La Pazeko San Pedro kartzela: sei zirikitutatik begira


2006ko irailaren 24an
Baina mundua izatez ez da ulertu erraza. Inork sartu nahi ez duen lekura sartzeko gogo biziz geunden gu, baldintza batekin, berriz ateratzekotan. Kartzelak irteerako atea izaten du irekitzen zaila, eta sarrerakoarekin borrokatu behar izan genuen guk. Azkenean, utzi ziguten sartzen, eta goiz oso bat pasa genuen San Pedro kartzelan. Goiz batean sei zirrikitu aurkitu genituen. Ez ihes egiteko zirrikituak, baizik eta begira jartzeko balio zutenak. Begira jartzeko barrura, eta begira jartzeko kanpora. Ez baitago San Pedrori begiratzea bezalakorik Bolivia ikusteko. Hona hemen zirrikitu bakoitzetik zer ikusten den.


Ernesto Michel, teniente koronela

Harro dago barne segurtasunaz arduratzen den teniente koronela: "Gurea da Hego Amerika osoan bortizkeria indizerik txikiena duen kartzela". Baina ez du harro egoteko motibo handirik. Hirurehun lagunentzat prestatua dagoen presondegian 1.554 kabitu ditu. 1.554 preso + 400 ume (aita presoarekin bizi direnak) = ia 2.000. Hirurehun behar eta bi mila. Kartzelako funtzionarioen soldatak aldrebes izaten dira. Bi mila behar eta hirurehun.


Valerito, kartzelako haurra

Amak ekarri zuen mundura, eta aitak mundutik kanpora. Sei urte ditu, eta ziega batean egiten du lo, anaiarekin eta aitarekin. Kartzelako atetik ateratzen da goizero, eskolara joateko, eta atzera kartzelako atetik sartzen da ea askaririk ba ote den. Askaria sakratua da Valeritorentzat, afari handirik ez baitu izaten iluntzetan: zopa, zopa, eta zopa. Presoen menua. Egunero zopa. Mafaldak arrazoi. Valeritok ez du handi-handia egin nahi, pixka bat handiak direnak lanerako erabiltzen dituztelako kartzelan, eta puska bat handiak direnek ezin dutelako eskolara joan.


Mapa de Bolivia

Hamasei urte ditu, eta hamabi urteko kondena du. Mapa de Bolivia deitzen diote preso kideek, gorputz osoa bere buruari egindako labana arrastoz josia duelako. Bart gauean ere alkohol sobera edan zuen, eta goizerako probintzia berri bat marraztu du bere bularrean. Beharko edan, San Pedron, ziegarik erosteko dirurik ez duenak patioan egiten baitu lo, eta La Pazeko neguak badaki izotza zer den. Baina presondegitik atera nahi ote duen galdetu, eta ezetz berak. «Zertarako atera? Kanpoan ere berdin egiten du hotz. Eta hemen drogarekin lasai gabiltza. Harrapatzen bagaituzte ere ez gaituzte kartzelan sartuko».


Calvo, ile moztailea

Cambek eta coyek elkar gorroto dute Bolivian. Cambak Santa Cruz probintziakoak dira, hegoaldekoak; coyak, La Pazekoak, iparraldekoak. San Pedron, camba guztiak ile luzearekin ikusten dira. Eta ez da Santa Cruzen txima modan dagoelako, baizik eta kartzelan ile apaindegia duena, Calvo, coya delako. Santa Cruz eta La Paz gerran bizi dira, baita kartzela barruan ere. Eta ez da coyarik ikusiko camba presoek muntatu duten jatetxean bazkaltzen, ezta cambarik ere coya presoen aroztegian aulkirik erosten. Negozio txikiz betea dago San Pedro, herrixka bat dirudi. Eta negozio handiena ziega salerosketarena. Merkeenak 200 dolar balio ditu, garestienak 1.500, bere sukalde eta dutxarekin. Baina ez duzu inoiz ikusiko coya bat camba bati ziega bat erosten.


Pacheco, arrain handia

Ez da koka zapaltzen ibiltzen zen laborari pobrea. Pacheco kokaina tona askorekin harrapatu zuten. Ez zion astirik eman bere abioneta pribatuan alde egiteko, eta orain, San Pedron dago, baina Evo baino hobeto bizi da. Hiru ziega bat eginik apartamentu handi bat osatu du. Bi mugikor ditu, badu Interneta, eta sauna ere bai. 6.000 dolarretan dago kotizatua bere palazioa. Esaten dute leihotik mendia ikusten dela. Beste hiru ziega merke erosi zituen, eta alokairuan ditu, hilean 100 boliviano kobratuz bakoitzarengatik. Hala ordaintzen die bere lau preso morroiei ere bere ziega garbitzeagatik.


Jose, kartzelako aitona

«Trenton» esaten zaio hogeita hamar urterako kondenatua dagoenari. Eta horietako bat da Jose. Legeak dio 70 urte baino gehiago dituenak, eta gaixo dagoenak etxera erretiratu behar duela. Josek aspaldi jaso zuen zazpigarren hamarrekoa, eta San Pedron esaten da ez dakiela non sartzen duen hanka. Ez baitu hankarik, eta itsua baita. Baina justiziak ez dio ematen etxe barruko atxilotzea. Ihes egiteko arriskua omen dago.

-----------------------------------------------------------------
www.argia.eus/bolivia helbidean La Pazeko San Pedro kartzelako argazki galeria
Ernesto Solla, La Pazeko Kartzelatik: «Ez naiz hemen hilko»
Sartu orduko marjinatu zintuzten beste presoek?
Ez, lehen bi hilabeteetan ez, ez zekitelako hiesa nuenik, nik ez nuen ezer esan. Bi hilabetean, hemen gringoak tratatzen dituzten bezala tratatu ninduten, baina ez zen hain larria. Gero, ordea, kartzelako sendagileari eskerrak denek jakin zuten nik hiesa nuela, eta hor hasi zen kalbarioa.

Zein da gurutzerik astunena?
Bakardadearena. Eta besteen hitzetan, besteen begietan, sentitzen dudan mespretxua. Hori izugarri gogorra da niretzat. Inor ez da saiatu ni bertako sentiarazten, eta ni ere ez saiatzeko esan didate, alferrik dela. Badirudi ni gauza arraro bat naizela. Ez daukat ziegarik ere, eta ziegaren faltan, ez daukat bakarrik egoteko lekurik, ez intimitaterik. Kuriosoa da, bakarrik sentitzen naiz, eta ezin dut bakarrik egon. Bi aldetatik igotzen naiz kalbariora.

Ziegarekin zer gertatu zen?
Ez didate uzten ziegarik edukitzen! Ziega bat erosi nuen, eta saldu egin behar izan nuen, ez dute nahi ni beraien sekzioetan egotea. Patioan lo egin behar izan dut behin baino gehiagotan. Ez dakit zergatik gertatzen zaidan hau, ez dakit patuak proban jarri nahi ote nauen, baina gogorra gertatzen ari zait, eta hemendik oinez ateratzea lortzen badut askatasunaren balioa bikoitza izango da niretzat.

Zergatik ez dizute estradizioa onartzen?
Eskatua daukagu, baina enbaxadak ez du ezer egiten. Alvaro Lozano kontsulak orain hilabete esan zidan lasai egoteko, dena konpondua zegoela, gutxienez etxe barruko atxilotzea emango zidatela, legez hala baitagokit. Deitu nuen enbaxadara beragatik galdetuz, eta «jada ez dago hemen, lanpostuz aldatu da» erantzun zidaten. Horrela funtzionatzen du enbaxadak. Baina espero dut laster etxean egon ahal izango naizela, hemen hiltzen ari bainaiz. Ez didate medikaziorik ekartzen, elikadura desastrea da, higienea berdin, ez didate uzten dutxatzen, zerri eginda nago... Defentsak jaisten ari zaizkit, uste dut hona sartu nintzenean 600 nituela, eta orain 100 baino gutxiago. Kontuak ateratzen baditugu, pare bat hilabete barru defentsarik gabe geldituko naiz.

Zer eskatuko zenioke Kataluniako jendeari?
Lagun diezadala, ez nazala utzi hemen hiltzen. Ados, delitu bat egin nuen, eta onartzen dut, baina ez nazatela delituagatik juzgatu. Lagun diezadala hemendik ateratzen, etxera iristen. Hil behar badut nire etxean hil nahi dut, han, Bartzelonan, hondartzan. Ez horrelako kartzela batean.

Isolamenduan ere eduki zintuzten.
Zazpi hilabetean eduki naute isolamenduko ziegetan. Baina ez nik egindako oker batengatik, gaixo egoteagatik baizik. Jendea lau egunetarako edo asko jota hamabosterako sartzen dute hara; ni sei hilabetean egon nintzen. Eta isolamenduko ziega kale estu bat da, bi metro zabal eta hamabost luze. Hotz egiten du, ez duzu eguzkirik ikusten, eta euria egiten duenean busti. Han egon nintzen sei hilabete GIB edukitzeagatik.

Nondik ateratzen duzu goizero jaikitzeko indarra?
Joaten naiz gauetan lo egitera, kalera begiratzen dut, eta zerua ikusten dut. Gainera izar asko ikusten dira hemendik, eta hori asko gustatzen zait. Orduan pentsatzen dut ni hor egongo naizela, laster, kalean, hemendik kanpora, nire giroan. Ni pertsona libre bat naiz, eta ez naiz hemen hilko. Zerbaitek esaten dit nire kasua sagar heldu bat bezalakoa dela, zuhaitzetik bere kargarekin eroriko dena. Senak esaten dit laster egongo naizela, gutxienez, Barajasen, Madril aldean, eta handik lasterrera, Bartzelonan, itsasoa sentituz nire aldamenean.

-------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/bolivia helbidean, elkarrizketaren pasarte gehiago bideoan.

Azkenak
Israeldarren %82 daude Gazako biztanleak bortxaz kanporatzearen alde, inkesta baten arabera

%56k, gainera, bortxazko kanporatze hori "are gehiago zabaltzearen alde" daude: horien esanetan, 1948an Israelek okupatutako lurretan ez litzateke arabiarrik bizi beharko.


Sabino Cuadra: “Aldez aurretik prestatutako operazioa izan zen 78ko sanferminetakoa”

‘Sanfermines de 1978. Los victimarios’ liburua kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak. German Rodriguezen heriotzaren erantzule eta arduradunak biltzen ditu.


2025-06-03 | Gedar
Coviteren sari bat jaso du ‘La Infiltrada’-k

Maria Luisa Gutierrez produktoreak jaso du Coviteren XXIV. Nazioarteko Saria, eta "terrorismoaren biktima guztiei" eskaini die.


Faltzesen euskarazko eredua eskatu dute eta Nafarroako Gobernuak ezetza eman du

Hamaika familiak egin dute ikastetxe publikoan D eredura pasatzeko eskaera. Zentroak baiezkoa eman du, baita Udalak ere, baina errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak "espazio falta" argudiatuta.


Lehia estu baten ostean, Nawrocki eskuin muturreko hautagaiak irabazi ditu Poloniako presidentetzarako hauteskundeak

Presidentetzarako bozen lehen itzulian bigarren gelditu ostean, hautagai independenteak puntu bateko aldea atera dio Trzaskowski egun gobernuan dagoen alderdi europazaleko hautagaiari. Emaitza ofizialak argitaratu arte ez da argi egon zein izan den bozen irabazlea, bigarren... [+]


Erretzea debekatuko dute haurrak elkartzen diren Ipar Euskal Herriko espazio publikoetan

Debekua uztailak 1ean sartuko da indarrean hainbat espazio publikoetan, hondartzak edo parkeak kasu. Araua errespetatzen ez duten herritarrei 135 euroko isuna jarriko diete.


 


2025-06-02 | Ahotsa.info
Israelgo enpresekin dituen kontratuak bertan behera uzteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

5.000 lagun inguru bildu dira Yala Nafarroak eta BDZk igande honetan Iruñean deitu duten manifestazioan, Israelekin harremanak haustea eskatzeko. Halaber, erregimen sionistarekin edo Israelgo enpresekin interesak eta negozioak mantentzen dituzten Nafarroako enpresen eta... [+]


Israelek 32 lagun hil ditu Gaza hegoaldean, laguntza humanitarioa banatzen ari ziren zentro batean

Israelgo armadako tankeak eta droneak zentrora bertaratzen ari ziren palestinarrei eraso egiten hasi dira, eta 31 lagun hil eta 115 zauritu dituzte. Israelek AEBek proposatutako su-etena onartu ostean, Hamasek zenbait baldintza gehitzea eskatu du: su eten iraunkorra... [+]


2025-06-02 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioa Nazioen Ligan: gertaera “historikoa”, zazpi herrialdeetako pilotariak bildu zain

Abian da zesta-puntako Nazioen Liga. Ekainaren 6ra bitartean, hainbat selekzio arituko da lehian Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, euskal selekzioa tartean. “Historikoa” da hori, txapelketaren antolatzaileek adierazi duten moduan, euskal selekzioak aurrenekoz... [+]


2025-06-02 | ARGIA
Bioterra azoka egingo dute asteburuan Irunen, “bizimodu ekologikoagoa eraikitzeko” topagunea

Ekainaren 6, 7 eta 8an Ficoba produktu eta zerbitzu ekologikoz beteko dute, “jasangarritasunarekiko konpromisoa” dutela ziurtatu duten 117 enpresak. Azokaz gain, egitarau oparoa prestatu dute, eta hainbat tailer eta hitzaldi egongo dira, baita bizikleten bigarren... [+]


Palestinako egunerokotasun odoltsua irudikatu dute ehunka pertsonek Alderdi Ederren

Gernika-Palestina herri ekimenak antolatuta, Palestinako egunerokotasun odoltsua irudikatu dute gaur eguerdian Alderdi Ederren. Gorputzak goitik behera izara zuriz estalita, lurrean etzan dira ehunka lagun, Palestinan egunero bizi duten egoera lazgarriari erreferentzia eginaz.


Txosnak Euskal Herriko ondare inmaterial izendatzeko sinadura bilketa bat abiatu dute

Euskal Herriko hainbat txosna eta jai batzordek deituta, elkarretaratzea egin dute larunbatean Bilboko Miribilla auzoan. Azpimarratu dute txosnak ez direla "edariak zerbitzatzeko barra hutsak", jai herrikoien "bihotza" baizik. Horregatik, Txosnak. Gureak, denonak... [+]


Isil gaitezen, une batez bada ere

Osasun etxeko telefono deiaren itxaronaldian, supermerkatuko korridoreetan, kiroldegiko aldageletan... Isilune izan daitezkeen uneak soinuz betetzen ditugu. Zergatik, zertarako? Isiltasunak urduritzen gaitu? Sor diezazkiguken barne gogoetengatik?

Zortzigarren saioa, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude