Joxerra Garzia: «Pentsa liteke Euskal Herri independente eta euskararik gabekoan ere»


2006ko martxoaren 26an
Euskara euskaldunon hizkuntza omen da. Euskal hiztun askok eta askok euskara baztertzeko duen joera aintzat hartuz, omentasunak ken daitezke?
Omen hori ezin daiteke kendu. Arazo baten aurrean behar bezain ezkor izan behar dugu diagnostikoan. Gaitza zein den jakin eta gero has gaitezke baikorrak izaten, sendabidea ote duen pentsatuz. Euskararen ezagutza asko igo da, baina erabilera ez hainbeste, batik bat gazteen artean. Omen hori serio hartu beharreko sintoma bat da.

Euskaldunon ahotan hitzetik hortzera erdara. Zergatik?
Ez dut uste euskaldunon ahotan erdara alferrikakoa ere badenik. Izan daiteke tristea, baina batez ere izan behar luke euskal munduak duen gaitz baten sintomaz jabetzea. Gauza da, zergatik egiten duen eztula, ez zer eztul itsusia duen.

Behin baino gehiagotan salatu duzu hezkuntza noraezean dabilen arima galdua dela. Zein litzateke bere ipar-orratza?
Horretarako joera dut, baina ez dugu hezkuntzan bakarrik huts egin. Saiatzen gara hezkuntza eredu estandarrak imitatzen eta ez gara konturatzen euskara oraindik larrialdi egoeran dagoela. Gauzak honela, agian guri hezkuntza anormal bat dagokigu. Hizkuntza irakasten da normalduta balego bezala eta honek ez dio emaitza onik eman euskarari.

Irakurria dizut, euskara desagertuko balitz erdaraz negar egitera atera beharko dugula kalera. Txirritaren esanarekin, "erdara ez zen bakarrik kapaz, euskarak lagundu dio", bat zatoz? Euskaldunak ari gara euskararen hilobia eraikitzen?
Euskararen garapena kanpotik eragotzi izan da urtetan, baina, demokrazia hitza hitzetik hortzera darabilten hedabide horiek ere euren errua dute. Biztanleriaren laurdena euskalduna bada, gurean behintzat proportzio hori gorde beharko lukete eta ez dute alerik sartzen. Era berean, euskaraz diren hedabideetan hartu dugu zuzentasun eta zorroztasun jarrera bat eta horrekin lortu duguna da batutik urrun dauden hiztun ezin egokiagoak konplexuz betetzea. Hiztun horiek traumatu egin ditugu, eta horren errua gurea da. Hobe da kulpa geuregain hartu eta konponbidea jarri.

Euskara jakite hutsa nahikoa da euskaltasun etiketa aitortzeko?
Euskaraz jakin eta erabiltzen ez duena... (zigarroari zupada luzea eman dio, keak bere ideiak antolatuko balitu bezala) bai, baina, aldez. Euskaldun izatea kontzeptu graduala da: batetik euskara ikasi nahi ez dutenak daude, ideologikoki barrerak jartzen dizkiotenak. Bestetik euskaraz jakin, baina ia-ia harro dagoena dakien hori erabiltzen ez duelako. Badaude ere lagunarterako bakarrik erabiltzen dutenak. Euskaldun peto-petorik ez dago. Erdararen eragina aitortzen duguna baino handiagoa da.

Euskarak euskalduna behar du ala euskaldunak euskara?
Peter Ansorenak zioen bezala, euskara ez da maitatu behar, euskara erabili egin behar da. Hizkuntza mundua ikusteko era bat da, sentipena ere alda dezakeena. Hizkuntza da errealitatearen eta gure subjektibitatearen arteko filtroa. Gure identitatearen ardatza euskara da. Euskarak egiten gaitu moderno eta globalizatu. Ezin dugu hain lore arraroa galtzen utzi, hizkuntzarekiko ikuspegi ideologikoa behar da.

Atzerritar askok, Espainia edo Frantzia beharrean Euskal Herrian egonak direla diote, baina ez dute euskaraz ikasten. Naziotasuna aitortzen digute, baina hizkuntzarik gabeko nazioa ez al da hiru hankako mahaia bezain ezegonkorra?
Hizkuntzarik gabeko nazio bat egon liteke. Luxenburgon ez dago luxenburgera, alemanez eta frantsesez egiten da. Asko daude aitaren etxeaz galdezka, hau da, zer egitura politiko eman behar zaion Euskal Herriari. Badaude beste batzuk esaten dutenak etxea egin, egingo dugula, txaleta izan ala zazpi pisukoa izan, baina etxea egiten dugunerako amaren sua piztuta egon dadin.

Euskararen etorkizuna bermatzeko Euskal Herriak independentzia beharko luke?
Independentziak ziur asko on egingo lioke, baina pentsa liteke Euskal Herri independente eta euskararik gabekoan ere. Oreka kontua da. Etxeari zer forma emango diogun erabaki behar dugu. Nire ustez, bakoitzak bere etxe irudipenarekin jardun behar du eta ez indar guztiak etxe beregain bat eraikitzen xahutu. Ez dut etxe independente batean bizi nahi, baldin eta etxe horretan bizi garen gu horrek gu hortatik oso gutxi badauka.

Euskara erabili ordez, euskara politikoki erabiltzen al dute politikariek?
Politikari, profesional, kirolari, hedabideetako izarrek eta kristo guztiak.

Ez abertzale eta aldi berean euskalduna ezin izan zaitezkeen jendearen ustea ustel ezazu.
Euskaltzale izateko abertzale izan behar duzunaren ustea eta gainera abertzale klase batekoa tragedia handia da. Hala ez bazara, nahiz eta euskararen alde egon, ez du balio. Dinamika horretaz baliatu dira etsaiak esateko euskararen mundua, mundu itxi eta baztertzailea dela. Euskararen alde egin nahi duen oro ongi etorria izango da.

Euskararen aldeko borrokan nortzuk lirateke soldadurik fidelenak?
Euskarak klase guztietako soldaduak behar ditu. Estrategia diseinatzen duten jeneraletan egin dugu hutsik handiena. Euskararen alde dauden guztiek bat egingo dutelako esperantza daukat, ideologiak ideologia.

Etorkizuna zein hizkuntzatan imajinatzen duzu?
Euskaraz! Imajinatzea doan da!


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude