Torturatuak: Estatuak aitortu gabeko biktimak


2006ko martxoaren 26an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Unai Romano eta Maribi Arregirengana hurbildu garenean euskal gatazkaren ondoriozko biktimak izan ditugu gogoan. Balizko bake eta normalizaziorako garai honetan ordea, alde bateko biktimak ageriago dira beste aldekoak baino. Biktima guztien egoera azaltzea da gure nahia. Baina, egia esatera, biktima guztiek ez digute harrera bera egiten. Biktima izaera eurentzako soilik nahi dutenek, AVTkoek kasu, gurekin biltzeari uko egiten diote. Beste batzuek etxeko atea ireki digute. Hauxe da kasua.


6.000 tortura kasu 25 urtetan

6000 tortura kasu salatu dira azken 25 urtetan. Iaz, esaterako, 60. «Joseba bizirik izan balitz, bere aurkako torturak estaliko ziren. Eta zenbat halako joango ziren, ezta? Joseba hil zelako, bestela ez zen bere kasua argitara aterako. Mikel Zabaltza, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren kasuak izan ziren geroago. Gogor torturatuak izango ziren... baina» diosku Maribi Arregik.

Torturaren zantzuak ere beste hildakoen baitan ageri izan dira: besteak beste, Esteban Muruetagoiena, Xabier Kalparsoro edota Gurutze Iantzi ditugu gogoan. Frankismoan jada, Amparo Arangoaren kasua ezaguna egin zen torturen zantzuak argazkietan agertu zirelako. Azken bost urteotan, Iratxe Sorzabal, Juan Karlos Subijana edota Unai Romanoren tortura zantzuak agertu dira argazkietan. Zantzuak luzerako dira noski: «Arrautza frijitu moduko bi soilgune egin zizkidaten, orain txikiagoak dira baina ile asko joan zait horietan. Ezker belarrian entzumena galdu dut, eta beldurra, gutxi-asko, beti daramazu».

Romanok dioenez, tortura kasu berriak agertzen direnean bizi da gaizkien torturatua izan dena. "Guk ikusita dauzkagu, baina zuek zuen barruan daramazu" diotso Arregik Romanori. «Unairi gertatua ikusi genuenean, beste bat, norbaiti tokatu behar zitzaion-eta. Gurea hil zuten, baina Unairena ikusita ez zela hiltzetik urrun izango pentsatu genuen etxean, beste hainbeste gerta zekiokeela alegia» dio Joseba Arregi zenaren arrebak.

Torturaren praktika ez da gelditu eta Espainiako Estatuak ez du halakorik denik onartzen: «Guk kaleko babesa jaso genuen, lagunengandik eta herriarena orobat. Instituzioetatik ez zaigu inor inoiz hurbildu ordea». Maribi Arregirekin batera Valentin Tolosa senarra dugu solasaldian. Orduko espetxe politikaren ondorioz senitartekoek jasaten zuten egoera gogorarazi digute Tolosa eta Arregiren etxean: «Josebaren gauzen eske joan ginen kartzelara eta irainak besterik ez genituen entzun. Handik alde egiteko esan ziguten guardia zibilek».

Arregi Izagirre sendian zazpi anaia-arreba ziren, ama bizirik zen artean: «Amak semea galdu ondoren horrelakoak bizi behar izatea ere. Pentsa zer sentituko zuen!».

Iñaki Esnaola abokatuaren bitartez jarri zuten heriotzaren salaketa: «Baina ez zen deus lortu, kasua laster artxibatu zen. Guardia zibil bi auzipetuak izan ziren baina ez zuten kartzela zapaldu ere egin. Bizpahiru hilabetetan artxibatu zuten kasua».

Orduko prentsan jasoa denez, 73 guardia zibilek parte hartu zuten ETAko Joseba Arregi militantearen itaunketan: «Auzipetuak izan zirenetako bat polizia-inspektore omen da Kanariar Uharteetan eta bestea Erdialdeko Amerikako herrialde batean kargudun diplomatikoa. Dominak jaso izan dituzte zigorren ordez» dio Maribi Arregik.


