazio gehiago izango du, baina argi da atentatuak ezustean harrapatu duela, Alfredo Pérez Rubalcabak atentatuaren egunean aitortzeaz gain, 29an egin zuen adierazpenak oso argi utzi zuen hori. Abenduaren 21ean Ibarretxe lehendakariak EAEko gizarte eragileen aurrean luzatutako diskurtsoa, ohiko berba baikorretatik harago begira zegoen eta bake prozesuaren egoera txarra onartuta, urtarrilean alderdiek egin beharreko ahalegin berriaz jardun zuen. Alderdiek sakon hitz egin dute gatazkaren muinaz eta arazo nagusienak identifikatuta eta sakonduta dituzte. Udazkenean ez zen alderdien mahaia osatzeko akordiorik erdietsi, baina hurrengo saioan ez zuten berriz zerotik abiatu beharko.

Hala ere, Txema Monterok eta Izaronews agerkari elektronikoko sinadura den Juan de Etxanok -San Tomas ingururako su-etenaren apurketa iragarri zuen-, esate batera, oso bestelakoak esan zituzten, eta abokatu bizkaitarrari gogorrak egotzi zaizkio zabaldutako ikuspegi ezkorra medio. Gero, ordea, gertatutakoak arrazoi eman dio, neurri batean behintzat.

Eta atentatuaren ezusteak zer esan nahi du, Rodriguez Zapaterok ez zuela bestelako informaziorik? Abenduaren 31ko El País-eko Jose Luis Barberiaren informazioa irakurrita nekez pentsa daiteke halakorik. Honek azaltzen duenez, Frantziako polizi indarrek argi zuten halakorik gerta zitekeela eta tesi hori sostengatzeko zenbait datu ematen ditu. Eta Zapaterok ez al zuen analisi horien berri? Logikoagoa da pentsatzea Zapaterok informazio mordoa duela esku artean, unean uneko egoeraren arabera batzuk sinesgarriagoak egiten zaizkiola besteak baino eta erabakiak horren arabera hartzen dituela.

Abenduaren 31 hartako El País-en, halaber, Jose Manuel Romero eta Ernesto Ekaizerrek sinatutako artikuluan, iraila eta abenduko tartean ETA eta Gobernuaren artean ustez izandako bileren berri ematen zen. Bertan aipatzen zenez, abenduaren 15ean eta 16an egin ziren azken bilera horiek eta gogorrak izan arren, han esandakoetatik Moncloa Jauregian ez zuten ondorioztatu ETAk su-etena hautsiko zuenik. Batek daki informazio hauetatik zer den gezurra eta zer egia, baina argi dago Barajaseko atentatuak ezustean harrapa dezan, Zapaterok informazio bati eman diola sinesgarritasuna eta beste bati ez.


Zer gertatu da su-eten garaian?

Ibarretxe lehendakariaren urte bukaerako azterketaren galdera nagusia da: «Atzo gertatutakoaren arduradun bakarra ETA da, horretan ez dago zalantzarik. Baina, zer egin dugu besteok?». Atentatuarenak hoztu ahala, eragile bakoitzak azken bederatzi hilabeteetako irakurketa egingo du, baina irakurketa bateratua ere komeni da, bestela nekez jarri ahal izango dira balizko hurrengo faserako oinarriak.

Gatazka bakoitzak bere ezaugarriak ditu baina bake prozesu bidez gainditu nahi diren gatazka guztiek parametro berdintsuetatik iragan behar dute helmugara onik iristekotan: saioa zintzoa izatea, aurkariak aintzat hartzea eta errespetatzea -areago, dagokionean laguntzea ere bai-, etsaien konfiantza irabaztea eta mantentzea, keinu esanguratsuak egitea, denok irabazteko alde bakoitzak zerbait galdu behar duela barneratua edukitzea eta beste halako ugari negoziazio prozesuek bere baitan dituzten ezaugarriak dira.

Esanguratsuak izan dira El País-en prozesu hau gertutik jarraitzen duen John Carlin kazetariak abenduaren 10ean eta 11n zehar sinatutako artikuluetan, prozesu honetan bitartekari lanetan aritu diren zenbait pertsonen balorazioak irakurtzea. Nazioartean bake prozesuetan adituak diren lauzpabost pertsonen balorazioak eskaini zituen, tartean Brian Currin, Batasunaren aholkulari hegoafrikarra ei dena. Era denetako iritziak baziren ere -bai ETAren eta bai gobernuaren gustuko ez direnak-, oro har, aditzera ematen zuten Espainiako Gobernua zuhurregi aritu dela eta horrela zaila dela bake prozesua aurrera ateratzea.

Ez da adituen beharrik ikusteko Espainiako Gobernuak oso gutxi jarri duela prozesua keinu esanguratsuekin elikatzeko, baina hauek halakorik esatea oso adierazgarria da. Euskal Herritik ikusita, elikatzeko baino kontrako neurri asko hartu dituela ere esan liteke. Gobernua ez da Estatua, hori ere egia da, Estatua askoz konplexuagoa da, baina argi dago Gobernuak nahiko balu Estatuaren alor desberdinetatik etor daitezkeen sabotaje neurriak baretu edo neutralizatu ditzakeela. Atxiloketa politikari gogor eutsi dio, makro epaiketei ere berdin, Batasuna ere estutu egin du, Iñaki de Juana auzia kale itsura eraman...

Prozesuaren aldeko ekimenak ere izan ditu, baina ez berau indarrez bultzatzeko bestekoak: fiskal nagusiaren aldaketa, Zapateroren ekainaren 29ko adierazpenak, Otegi espetxeratzea saihestea, PSE-EE Batasunaren bilera eta alderdien mahaiaren prestakuntza lanetan aritzea, Egunkaria auzian bultzatutako fiskalaren jarrera aldaketa... Horiek guztiak keinutzat hartu izan dira, baina bistan da eragin txikiko neurriak izan direla. PSOEk berak ere aitortu du hori PPri buruzko bere bideo ospetsuan, Aznarren alderdiak baino gutxiago egin izana harrotasunez agertuz.

Argi ikusi da Zapaterok zailtasun handiak dituela Espainian, urteetako ETAren jardunak eta komunikabideek ereindako gorrotoa gainditzea ez da samurra, areago PP moduko alderdi indartsu bat aurrean izanda, baina prozesuak aurrera egitea nahi badu askoz gehiago egin behar zuen edo egin beharko du. Estatu osoa kontrolatu ezin izatea jar daiteke aitzakia edo oztopo gisa, baina zuzenbide estatuaren makurtzea eta halakorik ez. Zuzenbide estatua, besteak beste, hiru botere ezagunen banaketan oinarritzen da eta PSOEk gutxienez exekutiboa eta legegilea bere esku izan ditu bake prozesua elikatzeko.

Ezker abertzaleak ere baditu bere zailtasunak, besteak beste, nagusienetakoa agintaritzari dagokio, Batasunak nekez eraman ahal izango du aurrera Anoetako Adierazpenaren eskemarik ETAk borroka armatuarekin jarraitzen duen bitartean. Gertaerei aurrea hartzea izan liteke, baina iraganera begiratuta esan liteke Batasunak jardun politikorako duen ahalmena berriz murriztuko dela, bai ilegalizazio kontuengatik eta baita ETAren jardun armatua beragatik ere.


Sakoneko borondateei buruz

Azken finean, bake prozesu honek oraingoz zerbait garbi erakusten badu honakoa da: hemen gatazka politiko bat dago, hau elkarrizketa eta akordioaren bidetik baino ez da konponduko, inork ezin du ezer inposatu, eta, azkenean, euskal gizarteak erabaki beharko du erabaki beharrekoa, jakinik, gaur egun euskal gizartea hiru esparru juridiko-administratibotan zatitua dagoela. Enuntziatu horrek irakurketa asko izan ditzake eta malgutasunezko irakurketak seguruenik hainbat irtenbide ere bai, baina konponbidea bere baitan dago. Ikusi beharko da atentatu honek esaldiaren mamia esploratzen jarraitzeko betarik ematen duen ala ez.

Eta zein jarrerarekin hurbildu dira enuntziatu horretara alde desberdinak? ETAk martxoan su-etena aldarrikatu zuenean asko hitz egin zen bere ekimen indartsuaren zergatiez. Espainiako Gobernuko oso gertuko iturriek hala saldu zuten beren jarrera: ETAk azkenean ikusi du borroka armatuaren garaia bukatu behar dela, eta gu prest gaude amaiera horri laguntzeko, hori bai, trukean inongo eduki politikorik onartu barik. Zapaterok horrenbeste erabili izan duen prezio politikorik ez onartzearen teoria, alegia. Bestela esanda, Espainiako Gobernuaren aldetik behin baino gehiagotan saiatu izan den negoziazio teknikoa: bakea presoen truke.

