Pentsamenduen harira

Batzuetan zaila egiten zait burura datozkidan pentsamendu guztiak behar bezala sailkatzea. Bakoitza, garunean dagokion txokoan kokatu, ondoren banaka aztertu ahal izateko. Gaur ere horretan hasi naiz, baina ezinezkoa egiten zait. Ez dut beste erremediorik burura datozkidan neurrian bota eta zabaltzea baino.

Lehenengoa: Tunick. Pasatu dira aste batzuk harrez geroztik... Tunick argazkilari newyorktarrak hirurehun pertsona eskatu zituenetik, Donostian bere argazkietan modelo gisa agertzeko alegia. Hala ere, hainbat egun pasa ondoren, orain dela gutxi, parkean, emakume batek bertako egunkari batetik lapurtutako orrialde bat eskuetan zuela, haragi multzo mugagabe hartako zein zatitxo zen kontatzen zien lagunei. Bihotza jarrita hitz egiten zien, ezpainetan irriz, goiz hartan bizitakoa berriro ere gogora ekarriz, egun hartan bezain grinatsu. Nola ez ba! Hirurehun beharrean mila eta berrehun pertsona jarri baitziren Tunicken begipean. Guztiak biluzik: hotzari edo beroari, izerdiari ala epeltasunari aurre egiteko prest. Esperientzia berria. Morboa? Ni neu ez nintzen deialdira joan, aitortzen dut ez zitzaidala ezta burutik pasatu ere. Aitortzen dut emaitzak, beste askori bezala, harritu egin ninduela inbidia sorrarazteraino. Inbidia baino, gehiago, akaso, berak erabilitako formula magikoa, neureganatzeko asmo ikaragarria. Egia aitortzen dut, ez nuen imajinatuko hainbeste jende lortuko zuenik, ezta urrik eman ere! Baina hurrengo eguneko egunkarietako argazkiek ez zuten gezurrik ezkutatzen. Zer zuen erakargarria Tunicken deialdiak? Zer berritik horrenbeste jenderen erantzuna jasotzeko? Biluzik jarri beharra zegoela? Oraindik ere horretaz pentsatzen dut, batez ere parkeko emakumearen hitzetara itzultzean: «Bai, gizonezkoak gehiago ziren, nabarmen gehiago» esan zuen berak. Nire pentsamenduak malaletxez zikintzeko arriskuan zeuden. Tunickek gizonezkoak ere erakartzeko meritua izan zuen, alajaina!

Honen haritik nire bigarren pentsamendua: orokorrean kultur ekintza gehientsuenetan emakumezkoak gara hartzaile nagusiak, eta hori egia dela jakiteko ikerketa mordoa dago bazterretan. Orain ez asko adibidez, Eusko Jaurlaritzak irakurzaletasunari buruzko datuak zabaldu zituen. Neronek telebistaz entzun nituen lehen aldiz. Irakurlearen eredua emakumezkoa, hogei eta hamalautik beherakoa, batez beste hilean liburu bat irakurtzen duena. Antzokietara jotzen badugu, egoera are larriagoa dela esango nuke. Zenbatetan joan eta ikuslegoaren ehunetik ia gehiena emakumezkoa dela ikusi? Adibideak bata bestearen atzetik.

Hirugarren pentsamendua: Getxoko Antzerki eskolak euskal arte eszenikoen botere gunetan, hau da, diru laguntza batzordeetan, antzoki sarean, jaialdietan... gizon eta emakumeen arteko presentziari buruz kaleratutako ikerketari buruzkoa. Eskutan ditut emaitzak. Bi hitzetan esanda: zenbat eta postu handiagoak izan, orduan eta emakume gutxiago erabakiak hartzen. Norbait harritzen al da?

Laugarren pentsamendua eta korapilatsuena niretzat: hirugarren umea dut sabelean eta gutxi falta zaigu bioi elkar ezagutzeko. Hirugarren mutikoa da. Nolakoa izango ote? Besteen antzik izango ote? Dena ondo aterako al da? Ondo etor dadila... Bai, badakit horixe dela garrantzitsuena. Jakina! Baina eta gerokoak? Gehienek, irri maltzurrez esaten didaten bezala, futbol ekipoa osatuko al dute? Ze, hala bada aitortzen dut ni ez naizela batere futbol zalea! Tunickek egin duen bezalako deialdietara joango al dira? Irakurtzea gustukoa izango al dute? Arte eszenikoetako ikusle? Mendizale? Zer dakit nik, baina nik badaezpada ezin ahaztuko ditut lagun handi batek, gizonezkoa berau, duela gutxi, sabelean dudan hau ere mutikoa zela jakin zuenean aipatutakoa: «Ez duzu lan makala izango, mutikoak izanik, mutikoen tankeran ez hezten».


Azkenak
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Peio Ormazabal eta Beñat Aldalur
"Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko"

Joan den abenduan aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Euskal Herrian Mugimendu Sozialista egituratzea helburu duen alderdia. Europan Alderdi Komunista eratzea dute helburu eta iraultza sozialista gauzatzea. Peio Ormazabalek eta Beñat Aldalurrek EHKS... [+]


Belaunez belaun, egunez egun

Lizar Begoñak eleberri honen aurretik bi poema liburu argitaratu ditu: Aro beilegia (Balea Zuria, 2020) eta Geopardo japoniarrak (Susa, 2022). Hirugarren liburuan ere badira zenbait irudi poetiko trama harilkatzen laguntzen dutenak: hodeiak eta basamortua, metafora gakoak... [+]


2024-05-05
Hinteligentzia

Pedro Sánchezek demokrazia burgesaren egiazko aurpegiaren laztanak gertutik ezagutu dituen aste berean, berezkoa duen antzezle sena galdu barik, bere gobernuko gerra buru Margarita Roblesek esan du gastu militarra handitzea bakearen alde jardutea dela. Gernika bonbardatu... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Eguneraketa berriak daude