25 urteren ostean, zigorrik ez

Antzeko egoera bizi du Unai Romanok 25 urte eta gero. Antzekoa torturari dagokionean eta antzekoa ere justiziak tortura kasuetan jarrera hartzerakoan. 2001ean izan zen atxilotua Romano. Gasteizko Gazte Asanbladako kidea zen: «Alde Zaharreko gazte jendea ginen, ez genuen harreman zuzenik». Romano ETAri laguntza ematearen akusaziopean eraman zuten poliziek. Bere sumarioan hogeita hamar bat pertsona inguru daude: «Atxiloketak Bartzelonan hasi ziren, handik Gasteizera etorri zen polizia eta hogei pertsona inguru atxilotu gintuzten». Romanok sei hilabete inguru pasa zituen barruan eta epaitu gabe dago: «Gure aurkako akusazioak orokorrak dira, frogarik ez dago. Epaiketaren zain nago lau urte luze pasa ondoren». Gainerako atxilotuak ere halaxe daude.

Torturaren zantzuak modu desberdinetan atera dira argitara. Arregirenak, hil zelako edo halabeharrez. Unai Romanorenak, zorionez, berak azal diezazkiguke: «Instrukzioko epaileari esan nion argazki batzuk atera zizkidatela kartzelara sartu aurretik. Eskatuko zituela esan zidan. Ez nuela uste emango zizkiotenik esan nion. Berak baietz ordea eta halaxe gertatu zen. Abokatuen eta epaileen bitartez lortu genuen argazkiak ateratzea. Irudiak ikaragarriak egin zitzaizkidan».

Salaketa Madrilgo XXV. Instrukzio Epaitegian jarri zuten abokatuek: «Deklarazioa hartzera deitu ninduten, baita buruko zauriak ikusi ere. Mediku forentsearekin hitz egin zuen epaileak. Jarraipena egiteko agindu zion, proba piloa egin zizkidaten, baita deklarazio piloa hartu ere medikuei. Guardia zibilak ere galdekatuak izan ziren, baita nirekin zeuden presoak ere».

Kasua luzez egon zen isilean. Abokatuek eginahalak egin arren, epaitegiak orain urte erdi bat artxibatu zuen kasua. Abokatuek helegitea jarri zuten eta, berriz ere, orain hilabete bi kasua artxibatua izan da. Kasua Epaitegi Konstituzionalean dago, atzera eta aurrera.

Torturatuak, bien bitartean, hamaika gorabehera bizi du. Romanoren kasuan txosten andana egin da, horietako bat Francisco Etxeberria forentsearena. Etxeberriak TAC mediku »eskaner bidez eginiko ekografia» baten bidez egindako azterketari garrantzia berezia eman zion. Guardia zibilek diotenez, Unai Romanok bekoz hartutako kolpe baten ondorioz egin zuen buruaren atzeko zauria, paretaren aurka jo ondoren. Etxeberriak TAC azterketa ikusita, horiek ezin direla horrela inondik inola egin adierazi zuen: «Burua ubelduz beteta neukan, aurrean, alboan, atzealdean... eta bekoz emandako kolpeen ondorioz egin nituela?». Forentseak Guardia Zibilaren teoria atzera bota zuen. Alabaina, Entzutegi Nazionaleko Magistraturak Ana Aizcorbe forentsearen txostena hartu zuen aintzakotzat.


Akusatzailea akusatua

Are mingarriagorik ere bada. Guardia Zibilak bere buruaren aurka jo izanaz akusatu du Unai Romano epaitegian, autolesionatu zela alegia: «Nik autolesioa ez dut inoiz ukatu. Handik ateratzeko eskumuturrak hozkatu nituen, egoera ikaragarria zen, burua lehertzeko moduan neukan, mina jasan ezina zen, ez nuen ezer ikusten, eta hala edo nola handik atera nahi nuen». Torturak jaso bitartean, bere ama Gasteiz ondoko urtegi batera eraman eta uretan itoko zutela esan zioten Unai Romanori.

Tortura nozitu ostean, biktima borrero izatera pasa da. Nola bizi du hori torturatuak?: «Ikaragarria da, ez? Torturaren inpunitatearekin bukatzeko eta inkomunikazioa bertan behera geldi dadin saiatzen ari naiz eta torturatua izatetik nire aurkako akusazioak jasatera pasa naiz». Oraindik ez omen du denborarik izan gertatzen ari dena asimilatzeko, hala ere, horrekin ere bizitzen ikasi behar dela diosku Romanok. «Hori bigarren aldiz torturatzea da, hori ere tortura da» dio Arregik.

Akusatzaile izatetik akusatu izatera pasa da Unai Romano. Familia eta lagunen elkartasunari esker ari da aurrera egiten, baita TATen laguntzaz torturaren inpunitatea salatzeko gogotsu: «TATekoak lehen egunetik izan dira nirekin, abokatua, medikua edo psikologoa eskaini dizkidate. Eskerrak besterik ez ditut eurentzat».

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordean agertu da berriki Unai Romano. Ezker Abertzalea taldearen eskariz inkomunikazioa desagerraraztea eskatu du Romanok. EAJ, EA, EB-Berdeak eta Aralarrek Guardia Zibilak bere aurka jarritako salaketa gaitzesteko legez besteko proposamena aurkeztu zuten bestalde: «Talde hauek elkartasuna adierazi didate. PSE-EEk torturaren aurka dagoela dio, baina legeak esaten duenera mugatzen da, epaileak esaten duenari kasu egin behar zaiola dio, alegia. PPk aldiz, ez neukala zilegitasunik ez sinesgarritasunik esan zidan agerpenean». Legebiltzarrean egon zen egunean ABC egunkariak idatzi zuena lekuko: «El Parlamento deja que un etarra hable de 'torturas' que él mismo se aplicó». Romanok TATeko abokatuekin batera jardun zuen Legebiltzarrean. TATen iritziz, Auzitegi Nazionalaren jarrerak eta inkomunikazioaren aukerak errazten dute torturaren aplikazioa.



Biktima mota asko dago

«Alde bateko biktimez hitz egiten da, baina beste biktimak ez dira aipatu ere egiten. Denak gara biktimak. Edo Unai ez al da biktima?» dio Arregik. «ETAk eragindako biktimez hitz egin da orain arte, baina jakina biktima mota asko dago: torturaren biktimak, dispertsioaren biktimak, GALen biktimak. Denok gara biktimak, baina hemen ere kategoriak ezarri dira» dio Romanok.

Presoen eta euren senideen egoera gogoratu dute uneon: «Espetxean daudenak biktimak bihurtu dituzte, begira zenbat preso ari den hiltzen! Eta bidean euren familiako zenbat kide. Horiek ere biktimak dira».

Estatuak onartuko ote ditu biktima guztiak ordea: «Nik uste baietz. Orain zaila da, ez du tortura dagoenik onartzen ez torturatuak, baina urteen poderioz onartu beharko ditu. Normalizazio prozesuak aurrera egiten badu, onartu beharko gaitu, beste gatazketan onartuak izan dira. Horrela beharko luke behintzat» diote solaskide biek.

Bake eta normalizazio prozesuaz bi hitz eskaini digute azkenik. Unai Romanok: «Nik esperantzaz bizi dut egoera, azken gertaerek giroa nahastu dute, baina prozesuak aurrera egingo duen esperantza daukat. Esperantza horrekin altxatzen naiz egunero». Maribi Arregik: «Itxaropen gabe ezin gara bizi, Irlandan lortu bazuten... Baina bien bitartean gauza txar asko pasako dira zoritxarrez».


Azkenak
2025-09-08 | Aimar Lopez
Istilurik gabe baina normaltasunik gabe ospatu dute bertze behin Alarde eguna Hondarribian

Jaizkibel konpainia berdinzaleak Herriko Etxearen eta epaileen deliberoak bete ditu, ez haatik HAOSEk, alarde baztertzailearen antolatzaileek. «Estrategia aldaketa bat» eskatu dio Jaizkibelek auzapezari; ezkerreko ordezkariek «Alardea antolatzeko».


2025-09-08 | ARGIA
Israeli armak salerostea debekatzeko dekretua iragarri du Espainiako Gobernuak

Pedro Sánchez Espainiako presidenteak adierazi du, legez arma-blokeoa ezarrita, presioa eragin nahi dutela Benjamin Netanyahurengan. Sánchezek deitoratu du nazioarteko komunitatearen zati baten “indiferentzia” eta Israelgo Gobernuarenganako... [+]


Bayrouren gobernua erori da Frantziako Asanblean eta estu da Macron

Astelehen arratsaldean konfiantza mozioa galdu du Frantziako Lehen ministro François Bayrouk. Konfiantza mozioa aurkeztu zuen, datozen lau urteetarako austeritate usaina zuten aurrekontu batzuk aurkeztu eta bere aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean eskuin muturrak... [+]


2025-09-08 | Axier Lopez
Argentinako ultraeskuinak lehen kolpea jaso du haustekundeetan

Peronismo klasikoak Buenos Aires probintziako hauteskunde legegileetan botoen %47,2 lortu du. Javier Mileiren La Libertad Avanza hautagaitza 13 puntura geratu da (%33,7). Emaitza esanguratsua da bozka emateko eskubidea duten argentinarren %38 Buenos Aires probintzian biltzen... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


2025-09-08 | Gedar
Igorreko Kiñu Gaztetxearen aurkako epaiketa, irailaren 15ean

09:00etan Durangoko epaitegi aurrean biltzera deitu dute Kiñuko kideek. Duela bost urte hasi zen Gaztetxearen aurkako prozesua.


2025-09-08 | Ahotsa.info
Bideoa: Labaren irekiera festa ospatu dute Iruñean

Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]


2025-09-08 | ARGIA
“Terroristak” dira Espainiako Vuelta geldiarazi zuten Bilboko ekintzaileak, Israel-Premier Tech taldeko jabearen arabera

“Ez gintuen harritu nola hartu gintuzten Euskal Herrian, ezker muturreko ekintzaileen eta separatisten gotorlekua baita”, adierazi du Sylvan Adams-ek.


Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


2025-09-08 | ARGIA
Desplazamendua behartzeko Gaza hirian palestinarrak hiltzen eta eraikinak suntsitzen jarraitzen du Israelek

Astelehen goizaldean 23 palestinar gutxienez hil dira Gazako hiriburuan, tartean bi haur gosetearen ondorioz. Igandeaz geroztik gutxienez 50 etxebizitza eraikin eraitsi ditu Israelek, beste 100 kaltetu, eta desplazatuen kanpamenduetako 200 denda suntsitu.


2025-09-08 | Sustatu
Hiru urteko isilaldiaren ondoren, Bermeoko Itsuki Irratia berriro uhinetan da

Itsuki Irratia Bermeoko ahotsa izan zen 1985etik 2022ko otsailera arte. Orduan, zailtasun ekonomiko eta teknikoek proiektua bideraezin bihurtu zuten, eta irratiaren itxiera ekarri. Baina urtebeteko berrantolakuntza prozesu baten ondoren, irailaren 1ean berriro martxan jarri dute.


2025-09-08 | Jon Torner Zabala
Ertzaintza beste 11 pertsona ari da ikertzen, uztailaren 20an Azpeitian izandako liskarren harira

Uztailaren 20an, goizaldeko 04:00ak aldera, Azpeitiko Gaztetxearen ondoan jazo ziren gertakariak, gazte batek pilen edukiontzi batean ACAB leloa [All Cops Are Bastards edo "Polizia guztiak sasikumeak dira"] idatzi eta ertzainek isuna jarri ostean. Hasiera... [+]


2025-09-08 | Bertsozale.eus
Bertsolaritza lurralde guztira hedatzeko apustua egingo da Nafarroako Bertsolari Txapelketan

24 bertsolarirekin ekingo dio bideari Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Auritzen izango da, urriaren 4an; eta, lehen aldiz, Nafarroa Arenan izango da finala, azaroaren 29an. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, Bertso Sarrerak atarian.


Jaizkibel konpainiak gutuna eman dio alkateari, desfilean: “Estrategia aldatzeko garaia dela adierazi diogu”

Jaizkibel konpainia berdinzaleak ekintza berezia egin du Hondarribiko alardearen egun honetan. Gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako planteamendu batzuk jar ditzala eskatuz.


Gida bat Donostiako Zinemaldiaren atarian

Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]


Eguneraketa berriak daude