Errioxa eta Soria: Haizea horma erorien artean


2006ko uztailaren 09an
Idazlea gaztea zen artean eta liburu bakarra zuen kalean. Poemak. Liburuaren izena, liluragarria: La lentitud de los bueyes (Idien moteltasuna). Kazetari lanak egiten zituen tarteka, eta orain hogeita bi urte Soriako San Pedro Manriquera bidali zuten San Juan gauez txingarren gainetik oinutsik ibiltzen diren gizonez erreportaje bat egitera. Bezperan hiriburuko liburu denda batera jo zuen eta Avelino Hernándezen liburu bat zuela atera zen handik. Egile soriar horrek jarri zuen inguru hartako herri hustuen arrastoan, eta Julio Llamazaresek, hori baitzen idazle gazte haren izena, bezpera eta biharamuna herri haietan barrena eman zituen, aspaldiko zirrara batek jota; izan ere, guztietan ikusten zuen urtegi batek estali zion jaioterriaren itzala. Egun haietan iritsi zitzaion gure herrian irakurle eta idazle askok hain maitea duen La lluvia amarilla-ren (Euri horia) lehen taupada.

Idazlearen zirrara gure baitan berritzea gure esku dago. Inor gutxik esango dizu hara inguratzeko, jeep izeneko hori ahazteko eta zeharkaldi ikusgarriak (kontagarriak) utzita basamortu menditsu honen atarian begira geratzeko, luzaro. Basamortua betetzen ez dakienak hemen ez du zer eginik.Mapa zehatza lagun ona izan ohi da. Hatza maila kurben gainetik, kolore batetik bestera... Berdetik arrera, horitik zurira, errepide gorritik berdera, berdetik horira eta horretatik mendi bide zurira...

Las Tierras Altas esaten diote inguru horri, eta sarbide ugari ditu. Nik Errioxako Enciso hautatu izan dut. Encisoraino ere iritsi da igandeko egunkarien gehigarrietan saltzen den xarma, baina dinosauroen arrasto hollywoodarra ustiatzen du batik bat herri horrek. Informazio gune bat ere sortu zuten, eta herri egokia da ostatu hartzeko.

Encisoko azken zubia zeharkatu eta ezker hartuz gero pista batek jartzen zaitu lehen herri husturako bidean. Hiru bat kilometro daude gaineraino, eta han lehenengo dinosauro oinatzak: La Senobako aztarnategikoak. Muinotik ageri da Garranzo. Urrunetik bizirik dirudi, lokarturik beharbada. Kondaira batek dio termita izurrite batek bota zituela garranzotarrak. Bertaratutakoan ohartzen zara hondamendiaz.

Joan den mendeko 60etako urteetan hasi zen gainbehera. Orain hiru mende herri aberatsa zen, eta errotak eta bolak eraiki ziren. Dena beharko zen, ardiak ugari baitziren, eta ehundegiak eta lantegi bat sortu zituzten, gainera. Trantsumantzia hain garrantzitsua zen toki hauetan chamarito aritzen ziren batzuk, ardi gidari, alegia. Encisoko eta Garranzoko oihalgintzaren krisiak behartu zituen emigratzera.

Atzera Encisora jaitsita, Soriako bidea hartu behar da Las Ruedas de Encisora iristeko. Encisotik bi kilometrora behar luke, bide bazterrean, Soriako mugan. Han zegoen duela pare bat urte. Han ote oraindik ere? Bide ertzeko pintaketa erdi ezabatuek ohartarazten zizuten arriskuaren nondik norakoaz. Cidacos ibaian urtegia egiteko asmoa zegoen. Hainbeste lur eta ur behar al da behin-betiko ahanzturara kondenatzeko?

Betiko bideak ibai zuloa jarraitzen zuen, batzuetan ia zintzur bihurturik, Las Tierras Altas-eko guneraino, Yanguaseraino. Atari eta bidegurutze da Yanguas antzinatik, Mestaren garaitik. On Kixote-n aipatzen da, Espainiako artilerik onena egiten zela eta. Cidacosen bazterretik gaztelu arabiarrerainoko aldatsak etxez beteta daude. Ingurukoek ez bezala herri honek maitale franko du eta bizitasuna ematen diote; bidean dabilenak argibideak eta zerbitzu batzuk lor ditzake, eta oinez jarraitu nahi duena abelbide zaharrean barrena abia daiteke. Errepidea hartuz gero berdin dio zein norabide hautatzen den, guztiek herri husturen batera daramate.

Inguru honetan hogeita hamarren bat herri hustu ziren berrogeita hamar urtean. Gehienetan dabil haizea horma erorien artean, sasiak janda daude karrikak, hilerrietako gurutzeak, elizetako aldareak eta erretaula hondarrak; bizilagun gehienek zeuzkaten apurrak eraman zituzten eta gaitza da hemen bizi izan zirenen bizimodua gogora ekar dezakeen ezer aurkitzea. Hemen pausoa tentuz botatzen duzu, beldur baitzara ez ote zaizun buru gainera harriren bat eroriko. Eguzki errainuak zeharka sartzen direnean, bidaiariak harrotutako hauts zuria argitzen dute.

Eskuin hartuta, Diusteseko bidean dago La Mata. Ez dakit non, aspaldi, familiak kontatzeko, piztuta zeuden suak kontatzen omen ziren: zenbat beheko su hainbeste familia. La Matan hogeita hamarretik gora izan omen ziren. Yanguaseko auzo bat izan zen aurreko mendean eta 70etako bukaeran hustu zen erabat; urtetan hilerriak eskaintzen zien talaiatik ikusi behar izan zituzten urruneko argiune elektrikoak, eta konturatzearekin argindarra ez zietela bertara ekarriko alde egin zuten.
La Matako pistatik atera eta gora jo behar Camporredondoraino iristeko. Han zaudelarik ez dago, itxura batean, izenetik ekar daitekeen ezer. Leku babesa da, gune bildua, baratzeak ageri dira oraindik ibarrean. Seinale da tarteka nor edo nor etortzen dela. Iconaren pinu aldatze basati batek egotzi omen zituen azken bizilagunak orain dela berrogei bat urte. Begiak itxi eta lozorro berde horretan pixka batean geratzeko gogoa ematen du. Begiak irekita galerak kontatzen dira, eta hemen galerak kontatzea heriotza txikien zerrenda egitea da.

Yanguaseko bidegurutzera itzulitakoan bi errepide har daitezke. Eskuinekoak hegoaldera darama. Bide hori hartuz gero laster da Villar del Rio, porlanezko dinosauroak egin dituen herria, eta gero, mendatearen beste aldean, Oncala. Handik hurbil du etxea idazle ahobero batek. Herri horretako andre batek esan zigun idazle horrek asko famatzen duela Soria, baina gero kexu dela atariko ardi gorotza biltzen ez dutelako.

Beherago dago Aldealseñor. Han ere deus berririk ez: bidaiaria bizilagunen baten itzalaren peskizan. Mercedes Álvarez izan zen han jaio zen azkena. Handik gutxira Iruñeko Arrotxapean jarri zen bizitzen eta duela pare bat urte itzuli zen jaioterrira El cielo gira (Zerua jiraka) film dokumentala errodatzera. Ordura arte erroetan sartua uste zuena amets bihurturik aurkitu zuen, eta bazterrak ostentzen ikustean ahots bareaz mintzatu zen lurralde ezezagun baten atarian.

Aldealseñor han dago, ordea, eta ni Yanguaseko bidegurutzean, eta badakit sartaldera abiatzen banaiz Taniñe eta Aldealcardo joko ditudala, eta biak hutsik daudela. Bi herri horien arteko bidaia ere hutsaren barrena egiten da, baina hutsaren mutur batetik bestera. Aldealcardon sasoi bateko herriaren hezurdura baino ez dago, eta sastraka du haragi bakarra. Taniñen, ordea, ezagun da jendea ibiltzen dela, eta desolamendu berri baten argazki perfektua da. Handik alde egin behar izan zutenen seme-alabek hiritik ekarritako sosekin plaza itxura eman nahi izan diote eremu bati eta etxe batzuk handinahikeriaz eraberritu dituzte. Mexikon urtero ospatzen den maskarada ispilu egokia da. Izen polita jarri zioten hotzikarari: la fiesta de los muertitos.

Mila bide eta bidaldi hemendik aurrera. Alhama ibaiaren bidetik itzul daiteke Errioxara. Hor dira Magaña, Trévago, Sanfelices, Cigudosa... Herri horiek ez dituzte hustu. Berdin dio.

Bidaiak iraun duen bitartean hain da astuna oharkabean bildu duzun isiltasun zama, ezen zure barnean bilduta begiesten dituzu lurraren erraietatik atereak diruditen etxe mutu horiek. Ezin, orduan, lekua bete, hitzak besterik ez baitituzu heriotza baino okerragoa den horri aurre egiteko, eta hasierako idazle gazteaz oroitzen zara. «Poemak idaztea otoitz egiteko era bat da» entzun zenion behin, eta putzu isil horretara hurbiltzeko modu bat izan daitekeela esango zenuke. Nekeza da, ordea, otoitz egitea antzinako jainkoak joandakoan berrien aztarnarik gabe geratu den eremu izoztu horretan.


ASTEKARIA
2006ko uztailaren 09a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude