Iñaki Arranz: «Hitzen beste aldean dagoen mundua ikusarazten dute ariketok»


2006ko uztailaren 30an
Hitza azti egitean izan duzun helburua?
Bitxikeriatzat joko du hainbatek nire jarduna. Mamirik gabeko artifiziotzat. Baina hizkuntzarekin jolas egiteak hizkuntzak dituen ahalbideez ohartarazten gaitu. Ez da hori, inolaz ere, helburua, jolasa ez bailitzateke jolas izango asmo baten agindupean egongo balitz, baina hala ere norberaren hizkuntz kontzientzia eta ezagutza garatzen direla ezin da ukatu. Bi aditzek ematen digute nire jardunaren gakoa: hizkuntzaz gozatu, hizkuntzaz jabetu. Liburuan azaltzen ditudan adierazpen ludiko guztien abiapuntuan hizkuntzaren gaineko gogoeta dago. Hau da, kontzienteki askotan, ohartu gabe beste batzuetan, darabilgun hizkuntzaren nondik norakoak zalantzan jartzera eta birpentsatzera bultzatzen gaituzte ariketa hauek, hitzen beste aldean dagoen mundua ikusarazten baitute.

Zer eskatzen du jolas horrek?
Jokalariak ez ezik, esploratzaileak ere izatea hizkuntz zelaian, hitzen, esaldien, arauen iturburutara joateko, haietan barneratzeko, aurkitutakoa apurtu, aztertu eta berregiteko.

Eta nork egin dezake halakorik?
Nornahik luza lezake liburuan agertzen diren adibideen zerrenda, beste nonbait irakurri edo entzun dituenak gehituta, mugagabea baita horien pare jar genitzakeen aipuen multzoa. Baina inon bilatu beharrean, denon esku dago hitzekin jolastea, hizkuntzaren jabe garen aldetik. Beraz, distantzia hartu, hizkuntza den bezala onartu, lanabesa dela ohartu, aurreiritziak ihartu, eta hitzak hitzekin hitzartu. Egizu proba, irakurle. Zure txanda da.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude