Nola jokatu ekitaldi sozialetan


2006ko irailaren 10an
Protokoloa ordena da. Edozein ekitaldik behar duen ordena. Eta ez gara ari ekitaldi ofizial handiez bakarrik. Pertsona bat baino gehiagok parte hartzen duen edozein jarduerak, baita xumeenak ere, bere protokoloa dauka. Edozein etxe arruntetako afalorduak, adibide bat emeatearren. «Horregatik esaten dugu bigarren aulkia agertu bezain laster hasten dela protokoloa», azaldu digu Rocío Velascok. Ekitaldiak antolatzeaz gain, Velascok protokolo eskola dauka sorterrian, Getxon; Euskal Herrian dauden bakanetakoa, bakarra ez bada.

Esan gabe doa Velascok ez dituela herritar xeheon afalorduak antolatzen, ordu askoko prestakuntza eskatzen duten ekitaldiak baizik. Hamaika xehetasun hartu behar dira kontuan, eta hamaika arau gogoratu. Batzuk idatzita daude, beste asko ez. Eta beti ere, galdera bat gogoan: non ipini behar da bigarren aulkia?

Protokoloa ez da atzo goizeko asmakizuna. Antzinako egipziarrek bazekiten zerbait horretaz, esan dugunez. Hala ere, protokoloa errege, noble eta gobernuen kontua izan da orain dela gutxi arte. «Gainerakook ez ginen garrantzitsuak, eta ez geneukan irudi jakin bat eman beharrik», dio Velascok. Mendeetan, eremu publikoa izan da protokoloaren habia bakarra, edo ia. Gaur egun, aldiz, enpresek ondo baino hobeto dakite zer nolako garrantzia daukan irudi egokia kanporatzeak. Eremu pribatuaren ateak zabal-zabalik aurkitu ditu protokoloak, eta ekitaldi antolatzaileak inoiz baino lanpetuago dabiltza.


Lehentasunak ezarri

Bigarren aulkia non ipini, hori da galdera nagusia. Hau da, agintariak zein hierarkiaren arabera kokatu behar dira ekitaldi batean? Eremu publikoan, bada horri erantzuten saiatzen den araudirik. Eremu pribatuan, gehienetan, antolatzailearen senak agintzen du.

Espainiako Estatuan, agintarien hierarkia 1983ko Errege-dekretu batek ezartzen du. Aurrekoa Francoren garaietakoa zen, eta erabat zaharkituta geratu zen haren diktadura agortu orduko. Alabaina, 83ko dekretua bera ere zaharkitutzat jotzen du Esther Mendialduak, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Saileko protokolo zuzendariak: «Ez ditu kargu publiko asko kontuan hartzen», azaldu du. Hutsune hori nabarmenagoa da Hego Euskal Herrian, beste inon ez dauden karguak baitaude hemen. Mendialduak dioenez, ekitaldi batean lehentasunak ezartzeko garaian, Jaurlaritzako adituek beste lege batzuk hartu behar izaten dituzte kontuan. «Horrekin, eta betiko usadioei jarraituz, ondo moldatzen gara». Horra hor urrezko arau bat: protokolo munduan, ohitura legea da.

EAEk, nolanahi ere, aukera dauka bere dekretua garatzeko -Espainiako Estatuko erkidego asko bide horretatik abiatu da dagoeneko-, baina ez du egin, eta Mendialduak ez du uste beharrezkoa denik ere. Nafarroak, berriz, 1986an erditu zuen lehentasun-dekretu bat, eta 2003an hainbat aldaketa ezarri. «Nafarroan, gainera, garrantzi handiagoa ematen zaio protokoloari», azpimarratu digu Rocío Velascok.

Frantziako Estatuan, berriz, protokolo arauek hiru aldaketa nagusi jasan dituzte azken 200 urteotan. 1804an, Napoleon Bonapartek agintarien lehentasunak arautu zituen, XIX. mende osoan zehar iraun zuen arau baten bidez. 1907an, organigrama politikoa zeharo aldatuta zegoela-eta, Hirugarren Errepublikak arau berriak ebatzi zituen, eta azkeneko aldaketa Bosgarren Errepublikak ekarri zuen, antza denez espainiar protokolotik hartutako zenbait berrikuntza gehituz. Hori bai: mundu osoan, hierarkia handieneko kargua eskuinean jesartzen da. Zenbat eta eskuinerago, orduan eta maila altuagoa pertsonaiak.


Nork du lehentasuna ekitaldi pribatuetan?

Rocío Velascok ekitaldi pribatuak antolatzen ditu batez ere, baina ondo gogoan eduki behar ditu agintarien lehentasunak, gero eta kargu publiko gehiagok hartzen baitu parte enpresen ekitaldietan. «Halakoetan, ekitaldia ordaintzen duenak, nahi badu, mahaiaren eskuin-eskuinean jesartzeko eskubidea dauka», dio Velascok. «Nik, hala ere, beti aholkatzen diet kargu publikoei uzteko pribilegio hori. Haiek etorriko direla ziurtatzeko modu bat da, besteak beste».

Bada salbuespenik, nolanahi. Kargu batzuek beti daukate lehentasuna, edonoiz eta edonon. Espainiako Estatuan, esaterako, erregeari, gobernuko presidenteari eta autonomia erkidegoetako presidenteei dagokie ohore hori.


Argazkiari aurre hartzen

Protokoloa hierarkiarenganako begirunea baino gehiago da ordea. Azken batean, irudi bat ematea da helburua, eta horrek are garrantzi handiagoa du gaur egun, ekitaldi bakoitzean hamaika kazetari dagoen honetan. Nor bere kamerarekin gainera. «Eskerrak kazetariok ez duzuen protokoloaz askorik jakiten. Bestela, zenbat akats nabarmenduko zenuketen!», dio Rocío Velascok. «Ni, dena den, argazkiari aurre hartzen ahalegintzen naiz beti, ahalegintzen naizenez».

Velascok bezalako lanbidea daukatenek mila xehetasunez arduratu behar dute. Askotan, oharkabeko kontutxoak izaten dira, eta helburua horixe da hain zuzen: oharkabekoak izaten jarraitzea. «Ekitaldi antolatzaile on batek aurre hartu behar die parte hartzaile eta gonbidatuen beharrei, eroso egon daitezen. Eta batez ere, kargu publikoek eguneroko ekintza arruntak egitea saihestu behar da: botila bat ireki, lurrera jausi den zerbait hartzeko makurtu... Kargu batek halako zerbait egiten badu, hori izango da biharamuneko egunkarietako argazkia. Seguru». Irudiaren aroa omen den honetan, protokologileak ez dabiltza lan faltan.

Tratamenduaren garrantzia

«Windsorgo dukeak -azaldu digu Rocío Velascok- uko egin zion errege izateari AEBetako emakume banandu batekin ezkontzeagatik. Ez zion axola tronuak, eta zoriontsu bizi izan zen emakume harekin, baina haren biografian sarritan aipatzen da gizon goibela zela. Eta goibel egoteko arrazoi nagusietako bat tratamendua kendu ziotela da. Zuri izena aldatuko balizute bezala da, ez litzaizuke txarto irudituko?».

Adibide gordin horren bitartez, Velascok tratamenduaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. Jakina, Windsorgo dukeari, beste askori bezala, familia jakin baten barruan jaiotzearren zegokion tratamendua. Politikariek, aldiz, ez dute tratamendurik kargua eskuratzen duten arte, baina nolanahi ere garrantzi handia ematen diote: «Oso ondo dakite zein trataera dagokion kargu bakoitzari, eta oso adi egoten dira ea ondo erabiltzen den. Berbarako, askotan esaten dute 'txit prestua' denari 'txit gorena' deitzea ez dela hain huts larria. Bera pozik egongo da, goragoko mailan jarri duzulako, argudiatzen da. Eta hala izango da, bai, baina aldamenekoari, benetan 'txit gorena' denari, ez zaio hain ondo irudituko. Seguru».

Espainiako Estatuan, 'txit gorena' eta 'txit prestua' dira, hain zuzen, politikariek eduki ditzaketen tratamendu biak. Lehenengoa, balio handiagokoa izaki, agintari nagusiei, presidenteordeei, parlamentuetako presidenteei, ministroei, sailburuei... ezartzen zaie. «PSOEk ordea, boterea eskuratu bezain laster bertan behera utzi zituen tratamendu guztiak gobernu barruan», dio Rocío Velascok. «Sekulako keinua izan da, komunikabideen aurrean batez ere: sozialismoa, denok gara berdinak eta abar. Baina ez dut uste inork ministro batengana jo eta 'txit goren' esango ez dionik. Niri ez litzaidake bururatuko».

Hamaika xehetasun

Protokolo arduradun batek gauza asko eduki behar ditu kontuan ekitaldi bat antolatzeko. Ondoko zerrenda apalean horietako gutxi batzuk baino ez daude:

- Garrantzitsua da ekitaldirako beharko dugun lekua aldez aurretik neurtzea. Koktel batean, gonbidatu bakoitzeko metro koadro bi behar dira. Bestelako ekitaldietarako, aski izaten da bat eta erdi.
- Jatekoa dagoenean, kanapeak ezin daitezke edozein tamainutakoak izan. Hiru zentimetro eduki behar dute alde bakoitzean, aldi bakarrean jan ahal izateko hain zuzen. Kanape bakarra jateko hozkada bat baino gehiago egin behar izatea ez dator protokoloarekin bat.
- Ezkerrez eutsi behar zaio beti edalontziari. Hala, ez dugu beste eskura aldatu behar izango bostekoa emateko unean.
- Sari banaketetan, urrezko araua da saria ezkerrez ematea zein hartzea. Hala, berehala eman ahal izango da bostekoa, eta ez da denbora luzeegirik galduko. Hori oso garrantzitsua da sari asko banatzen den ekitaldietan, batez ere. Rocío Velascok, gainera, ez du batere gustuko emakumeak musuz agurtzea: «Atzerapen izugarria sortzen du horrek!». Hortaz, bostekoa beti.
- Hizlarien botilak aldez aurretik irekita. Horren garrantziaz jabetzeko, honako adibidea eman digu Velascok: «Behin, alzeihmerrari buruzko hitzaldi batean, hizlariaren ur botila itxita zegoen, tapoi eta guzti. Irekitakoan tapoia jausi zitzaion, eta hantxe izan ziren barre algarak. Azkenean, denek gogoratu zuten hitzaldi hura tapoia jausi zelako, eta hori ezin da gertatu». Onena, getxoztarraren ustez, «ur pitxerra da, hizlariaren eskuman jarrita, besoak gurutzatu behar ez izateko». Eta hizlaria ezkertia bada? «Hori ere aldez aurretik jakin behar da».
- Aulkia ez da mahaitik hurbilegi egon behar. Alegia, ez da komeni biharamuneko egunkariko argazkian agintari bat agertzea, aulkia mahaitik aldentzeko keinua egiten.
- Hitzaldien testuak kartulinan inprimatu, ez paperean. Eskuen dardara ez da hainbeste igartzen.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude