Zuri zuri badator beroa. Zuri zurian, estrenatu gabeko xurian ageri dira, elkarri txanda eman ezinik arantzaren kofradiakoak. Kofradiako amandre eta gure lurretan enbaxadore nagusi dira Elorritarrak.
Elorri beltza (Prunus spinosa) udaberrian loratu da. Aurtengoan erruz. Mendian muga-sastrakak, txara bakanak eta bide bazterrak isipu mehe batek zuritu ditu. Beroaren itzain, lore zuri hauen odolak basaran urdinen azalpean bildu eta datorren negua arinduko digun patxarana gorrituko du, hotzaren akuilu.
Elorri zuria (Crataegus laevigata) zain dago. Inola ere ez du konpetentziarik nahi. Berak eskuratu zuen izenari eutsi nahi dio, setoso: zuria. Bakarrik loratuko da. Eguna hogeiren bat minutu luzeago denean: argia hona! Begiak eta begiak kenduko lizkiokeen inor ingurumarian izan gabe.
Elorritriska edo elorrikriska (Genista scoparius) eta elorrilarra (laharra, Rubus fruticosus) gero lilituko dira, hori eta urardo, xumexeago.
Bakoitzaren familia, generoa eta jendea ondo besteena ez bezalakoak dira, denak Elorritar ordea! Denak arantza. Belarjaleen muturrak urrutiratzeko eta aldameneratzen denari heltzeko. Elorrilarrari gainontzeko landareek ez omen zioten ezkontzen utzi, hark erretxinduta, aurrerantzean ondotik igarotzen zen guztiari helduko ziola. Elorri beltzak geroxeago oratuko gaitu, bere haziak daraman fruitua heldu aurretik lapurtu nahi izango diogunean, zasta! eta gero anisaren lurrinetan hordi Tentelenea tabernan hordikada edango genukeenean... Ni orain harrapatzen nau, loretzan, gero patxaranak goragalea dakarkidalako edo?
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...