Ezker abertzaleko sektore askotan Espainiako Gobernuak iruzur egin duela uste da. Orain arteko ustezko iruzur honi Barajaseko atentatuarekin erantzun dio ETAk. ETAk ez du halakorik publiko egin, baina ENAMen ontzat ematen da su-etenaren aldarrikapenaren aurretik eta urtebeteko negoziazioen ondoren, ETAk eta Gobernuak zenbait konpromiso hitzartu zituztela 2005eko otsailean -bitartekariak tartean-, eta Gobernuak ez dituela bete. Hori salatzen zuen ETAk abuztuaren 18an kaleratutako agirian. Konpromiso horiek Gara-ri filtratu zitzaizkion eta honek uztailaren 10ean kaleratu zituen, eta ezker abertzalean egiazkoak diren sentipen sakona dago. Konpromiso horien artean, besteak beste, ETAk su-etena aldarrikatu eta arma eta leherkarien hornidura ekintzak egiteari uko egin zion. Espainiako polizia desberdinek atxiloketarik ez egitea, ezker abertzaleko erakunde politikoen jarduera ez oztopatzea eta euskal gizarteak erabaki zezakeena errespetatzeko konpromisoa hartu ei zuen Gobernuak.

Oraingora arte ETAk ez du su-etenik desegin aldez aurretik agiriz jakinarazi gabe. Oraingoan lehergailuz apurtu du su-etena eta ikusi beharko da bere azalpena zein den eta prozesuak aurrera jarraitzeko zer baldintza jartzen dituen. Erakunde armatua da bere ekintzen erantzule, eta agerian da hauek euskal politika goitik behera baldintzatzen dutela. Beste hitz batzuekin, baina hori bera aitortzen ari dira prozesuarekin jarraitu behar dela dioten guztiek. Ez da nahiko ETAren jarduera gaitzestea eta bere desagerpena eskatzea, bestela sobera leudeke elkarrizketak, negoziazioak eta bake prozesuak. Une honetan, euskal gizarteko eragile politiko gehienak horretan daude, baina Moncloako jarrera zalantzagarria da oraindik.


Anoetako Adierazpena

2004ko otsailean Batasunak aldarrikatutako Anoetako Adierazpena zertan geratzen den ere ikusi beharko da. Han argi adierazten zen etorkizuna bide politikoetatik jorratzeko borondatea, beti ere Euskal Herrian bizi den gatazkari irtenbide demokratikoa emateko konpromisoa argia bazen. Bizitza politikoak aurrera jarraitzen du eta haustura honek beste eremu askotan ere eragina izango du. Negoziazio saio berri hau guztiz hausten bada, badakigu alde bakoitzak urte batzuetarako bederen sukaldeko mahaiaren gainean zein errezeta jarriko duen. ETAk behin eta berriro erakusten du iraupen gaitasuna -garai bakoitzean bere jarduera gogortuz-, euskal gizarteak behin eta berriz armak uzteko adierazten dionari entzungor eginez. Espainiako Estatuak gero eta errepresio molde gogor eta eraginkorragoak erabiltzen ditu ETA eta ENAM osoaren aurka, baita demokrazia egoera eta zuzenbide estatutik at daudenak ere. ETAren ingurua kontzeptuaren mugak malgutu eta zabaltzearen poderioz, gainera, Estatuaren jardunak hainbat alor ukitu ditu.

ETAk Barajasko aireportuan ehunka kilo leherkariz betetako furgoneta eztandarazi zuenetik, ondoko egunetan behin eta berriro begiratu da hemendik Irlandako bake prozesura, hango eredutik argi izpiren bat eskuratu nahian.

Irlandako prozesuak bi zutoin nagusi izan ditu: bata, 1994ko Downing Street-eko Adierazpena eta bestea 1998ko uztaileko Ostiral Santuko Akordioak. Lehenaren ondoren IRAk su-etena aldarrikatu zuen eta 1996ko otsailean hautsi egin zuen, zenbaiten ustez orain ETAk egin duenaren antzera, Londresen lehergailu handi bat lehertaraziz. Ondorengo hilabeteetan, IRAk atentatuekin jarraitu zuen Irlandan eta Erresuma Batuan, baina 1997ko uztailean bigarren su-etena iragarri zuen, hau behin betikoa. 1998ko apirilean lortu ziren Ostiral Santuko Akordioak. Gaur egun oraindik Irlandan bake prozesua ez da guztiz itxi eta arazo franko dituzte, baina alde biek onartzen dute hura akordio ona izan zela etorkizuneko bizitza eta helburu politikoak garatu ahal izateko.


ASTEKARIA
2007ko urtarrilaren 07a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude