Juanjo Aroz: «Zientzia-fikzio liburu batean esandakoa egia bihurtzen da hiru urtean»


2006ko azaroaren 12an
Zientzia-fikzioak lehen baino arrakasta handiagoa dauka orain?
Sasoi onean dago oraintxe, baina dena dela fantasiazko literaturak arrakasta handiena orain du, nerabe eta gaztetxoei dagokienez batez ere. Trilogiak, pentalogiak... Eraztunen jaunaren, Chronicles of Narnja edo Harry Potterren abenturen jitekoak. Dena da tren bat, eta oraintxe literatura mota hori da lokomotora. Zientzia-fikzioa, seguruenik, azken bagoietako batean dabil.

Zelan definitu zientzia-fikzioa?
Zaila da, dozena bat definizio dago. Nik honako hau dut gustuko: zientzia-fikzioa da zientzia-fikzio irakurleek zientzia-fikziotzat daukatena. Pernandoren egia dirudi, baina hala da. Eta ez dut nik asmatu, egile ingeles batek esan zuen. Kontua da zientzia-fikzioa oso genero zabala dela berez. Star Wars dago, esaterako. Hori da guk "espazioko abenturak" deitzen duguna. Baina politika-fikzioa ere badago. Zer gertatuko litzateke gaur egun Frantzian, Front Nationalen gobernu totalitario bat balego? Horretaz dihardu orain irakurtzen nabilen liburuak; epe laburreko espekulazioa da hori, hain zuzen. Eta badira utopiak, distopiak, ukroniak... Zer gertatuko zatekeen Espainian Errepublikak iraun bazuen? Horri esaten zaio ukronia. Niri, edozelan, fikzio espekulatiboa deritzona da gehien gustatzen zaidana.

Zer da fikzio espekulatiboa?
Inguruan dauzkagun gauzetatik abiatzen dena. Klonazioa, informatika, globalizazioa, petrolio urritasuna... Horiek hartu eta eraman hamar edo hamabost urte barruko etorkizunera. Aurreko batean egunkarian irakurri nuen dagoeneko ari direla partikula txikiak leku batetik bestera eramaten. Hau da, zientzia-fikzioan hainbeste erabiltzen den baliabide horixe bera: zerbait leku batetik desagertu eta beste batean agertu, ate berezi baten bidez. Bada, orain egunkarian agertu da dagoeneko lortu egin dutela partikula batekin hori egitea. Batzuetan, zientzia-fikzioak aukera ematen die zientzialariei -generoko idazle asko zientzialariak baitira aldi berean- Science aldizkariko artikulu batean ezin esan dezaketena esateko, jostatzeko, hipotesi ausartak plazaratzeko.

Edozelan, zientzia-fikzioa zientziarekin lotzeko joera dago. Hots, oraindik oso urrun dauden aurrerakuntza teknologikoekin eta abarrekin... Eta ez hainbeste politika-fikzioarekin. Ez dut uste 1984 eleberria zientzia-fikzioarekin lotzen denik, bertan ez baita ageri teknologiaren ikuspuntutik aparteko ezer.

Eta hala ere zientzia-fikzioaren zutabeetako bat da, Aldous Huxleyren Bai mundu berria bezala, edo Frankenstein bezala. Garai batean, II. Mundu Gerrara arte gutxi gorabehera, zientziari lehentasuna ematen zitzaion. Baina 60ko hamarkadan Ingalaterrako eta AEBetako egile batzuk soziologiaz, sexologiaz, psikologiaz... ziharduen zientzia-fikzioa idazten hasi ziren. Ez zuten hitz egiten hondamendi nuklearraz edo ez dakit zein makinaz, gizakien arazoez baizik, askoz arazo hurbilagokoez. Eta haustura egin zen aurreko garaiarekin, Urrezko Garai zeritzan harekin. 90eko hamarkadan beste gertakari garrantzitsu bat izan zen: ziber-punka. Matrix bezalako pelikulak eta abar. Gaur egun, azkenik, oso liburu gutxik dauka zientzia-fikzio errotulua; bilduma orokorretan bilatu behar dira, eta gai orokorretaz arduratzen diren idazle batzuek ere zientzia-fikzioa erabiltzen dute euren eleberrietan.

Baina generoa bizirik dago oraindik...
Bai, baina mainstream delakoa, literatura orokorra, sartu eta irten egiten da. Eta zientzia-fikzio idazleak, halaber, gazte literaturan sartzen dira, komikian, gidoigintzan... Honezkero ez dira mundu itxiak. 60 eta 70eko hamarkadetan oso argi zegoen zeintzuk ezaugarri zituen fandomak...

Barkatu: zerk?
Fandomak, zalearen mundutxoak. Fan eta dom (domeinua) elkartzetik sortutako hitza da.

Horren ezaugarriez ari zinen...
Bai. Zaleek bazuten hizkera bat, ohitura batzuk, euren bilerak egiten zituzten... Orain, interneti esker, irekiago dago dena. Internetek erraztasuna ematen du argitaratzeko, idazteko, komunikatzeko... Zailagoa da talde itxiez hitz egitea.

Jende gehienarentzat, zientzia-fikzioa planeta honetatik kanpo dagoen zerbait da. Esan nahi dut zientzia-fikzio istorioak espazioan gertatu behar direla. Asimov dugu batetik, Star Wars bestetik, Star Trek, 2001: a space odyssey... Dena da espaziontzi eta planeta.
Badiotsut neuri gehiago gustatzen zaidala zientzia-fikzio hurbila, espekulaziozkoa. Baina gure bildumak zuk diozun estiloko liburu asko dauka. Orain idazten dena islatzen dut, eta askok espazioko abenturak idazten dituzte, betiko gidoiekin.

Garai nahaspilatsua dugu hau: aldaketa asko, eta oso azkarrak. Zientzia-fikzio sortzaileentzat ona da hori?
Bai, baina arriskutsua ere bai. Lehen, idatzitakoak eutsi egiten zion tarte batez. Orain, berriz, hiru urte igaro eta egia bihurtzen da. Gure bilduman hainbat gauzataz hitz egin da: inmigrazioa, petrolio urritasuna, genetika... Idazteko unean zientzia-fikzioa ziren, eta orain ez. 1994an hasi nintzenez... Badago Dolly ardi bat, esaterako. Eta orain zientzialari bat dabil gizakiaren eta untxiaren hibrido bat sortzen. Gattaca pelikula zaharkituta gelditu da, dagoeneko batzuk ari dira umeen ezaugarriak aldez aurretik aukeratzen, leuzemia daukan beste bat salbatu ahal izateko. Zientzia-fikzioaren arazoa, orain, zera da: gehiago arriskatu behar dela, gehiago espekulatu.

Gaurko idazle eta euskarriak
«Ez dut uste denek ezagutzen duten idazle bakarra dagoenik orain. Izatekotan, Urrezko Garaikoak dira. Phillip K. Dick esaterako. Orain dela gutxi egindako pelikula batzuek haren ipuin edo nobeletan dute oinarria. Phillip K. Dicek asko idatzi zuen 60ko hamarkadan, eta psikodeliaz hitz egiten zuen, errealitateaz eta errealitate ezaz… Gaur egun AEBetako unibertsitateetan aztertzen dute, oso ezaguna da. Baina gaur egun? Ez dut uste idazle ezagunik dagoenik. Aldiz, bideojoko egile batzuek salmenta itzelak dauzkate. Edo Spielberg bezalako ezin zuzendari ospetsuagoa daukagu. Irudia da gaur egun zientzia-fikzioaren euskarririk sendoena. Zinema, bideojokoak eta internet, hain zuzen».

«Euskal Herrian bada zientzia-fikzio idazlerik»
1994an, auto-istripu batek gurpildun aulkira eraman zuen Aroz, orno-muineko lesio batek jota. "1995ean, behin osatuta, nahi adina denbora neukan niretzat, eta zerbait egitea erabaki nuen", kontatzen du. Hala sortu zen Espiral bilduma, denboraz zientzia-fikzioa maite dutenen erreferentzia bihurtu zena.

Arozek gazteleraz idatzitako lanak argitaratzen ditu, eta Espainiako Estatua dauka banaketa-eremu. Lau hilean behin kaleratzen du liburu bat -"ezin izango nuke gehiago egin, neuk egiten baitut dena" dio-, inoiz ez 500 aletik gora. Guztiak agortzen dira, jakina, baina hala ere ezin du argitaraldi bat baino gehiago egin, legez irabazi asmorik gabeko bilduma delako Espiral: "Eskubide guztiek idazlearen esku jarraitzen dute une oro". Liburu batek arrakasta handia badauka eta ale gehiago argitaratu behar badira, beste argitaletxe batek egin behar du lan hori.

Salmentan lortutako dirua gastuak kitatzeko erabiltzen du Arozek. "Eremu profesionalera igaro ninteke, eta eskatu egin didate gainera, baina nik nahiago dut honela jarraitu. Bestela, ezin izango nieke egile berriei gehiago lagundu". Espiral, izan ere, zientzia-fikzio idazle modura lehen urratsak egin nahi dituztenei ate bat eskaintzeko sortu zen, eta horretan jarraitzen du.

Argitaratzen dituzun lan guztiak idazle ezezagunek idatzitakoak dira?
Heren bat-edo idazle horren lehenengo eleberria izaten da. Beste heren bat beste bilduma batzuetan argitaratu duten idazleenak dira -baita argitaletxe profesionaletan ere-, baina dena delakoagatik niri eskaini didatenak. Eta beste herena aurretik Espiralen agertutako egileenak dira.

Idazle batek ospea lortu eta gero, ez da gehiago zugana itzultzen?
Gehienetan ez, argitaletxe profesionaletara joaten da.
Eta zuri arrengura ematen dizu horrek, edo poza?
Poza, horrek esan nahi duelako arrakasta izan dudala. Idazleen heren bat hasiberriak direla esan dizut. Horietatik gehienak desagertu egiten dira. Agian bostetik batek jarraituko du, eta hamarretik bat iritsiko da argitaletxe profesional batera.

Bilbotar batzuen lanak ere argitaratu dituzu, ezta?
Bai. Eleberri euskarrian, birena, eta ipuin bildumetan, hiruzpalaurena. Euskal Herrian bada idazlerik.

Bide batez: iritsi zaizu inoiz euskaraz idatzitako lanik?
Niri ez. Baina badago euskaraz zeozer. Nik zientzia-fikzioari buruzko tertulia batean parte hartzen dut, Elkano kaleko Aroaldi tabernan, unibertsitate aurrean, hileroko lehenengo ostiralean, eta hor badago euskaraz zerbait idatzi duen bat. Are gehiago, hitzaldiak eman izan ditu euskarazko zientzia-fikzioari buruz, beraz badago zerbait.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude