Selektibitatea: Iparraldeko ikasleentzat Hegoalderako hesia


2006ko maiatzaren 07an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ekainaren hasieran Baionako Bernat Etxepare lizeoko lauzpabost ikasle Hegoalderantz abiatuko dira, selektibitatea gainditzeko asmoz. Lizeo hori Iparraldean batxilergoa euskaraz egiteko aukera ematen duen bakarra da eta hango ikasleek selektibitatea euskaraz egin ahal izango dute laugarren urtez. Orain dela hiru urte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, UNEDek, Espainiako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak eta Bergarako UNEDek hitzarturiko akordioari esker aurkez daitezke beste behin Iparraldeko ikasleak selektibitatea egitera. Akordio horrek bide garrantzitsu bat ireki zuen: azterketak euskaraz eta Hegoaldean egin ahal izatea. Iparraldeko ikasleek Portugaleten edo Bergaran egingo dute azterketa aurten. Halaber, gutxi dira selektibitatea egitera aurkezten diren ikasleak egun bertsuetan ikasle hauek baxoa egin behar izaten dutelako. Frantziako bac azterketa, baxoa euskaldunontzat, batxilergoak balio ofiziala izan dezan ikasle guztiek gainditu behar izaten dute.

Hitzarmen horren aurretik Hegoaldera ikastera joan nahi zuen ikasleak hautaproba egiteko aukera ere hor zuen, baina UNEDek Parisen eta Madrilen dauzkan egoitzetara joan behar izaten zuen eta han gaztelaniazko azterketa bat gainditu. Hau da, edozein ikasle atzerritarrek egin beharreko bidea har zezakeen soilik. Horrek guztiak ikasketa guztiak euskaraz egindako ikaslearentzat haustura bat dakar eta Hegoaldeko unibertsitateetan sartzea, beraz, zail du Iparraldeko ikasleak.

Juanjo Alvarezek, Bergarako UNEDeko zuzendariak, antolamenduaren ikuspegitik aurreko urteetako esperientzia ontzat jotzen du. Bergarako zentrotik aritzen da Patri Urkizuk koordinatzen duen itzultzaile taldea Iparraldeko ikasleen azterketak itzultzen. Batetik, Madrilgo UNEDek bidaltzen dituen azterketak euskaratu egiten dituzte, eta, bestetik, Iparraldekoen erantzunak gaztelaniara pasatzen dituzte Madrilera bidaltzeko, hango tribunalak zuzendu eta balora ditzan. Azterketek balio ofiziala erdiesteko ezinbesteko prozesua da berau. Egoera ikuspegi akademikotik aztertuz eta emaitzei erreparatuz gero, ikasleen prestakuntzan lan handia egin behar dela gaineratu du Alvarezek. Selektibitatea gainditzen dutenen kopurua handitzea eta jende gehiago hautaproba egitera etortzea ere lortu beharrekoa da, haren ustez.

Gillermo Etxebarriak, Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendariak, oso ondo ikusten du UNEDen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa. Guztien indar eta borondateari esker lortu baitute hautaprobak euskaraz egitea. Urrats handi bat izan da eurentzat. Baina ez batzuek ez besteek ez dutela urrunago joateko eskumenik gaineratu du; Madrilen baitago giltza.


Selektibitatea, aukera zaila

Batxilergoa bukatze aldera gazteek euren ikasketen ibilbidea zehaztu behar izaten dute eta aukeratzea zaila izaten da askorentzat. Iparraldeko euskaldunak gustuko ikasketaren bat euskaraz egin nahi badute, Hegoaldera joan daitezke, eta horrek selektibitatea egin beharra dakar. Selektibitatea egin ala ez erabakitzea ere zaila da hauentzat. Izan ere, bidea ez da erraza izaten eta ulertzekoa da jende gutxi ausartzea azterketa egitera.

Esan bezala, hautaproba egin nahi duen Iparraldeko ikasleak zailtasun ugari ditu. Euskaraz goi mailako ikasketak egiten jarraitzeko, ordura arte ikasi behar izan duenaz gain, beste programa batean oinarritutako azterketak gainditu behar ditu. Selektibitateko programa ez dator bat eurek ikasitakoarekin. Esaterako, gaztelaniak pisu handia du selektibitatean eta Iparraldeko ikasle batzuentzat hirugarren edo laugarren hizkuntza da berau. Iaz arte ikasleek ez zuten prestakuntza berezirik jasotzen selektibitatea gainditu ahal izateko. Ikasleei selektibitateko programa ematen zitzaien eta euren kabuz prestatzen zuten azterketa. Joan den urtean eta aurten, programak emateaz gain, ikasgaietan bideratuz, azalpen xumeak emanez eta zalantzak argituz pixka bat lagundu zaie. Honi guztiari beste arazo bat ere erantsi behar zaio: baxoari eta selektibitateari egun bertsuetan aurre egin beharra. Zama astuna izan ohi da bi azterketok prestatzea, Oihane Camino ikasle luzaidarrak dioen bezala: "Denbora asko pasatzen dugu baxorako ikasten eta ez dugu ia tarterik selektibitatea lantzeko. Pisutsua da bi programa aldi berean ikasi beharra; selektibitatea prestatu behar izatea lan gehigarri bat da guretzat".

Bernat Etxepare lizeoan 45 ikasle daude azken urtean; guztiak baxoa egitera aurkeztuko badira ere, lauzpabost gazte joango dira aurten selektibitatea egitera. "Kosta ahala kosta nire helburu nagusietako bat selektibitatea lortzea da. Datorren urtean Hegoaldera joan nahi dut ikastera, euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko" dio Oihana Camino luzaidarrak. Batez beste, 12-14 ikasle inguru aurkeztu izan dira selektibitatera iragan urteetan. Iaz baxoa 57 ikasleetatik 56k gainditu zuten. Azterketa hau gainditzen duen ikaslea Europako edozein unibertsitatetan sar daiteke »betiere Estatuko hizkuntza menperatzen badu», Espainiakoetan eta Portugalgoetan izan ezik, hauetan sartzeko hautaprobak nahitaezkoak baitira. Selektibitatea, berriz, zortzi ikasleetatik zortziek gainditu zuten. Datuoi erreparatuz, Gillermo Etxebarriak, iazko urtea ontzat jotzen du. Halere, proba gainditzeari bakarrik begiratzea ez dela aski gaineratu du. Izan ere, hautaproba gainditzen duen ikasleak nahi duen ikasketa sailean sartzeko maila jakin bat izan beharko du; nota zehatz bat. Hegoaldean eta Iparraldean nota moldeak eta hauen balioak ezberdinak direla aintzat hartuz, Iparraldeko ikasleari zaila zaio Hegoaldeko fakultateetan sartzea.

Oztopo hauen aurrean, Gillermo Etxebarriak, hein batean, ezinean sentitzen direla dio. Baxoa gainditzen duen ikasleak edozein unibertsitaterako sarbidea zabalik izan behar lukeela gaineratu du eta are gehiago Euskal Herrian. Bitartean zirrikitu bila jarraituko dute. Zirrikituaren tamaina agintean dagoenaren borondatearen araberakoa izango da, ordea.

Olatz Talaveraren gogoetak selektibitateari buruz (Iaz gainditu zuen azterketa Urruñako ikasleak)
Selektibitateari buruzko gogoetak idaztea eskatu didate eta, laster urtea beteko duten oroimenetan murgildu naiz. Eta ah! zer etsipen sentimendu etorri zaidan gorputzera. Lan gehigarri bat suposatu zuen. Izan ere, gogoratzen dut ostiraletan klaseak amaitu ondoren nola Hendaiara joaten ginen beste bi orduz selektibitatea prestatzeko. Ordu batzuk eman genituen aurkeztu beharreko gai bakoitzerako, nahiz eta baliagarriak izan ziren, urte bateko programa menperatzeko ez zen urrundik ere nahikoa izan. Han ibili ginen baxoa gainditzeko jo ta su eta selektibitaterako jo ta ke. Gaindituko ez nuenaren sentipenarekin, baina erraten den bezala, "ez bada saiatzen ezin lortu". Halere, gogorrena selektibitatea pasatzera joan behar izan zenean izan zen. Nik uste nire kasuan behintzat, baxorako urduritasun guzia hor hustu nuela. Horretarako behintzat eragin positibo bat izan zuen. Azterketa egoeran ezarri baininduen eta ondorioz aurre prestaketa gisako bat izan baitzen. Baina horrek ez du kentzen saihestu ahal izan banu saihestuko ez nukeenik. Ez baitzait bidezkoa iruditzen, alegia, eskubideen zanpaketa bat baita nire hizkuntzan eta nire herrian ikasteko azterketa gehigarri bat egin beharra. Hor izan genuen froga, gure mailako 50 bat ikasletatik soilik 8 ausartu ginen selektibitate frogen egitera joatera, lan gehigarria da eta gaztelania menperatzea nahitaezkoa zitzaigun, beste hainbat gauzaren artean.
Azkenik, selektibitatea egindako modu eta baldintzengatik, ni, gainditu ez banu bezala atera nintzen, ezinezkoa iruditzen baitzitzaidan horrenbeste gauza ikastea hain epe laburrean.
Beraz, aurten aurkeztuko direnei zorte ona opa diet, eta ea hurrengo urteetan selektibitatea kentzen duten, eta baxoaren baliozkotzea nahiko bilakatzen den, Iparraldeko beste ikasle gehiagok beren hizkuntzan ikasteko aukera izan dezaten beraien herrian, asko baitago jokoan.

Herri Urrats 2006: Larzabaleko eta Ziburuko kolegioak berritu nahian

Maiatzaren 14an egingo du Seaskak aurtengo Herri Urrats jaia Senperen Aintzirarat leloarekin. Ziburuko eta Larzabaleko kolegioek egoitza berriak behar dituzte, gaur egun euren egoera ez baita ona eta ez baitaude baldintza egokietan. Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa honetan bilduko den dirua epe luzerako bi proiektuok ahalbidetzeko erabiliko du Seaskak. Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa 2006-2007ko ikasturterako ireki nahi dute eta Larzabalen barnealdeko kolegioa eraiki nahi da, Manex Erdozainzi Etxart izenekoa. Kolegio honek bigarren mailako 160 ikasle eta lehen mailako 50 ikasle biltzeko aukera izango du.

Maiatzaren 14an 23. Herri Urrats ospatuko dute Senpereko aintziraren bueltan. Aurtengo abestiaren musika Philippe Albor gitarra jotzaileak egin du eta hitzak, berriz, Arantxa Hirigoyenek jarri ditu. Herri Urratsek ez du ohiko itxura izango aurten. Izan ere, Senpereko aintzira hustu egin behar izan dute berritze lanak egiteko. Aintzira udaren hasierarako egongo da guztiz betea; beraz, maiatzerako lakua ez da betea izango. Hala ere, ikastolen festa han bertan egingo da urtero bezala eta gune guztiak irekita egongo dira.

Gaur egun, Seaskak, lehen mailako 18 eskola, 3 kolegio eta lizeo bat ditu eta 2.187 ikasle daude guztira. Aurreko ikasturteetako kopuruari erreparatuz gero, apurka urtez urte ikasle kopuruak gorantz egin duela ohartuko gara. Herri Urrats Iparraldeko ikastolen garapena sustatzeko helburuarekin sortua da, baita euskararen inguruko irudi baikorra gizarteari helarazteko ere. Estelle Goñik, Herri Urratseko antolatzaileak, euskararen egoera ez dela ona dio, baina galtze prozesua gelditzen ari dela, eta normalizazio prozesuaren bidean daudela; egin diren inkestek eta egungo giroak erakusten duten bezala. Jendearen jarrera aldatzen ari da eta euskara gehiago baloratzen dute. Gaur egun beharrezkoa da Herri Urrats antolatzea, Goñiren ustez; izan ere, Seaskak lan egiteko baliabideen iturri da eta euskararen normalizazio prozesuan jarduteko zinez baliagarria da.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude